BERBALAGUNA: Konturatzerako euskaraz!!! Berriketan egitasmoan izena emateko deialdia zabalik!!

eskuorriak-jardun-1

Zer da Berriketan?

Gero eta jende gehiagok daki euskaraz, hizkuntzaren ezagutza gero eta arinago zabalduz doa; baina erabilera ez da neurri berean hazten. Jende askoren harreman sareak erdaldunak dira, eta horrek zaildu egiten du euskara jakitetik euskaraz berba egiteko pausoa ematea. Horretan laguntzeko, mintzapraktika egitasmoak daude martxan hainbat herritan: Bergararan esate baterako, Berriketan egitasmoa.

Berriketan egitasmoari esker, euskaraz naturaltasunez moldatzen diren lagunak haien mintzamena hobetu nahi dutenekin euskaraz berba egiteko elkartzen dira, eta dena borondatez. Hiruzpalau partaideko taldeak osatzen dira, talde hauek maiztasun jakin batekin elkartzen dira (gehienak astean behin ordu batez) euskaraz berba egiteko eta, tarteka tarteka, nahi duenak parte hartzeko ekintza osagarriak ere antolatzen dira, Berriketan egitasmoan parte hartzen duten talde desberdinetako partaideak elkar ezagutzeko.

Berriketan bezalako mintzapraktika programek euskararen erabilera bultzatzen dute, bai euskara maila hobetu nahi duten pertsonen artean eta baita maila txukuna dutenen artean ere. Are gehiago, programa hauek bi talde hauek harremanetan jartzen dituzte.

Mintzapraktika egitasmoen helburuetako bat euskaldunon komunitatea zabaltzea da, euskarazko harreman sareak sortu eta hedatuz euskaldunon hizkuntza komunitatea zabaltzea, euskaraz aritzeko ditugun aukerak ugarituz.

Mintzalagun bihurtzeko arrazoiak asko izan daitezke: ahaztutako hizkuntza freskatzeko, jende berria ezagutzeko, ilobarekin hitz egiteko, beste batzuei hori guztia egiten laguntzeko… baina denek badute zerbait amankomunean: aisialdiaz euskaraz gozatzen dute eta, arian-arian, lagun giro euskalduna sortzen dute. Askok, gainera, egitasmoaren helburua bete ostean ere elkartzen jarraitzen dute. Hori ere, esperientziak erakutsi digu.

Horretaz gain, erakundeek, euskaltegiek eta euskara elkarteek elkarlanean aritzeko aukera paregabea dute.

Aurten ere herri eta eskualde askok zabalduko dizkiote ateak Mintzapraktikan aritzeko aukerari, tokian tokiko euskaltzaleen elkarteekin eskuz-esku.

Haietarik 23 herri eta eskualdek hartuko dute parte ikasturte hasierako kanpainan. Honakoak dira:

Araban: Arabako Errioxa, Arabako Mendialdea, Gasteiz eta Gorbeialdea.

Gipuzkoan: Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Deba, Donostia, Elgeta, Lasarte, Eskoriatza, Hondarribia, Oñati, Ordizia, Orereta eta Soraluze.

Nafarroan: Baztan/Bortziriak/Malerreka, Iruñerria eta Lizarraldea

Bizkaian: Erandio, Getxo, eta Txorierri.

Euskaraz aritzeko ohiturarik ez dutenak ohitura dutenekin elkartzen dituzte Mintzapraktika egitasmoek, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko. Astero 6000 Mintzalagunek baino gehiagok euskaraz bizitzearen alde eragiten dute, elkarrekin ordubetez euskaraz arituz.

Ohiko saioak:

BERRIKETANek antolatzen dituen berba-taldeak astero ordu batez elkartzen dira euskaraz berba egiteko. Taldea autonomoa da zer egin nahi duen erabakitzeko: nonbait  jarri eta zerbait hartu, paseoan ibili… Talde guztietan euskaraz txukun berba egiten duen pertsona bat edo bi izaten dira eta taldeko beste bi edo hiru lagun euren euskara maila hobetu nahi dutenak izaten dira.

