Category Archives: berriketan

hirurak-batean

Urrian: Hasi etxetik…. eta euskaraz mundura!!! zikloa

HASI ETXETIK….

                                         …ETA EUSKARAZ MUNDURA ZIKLOA

 karmelo-ayesta-kartelaii

KARMELO AYESTA: EUSKALDUN BATEN HIZKUNTZA BIDAIA

URRIAK 5, ASTEAZKENA

19:00ETAN IRIZAR JAUREGIAN

Euskaldun baten hizkuntz bidaiaren gaineko hausnarketa Karmelo Ayestaren eskutik

Euskararen erabilerak izan duen bilakaerak agerian jarri du aldaketa sakona dela hizkuntz ohitura berriak barneratzea. Hizkuntz bidaia hori erraztea da hitzaldiaren helburu nagusia. Hausnarketaren sorburuan, honako hiru galdera hauek daude: Zergatik aldatu hizkuntza-jokabidea eta euskaraz bizitzen saiatu? Zer gaitasun landu behar dira prozesua arrakastatsua izan dadin? Zer oinarri teoriko eta metodologiko erabil daitezke norberaren euskararen erabilera-marka hobetzeko? Hitzaldian, honelako erantzunak proposatuko dira:

  • Euskaraz bizitzeko motibazioa indartsuagoa da norberaren asmo transzendentaletan eta balioetan oinarritzen denean.
  • Prozesuaren arrakasta bermatzeko beharrezko dira gaitasun emozionalak lantzea, nork bere buruaren ezagutzan sakontzea, huts egitetik ikastea, eta euskararen gaineko aurreiritziak zalantzan jartzea.
  • Emaitza hobeak lortzen dira elkarlanean arituta, eta enpatia eta konfiantzatik abiatuta, hizkuntza-gatazkaren paradigma erabilita baino.

 

txerra-rodriguez

TXERRA RODRIGUEZ: “SUTONDOKO KONTUAK” LIBURUAREN AURKEZPENA

URRIAK 19, ASTEAZKENA

19:00ETAN IRIZAR JAUREGIAN

Txerra Rodriguezek Emuneko hizkuntza aholkulari legez egiten du lan, ahaztu barik soziolinguistika teorikoa eta, batez ere, soziolinguistika horren dibulgazioa. “Sutondoko kontuak” bere lehen liburua aurkeztuko digu: “Txatalez osatutako liburua duzu hauxe, irakurle. Sutondoetan izaten diren elkarrizketen antzera, anabasa nagusi dela ematen du orri hauetan. Hala ere, dena hari ikusezin batek lotzen du: soziolinguistikak eta haren dibulgazioak. Izan ere, soziolinguistikaren erpinetatik edan, digeritu eta zuei botatakoak dira berba hauek guztiak. Istorioak txirikordatzen dira liburuan, batzuetan umore beltzetik, beste batzuetan gordinetik. Josi eta jostatzen. Utopiatik errealitate gordinera, ametsetik ezintasunera maiz. Baina ilusioak eta kemenak blaitzen dituzte liburu honen istorioak. Liburuan, gainera, ez dago disimulurik. Sutondoko lapikoetan zer dagoen argi erakutsi nahi izan du egileak, bere ikuspuntua argi utzi du, han eta hemen egin dituen lapurretetan, baita berak esandakoetan ere. Sutondora batu eta supazterrera arrimatu, su berriak pizten eta su zaharrak mantentzen. Garenaren eta izan nahi dugunaren arteko amildegian zorrotz. Berbatik berbara saltoka adarrik adar, baina euskaltasun berriaren enborrari lotuta”.

 

inigo-asensio

DOKUMENTAL EMANALDIA: IÑIGO ASENSIOREN ‘Euskara Munduan–Besteen ahotan’ dokumental emanaldia

URRIAK 26, ASTEAZKENA

19:00ETAN ZABALOTEGI ARETOAN

Kamera eskuetan hartu eta mundu zabaleko hainbat herrialdetan egon da Iñigo Asensio, sortzez hain urrutikoak diren euskal hiztunak zerk bultzatu zituen gure hizkuntza ikastera jakiteko asmoz.

