Aurreko idatzian Eba Alberdik Elene Etxanizi galdera bota zion ea berak nola ikusten zuen hika gazteen artean. Honako artikuluan irakurri dezakezue Eleneren erantzuna.
Kataiak harrapau nau ni be, hasieran kontua nundik nora zoian ondo jakin ez arren. Eban idatzixa irakurri ostian, dana dala, pozik heldu jat egitasmuai, proposau dostan gaixa interesgarrixa pentsau jat eta. Generaziño berrixek hiketian gainian dauken iritzixa ezautu nahi ei dau eta nik, danena ezautze ezpot be, erantzun honen bidez neuria emoten ahaleginduko naiz.
Garbi dao gaztiok, gure inguruan behintzat, eztoula hiketia ezetarako erabiltzen. Bergan belarrixa pixkat zorroztu ezkerio kuadrilla solten baten konbersaziñuan ero entzun leike. Baina eren zirkulotik ertendakuan bestioi zuka zuzentzen jakuz, horreattik baleike hiketia anbiente jakin batera mugatutako hizkera bezela ikustia. Gainera, Ebak esaten zeban moduan batzutan euskeria bera entzutia be kostau eitten da. Hortik etara bihar kontuak.
Nik neuk, betidanik Osintxun bizitxa, suerte onekua naizela pentsatzen dot, herrixan beti eon da eta hiketarako tradiziño haundixa. Dana dala, ta pena haundixakin, esan biharra daukat Osintxun ixixa galdu dala hiketan berba eitteko ohitturia. Gu baino zeoze zahartxuauak dien mutilak liake azkenenguak (tarteka-tarteka erabiltzen dabe), hori bai, mutilak mutilekin bakarrik ze neskok tartian sartzen baga… konplikau eitten da dana. Ze ete dauka ba hiketiak neskokin? Gertu-gertuan ikusi dot zela anaiai danak errezao eitten jauen hikan neri baino. Zubi-lanian fallo ein dozuen galdetzen zostazun, Eba, eztakit esaten benetan hola izen dan ero ez, baina neskoi zailtxuao jarri doskuzue kontua…
Hala ta be, eneuke esango zubi-lana geizki ein dozuenik pe. Guk berez jakin badakigu hiketan berbetan, hiketan idazten. Uste dot benetan gai izengo giñakela euskera horrekin konbersaziño bat eukitzeko erozeiñekin, hanka-sartze bat ero kenduta, klaro. Praktikan, hala ta be, zetarako balio dau jakitziak erabiltzen ezpou? Esan nahi dot, euskeria jakin jende askok daki (hala erakusten dabe ikerketek, sekula baino “euskal hiztun” gehixao daola Euskal Herrixan), ta artian be askotan kostau eitten da kalian entzutia. Hiketiakin berdina pasatzen dala esango neuke, entzuteko hizkeria bihurtu dala eta ez gure artian komunikatzekua, ezautzen doun arren. Ta ados nao Ebakin horren aurrian zeoze ein biha dala esaten dabenian, bueltia emoteko aukeria daon bittartian. Berriketan-en erako egitasmua aproposa pentsatzen jat, nahiz eta eztoten uste hortik gure egunerokotasunian erabiltzera helduko ganik. Ohitturiak pisu haundixa daukalako, betidanik euskeraz in jatzun bati erderaz itxiak ertetze eztotzun moduan, betidanik zuka ein jatzun bati hiketan eittiak be eztotzulako ertetzen. Hasiera bat izen leike, taldetxotan erabiltzen hasteko. Hortik aurrerakua ikusikou…
Askotan ein dot probia jendiakin hikan berba eitten eta nerekin batera ahalegiñian jardun daben lagunetako bat haiz hi, Uxu. Zenbat bider hasi jittunau konbersaziñuak hiketan eta zuka segidu? Lotsia? Ohittura faltia? Artifizial geratzen dala? Segitzen asmau ez? Bajakinat hiri be gustatzen janala hiketia, nahiko ebanala erabiltzeko kapaza izetia. Horreattik luzatzen donat hiri kataia eta proposatzen donat hurrengokua: saiatuko gaittun berriz hiketan?