Monthly Archives: azaroa 2016

ABENDUAREN 18AN IRAKURKETA KOLEKTIBOA
Abenduaren 18an
12:00etan Jardunen gune berrian
HELBURUA:
- Irakurtzeko ohitura hobetzen duten tresnak sustatzea.
- Irakurketa eta irakurketaren garapena interes orokorreko zerbait bihurtzea, gizartearen eguneroko bizitzan dagoena.
- Herriko eragile eta herritarren partaidetza bilatzea.
- Irakurketaren bitartez, balioak lantzea.
FUNTZIONAMENDUA:
Lev Tolstói-ren Zenbat lur behar ditu gizon batek? liburua zatika irakurriko da herriko eragile eta herritarren artean. Jarduera-ildo honetatik, euskarazko irakurzaletasuna sustatu nahi dugu, izan ere, jakin badakigu irakurketak garrantzi handia duela norberaren eta kolektiboaren kultura sustatzeko orduan.

EUSKARAZKO LITERATUR LIBURUAK MERKEAGO EROSTEKO AUKERA
Abenduaren 12tik 17ra Bergarako Elkar Megadendan euskarazko liburuak (haur, gazte zein helduen literatura) merkeago eros ditzakezu.
HELBURUAK:
- Euskarazko irakurketa sustatzea.
- Euskararen erabilera gozagarria eta euskal literaturaren produkzioa bultzatzea.
FUNTZIONAMENDUA:
Aste honetan zehar, euskarazko literatur liburuak erosterakoan, liburu saltzaileak emandako erosketa txartela JARDUNeko bulegora ekarri eta deskontua abonatuko dizugu.
Helduen literatura: %50
Gazteen literatura: %30
Haur literatura: %15 * gehienez 2 liburu pertsonako
JARDUNen deskontuaren dirua jasotzeko epea: abenduaren 23ra arte.

EUSKARAZKO LIBURUEN TRUKE AZOKA abenduaren 1etik 18ra
HELBURUA:
- Egitasmoaren helburu nagusia euskal irakurketa suspertzea da, liburuen berrerabilpena bultzatuz.
FUNTZIONAMENDUA:
Dagoeneko erabili ez eta egoera onean dauden euskarazko literatur liburuak JARDUNera (Kultur etxera) ekar daitezke eta ekarritako liburu bakoitzeko txartel bat emango da.
Ondoren, San Martin plazan egingo den azokan txartel bakoitza edozein liburugatik trukatu ahal izango da.
- Azoka egunean ere aukera egongo da liburua eraman eta trukean beste bat hartzeko.
LIBURUEK BETE BEHARREKO BALDINTZAK:
- Egoera onean eta osorik egon behar dira.
- Bildumak, kopurua edozein izanda ere, txartel bakar baten truke aldatuko dira.
- Liburuak euskarazkoak izan behar dute (haur, gazte zein helduen liburuak).
- Ez dira onartuko sexu bereizketarik edo indarkeriaren aldeko jarrerarik erakusten dituzten liburuak.
- Ikas liburuak ez dira onartuko.
LIBURUEN BILKETA
EGUNAK | ORDUTEGIA | LEKUA |
Abenduaren 1etik 15era | 9:00-13:00
15:00-19:00 Ostirala 18:00 |
Jardun
(Kultur etxea) |
TRUKE AZOKA
EGUNA | ORDUTEGIA | LEKUA |
Abenduak 18
Igandea |
10:00 – 14:00 | San Martin plazan |

HELDUENTZAT OINARRIZKO IPUIN KONTAKETA ETA HAURRENTZAT IPUINAK SORTZEKO TAILERRA
Abenduaren 12,15,19 eta 22an 17:30etatik 19:00etara
Helduak ipuin kontaketa tailerrean dauden bitartean haurrek ipuinak sortzeko tailerra egiteko aukera izango dute.
Tailerrean parte hartu ahal izateko izena aurrez eman beharko da JARDUNen abenduaren 7a baino lehen.
Plaza mugatuak. Doan.
Emalea: Amaia Etxebarria
HELBURUAK:
- Ipuinak kontatzeko eta irakurtzeko konfiantza geureganatzea.
- Ahozko komunikazioa indartzea.
- Haurrekiko harreman afektiboa zein emozionala bideratzea.
- Harreman literarioa zein sinbolikoa garatzea.
- …

Primerako asteburua!
Primeran pasa dute asteburua Txapliguko gaztetxoek! Larunbat arratsaldea waterpoloan jolasten pasa zuten eta igandean beraiek proposatu eta asmatutako jolasekin ibili ziren!

Abenduko gaztelekuko egitaraua!
Gaztelekuan izango da zer egin asteburuetan! Ekintzaz beterik dator abendua ere!

