Monthly Archives: urtarrila 2016

Ander-Bolibar

Bolibar#11 “eta kulturan?”

Aitzol Gandiagak egindako galderei erantzunez, hemen Ander Bolibarren iritzi artikulu interesgarria:

Gaztetasunari tiraka heldu da Aitzol aisialdira, gazte aisialditik tiraka bertako euskara praktika eta egoera soziolinguistikora. Euskarazko aisialdia eta kultura nahasten ditugula, kulturatik bota dit kataia: Kultura, euskara eta Bergara. Hiru erpin izateko bokazioz jaiotako zirkunferentzia.

Biraka kulturaren adieretan galdu aurretik, herrian dugun kultur atmosfera euskararen betaurrekoetatik begiratzera mugatuko naiz. Termometroa piztera, eta kanpo behatzailerik existitzen ez denez, termostatoa ukitzera.

Nolakoa da euskararen ahotik begiratuta herriko kultur eskaintza eta kontsumoa?

Gazi-gozoa. Edo hobe esanda, zaporez gozoa, baina ahula, hauskorra, gutxiagotua. Diglosia kasuan ezin loaldirik izan, irabazitako eremuak etengabe lehiatu eta borrokatu behar dira. Euskararen botilak zuloa du, etengabeko jarioa behar du.

Herria herritarrok egiten dugu, herri mugimendu eta udalaren kultur eskaintzaren analisi soziolinguistiko bat egitean euskara garaile aterako bada ere, bergarar gehienen kultur ohiturak erdaldunak dira. Kanpora jotzen dugu: Gasteizera zinemara, irrati formuletara kotxean, telebista kate erdaldunetara afalostetan, taberna euskaldunetako pantailek goizero erdaraz oihukatzera, bertakoa eta sasoikoa erdaraz bultzatzera, internet zabalera (Bi adibide: Bergara Facebook taldea, bergararrak twitterren) egunerokoan…

Euskarak eguna irabazi du. Hezkuntza eta lan mundua. Oraindik eremu informala, gaua du irabazteko. Hartu dezagun adibide bezala Erramu Zapatua; Goiz eta eguerdian taberna guztietan “euskal” musika entzungo dugu, gauean ordea, hegemonikoa gaztelera izango da. Bihurria behar du gure hizkuntzak, xaxatzailea, moldagarria, likidoa… Mundura zein hizkuntzatan zabalduko garen erabakitzen dugu egunero, eta euskara zaharra, formala eta geldoa denaren ideia apurtu behar dugu. Askotan guk sortzen dugu zama. Euskara abangoardia da, euskal kultura osasuntsu dago, interesgarri, eta hori komunikatzen jakin behar dugu.

Joselu Anayak San Martinetan, San Martzialetako Unsain Anaiak, Bideberriko Laket, Kartzela Zaharreko Gozategi… arnasguneak dira, baina ez dira nahiko, une berean Irala kalea gaztelaniaz dantzan dabil. Euskara folklorearekin lotzen den uneoro plaza irabazten dugu, baina kalea galdu.

Zein da udalak antolatu duen euskarazko azken rock kontzertua? Musika euskalduna ezin da genero bat izan, euskaratik pentsatu eta euskaraz abesten den musika zabal, anitz eta orotarikoa behar du izan. Horrela irabaziko dugu gaua. Egun osoko hizkuntza bilakatu.

Kontsumo ohituretatik, Bergarako kultur sorkuntzara.

Ez da adierazlerik garrantzitsuena, baina begi-kolpe azkar batean herriko musikagintzaren egoera ikusteko, hemen azken bi hamarkadetan Bergaran izan ditugun ingelesezko izena duten musika taldeen zerrenda: Fly shit, Hardflip, Dark Code, Mahaster River, Petrol Bombs, FBA, Rotten Teenagers, Turboshit, The Elebators, Black Sheeps, Frenopatics, Fragile rock, Cool Panic, Fucking What, Dog Bite, Exit, Olimpic Darts, The Street 77, Folsom Four, Lord Witch, Supercools, Nobox… gehienak euskaldunak, asko euskaltzaleak eta euskarazko letra ederrekin, baina izenburuak kaleko hizkeraren adierazle dira.

