Category Archives: lehiaketak

jaixak

Ari gara marrazkiak jasotzen, animatu, azken egunak!

Urtero bezala, jaietako zapirako marrazkia eta lema aukeratzeko lehiaketa antolatu dugu.

Dagoeneko ari gara marrazkiak jasotzen eta marrazkiak aurkezteko epea irekita dago astelehenera arte. Marrazkiak bidaltzeko azken eguna maiatzak 15a izango da . Beraz, animatu, oraindik garaiz zaude!

Hemen lehiaketan parte hartzeko kontutan izan beharreko oinarriak:

– Edonork har dezake parte, adin mugarik gabe.
– Marrazkia A4 formatuan aurkeztu behar da, txuri beltzean.
– Nahi beste marrazki aurkeztu daitezke.
– Marrazkiaren gaia: jaiekin lotutakoa
– Marrazkiarekin batera euskararen aldeko lema labur bat jarri behar da.
– Lanean ez da egilearen daturik jarriko. Egilearen datuak (izen abizenak, adina, telefonoa
eta helbidea) kartazal itxi batean sartuko dira eta kartazal hau eta marrazkia, beste kartazal
handiago batean sartuko dira. E-mailez bidaliz gero, bi fitxategitan bereiztu: alde batetik
marrazkia eta bestetik egilearen datuak
– Lanak aurkezteko azken eguna: maiatzak 15 (astelehena)
– Lanak JARDUNeko bulegoan aurkeztu (Errotalde jauregia z/g – kultur etxea) edo
jardun@topagunea.com helbidera bidali beharko dira.

– Saria: 100€

– Saria eman gabe gera daiteke, epaimahaikoek horrela erabakitzen badute

Amodiozko gutun eta esaldi irabazleak

EPAIMAHAI NAGUSIA 2017:

Patxi Zubizarreta: iazko edizioko irabazlea

Maite Larburu: musikaria

Maite Franko: ipuin kontalaria

Jon Gurrutxaga: bertsolaria

 

EPAIMAHAI GAZTEA 2017:

Olaia Zalakain

Andrea Gonzalez

Jone Igartua

Izaro Garmendia

 

SARIDUNAK:

Gutunak:

  • Lehenengo saria: Eider Perez 21 urteko Pasaia-Trintxerpeko gazteak jasoko du Bi arrain lanarengatik.
    Bigarren saria (erdia): Iñigo Legorburu Hernanin bizi den errenteriarrak idatzi du Beste laurogei… ustian lana.
    Bigarren saria (erdia) Lasarte-Oriako Ane Labakak eskuratuko du Gabon polita lanarekin.
    Bergarako onena: Bergaran bizi den Elena Laka eibartarrari emango diote.
    Gazte saria: Izar Odriozolak (Bergara, 1999) eskuratuko du.

Esaldia

  • Maria Lopez (Ibarra, 1992).

1.- SARIA: 500 € – EIDER PEREZ

2002ko udaberrian

 

Ehunka arrain gorri hilik agertu dira gaur itsas-azal urdinean. Mareak ohi baino abiadura handiagoan egin du behera eta, harrigarriki, hego haizea dario aspaldi itzali zen portuari. Kaiko lehorrean arrantza sare metatuak arrain-hezurrez josirik aurkitu dituzte, mendi garailetako itsas izakien fosilak dirudite. Irratiak ez du gertaeraren inguruko azalpenik eman, eta zeru ederra iragarri du ilunsentirako.

Kontserba laten fabrikak ateak itxi ditu. Kiebra jo du. Orain aluminiozko milaka lata koipetsu daude zabalik, tontor gris erraldoi bat dago fabrikako atean. Eta baxurako ontzien herdoila ur-azpian, ez da ikusten, baina ezkutuan dagoena ez ikusiagatik ere antzeman daiteke.

