Goi Erdi Arora arte eramango gaituen liburua idatzi du Juan Martin Elexpuruk. Elkar argitaletxearen eskutik argitaratu duen Euskararen mende magikoak (V-IX K.o.) liburuan, garai hartan sortu omen ziren euskalduntze berantiarra, -a artikulua, Euskara Batu Zaharra eta euskalkiak ditu aztergai.
Hauxe dio Elexpuruk: “Bibliografia zabala erabili dut. Beti saiatu naiz aldeko eta kontrako datuak eta argudioak erabiltzen eta kontrastatzen, nahiz eta gero balantza alde batera makurtzen den”.
Goiena Komunikazio Taldearen eta Jardun Euskara Elkartearen eskutik, eta Olaso Dorrea fundazioaren laguntzarekin, azaroaren 18an, martitzena, aurkeztuko du lana Juan Martin Elexpuruk, 18:30ean, Olaso Dorrean, Goienako kazetari Aitziber Aranburuzabalak gidatuta.
Aurkezpenean liburua erosteko aukera egongo da, eta Goienakideek eta Jarduneko bazkideek merkeago erosi ahalko dute. Dendan 21 eurotan egongo da salgai, baina Goienakideek 15 eurotan eskuratu dezakete.