Musikalak euskaraz sortzen ditugu, baita euskaraz pentsaturiko arte lan pila ere.

Eta zinema? Imajina, euskarazko zinemaren historian mugarri den “Aupa Etxebeste!” Bergaran grabatu zuen Asier Altuna herrikideak. Herri gutxik dute Amama bezalako euskarazko film ederraren sortzaile bat, eta herri gutxik ez dute zinema aretorik. Zinemarik gabeko herririk ez dago zineman, ezta hizkuntzarik gabeko kulturarik ere ez.

Egoerak harritu edo larritu beharrean, euskarazko kulturaren aldeko ekintzetara pasa behar gara. Zabalotegiko antzerkietara joan, Kartzela Zaharrera ezagutzen ez ditugun musika taldeak ikustera, Xaxau konpartsan parte hartu, herriko irrati libre euskaldunarekin bazkaldu, Kopla barik bertso eskola hauspotu, ipuin kontalariez gozatu, bergarosfera sare sozialetan partekatu, euskaraz irakurri, idatzi, abestu, Maitasun gutunen lehiaketan parte hartu, musikalez gozatu, euskarazko egunkaria duten tabernetan hartu kafea, ondo pasatu eta ondo pasatzen duzula komunikatu, zabaldu…

Garrantzitsuena, gure ingurukoak euskarazko kultur ohiturekin kutsatzea da; antzerkietara batera joan, film bat oparitu, liburuak utzi, musika entzunarazi… Gora Tttun Ttun Brigade!

Funtsean erronka euskararen mundua, munduaren euskara bilakatzeko errekaren zabalgune beharra da. Hezkuntza eta lan tresna izateaz gain, aisialdi edo bizi tresna izatera. Horretan lanean fin diharduten hamaika proiektu ditugu gertu, bertako batean, Gameerauntsia proiektuan dihardu Damian Madinabeitia bergararrak, eta berari nire galdera: Zergatik da garrantzitsua bideojokoak eta Gamer kultura euskaraz bizitzea?

berriketan

ASMO BERRIRIK URTE BERRIRAKO? BERRIKETAN-EKO 2. IZEN EMATE KANPAINA

Berriketan 2015-2016: 2. IZEN EMATE KANPAINA

asmo berririk urte berrirakoZurekin hitz egin nahi dut

Irailean aurkeztu zituzten 2015-2016 ikasturteko Mintzapraktika egitasmoak Euskaltzaleen Topaguneak eta GEU euskaltzaleen elkarteak.

Izen emate kanpainaren helburua, euskarari ekarpena egiteko kontzientzia duten hiztun onak mintzalagun egitasmoetara erakartzea izan zen, hau da, “Praktikatu behar dutenei laguntzeko”.
Mintzalagunek bi helburu nagusi betetzen dituzte egitasmoetan: “batetik, beren hizkuntza gaitasuna hobetzen dute, hizketarako jariotasuna lortu eta lotsa galtzen dutelarik; eta bestetik, inguruko euskaltzaleei euskaraz bizitzen laguntzen diete, euskararen aldeko ekarpena eginez”. Guztia, astean ordubeteko ahaleginarekin.

Izan ere, Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin elkartzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko. Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira, eta astean behin biltzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena ere hartzen dute, besteak beste, eta ia Euskal Herri osora hedatu dira. Parte hartzeko baldintza bakarrak euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez batzeko konpromisoa hartzea dira.

Mintzalagunek adierazten dute berbalagun taldean aisialdiaz euskaraz gozatzen dutela, eta horrela, lagun giro euskalduna osatzen dutela. Egitasmoen azken helburua, hizketarako aukera emateaz gain, kideek beren egunerokoan euskaraz aritzeko saltoa ematea da.

Berriketanen berri izateko eta izena emateko:

Berriketan egitasmoak antolatutako hainbat saioren informazioa, irteeren berri … http://www.jardun.eus helbidean ikus daiteke. Bestalde, Euskal Herrian dauden mintzapraktika programen inguruko informazio gehiago www.mintzapraktika.org webgunean aurki daiteke.