Erraza da atzeko kaleko ataka estuetatik kantinara doazen bazterretan galtzea. Bi andre zahar saski bana besoetan, gertaeraren inguruan kontuka, nola badatorren gerezi denbora eta nola larriturik dauden eta nola aspaldi ez duten senarraren gutunik jaso. Inork ez du gaur leihorik ireki. Loreontzi diren plubiometro idorrak, gorri eta berdeak harrizko horma-zuloetan. Zure etxeko ate ondotik pasatzean sentitzen dena. Berriz pasa naizenean sentitu dudana. Edo imajinatu dudana. Eta iturriko kandelak eta Ama Birjina ere desagertu dira gaur. Kantinako toldo ihetua geldi, arrain gorrien antzera, baina urrutian leba-leba dator itsasoa…

Gutun hau ez da distopia bat eta ez dut fikziorik esan. Ez da marinel zaharren inguruko poema bat edo botilaratutako maitasun kantu bat. Sabelean badut esmeralda koloreko ozeano bat eta bi arrain. Eta itsaskirria dabil aspalditik. Ikusi dut begi atzean duzun akuarioa eta nabari ditut zure azal azpian ezkatak lasaieran. Masailak, animalia-sena, edo korrontea… Baina berriz murgildu gara ur abisaletan. Nork ukatu dizu maitatzea? Nik maite zaitut. Eta badakit zure akuarioa ez dela nire begiradaren isla hutsa. Bizirik daude. Baina beldurra diozu sirenen kantuari, enbatari, hondoan dagoen horri, ez dakizula igerian agian… irratiak ere ez du gertaeraren inguruko azalpenik eman. Ez naiz ur gazitan itoko eta ez dut itsasgizon zailduen itzuleraren zain egon nahi. Maite zaitut, baina banoa itsasoz bestaldera. Banoa, baina maite zaitut. Maite zaitut eta banoa. Sabeleko ozeanoa baretu arte hustu eta bi arrain geratu zaizkit lehorrean. Gutun hau ez da distopia bat eta ez dut fikziorik esan. Banoa. Ba omen dira arrain gehiago itsasoan.

Gaur garabiek ez dute lan egin eta arratseko lehen ordurako kale epelak hutsik geratu dira. Honezkero maiatza izan behar du, enarek dagoeneko eurena egin baitute leiho ondoko teilapea. Okupazio ekintzatzat hartu dut habien eraikitzea eta prest dut desalojoaren eguna.

Gaur gertatu dena kontatu nahi nizun, besterik gabe. Irratiak honen berririk eman ez duenez, jakinaren gainean egon zintezen. Bestela, denak bere horretan jarraitzen du eta bere horretan badoa. Zaharrak berri. Estankoa itxi eta lekuz aldatu dute, besterik ez. Etxekoak osasunez oso. Eta laugarren zenbakiko txurro-saltzaileak noiz etorriko zaren galdetzen dit beti. Nik erantzun bera eman izan diot aldiro: ez dudala egundo galdera horren erantzuna jakiteko balio duen haize-arrosik aurkitu. Oraingoan badakidala esango diot, hurrengoan galdera berriz egitea ez dela beharrezkoa izango, sabelean fosildu zaitudala.

Aspaldian ikusi gabeko zeru ederrena izan da gaurko ilunsentia.

 

2.- SARIA: 150 € – IÑIGO LEGORBURU

BESTE LAROGEI…USTIAN!!

Biyotzeko Joxe Manuel:

Zuk letzen eztakizunez, zue etxeko ilobak letuko dizun bildurraz bada´re, zuri eskribittu biharrian arkittu naiz, orrek utzi lezakenan arrastuan jakitun. Izan´e, guriak bizik seitzen dula, guri-guriya dola ta ez Errenteiko besti harek esaten zun modun, “iya guriak egin du”; esateko premiya nakan.

Berorri-ka asi giñan artu-emanian, zuka seittu ta azkenenian, ara…ika bukatu deu maiz, zukin iñondik iñoa bukatzeko asmoik gabe! oi bai, beste iñor bistan eztala… bestela, gue amoriyuan berri izango balue, bertsubak jarri baietz, nori ta zuri; Joxe Manuel!!

Zue egizko ofiziyuan, bersolaya izateko modun, teatro pixka- pixkat iña zea oain artian. Teatrua, zu etzean oi jendiai xinixtuazteko. Erriyak estimatzen dun “Txirrita”, lotsagabia, tripazalia ta jakintsuba da. Baño nik ordia, bestia ezautu det: Joxe Manuel lotsati, goxua ta ezjakiña; amoriyo kontutan beintzat; Norteko ferrokarrillan baporiak baño beruo jartzen nauna.

