Hasiak dira iristen amodiozko gutunak dagoeneko.
Oraindik ez daukagunez aukerarik horiek irakurtzeko, aurreko ediziokoak txertatzen ditugu irakurri ahal izateko.
1. SARIA
PATXI ZUBIZARRETA (Ordizia – Gasteiz)
Adiorik ez
Agurra besterik ez zait bururatzen, orain, gutun ezinbesteko honi hasiera emateko eta neure barrena asaskatzeko. Amodioa eta adioa nahasten zaizkidan honetan, eztia dastatu berritan: agurra…
Baiezkoa eman nien adiskideei Maria Schneider-en atzo iluntzeko kontzerturako proposamena egin zidatenean. Saioa bikaina iruditu zitzaidan eta, gero, nik egin nien kopa bat hartzeko gonbita. Antzoki parean bertan babestu ginen eta gauak bigarrengoz oparitu zidan zure presentzia. Aurrena, eszenategi gainean, harpan akupuntura egiten; eta, hurrena, barran, zure beso biluziak kristalean antxumaturik ikusi nituenean: Allegro.
Baiezkoarekin erantzun nien atzera adiskideei, ezagutzen ote zintudan galdegin zidatenean. Baina haiek bertakoa zintugula adierazi nahi zuten, gure kontserbatorioan ere ibili zinela, nahiz eta atzerrira jo behar izan zenuen harpa ikasketak egitera. Ordutik aurrera josi nizkizun begirakuneak desiozkoak iruditu omen zitzaizkizun zuri, baina aitor dut gehienbat jakinminezkoak zirela, nik zu ezagutu ez arren, bazelako zuregan zerbait, ez jakin zertan, ezaguna zitzaidana, haur denborako usain bat bezalakoa. Gutxi-asko zure gurasoen adinekoa izanagatik, seguruenik halako bizitza sexual oparoa aurreikusiko zenidan, baina azken urteotan apenas izan dudan amodiorako egokierarik, eta noizbait gertatu zaidanean, kortesiaz jokatu dut kasik —besteak beste alboan nuen irakaskidearekin, senarra ere ezin gertuago zuena—. Horregatik guztiagatik, lotsagorritu egin nintzen ohartu nintzenean ez zenidala begirik kentzen eta gure artekoa besterik izan zitekeela: Adela.
Ezezkoa emango nien adiskideei erretiratzeko asmoa agertu zutenean, baina ezin nabarmenegi geratu; hiri domestiko honetan ezin esan lasai joateko, nik beste kopa bat hartuko nuela, bakarrean. Hala bada, joan, joan nintzen, baina elkar agurtu, eta autora joateko imintzioa egitearekin batera, atzera egin, eta tabernara itzuli nintzen. Itzuli natzaizu. Zer gerta ere. Kopa eskuetan, laster ginen begiak begietan. Eta handik gutxira zure taldekideak irtetean, emakume bati zerbait xuxurlaturik, zuzen etorri zara niregana. Zuzenegi, aukeran, zeren iruditu baitzait presaren presaz zapuztu egingo zenuela hasierako liluramendua. Ezagutzen omen ninduzun, kontserbatoriotik, o tempora, o mores!, eta biolina hautatzekotan ere egon zinen nirekin ikastearren. ‘Gizon helduak gustuko ditut, savoir faire hori, manera finak, hitz egiten dakitenak’. Heinrich von Biber ekarri dugu hizpidera, haren Passacaglia for solo violin, eta plazerez entzungo zenidala obra hori, etxean, inor ez egotera: ‘Orain’.
Ezezkoarekin erantzun dizut etxea aipatu didazunean; bakarrik baietz, baina herrixka urrun batean. Ezagutzen zenuen toki ezkutuak ere ez ninduen gehiegi kilikatzen: autoan nire dorpezia agerian utzi nahi ez, eta are gutxiago, gau minean, polizia edo jakinluzeren baten arriskuarekin. ‘Hemen bada hotel bat…’. Eta eskutik heldu didazu, harpari heltzen zenion delikatezia, finezia berberarekin. Baina preludioa besterik ez da izan, laster etorri baita zure gorputzaren terra incognitan barneratzeko eta kartografiatzeko proposamen desiozkoa. Bestelakoa. Eta hortxe agertu zait, gutxien ustean, memoriaren bidegurutze nahasgarria, ataka asaldagarria, hain zuzen ere zure ezker ipurmasaileko oreztari antzeman diodanean. Orduan oroitu dut zuregan bazela hasieratik ezaguna zitzaidan zerbait, haur denborako zapore bat bezalakoa, zeu bitarte beste norbait oroitarazten zidana: Andante.
