Irailaren 7an, astelehenean, Bergarako hiru ludotekek ateak irekiko dituzte beste ikasturte bati hasiera emateko.
Osintxuko ludoteka, Angiozarko ludoteka eta Bergarako Aidau haurren zerbitzuak, Jardun Euskara Elkarteak kudeatzen ditu, eta haurren aisialdiaz gozatzeko eta elkarrekin bizipenak partekatzeko guneak dira.
Zerbitzuen helburu nagusien artean dago euskararen erabilera eta transmisioa sustatzea, haurrek euskara modu natural eta atseginean erabil dezaten. Horrez gain, errespetua, berdintasuna, elkarbizitza, autonomia, parte-hartzea eta aniztasunaren balioak lantzen dira jolasaren bitartez.
Horrela, ludotekek euskaraz bizitzeko, jolasteko, ikasteko eta harremantzeko espazioak eskaintzen dituzte, haur guztien parte-hartzea eta ongizatea ardatz izanik.
Irailaren 7tik aurrera, ludoteketan elkartuko gara, zatoz zerbitzuak ezagutzera!