Iñatzuko sardoteitan asi zan dana. Beste etxietan apopilo eoten ziñaten 3 eunian, andik atea gabe, ean ta ean; bertsuba besteik etzenetula abian. Bertsuba…ta zurruta!! Ta ainbeste denboa ta geo, azkeneako mingaña miztua zan, orduarte launak zianakin etsaitzen asiyak izaten ziñaten, ainbeste jardun ta geo.

Ta ordun, apopilo zeuden aitako batzun andriak erropa garbiyak eamatea jundakuan, armoniyan istilluka asiyak ziñatela ikusitakuan, “Muturjoka  asi baño len, etortzia duela trikitilayak!!” aintzen zuen. Ta ala, gu juten giñan ara, ta itzan akelarriak aurrea seitzen zun beste pare bat eunez, musikan konpañin.

Ta akelarriak ekarri biartzuna ekarri zun, sorginkeya. Aitako batian, launak iji ta aja zebiltzala, eanak erabat; zu ne anka zuztarrei beida arrapatu zinttuan. Galtzapian agirin nazkan ne ankazuztar gaxte ta goxuaidi beida. Baño begiyaik etzian mozkorranak, Joxe Manuel. Eo baldin bazian, pasiyoz mozkortutako baten begiyak zian.

Alaxe ba, paraisoko fruta proibittua zukutzen jardun giñan aurrena kupul batea ta geo bestea, arik eta deskuidu batian, iñork ikusten ez ginttula ondoko ikuilun itxoiteko esan ta andik gutxia; zu zinbili-zanbala etorrita,  bertan bi alimali biurtu giñan arte.

Zue teatruko personajiak, “Txirritak”, ez omen du sekula lanik pulamentuz eiñ, ez baserriyik gobernatu ta ezta emakumeik ezautu´re. Nekin ordia, zue loritasunian lan fiña ein dezu, earki gobernatzen dezu mingaña´re orroko ortan , baño emakumian asuntun… ezin nezake kontrakoik esan!!

Nik, Txilibitaneko Pedrotxok, esango nuke Joxe Mielek emakumian biarrik eztula sekula izan. Ta ne esku bado, emendik aurrea eztezun biarko itza emateizut. Ta laxter dezun “Berso-gudu” ortan, gustua badezu beintzat; ni onduan artuta agertuko zea, begiyen bistan dana eonagatikan  e, iñork ez baitu ezer ikusiko;oain artian bezela. Au, bizi deun au, gue artekua baita.

Ta biyotzez maittatzia zer dan  eztakiten aik, usteko due guria eztala ezer, usteko due launtasuna dala, usteko due guria bersolai-trikitilai artu-eman soila dala… Ta ala, pasako dia gue aurretik argiñ andaluzak, jakintsuk, baserritarrak, ilustriak… ta pasako dia gue aurretik; bat, amar, berrogei eo beste larogei…ustian!!

TXILIBITA BASERRIKO PEDROTXO

 

2.- SARIA: 150 € – ANE LABAKA

Lasarte-Orian, 2016ko abenduaren 10ean

Doinua: Norbere mundu intimo

 

1.Gabon, politta! Hemen dun
nire testimonioa
loarekin sinatzeke
zeukanat konbenioa
autodestruktiboa dun
sortzaileon gremioa,
aldiro baieztatzen din
gau-egun binomioa;
begizulo markatuak,
goizetako jenioa…
gauerdian beti ditun
sormena, injenioa…
manta azpira heltzean
ametsen eldarnioa
bi ohekide zeuzkanat:
hi eta insomnioa.

2.Mesanotxeko ilargi
iheskorraren argitan
desio ezkutuenak
behingoz haragi bizitan
azalean inurriak
eta tximeletak tripan
gorputza biltzen dinaten
maindireen inbiditan…
Grabitaterik ez zegon
hire gelako orbitan.
Metafora egokirik
ez dun idatzi lirikan,
hi edertzeko margorik
ez dun sortu kosmetikan…
polittena hagolako
beti esnatu berritan.

3.Laztan batekin esango
dinat “Egun on, laztana”
behatzekin esnatzeko
hire azal beltzarana.
Oso nahastuta zebilen
hireganako imana;
batzutan higandik ihes
besteetan hiregana.
Hi gosaldu nahi haunat ez
tea eta kroasana,
ahaztu despertadorea,
eguzkiaren orbana,
jantzi irri bihurri bat
eta erantzi pijama,
eguna hasi arren ez
dinat igo nahi pertsiana.