Zalantzan geratu naiz, gero, desenkusaka alde egin beharra agertu (‘Arratsaldean Lisboarantz abiatzekoak gara…’), eta Batan auzune dotorera eramango ote zintudan galdegin didazunean, gurasoenera. Une horretan, berriro ere lehenengo aldiz bezalaxe geratu natzaizu begira. Baina nik orezta gogoan, zure hazpegiak, zure ahotsaren arpegioak: ‘Lembra de mim’. Eta oraingoan neuk azkartu nahi izan dut agurra, gaua zapuzteko beldurrik gabe kasik. Eta zure telefono zenbakia apuntatzeko erabili dudan iPod berean ikusmiran hasi, eta horra bertigoa eta post coitum, tristitia halako bat eragin didan zure abizena: Lizarduya!
Baieztapenak supituki haur denborara eraman nau. Juanjo zuen izena, eta Batanen bizi zen, familiaren villan. Fraideek ikasmahai berean egokitu gintuzten. Berrogeita lau mutileko gela hartan desioa hasia zen gure gorputz itzaliak pizten, gure irritsak albokoarengana bideratzen. Eta haurtzaroa abandonatzear geunden batean, gimnasia orduan sarritan egiten genuen bezala, maisuak Olarizura bidali gintuen lasterka. Baina nik zigarro bat eraman nuen eta Juanjori sasi artean erretzeko gonbita egin nion. Zorabiatuxe, halabeharrez bakarkako infrasexuan askatzen ginenok, zabar samar partekatu genuen gure desira. Aldi bakar hartan deskubritu nuen zeurea bezalakoxe orezta, toki horretan bertan. Bitxia da, baina zuen taldeko The Thompson fields diskoan datorren Lembra de mim kantua datorkit berriro gogora: ‘Gogoratu nirekin’. Gustatu zait adio esateko zuk hitz horiek hautatu izana. Baina ezin duzu sumatu ere egin nor ekarri didazun nahi gabe gogora: Juanjo Lizarduya.
Agur hori besterik ezin bururatu, beraz, «Adiorik ez», etxera lehenbailehen itzuli, eta, nire nahasmenduan, ezinbesteko gutun hau idaztera eseri naizenean. Baina orain ezin jakin nori zuzendu edo bidali beharko niokeen: oraindik ere nire zaitudan zuri, zuk gogorarazi didazun horri, edo neure buruari berari. Apika jakin ere ez dut nahi, eta soil-soilik dakit agian pospolo batek abegirik egokiena, abegirik sutsuena egingo diela bertigoak hartutako paper hauei: Finale.
Adela, Juanjo, Angel agurgarriak:
2. SARIA
ENEKO BARBERENA (Arrasate)
Mediterraneo ertzean 2016ko urtarrilaren 4an,
Beti izan dut Serrat zalean zinenaren susmoa. Baina L’Estacaren “Si estirem tots, ella caurà i molt de temps no pot durar, segur que tomba, tomba, tomba ben corcada deu ser ja” belarrira xuxurlatu zenidanetik nire koherentzia zulatzen duen pipia zara.
Gogoan dut behin ez zenuela sartu nahi izan Sants-eko kooperatiba hartara. Goizeko ordu txikiak ziren eta itxita egon arren zure ezerosotasuna Güell parketik ere ikus zitekeen. Ze ironikoa ezta? Montesco eta Capuleto beste behin, irriz Pablo lagun akademiko madrildarrak zioskun moduan star-crossed lovers besterik ez ginen.