Eta izena ematera animatzen direnak Jardun Euskara Elkartera deitu (943 763661/605712469) edota Jardunen bulegotik pasa (Errotalde jauregia z/g) daitezke, bai euskaraz berba egiten duzuenak (taldetxo baten laguntzaile izateko) eta baita euskara praktikatu nahi duzuenak ere; astean ordubete atsegina pasatzeko beste modu bat duzue eta!

Euskalduna naiz mintzalagunak izan ditudalako

Mintzalagun egitasmoetan parte hartzen duten euskaldunek asko laguntzen diete praktikatzeko beharra dutenei, baita beren buruari ere: ahalegin txiki horrekin, gero eta euskaldun gehiago gara. Ikusi eta entzun egitasmoetako zenbait kidek diotena:
“Mintzalagun batek hitz egiteko aukera ematen dizu.
Mintzalagun batek hobetzen laguntzen dizu.
Erraztasunak ematen dizkizu.
Mintzalagun batek motibatu egiten zaitu.
Dibertituz, ikasten laguntzen dizu.
Iñigo, Joserra, Gaizka, Lupe, Marian eta Tatiana, Edurne, Xabier, Andrea, Itzi, Idoia… eta beste 6.000 mintzalagun baino gehiago.
Akatsak lasai egingo ditugulako, lotsatu gabe.
Baldintza eta subjuntibo barik.
Elkarrekin lagun berriak ezagutuko ditugulako.
Astean ordu batekin asko lagunduko diguzulako.
Diguzu, dizugu…nork nori nor?

kartela_Bergara
ZUREKIN HITZ EGIN NAHI DUT”.

Goazen euskaraz !

Ezagutzatik erabilerara pausua emateko asko izaten dira berbalagunek izaten dituzten oztopo edo zailtasunak. Konfiantza gutxi euren buruarengan, nire euskara ez da perfektua, aurrekoak pazientzia gutxi dauka nirekin, zuzenketa asko egiten dizkidate… Barriketan, Zahar berri, Berriketan eta honelako egitasmoak oso eraginkorrak izaten dira zailtasun hauei aurre egin eta egunerokotasunean urrats berriak emateko. Egitasmo hauen helburua, besteak beste, erabilera sustatu eta euskara erabiltzeko aukerak eskaintzea da. Euskara praktikatuz jariotasuna eta segurtasuna lortzen baita euskaraz egiteko ohitura poliki-poliki errotuz.

Dezente dira euskara praktikatu nahi dutenen motibazioak: ikasitako praktikan jartzea, galdutako ohitura berreskuratzea, euskarazko giroa eta jendea ezagutzea….

Programa hauen bitartez taldean astean ordubetez euskaraz hitz egiteaz gain, euskalduntze bidean pertsona horren inguru hurbilak eta harreman informalek sekulako eragina dute pertsona hauek hiztun hobeak izan daitezen. Komunikazio informal hauetan lortzen baita hizkuntza bat hitz egiteko erraztasuna, segurtasuna eta ohitura finkatzea.

Honen harira, euskaraz hitz egiteko aukera guztiak aprobetxatu behar dira, hizkuntza bat ikasteko modurik onena praktikatzea baita. Akatsik gabe hitz egitea, denbora eta ariketa eskatzen duen prozesu naturala baita.

Baina euskararen normalizazioan euskararen erabilera ziurtatzea ez da bakarrik euskara praktikatzeko beharra denaren ardura, gizarte osoaren erantzukizuna baizik. Beraz guztioi dagokigu altxor hau zaindu eta ondorengoei transmititzea.
Sustatzaileak:

berriketan
Bergarako Udala, Bergarako Udal euskaltegia eta Jardun Euskara Elkartea.

 

BERGARA ETA OSINTXUKO LUDOTEKAK

Gabonetatik bueltan berriz ere martxan ditugu Bergara eta Osintxuko ludotekak.

Urtarrila - txikia.Ekintza ugari ditugu haurrekin egiteko.Beraien jarrera parte hartzaileari esker, osatu dugu urtarrileko programaketa. Beraz, animatu eta gerturatu zaitezte ludotekara!!Osintxu, urtarrila txikia