4.Pertsiana altxatu gabe
dardarka zeuden kortinak,
elkar maitatzeko arau,
norma eta paradigmak.
Nahiz abestian bostehun gau
aipatzen dizkin Sabinak
bilakatuko al gaitun
gau bateko heroinak,
gudu-zelai honetako
eromenaren biktimak?
Izarak lubaki ditun
ta hire musuak minak…
mihi puntaz tatuatu
nahian galderen errimak;
egin dizkinate inoiz
betileekin kilimak?

  1. Aldiro ezberdin diren
    gorputzeko usainetan,
    kartografiatu ezin
    ditudan hire zainetan,
    barrurantza naramaten
    paradisu labainetan,
    plazerraren suak higan
    utzitako orbainetan…
    Galdu nahi dinat aurkituz
    hire izter lirainetan
    askatasuna, sentituz
    boterea mingainetan,
    ustekabean emanez
    hozkada bat ordainetan
    nire goiko ezpainekin
    hire beheko ezpainetan.

6.Normarena nahiko niken
pentsamenduan atxiki
ez gaitun eta gizarte
honen menpeko maniki
libre hautatu nahi dinat
noiz etzan eta noiz jeiki,
noiz atximurkadaz josi,
noiz besarkatu poliki…
Sexua iraultza badun
bi alu eta lau titi
borrokabideak ditun
-konturatu naun berriki-.
Batera egin dezagun
barne inpultsuei jarraiki
ikasia deseraiki
eta hutsetik eraiki.

  1. Eraikitzea zaila dun
    dena deseraikitzean
    baina ahaldundu ohi naun
    hirekin konpartitzean
    koloretsu agertu haiz
    nire logela grisean
    hiru metro karratutan
    jardun gaitun tetrisean.
    Azken musu bat emanda
    hire irri konplizean
    “Agur, politta, ondoloin!”,
    logurea sentitzean
    begiak itxi dizkinat
    hauen karga handitzean
    ea hor jarraitzen dunan
    berriro irekitzean.

8.(Gutuna bukatu dinat,
baina barka zan) post data:
azken bertso bat buruan
zeukanat-eta bueltaka
badakin hire barruan
urtu nahi dinat tantaka
sekretu ezkutuenak
deskubritzeko banaka.
Betidanik izan dinat
irudimena zabal ta
idealizatu ostean
hire gorputza atalka
berriro sentitu dinat
insomnioaren talka
gaua luzea dun, hemen
hi besterik ez haiz falta.

 

GAZTE SARIA: 150 € – IZAR ODRIOZOLA

Amamari:

Negua dela senti dezaket. Soa, nire logela kanpoaldetik inguratzen duen lorez osatutako arkuan dut itsatsita, eta zure arima ez bezala, hutsik dago. Ez lore ez arantza; negua da, baina udaberrian itzuliko dira, inoiz baino kolore eta xarma biziagoarekin.

Zurekin ez da berdin gertatuko ordea.

Lau urtaroetatik gogorrena aukeratu zenuen alde egiteko, eta ez da kasualitatea; kausalitate hutsarengatik izan zen, inoiz ezagutu dudan etxekoandre, ama, alaba, amama, lagun, konfidente, emazte… emakume gogorrena izan baitzara. Arkuan lore bakarra geratu da haize bortitz honen aurrean biziraun nahian, eta nik, lore hau, zure irudiarekin lotu dut.

Lorearen korola sei petalok osatzen dute soilik, zein baino zein erraiei indartsuago eutsiz. Lehenengo petalo horitsuan zure bizitzaren zentzua aurkitu dut, eta bere esentziaren bilatzen lanetan murgilduz, erabakitzearekin bataiatu dut zure bizia izan zena. Bai, erabakitzen pasa zenituen 85 urteak, betiere ingurukoen poztasuna bermatuko zuen erabakia hartzen zenuen; haien zoriontasuna somatzean zu ere inor baino zoriontsuago baitzinen. Ogi apur batetik hamar zati gehiago ateratzeko gai zinen, gure ongizate eta bizipoza biderkatu nahian, baina oker zenbiltzan. Guk bizipoza bermatuta genuen aspalditxotik; bizipoza zeu zinen.