Eguazten berezia atzo Bergarako ludotekaren eskutik
Atzo, asteazkena, ekitaldi berezia antolatu zuen Bergarako ludotekak ‘Eguaztenak azokan’ egitasmoaren harira. Haur eta guraso asko hurbildu ziren Oxirondoko gune librera ‘Lapurretak’ izeneko ikuskizuna ikustera. Baina horretaz gain ludotekan bestelako ekintza batzuk ere egin zituzten bertako haurrentzako eta gerturatu nahi izan zuten guztientzako.
Arratsaldeko bostetan hasi zuten egun berezia ludotekan. Aurpegiak margotzen eta jolasten ibili eta gero, Zigor Ozpinen eskutik seietan hasi zen pailazo ikuskizuna ikustera joan ziren libre gunera. Malabarak, ilusio optikoa, antzerkia eta umorea nahasten zuen obra ederraz disfrutatu zuten bertan zeuden haur, hezitzaile, guraso eta aiton-amonek.
Ikuskizuna bukatu zenean ludotekara itzuli ziren eta hainbat talde-jolas egin zituzten eta beste batzuk berriz, margotzen ibili ziren. Orokorrean, egun borobila izan zela esan daiteke eta ludotekako hezitzaileak eta Jardun bera oso pozik dago ekitaldiak izan zuen erantzunarekin.
Ludotekara hurbiltzeko aukera paregabea izan zen atzokoa. Beraz, aurrerantzean bertara etortzeko gonbidapena luzatu nahi diegu Bergarako haur guztiei.
Ongi etorri!

Zurekin Bergara euskaldunago!
Dagoeneko martxan da Jarduneko bazkidetza kanpaina! Zurekin Bergara euskaldunago izango da kanpainaren mezu nagusia.
Jardunen sorreratik garrantzi berezia izan dute bazkideek eta hauek izan dira 25 urte hauetan zehar elkarteak aurrera egiteko ezinbesteko oinarri. Urte hauetan zehar Jardunek martxan jarritako herri ekimenak asko izan dira eta adin eta eremu ezberdinetako jende askok parte hartu izan du.
Esan genezake hasierako Jarduni jarritako helburu asko lortzen joan direla eta egindako lanari esker, Bergara orain dela 25 urte baino euskaldunagoa dela. Baina oraindik ere helburu batzuk erronka izaten jarraitzen dute.
Erronka horien artean aurkitzen da kanpaina honetan zehar erdigunean kokatuko duguna: sorkuntzarako, euskaltzaleak biltzeko, aisialdi euskaldunaz gozatzeko, kultur ekintzetarako, berbalagunak elkartzeko… GUNE BERRI batekin amesten dugu eta horren bila goaz! Herriaren eta herritarren beharrei erantzungo dien bilgunea izango dena!
Eta horretarako abiatuko dugu, hain zuzen, bazkidetza kanpaina hau. Amesten dugun proiektu ta gune berria herritarrekin lortu nahi dugulako.
Eta helburu nagusiak, bazkide berriak lortzeaz gain, gaur egungo bazkideak aktibatzea, Jardun ezagutzera ematea eta herritarrak elkartera hurbiltzea izango dira.
Bazkide egiteko bi bide egongo dira: esku orrietan dagoen formularioa bete eta bazkidetza kanpainan zehar izango dugun gune/lokalean entregatu edo www.jardun.eus web orrian dagoen formularioa betez.
Bazkide norbanakoak (adin mugarik gabe) zein talde, elkarte, komertzio, tabernak… egin daitezke.
Eta bazkidetza motari dagokionean aukera desberdinak egongo dira:
- Bazkidea (laguntza ekonomikoa)
- Bazkide laguntzailea (laguntza ekintzailea, Jardunek ekintzak antolatzen eta bideratzen laguntzeko bere denbora eskaintzeko prest dagoena)
- Bazkidea eta bazkide laguntzailea
Bazkide kuota 30 urtez azpikoentzat urtean 12€ izango da eta 30 urtez gorakoentzat urtean 37€.
Gabon garaia dela aprobetxatuz opari ederra ere izan daiteke Jardunen urtebeteko harpidetza.
Izan proiektu berritzaile honen parte! Gune, aurpegi, egitasmo eta ideia berriak nahi ditugu erronka handi hau egi bihurtzeko! Proiektu ilusionagarria, parte hartzailea, ekintzailea, herritarra eta bateratzailea sortzera goaz, eta bide hau zurekin egin nahi dugu! Beraz, batu elkartera, egin zaitez bazkide! Zurekin Bergara euskaldunago bat lortuko dugu!
Egin zaitez bazkide!

ASTEBURU BOROBILA TXAPLIGUKO HAUR ETA HEZITZAILEAK
Ederki pasa dute asteburuan txapliguko haur eta hezitzaileak.
Larunbatean Gasteizko izotz pistara izan zuten irteera eta atzo, domeka, sukaldaritza. Postre goxo-goxoa prestatu zutenn.
“Baduzu” kontsumitzaileen sarearen aurkezpena
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Baduzu sortu du, euskal kontsumitzaileak aktibatzeko eta egituratzeko proiektua. Erronka nagusia, euskaraz kontsumitu nahi dutenak euskaraz saldu nahi dutenekin saretzea eta harremanetan jartzea da, eta horrekin batera, euskaraz kontsumitzeko topatzen ditugun zailtasun edo oztopoen aurrean eragiteko bidea jorratzea.
Herriz herri, euskal kontsumitzaileak egituratuz sare zabal bat eratzea da honen helburua. Proiektu hau aurrera eramateko euskal kontsumitzaileen sarea osatu behar denez jendearen partaidetza eta lankidetza behar beharrezkoak dira.
Kontsumitzaileen Sarea proiektuaren aurkezpena azaroaren 23an arratsaldeko 18:30ean egingo da Irizar Jauregian.