Euskara Munduan (2014) dokumentalaren bigarren eta azken atala da honakoa. Lehenengoa atzerrian bizi ziren euskal hiztunekin izan bazen, oraingoa jaiotzez atzerritarrak diren eta, aldi berean, euskaldun direnekin egon da.

Protagonista desberdinen bizipenak jasotzen ditu lanak, beraz. Jose Miguel Ramirez kolonbiarra eta poliglota lehenengoz etorriko da Euskal Herrira, eta bidaia EGA ziurtagiria ateratzeko aprobetxatu nahi du. Lortuko ote du? David Romtvedt AEBko Wyoming estatuan bizi da eta aitaginarreba zuen euskalduna. Harekin hitz egiteko ikasi zuen, baina orain badu lagun gehiago euskaraz aritzeko; Madeleine Harriet, 90 urteko amona, tartean. Chris eta David Bieter Idaho estatuko Boise hiriko epailea eta alkatea dira. Davidek bere aitona artzainaren eta euskaldunen gorabeherak kontatu zizkion Barack Obama AEBko presidenteari Air Force One hegazkinean. Hui Huang-ek Antzuolako Elay enpresak Txinan duen lantegian egiten du lan. Badaki euskara hitz egiteak enpresa barruan komunikazioa erraztuko diola. Saharako haurrek, berriz, argi daukate euskaraz ere jolas daitezkeela; bi herrien arteko elkartasun-harremanetik kanpalekuetara eraman dute altxorra da euskara.

Asensiok euskal kulturaren mugak hizkuntzaren bidez zabaltzeko aukera jasotzen du, euskalduntasuna eta gure errealitatea Euskal Herritik kanpo zabalduta. Protagonistek euskararen aurrean erakusten duten errespetua eta interesa, euskarak kultura berri bat ezagutzeko eman dien bidea erakusten du, protagonista bakoitzaren historia kontatuz.

Urruneko senideen bideari heldu nahia, interes linguistikoa, herri bat ezagutzeko bere hizkuntza ezinbestekotzat jotzea… Hamaikatxo dira munduko txoko ezberdinetan, hemendik urrun, gure herriaren eta gure hizkuntzaren berri izatearen aldeko apustua egin dutenak, eta asko dira horien artean hizkuntza hori ikasi eta menderatzeko erronka onartu dutenak ere.

Istorio zinez ezberdinak, berriro, eta, protagonisten jatorria edozein dela ere, munduan zehar euskararen mapa linguistikoa marrazten lagunduko digutenak.

Euskara Munduan-Besteen ahotan dokumentala (62 minutu) Iñigo Asensiok (Tolosa, 1985) zuzendu du, eta Korima Filmsek, Traola Sormena & Mediak eta Euskal Telebistak ekoitzi dute, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

P1060348

EUSKARAZ berba egiteko aukerak biderkatzen

Euskara modu ludikoan praktikatu nahi duzu?
Eta euskara praktikatu nahi dutenei laguntzeko prest zaude?
Ba animatu!

Debagoieneko mintzapraktika egitasmoek izen-emate kanpaina daukate martxan, euskara praktikatzeko zailtasunak dituztenak eta euskal hiztunak elkartu eta euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin.
Eta Bergaran ere bi egitasmotan parte har dezakezu: BERRIKETAN eta AUZOKO. Jardun Euskara Elkarteak bultzatutako egitasmoak dira eta Bergarako Udalaren, Udal Euskaltegiaren eta Topagunearen laguntza dute.

berriketanBERRIKETAN

Alde batetik, BERRIKETAN daukagu, euskara maila hobetu nahi dutenak edota euren inguruan euskaraz berba egiteko aukerarik ez dutenak euskaraz berba egiten dutenekin elkartu eta berba egitea errazten duen egitasmoa da.
Praktikatu nahi dutenek euskaraz berba egiteko gutxieneko maila bat izan behar dute. Bestalde, laguntzaile izateko izena ematen duten euskaldunek ez dute irakasle papera hartu behar, nahikoa baita era naturalean eta pazientzia apur batekin euskaraz jardutea.
Izena ematen dutenei libre dituzten ordu eta egunen berri galdetzen zaie eta koordinatzaileak 3-4 pertsonako taldeak antolatzen ditu eta astean ordubetez euskaraz berba egitea da helburua (kafea hartzen, paseatzen…). Eta dena diru trukerik gabe egiten da, doan.
Eta kontuan izan edozein edadetako pertsonak parte hartu dezaketela, edade aniztasun hori ere oso aberasgarria da eta. Aurtengo ikasturtean bereziki gazteak eta gurasoak animatzeko ahalegina egin nahi da.