Bigarren petalora salto egin dut, eta hara non zure autodefinituarekin topo egin dudan. Ez da samurra zuretzako adjektibo bakarra aurkitzea, baina hainbat zantzu eta sentipeni erreparatuz, konparaezina zarela baieztatu dut, nahiz eta zenbait akatsen hezetasuna somatu, ongiaren nahiarekin erraz xukatu baitzenituen.

Konparaezinarekin nahikoa ez eta Zarama taldearen kantu zahar baten letrak ere zuri buruz dabiltzala dirudite: Biziaren argia, gaueko eguzkia, haur batentzat irria, etxe baten bizia, gezurra ren egia, munduko izerdia.

Petaloz petalo, hirugarrenera iritsi naiz, eta zure irakaspenetako batzuk azaleratu zaizkit. Hasteko, hutsetik infinitua atera daitekeela erakutsi zenidan; irudi, objektu nahiz errealitatea ikustean, begirada da gakoa, eta nahi dugun eran hobetu dezakegu, ertzetako angeluak aldatuz, eta borobilari forma obalatua emanaz.

Gauzak horrela, zuri esker dakit bizitza ez dela astelehen konstante bat, are gehiago, astelehenek ezkutuan zuten xarma berreraiki zenuen nigan. Jarrera estoikoa zenuela esatera ausartu naiteke; autokontrolaren bidetik zorigaitzei alde ona ateratzen zenien, eta zoriontasuna barneko erraietatik ateratzen jardun zenuen, gauza materialei kasik kasurik egin gabe. Bai, adornorik gabeko dama zinen.

Oharkabean laugarren petalora heldu naiz eta zure esentzia definizio eta irakaspenekin batera, zailtasunek ere zure bizitzan izan duten presentziaz jabetu naiz. Oso gazterik deserriratu zintuzten Elorrixoko berotasunetik Bergara arrotzera, eta Askatzu baserriko neskame bihurturik pasa zenituen ondorengo urteak, gainera ezin aipatu gabe utzi Gerra Zibil garaian nola ez zenuen ikusi zure bi neben itzulera.

Bergaratar askoren bizilekuak konkistatu zenituen zure xamurtasun eta umoreaz esnesaltzaile jardunean aritzen zinen aldiro. Eta nola ahaztu zure zailtasunei aurre egiteko hain gogoko eta beharrezko zenuen fedea. Oroitu dezaket elkarren ondoan lo egiten genuenean nola kizkurtzen nintzen izaren azpian, nola estaltzen zenizkidan hanka, sorbalda eta besoak Ipar Poloan bageunde bezala, eta nola lokartzen nintzen fondoan zure errezu amaitezinen koroa entzuten nuelarik.

Bosgarren petaloan zure egunerokotasuna aztertu dut, eta kontaezinak dira elkarrekin ikusitako Hitzetik Hortzera guztiak eta Xabier Euzkitzeren “ Pilotazaleok, gabon deizuela” esaldi bakoitza. Eta nola ahaztu Goenkale! Zure gorraizearen erruz bolumena auzo osoak entzuteko moduan igotzen zenuen, azken urteotan hori izan baitzen zure aferarik larriena, gaizki entzutea.

Azken petalora iritsi naiz azkenean eta hau eskertzarekin lotu dut.

Enegarrenez eskertu nahi nizuke irribarre bakoitza, goizero nire eguna poztasunez zipriztintzeko zenuen gaitasuna, haize-bolada gogorrenean harresi lanak egitea,… laburbilduz, eskerrik asko zu zeu izateagatik. Zuk pairatu zenuen askatasun ezak hegoak zabaldu zizkizun besteei bizitza hobea ematerako orduan, eta eskerrik asko niri ere askatasunaren zaporea dastatzen uzteagatik.

Etxean jakinekoa dugu zure presentziaren falta ekaitz bortitz bat baino gogorragoa dela, baina poliki-poliki zure esentziaren berri izaten joan gara, gure artean hilik ez zaudela jakin dugun arte. Azkenekoz, mila esker, noizbait ikusiko gara zeruko izarrik argienean. Sarrik dioen bezala, ” bizitza heldu da eta zeure begiak ditu”. Eta nik, ongi ikusteko begirada horren laguntza beharra.

Besarkada estu bezain luze bat,

Zure Izar

 

BERGARAR ONENAREN SARIA: 150 € – ELENA LAKA

1argazki2argazki

 

ESALDIRIK ONENA: 100€ – MARIA LOPEZ ALTUNA

‘Laztan, xuxurla: gure lotura; maitale, adiskide: elkarrekin libre!

euskal-triviala-goiko-zatia-morea

Baditugu Euskal Trivialeko irabazleak

Aurten lehenengo aldiz antolatutako Euskal Trivialak arrakasta eta parte hartze handia izan du.