Saio osagarriak:

Asteroko hitzorduez gain, nahi duenak parte har dezake ekintza osagarrietan ere. Saio hauek anitzak izaten dira: afariak, bisita gidatuak, mendi irteerak eta beste hainbat. Saio hauen bidez herriko beste berba-lagunekin elkartzeko eta elkar ezagutzeko aukera izaten da eta, batzuetan, eskualde mailan martxan dauden beste berba-lagun egitasmoekin batera ere antolatzen ditugu.

Datu batzuk:

Bergaran, 2006tik hona urtero 55 lagunetik 74 lagunera bitartean izan ditugu taldeetan (taulan kopuruen zehaztasuna); eta bi ikasturtetan hika-lagun taldea ere izan da martxan.

Berriketaneko partaideen gehiengoa euren euskara maila hobetu nahi dutenak izaten dira (bidelariak): euskaltegietako ikasleak eta ikasle ohiak edo aspaldi ikasitako euskara maila berreskuratu nahi dutenak. Eta horien laguntzaile euskaraz natural berba egiten dutenak (ez dutenak irakasle paperik hartuko, zailtasuna daukan pertsona berba egitera animatzea izango baita euren helburua).

BERRIKETAN EGITASMOAN URTEZ URTE IZAN DIREN PARTAIDEAK:

2006-2007 ikasturtean 65 partaide izan ziren, 2007-2008an 54 hamabost taldetan banatuta, 2008-09 ikasturtean 55 partaide 18 taldetan banatuta, 2009-2010 ikasturtean 54 lagun 16 taldetan  banatuta, 2010-2011 ikasturtean 65 lagun 19 taldetan banatuta (45 bidelari eta 20 bidelagun), 2011-2012 ikasturtean 71 (47 bidelari eta 24 berba-lagun), 2012-2013an 72 partaide (50 bidelari eta eta 22 berbalagun, 19 taldetan banatuta), 2013-2014an 68 partaide (46 bidelari eta 22 berbalagun, 18 taldetan banatuta), 2014-2015ean 74 partaide (52 bidelari eta 22 bidelagun 18 taldetan banatuta) eta 2015-2016an 60 partaide (43 bidelari eta 17bidelagun 15 taldetan banatuta) talde arruntetan. Bestalde, 2007-2008an, 2011-2012an eta 2014-2015ean hika-lagun talde bana ere izan ziren.

Bestalde, aipatu behar da “Berriketan” egitasmoan (eta “Mintzanet” egitasmoan) parte hartzeko euskaldun-berri horiek euskaraz berba egiteko gutxieneko gaitasuna behar dutela, baina ezer ez dakienak, euskaltegian euskaraz ikasteaz aparte, badauka Bergaran beste aukera bat ere, AUZOKO egitasmoan parte hartuta.

Eta astean behin taldean elkartzeko aukerarik ere ez duenarentzat, badago Euskal Herri mailan euskara etxetik irten gabe eta doan praktikatzeko (Internet bidez) beste aukera bat. Horretarako informazioa ondorengo helbidean topa dezakezue: www.mintzanet.net

 

Berriketanen berri izateko eta izena emateko:

Berriketan egitasmoak antolatutako hainbat saioren informazioa, irteeren berri … http://www.jardun.eus helbidean ikus daiteke.  Bestalde, Euskal Herrian dauden mintzapraktika programen inguruko informazio gehiago www.mintzapraktika.org webgunean aurki daiteke.

Eta izena ematera animatzen direnak Jardun Euskara Elkartera deitu (943 763661/605712469) edota Jardunen bulegotik pasa (Errotalde jauregia z/g) daitezke, bai euskaraz berba egiten duzuenak (taldetxo baten laguntzaile izateko) eta baita euskara praktikatu nahi duzuenak ere;  astean ordubete atsegina pasatzeko beste modu bat duzue eta!

eskuorriak-jardun-2

Sustatzaileak:

Bergarako Udala, Bergarako Udal euskaltegia eta Jardun Euskara Elkartea.

Iruzkina uztera animatu!