Boisetik Brusela aldera jo du Kataiak oraingo honetan, Mikel Igartua Bergararra han dabil lanean eta bertan euskararekin duen loturari buruz hitz egin digu:
“Bi urte dira Bruselan bizi naizela, eta urte bat Europako Batzordean lan egiten dudala. Leku aproposa iruditzen zait kate hau euskarak Europar Batasunean betetzen duen lekuaz jarduteko; eskerrak, beraz, hitza emateagatik. Hasi aurretik, gogorarazi nahiko nuke Europar Batasunak hiru erakunde nagusi dituela: Europako Batzordea, Europako Parlamentua eta Kontseilu Europarra. Nik lehenengoan egiten dut lan.
Lanbidez itzultzaile eta interprete izanik, Europako
Batzordeko interpretazio zerbitzuan lan egiten hasteko aukera sortu zitzaidan 2017ko martxoan. Interpretazioa “ahozko itzulpena” da, ezinbestekoa Europako erakundeetan egunero antolatzen diren bilera eleaniztunetan parte-hartzaileek elkar ulertzeko.
Kasu gehienetan, aldibereko interpretazioa erabiltzen da, parte-hartzaileak hitz egiten duen heinean itzultzen du interpreteak, segundu gutxi batzuko atzerapenarekin. Lan zaila da, horregatik egiten dute beti binaka edo hirunaka lan interpreteek, 30 minutuko txandatan, ondo interpretatzeko kontzentrazio maila ezin baita mantendu 30 minutu baino gehiagoz. Gainera, ondo lan egiteko, interpreteek soinuz isolatutako kabinetan egiten dute lan, eta bileran erabiliko diren dokumentuak aurretik jaso behar dituzte.
Ezin dugu ahaztu 24 hizkuntza ofizial daudela Europar Batasunean, eta 24ak erabiltzeko eskubidea dute parte-hartzaileek (aurretik adostuta). Nire zerbitzuaren lana da bilerok antolatu eta interpretazioa koordinatzea. Nik oraingoz bulegoan egiten dut lan, eta ez interprete moduan; hirugarren atzerriko hizkuntza bat ulertu beharko nuke interprete lanetan ibiltzeko.
Euskara ez dago aipatutako 24 hizkuntza ofizial horien artean. Beraz, oro har, ezin da euskara erabili Batzordeko edo Parlamentuko bileretan. Bilera gutxi batzuetan, ordea, posible da, batez ere Eskualdeen Batzordean. Kasu horietan, hizlariek aurretik abisatu behar izaten dute, adibidez, euskaraz hitz egin nahi dutela. Hala, nire zerbitzuak euskara ulertzen duen interprete bat bidaliko du bilerara. Katalana eta galizierarekin berdina gertatzen da.
Pentsa, baina, bilera horietan euskaraz esandakoa ingelesera, frantsesera, alemanera eta polonierara itzuli behar dela. Nola? Ulertzekoa den moduan, ez da erraza euskara ulertzen duen interprete aleman bat aurkitzea, beraz, itzulpena hizkuntza batetik bestera zuzenean egitea ezinezkoa denean, relay delakoa erabiltzen da. Hau da, euskaraz esandakoa hizkuntza bakar batera itzuliko du euskaraz ulertzen duen interpreteak (beti gaztelaniara, esango nuke), eta gainontzeko interpreteek gaztelaniara egindako itzulpena erabiliko dute esandakoa beste hizkuntzetara eramateko. Bilera gutxi batzuetan, hortaz, norberak euskaraz hitz egin dezake, baina horrek ez du esan nahi besteek esandakoa euskaraz entzutea dagoenik; esate baterako, Lituaniako ordezkari batek esandakoa ez da inoiz euskarara itzuliko.
Argi gelditu den moduan, nire zerbitzuak ez du testu idatziekin lan egiten. Horretarako, itzulpen zerbitzu bat du Europako Batzordeak.
Zoritxarrez, lanean ez dut euskaraz hitz egiteko aukerarik, eta kalean ere, nahiko gutxi. Familiarekin edo etxeko lagunekin bakarrik erabiltzen dut. Eusko Jaurlaritzak badu, hala ere, ordezkaritza iraunkor bat Bruselan. Haiekin harremana izan dudanean, euskara erabili ahal izan dut, noski. Bestalde, bada Bruselan Euskal Etxe bat ere (www.bruselako.be).”
Kataiari jarraipena emateko, Bergara aldera itzuliko gara berriz, Miren Azkarate Bergarako Udaleko itzultzaileari hitza emanez.