Bergarari buruzko ezagutza lantzeko jolasean, taldeka edo banaka, guztira 354 pertsonak parte hartu dute.

A kategorian (LH4,5,6) 124 parte hartzailea, B kategorian (DBH eta batxilergoa) 168 parte hartzaile eta D kategorian (18 urtetik gorakoak) 62 parte hartzaile.

Sarien zozketan sartzeko 15 galderatatik gutxienez 12 zuzen izan behar ziren eta hau, parte hartzaileen %82ak lortu du. Beraz, maila altua egon da.

Irabazleak hauek izan dira:

A kategorian: – Urko Agirrezabal

– Lau neska alaiak taldea (Ariane Igartua, Nora Larrea, Eva Calleja eta Ane Gartzia)

B kategorian: – Eider Etxaniz, Aiora Arregi, Ioane Iribecampos eta Mireia Arteagaren taldea

– Eneko Etxeberria

– Beñat Kortabarria

– Gari Andueza

C kategorian: – Arratsaldeko Txantxangorriak I taldea (Patxi Soto, Asmamaw Tegegen, Cesar Perez eta Joseba Part)

– Amaia Beitia

Jardun euskara elkartetik eskerrak eman nahi dizkiegu Euska Trivialean parte hartzera animatu diren guztiei. Eta aurreratu dezakegu datorren urtean ere egongo dela Euska Trivialean parte hartzeko aukera gehiago.

esku programa 16 TRAZ.fh11

Amodiozko gutunen XXV.edizioa

Berrikuntzaz beterik dator aurtengo honetan elkarteak antolatzen duen lehiaketarik maitagarriena! 25.urteurrena izanik, lehen aldiz, Amodiozko esaldien I.lehiaketa antolatu dugu.

Amodiozko gutunetako lanak jasotzeko azken eguna urtarrilaren 8a izango da eta amodiozko esaldien kasuan, mezuak whatppez bidali beharko dira urtarrilaren 26a baino lehen.

Animatu zure sentimenduak azaleratu eta idaztera!

esku programa 16 TRAZ.fh11

KARTELA 2016 HANDIA

UDAKO EUSKARAZKO V. POSTAL LEHIAKETA

Uda iritsi da berriro ere, eta berarekin batera oporrak, bidaiak, jaiak, eguzkia eta aisialdirako tartea. Aurten, bostgarren aldiz,  JARDUN EUSKARA ELKARTEAk udako euskarazko postal lehiaketa  antolatu du. Udak askorako ematen du, eta oporretan urrutira joan edo bertan geratuta ere, istorio txikiek asko esan dezakete.

Lehiaketaren helburu nagusia komunikazio informal eta idatzietan euskara erabiltzea da.

OINARRIAK

  • Lehiaketa honetan edozein pertsonak parte har dezake, nahi beste postal bidaliz.
  • Postal guztiak jatorrizkoak eta euskaraz idatziak izan beharko dute.
  • Postalak edozein lekutatik posta arruntez helbide honetara bidali beharko dira:

UDAKO EUSKARAZKO V. POSTAL LEHIAKETA

Jardun Elkartea, Errotalde jauregia z/g

20570 Bergara – Gipuzkoa

Informazio gehiago: 943763661-605712469 telefono zenbakian.

  • Postalak jasotzeko azken eguna 2016ko irailaren 18a izango da.
  • Gaia librea da. Ez ahaztu postalari zure telefono zenbakia jartzea.
  • Saria: Tableta
  • Epaimahaiak besteak beste, postalaren edertasuna, orijinaltasuna, edukia eta idazkera baloratuko ditu.
jaixetako pegatina

Pentekoste jaietako zapirako marrazki lehiaketa abian

Gerturatzen ari dira Pentekosteak eta jaietan dotore dotore ibiltzeko zapiak aterako ditu aurten ere Jardunek.

Eta zapirako marrazkia aukeratzeko lehiaketa martxan jarri dugu.

Edonork eta nahi beste marrazki aurkeztuz har dezake parte lehiaketan.  Marrazkiak aurkezteko epea zabalik dago dagoeneko eta azken eguna apirilak 27a izango da (behean oinarriak).

