Category Archives: barnekoak

paisaia

Bergarako hizkuntza paisaia

 

 

Euskararen normalizazioan aurrera pausuak emateko, hizkuntza paisaiak ere berebiziko garrantzia du.

Azken urteetan, arlo honetan ez dugu aurrerapauso nabarmenik antzeman herrian eta honek kezka sortarazi digu. Arlo honetan hutsuneak gune desberdinetan ikusten ditugu (kalea, komertzioak, zerbitzu publikoak…) eta arrazoiak ere anitzak izan daitezke (kontzientzia falta, ohitura, erosotasuna…). Kontutan hartuta zerbitzu guztiei euskarak balio erantsia ematen diela, eremu publiko zein pribatuei eta herritarrei gai honen inguruan kontzientzia hartu eta herriko hizkuntza paisaia euskalduntzeko ahalegina eskatzen diegu. Zeregin honetan laguntza nahi edo behar izanez gero, Jardunen prest gaude.

Ez dugu zalantzarik, denon artean lortuko dugu!

2a160e93b3697515abff68f02780255d

Jardun.org jaio da

Hilabeteetako gogoeta eta prestatze lanen ostean, Jardun Euskara Elkarteak badu berriz ere bere tokia interneten. Herriari eskainitako zerbitzu eta ekintzen berri emateaz gain, euskarazko edukien eta Bergarako euskalgintzaren gogoeten gurutzaleku izateko asmoarekin sortu dugu gune hau.

Hasteko, bi proiektu jarriko ditugu abian:

Alde batetik, Jardun Euskara Elkartearen zuzendaritza bileretan izandako eztabaiden lekuko labur bat argiratuko dugu hilabetero. Atal honi BARNEKOAK deitu diogu.

Beste aldetik, eta baita hilabeteko maiztasunarekin ere, Bergarako erreferente batek euskararen gaineko gogoeta txiki bat idatziko du webgunean eta bigarren erreferente bati galdera bat luzatu. Bigarren atalari KATAIAN jarri diogu izena.

Webguneaz aparte, Jardunek, bere bazkideekin hartu emana hobetu nahian, sare sozialetan presentzia areagotuko du (adib., @jarduneus Twitterren). Gainera, Zibergara taldearekin batera, nahi duen edonork euskarazko webgune eta blog propioak sortzeko baliabideak martxan jarri ditugu (interesatua egonez gero idatzi kontaktua[abildua]zibergara[puntu]net-era).

Ia ba sarri ikusten garen ziber-espazioan, ia ba… jardun.org!