 

auzoko_logoaAUZOKO

Bestaldetik, badira gure herrian euskara batere ez dakitenak, tartean beste herrialde batzuetatik etorri berriak eta beste batzuk urteetan Bergaran bizi arren, euskararekin oso harreman txikia dutenak. Hauek ere euskarara hurbiltzeko beste egitasmo bat dago martxan Bergaran 2009tik, AUZOKO egitasmoa hain zuzen ere.
Egitasmo hau ere dohainekoa da eta aurrekoaren antzera antolatzen da. Alde batetik, borondatez laguntzaile lana egiten duten euskaldunak dabiltza bertan eta, bestetik, euskarara hurbiltzeko gogoa dutenak. Aurtengo ikasturtean ere bi taldetan elkartzen dira astean ordubetez; bat ostiraletan 18:00etan kultur etxean, eta bestea —emakumeei zuzenduta dagoena— asteazkenetan 18:30etan Irizar jauregian.
Egitasmoaren koordinatzaileak dinamika ludiko batzuk proposatzen ditu eta dinamika hauetaz baliatuz euskarara hurbildu eta ezagutzeko aukera luzatzen da. Euskarri gisa, besteak beste, 20 hizkuntzatan prestatutako hiztegia lantzeko fitxak eta hiztegitxoak erabiltzen dira (ikus hiztegiak: http://www.hizkimizki.com/ ).

Bi egitasmo hauetako baten parte hartu nahi baduzu, Jardun Euskara Elkartera deitu (943 763661 / 605712469) edota Jardunen bulegotik pasa (Errotalde jauregia z/g).
Zuen zain gaude!!!

JARDUN_BERGARA_BIDERKATU EUSKARA kartela

BERRIKETAN 2014/2015 IKASTURTEA

BIDERKATU EUSKARA Berbalagunen magiarekin
Zer da Berriketan?
Gero eta jende gehiagok daki euskaraz, hizkuntzaren ezagutza gero eta arinago zabalduz doa; baina erabilera ez da neurri berean hazten. Jende askoren harreman sareak erdaldunak dira, eta horrek zaildu egiten du euskara jakitetik euskaraz berba egiteko pausoa ematea. Horretan laguntzeko, mintzapraktika egitasmoak daude martxan hainbat herritan: Bergararan esate baterako, Berriketan egitasmoa.
Berriketan egitasmoari esker, euskaraz naturaltasunez moldatzen diren lagunak haien mintzamena hobetu nahi dutenekin euskaraz berba egiteko elkartzen dira, eta dena borondatez. Hiruzpalau partaideko taldeak osatzen dira, talde hauek maiztasun jakin batekin elkartzen dira (gehienak astean behin ordu batez) euskaraz berba egiteko eta, tarteka tarteka, nahi duenak parte hartzeko ekintza osagarriak ere antolatzen dira, Berriketan egitasmoan parte hartzen duten talde desberdinetako partaideak elkar ezagutzeko.

Zertarako Berriketan?
Berriketan bezalako mintzapraktika programek euskararen erabilera bultzatzen dute, bai euskara maila hobetu nahi duten pertsonen artean eta baita maila txukuna dutenen artean ere. Are gehiago, programa hauek bi talde hauek harremanetan jartzen dituzte.
Mintzapraktika egitasmoen helburuetako bat euskaldunon komunitatea zabaltzea da, euskarazko harreman sareak sortu eta hedatuz euskaldunon hizkuntza komunitatea zabaltzea, euskaraz aritzeko ditugun aukerak ugarituz.
Horretaz gain, erakundeek, euskaltegiek eta euskara elkarteek elkarlanean aritzeko aukera paregabea dute.