Animatu eta parte hartu!!!

Oinarriak:

– Edonork har dezake parte, adin mugarik gabe.

– Marrazkia A4 formatuan aurkeztu behar da, txuri beltzean.

– Nahi beste marrazki aurkeztu daitezke.

– Marrazkiaren gaia: jaiekin lotutakoa

– Marrazkiarekin batera euskararen aldeko lema labur bat jarri behar da.

– Lanean ez da egilearen daturik jarriko. Egilearen datuak (izen abizenak, adina, telefonoa eta helbidea) kartazal itxi batean sartuko dira eta kartazal hau eta marrazkia, beste kartazal handiago batean sartuko dira. E-mailez bidaliz gero, bi fitxategitan bereiztu: alde batetik marrazkia eta bestetik egilearen datuak

– Lanak aurkezteko azken eguna: apirilak 27 (asteazkena)

– Lanak JARDUNeko bulegoan aurkeztu (Errotalde jauregia z/g – kultur etxea) edo jardun@topagunea.com helbidera bidali beharko dira.

– Saria: 60€

– Saria eman gabe gera daiteke, epaimahaikoek horrela erabakitzen badute.

Paella lehiaketako kartela

Paella lehiaketa

Jardun euskara elkarteak bere 25. urteurrena ospatzeko jaia egingo du azaroaren 21ean.

Egun osoko egitaraua antolatzen ari gara eta tartean paella lehiaketa egingo da eguerdiko 12:00etan Udal pilotalekuan.

Hemen dituzue lehiaketaren oinarriak:

– Azaroaren 21ean ospatuko da eguerdiko 12:00etan Udal pilotalekuan

– Herritarrak banaka edo taldeka (gehienez 4 pertsona) parte hartu ahal izango dute. Talde bakoitzean gutxienez 18 urtetik gorako partaide bat egon beharko da.

– Paella prestatzeko mahaiak, sutegiak eta ontzia (paellera) antolakuntzak emango ditu. Bestelako tresneria guztia (laban, sardexka…) parte hartzaileek eraman beharko dute.

– Paella prestatzeko honako osagaiak antolakuntzak emango ditu: arroza, tipula, berakatza, olioa, gatza eta oilaskoa. Gainerako osagaiak parte hartzaileen esku geratuko dira.

– Jana lehiaketan bertan prestatu beharko da, salda bakarrik eraman ahalko da aurrez egina.

– Talde bakoitzak gutxienez 10 pertsonentzat paella prestatu beharko du. Prestatutako paella guztiak ondoren egingo den bazkarirako izango dira.

– Izen emateak: azaroak 13ra arte Jardunen (bulegoan, jardun@topagunea.com edo 943763661/605712469 telefono zenbakietan) edo Pol-Pol, Kortazar, Arrano, Hamaika eta Udal pilotalekuko tabernetan.
Izena ematerakoan taldearen izena eta harremanetarako pertsona eta telefonoa eman beharko dira. Izen ematea doakoa izango da.

– Sari hauek banatuko dira:
1. saria: 100 euroan baloratutako jatordua herriko jatetxe batean
2. saria: urdaiazpikoa eta gazta
Parte hartzen duen talde bakoitzari bazkarirako bi txartel emango zaizkio.

– Epaimahai sukaldaritzan adituak diren pertsonek osatuko dute.

– Epaimahaiak paellaren zaporea, puntua eta itxura baloratuko ditu.

– Paellak 14:00etan aurkeztu beharko dira epaimahaiaren aurrean.

– Parte hartzaile guztiek erabilitako gunea eta materiala jaso eta txukun uzteko ardura izango dute.

– Lehiaketan parte hartzeak araua hauek eta epaimahaiaren erabakia onartzea dakar.

ANIMATU!!!

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Udako euskarazko IV. postal lehiaketa

Uda iritsi da berriro ere, eta berarekin batera oporrak, bidaiak, jaiak, eguzkia eta aisialdirako tartea. Aurten, laugarren aldiz, JARDUN EUSKARA ELKARTEAk udako euskarazko postal lehiaketa antolatu du. Udak askorako ematen du, eta oporretan urrutira joan edo bertan geratuta ere, istorio txikiek asko esan dezakete.

Lehiaketaren helburu nagusia komunikazio informal eta idatzietan euskara erabiltzea da.