Zure esfortzua baloratu eta estiman hartu nuelako joan natzaizun bisitan Cadaquésera. Costa Brava zoragarria da, ezin uka, baina 15 eurotako Gin-tonic artean ezin naiz eroso egon. Eta janzkera… beti izan dut irudipena aberatsok hobeto daramazuela giro informaletara moldatzea. Niri aldiz oso nekeza zait erabakitzea ni izan ala mozorrotzea, beti funanbulistaren alanbrean koherentzia politikoa eta esker onaren artean.
Ba ote crownfounding bidez finantzatu diren enpresa kooperatibo naturarekiko errespetudun eta hezkidetzaileek eginiko amerikanarik?
Bizitza bilera arteko tartea dela pentsatzen dut maiz. Azkenaldian dezente egitea tokatu zaigu bioi, aktualitatearen morroi gara. Gogamenak ihes egiten dit maiz, Piriniotara, iraganera eta etorkizunera. Eta han zu ikusten zaitut, etorkizunean gotor, nahiz eta egun gauzek itxura onik ez duten.
Ez goaz ondo. Honezkero Marianok ere badaki hori. Diagonalean aurreratzen ahalegindu gara, diadan dianan joz, baina ez da xakeko Dama izateko garaia. Dorre garaia da, mugimendu mugatuen eta irudimen eskasaren tenorea. Gaudi euskaldundu eta Oteiza katalandu bailitzan. Irudimenaren giltzarrapoa da gogorkeria, talentuaren kimatzailea.
Gure artekoa ezinezkoa dela erabaki zen atzo bilera itxian. Besarkadak klandestinoak dira orain, Ciutat Mortá gara. Lehen ezerosoa zena ezerosoago zaigu, nazio berrien jaiotzan baino fede handiagoa dago inperio zaharren biziberritzean. Tratu txar emaleen garaipena.
Akordatzen zara Piriniotan Kilian, zu eta hirurok paseatzen aritu ginenean? Goiz zoragarria izan zen, eguzkitsua. Aire garbiak gure birikak biziberritu zituen, egunerokotasunak kutsaturiko egurats fisiko eta mentala arinduz. Kilianek kontatu zigun nola prestatzen zituen berak lasterketak, nola entrenatzen zuen egunero, nola gogoratzen zituen iturburu eta fruitu jangarrien sastrakak jana eta ura motxilan eraman beharrik ez izateko. Urrun joateko arin joan behar dela gomendatu zigun. Elkarri begietara begiratu geniola amestu genuen eta nik txinpartak ikusi nituen zure begietan.
Ze urrun geratu zaigun hori ezta?
Errealitatea baita ez garela arinak. Zure pisuaren %3a zama astunegia. Nire kamisetetako lemak kate zurrunegiak.
Nik sinistu zintudan Artur, nik zure begiradan irakurri nuen bazenuela ausardia. Akaso nik jendeari begietara begiratzeko ohitura dudalako, gero eta jende gutxiagok duen ohitura. Orain jendeak mila txio irakurtzeari esaten dio “ondo informatuta egotea”, nahiz eta mezu guzti horiek parrokia bereko bezeroen eskutik etorri. Kopurua gure ezjakintasunaren lasaigarri, gure esfortzu gogo-ezaren apaingarri. Zurekin jendeak gorbata ikusten du bihotza estaltzen, titularra ausardia ezkutatzen, iragana oraina lausotzen, lagun eskasen konpainiak zure balioa gutxiesten.
Molt honorable, zure biktima gara denok. Egunen batean sandalia eskuan joango natzaizu bila, ez pentsa gangsterrak bakarrik atzerrian ikusten ditugunik… Andorrako diru zikinak bihotzik ez du, ez duzu pasa Kataluniako herritarren maitasunaren azterketa teknikoa Jordi.
Nahasten ari naiz Artur, barka. Ez naiz, ez gara, onak gauzei amaiera jartzen. Ilusioa piztea errazagoa baita kandela izioturik mantentzea baino. Garrak bizirik eusteko printzipioak erre behar baitira maiz, beti gose den sutan. Eta guk nahiago izaten dugu hotzez hil, Antartikako Scott burugogorra lez, hotzez baina arrazoiarekin. Ulertu gabe gauzak eder asko arrazoi gabe doazela aurrera eta hain justu horregatik direla bizirik, gehiegi pentsatzearen kaltea neurtezina delako maiz. Independentzia ez da leiho-hegian hozten utzi beharreko tarta.
