Joan den larunbatean, ekainaren 1ean, Euskal Herriko berbalagunen jaia, mintza eguna, ospatu zuten Lapuebla de Labarkan, Arabar Errioxan. Urtero bezala Euskal Herriko hamaika txokotako berbalagunak elkartu ziren bertan,denera gutxi gorabehera, 150 lagun.
Autobusean 11:30ak aldera heldu ziren Lapueblara eta bertako arduradunek ongi etorria egin ostean, bertako produktuekin egindako hamaiketakoa dastatzeko aukera paregabea izan zuten.
Tripa bete ostean, taldetan banatu zituzten. Lehen taldea, plazan geratu zen aditu baten azalpenak jarraituz, ardo eta olio dastaketa egiten. Bigarren taldea, COVILA upeltegira joan zen upategia ikusi eta bertako ardoa dastatzera eta hirugarren taldea ordea, “mahats tren turistikoa” hartu eta Poveda parke naturalera joan zen, bidean Arabar Errioxako paisaia zoragarriaz gozatuz, Amaia bertako herritar baten azalpenak jarraitzen zituzten bitartean.
Goizeko ekintzak behin amaituta, plazan bildu eta musikarien laguntzaz kalejiran Assa ikastolaruntz abiatu ziren, giro ederrean gainera!!!
15:00etan Assa ikastolako frontoian majo bazkaldu eta berbetan, dantzan eta kantuan aritu ostean 19:00ak aldea autobusa hartu eta penaz etxerantz abiatu ziren.
Benetan egun ederra pasa zuten Euskal Herriko herri eder honetan!!