OINARRIAK

1- Lehiaketa honetan edozein pertsonak parte har dezake, nahi beste postal bidaliz.
2- Postal guztiak jatorrizkoak eta euskaraz idatziak izan beharko dute.
3- Postalak edozein lekutatik posta arruntez helbide honetara bidali beharko dira:
UDAKO EUSKARAZKO IV. POSTAL LEHIAKETA
Jardun Elkartea, Errotalde jauregia z/g
20570 Bergara – Gipuzkoa
Informazio gehiago: 943763661-605712469 telefono zenbakian edo
www.jardun.eus web orrian aurki dezakezu.
4- Postalak jasotzeko azken eguna 2015eko irailaren 18a izango da.
5- Gaia librea da. Ez ahaztu postalari zure telefono zenbakia jartzea.
6- Saria: Tablet bat.
7- Epaimahaiak besteak beste, postalaren edertasuna, orijinaltasuna, edukia eta idazkera baloratuko ditu.

Animatu parte hartzera!!!

ZAPIA 2013

Marrazkia aurkezteko azken egunak!

Jardunek jaietako zapirako marrazkia aukeratzeko lehiaketa antolatu du.

Animatu parte hartzera eta bidali zure marrazkia maiatzaren 5a baino lehen.

     Hauek dira lehiaketaren oinarriak:

        – Edonork har dezake parte, adin mugarik gabe.
        – Marrazkia A4 formatuan aurkeztu behar da, txuri beltzean.
        – Nahi beste marrazki aurkeztu daitezke.
        – Marrazkiaren gaia: jaiekin lotutakoa
        – Marrazkiarekin batera euskararen aldeko lema labur bat jarri behar da.

        * Jardunek aurten 25 urte beteko dituenez, aukera dago eta ondo legoke bai  marrazkian zein euskararen aldeko leman, urteurren hau islatzeko.

        – Lanean ez da egilearen daturik jarriko. Egilearen datuak (izen abizenak, adina, telefonoa eta helbidea)  kartazal itxi batean sartuko dira eta kartazal hau eta marrazkia, beste kartazal handiago batean sartuko dira. E-mailez bidaliz gero, bi fitxategitan bereiztu: alde batetik marrazkia eta bestetik egilearen datuak
        – Lanak aurkezteko azken eguna: maiatzak 4 (astelehena)
        – Lanak JARDUNeko bulegoan aurkeztu (Errotalde jauregia z/g – kultur etxea) edo jardun@topagunea.com helbidera bidali beharko dira.
        – Saria: 60€
        – Saria eman gabe gera daiteke, epaimahaikoek horrela erabakitzen badute.

Irudia lemarekin

Jaietako zapirako marrazki lehiaketa

Badatoz Pentekosteak eta urtero bezala Jardunek jaietako zapiak aterako ditu.

Zapirako marrazkia aukeratzeko lehiaketa egingo da eta dagoeneko zabalik dago lanak aurkezteko epea.

Lehiaketaren oinarriak honakoak dira:

 

– Edonork har dezake parte, adin mugarik gabe.
– Marrazkia A4 formatuan aurkeztu behar da, txuri beltzean.
– Nahi beste marrazki aurkeztu daitezke.
– Marrazkiaren gaia: jaiekin lotutakoa
– Marrazkiarekin batera euskararen aldeko lema labur bat jarri behar da.
* Jardunek aurten 25 urte beteko dituenez, aukera dago eta ondo legoke bai marrazkian zein euskararen aldeko leman, urteurren hau islatzeko.
– Lanean ez da egilearen daturik jarriko. Egilearen datuak (izen abizenak, adina, telefonoa eta helbidea) kartazal itxi batean sartuko dira eta kartazal hau eta marrazkia, beste kartazal handiago batean sartuko dira. E-mailez bidaliz gero, bi fitxategitan bereiztu: alde batetik marrazkia eta bestetik egilearen datuak
– Lanak aurkezteko azken eguna: maiatzak 4 (astelehena)
– Lanak JARDUNeko bulegoan aurkeztu (Errotalde jauregia z/g – kultur etxea) edo jardun@topagunea.com helbidera bidali beharko dira.
– Saria: 60€
– Saria eman gabe gera daiteke, epaimahaikoek horrela erabakitzen badute.

Animatu parte hartzera!!!