Ohiko saioak:
BERRIKETANek antolatzen dituen berba-taldeak astero ordu batez elkartzen dira euskaraz berba egiteko. Taldea autonomoa da zer egin nahi duen erabakitzeko: nonbait jarri eta zerbait hartu, paseoan ibili… Talde guztietan euskaraz txukun berba egiten duen pertsona bat edo bi izaten dira eta taldeko beste bi edo hiru lagun euren euskara maila hobetu nahi dutenak izaten dira.
Saio osagarriak:
Asteroko hitzorduez gain, nahi duenak parte har dezake ekintza osagarrietan ere. Saio hauek anitzak izaten dira: afariak, bisita gidatuak, mendi irteerak eta beste hainbat. Saio hauen bidez herriko beste berba-lagunekin elkartzeko eta elkar ezagutzeko aukera izaten da eta, batzuetan, eskualde mailan martxan dauden beste berba-lagun egitasmoekin batera ere (Arrasateko Zahar-berri, Eskoriatzako Berbalaguni eta Aretxabaletako Barriketan) antolatzen ditugu.
Datu batzuk:
Bergaran, 2006tik hona urtero 55 lagunetik 72 lagunera bitartean izan ditugu taldeetan (taulan kopuruen zehaztasuna); eta bi ikasturtetan hika-lagun taldea ere izan da martxan.
Berriketaneko partaideen gehiengoa euren euskara maila hobetu nahi dutenak izaten dira (bidelariak): euskaltegietako ikasleak eta ikasle ohiak edo aspaldi ikasitako euskara maila berreskuratu nahi dutenak. Eta horien laguntzaile euskaraz natural berba egiten dutenak (ez dutenak irakasle paperik hartuko, zailtasuna daukan pertsona berba egitera animatzea izango baita euren helburua).

 

BERRIKETAN EGITASMOAN URTEZ URTE IZAN DIREN PARTAIDEAK:
2006-2007 ikasturtean 65 partaide izan ziren, 2007-2008an 54 hamabost taldetan banatuta, 2008-09 ikasturtean 55 partaide 18 taldetan banatuta, 2009-2010 ikasturtean 54 lagun 16 taldetan banatuta, 2010-2011 ikasturtean 65 lagun 19 taldetan banatuta (45 bidelari eta 20 bidelagun), 2011-2012 ikasturtean 71 (47 bidelari eta 24 berba-lagun), 2012-2013an 72 partaide (50 bidelari eta eta 22 berbalagun, 19 taldetan banatuta) eta 2013-2014an 68 partaide (46 bidelari eta 22 berbalagun, 18 taldetan banatuta) talde arruntetan. Bestalde, 2007-2008an eta 2011-2012an hika-lagun talde bana ere izan ziren.
Bestalde, aipatu behar da “Berriketan” egitasmoan (eta “Mintzanet” egitasmoan) parte hartzeko euskaldun-berri horiek euskaraz berba egiteko gutxieneko gaitasuna behar dutela, baina ezer ez dakienak, euskaltegian euskaraz ikasteaz aparte, badauka Bergaran beste aukera bat ere, AUZOKO egitasmoan parte hartuta.
Eta astean behin taldean elkartzeko aukerarik ere ez duenarentzat, badago Euskal Herri mailan euskara etxetik irten gabe eta doan praktikatzeko (Internet bidez) beste aukera bat. Horretarako informazioa ondorengo helbidean topa dezakezue: www.mintzanet.net
Berriketanen berri izateko eta izena emateko:
Berriketan egitasmoak antolatutako hainbat saioren informazioa, irteeren berri … http://www.jardun.org helbidean ikus daiteke. Bestalde, Euskal Herrian dauden mintzapraktika programen inguruko informazio gehiago www.mintzapraktika.org webgunean aurki daiteke.
Eta izena ematera animatzen direnak Jardun Euskara Elkartera deitu (943 763661) edota Jardunen bulegotik pasa (Errotalde jauregia z/g) daitezke, bai euskaraz berba egiten duzuenak (taldetxo baten laguntzaile izateko) eta baita euskara praktikatu nahi duzuenak ere; astean ordubete atsegina pasatzeko beste modu bat duzue eta!
Sustatzaileak:
Bergarako Udala, Bergarako Udal euskaltegia eta Jardun Euskara Elkartea.