Guk badakigu berotasuna ausarta dela eta ausardia beroa. Zentroa urtu eta ertzak erkatzeko beste behintzat.
Gurean ez zen berdinketarik Artur, biok irabazi genuen emantzipazio prozesuan. Norbera aldatu herrialdea aldatzeko? Oroitzen zara nola esaten genion hori elkarri? Inor ez da ezinbestekoa… aurreiritzi eta beldurrak kentzea baita benetako askatasuna. Letra larrizko askatasunaren aurretik askatu ginen biok.
Ni jada erretiratu nintzen, zuk erretiratu nahi bazenu badakizu nire besoak zabalik aurkituko dituzula. Ezinezko herrialde baten maitasun zinezkoak batzen baikaitu Artur, ez egunerokotasun hits eta petralak.
Bidean zure, David.
2. SARIA
AINARA ELIZONDO (Oiartzun – Hondarribia)
Gabon, bihotza:
Euskal Herri osoan guztiz famatua eta maitea zaren arren, jakizu kokoteraino naukazula. Horixe bera: KOKOTERAINO. Abendua egutegian agertu orduko, dardarka hasten naiz eta eguneroko lanez gain, ezin gabon garaian eransten dizkidazun gainerako zereginei aurre egin. Bazeneki batzuetan ze nekosoa den Olentzeroren emazte izatea…
Lehendik ere izaten dut nahiko lan ukuiluan azpiak ateratzen, ardiak gobernatzen, zientoka ditugun oiloen arrautzak biltzen, eta horrekin aski ez balitz, urtero Butanoren lanak ere nik egin behar izaten ditut garai honetan. Ilea moztu, hortzak garbitu, eulien aurkako botika eman…Dotorezia osoz jaisten zara menditik bera ondoan duzula, Euskal Herriko heroia bazina bezala, ikatzez eta opariz beterik, baina ba al dakizu zuk ondo asto batek zenbat lan ematen duen? Nik bai eta ez gutxi. Izugarri maite zaitut eta euskal mitologiako pertsonaia maitagarriena zara, baina emaztea zeharo baztertua duzu, horixe da egia. Butanoz gain, ordea, zeuk ere ematen didazu nahiko lan eta jakizu ez nagoela batere konforme. Abarkak lohiz beteta sartzen zara sukalderaino, zerorrek ez baituzu zorurik garbitu beharrik izaten, eta lotaratzen zarenean propina ederra uzten didazu urtero abenduaren 24an. Gainera, etxeetan opariak uzten joaten zaren heinean, ez diozu muzinik egiten haurrek utzitako turroi, bonboi, ardo goxo, pattar etabarrak dastatzeari eta hurrengo egunean bikarbonatoa prest eduki behar izaten dut zure bihotzerrea arintzeko, baina akabo. Aspertu naiz neskame lanak egiteaz, fama zuretzat baita, baina lana niretzat.
Esan beharrik ez dizut, gainera, medikuak azken errebisioan kolesterola altu samar zenuela gogorarazi zizula eta Butanoren pauso motela jarraitu beharrean, bizikletan ibiltzea gomendatu zizula eta gazta zaharraz ahaztea. Serio hartu beharko zenuke kontua, tripa hori ez baita normala, eta gutxien uste duzunean sustoren bat emango didazu, edo okerrago oraindik: ohean geratuko zara ezinean eta ea gero nork mugitzen dituen soinean dituzun 120 kilo horiek!
Ez da lehen aldia hau guztia esaten dizudana, maitea, baina nik ere aurki beteko ditut 65 urte eta neuk ere badut erretiroa hartzeko garaia. Txondorraren kontua aipatzea ahaztu zait, baina horrek ere badu bere delitua. Hantxe egoten zarete orduak eta orduak kartatan zeu eta zeure moduko beste bospasei artista; tarteka intxaurrak janez, erdi kantuan erdi bertsotan, elkarri adarra jotzen eta ni bitartean, zeure zain, lotara joateko irrikitan eta ikatzarekin zikinduta ekarriko dizkidazun praken beldur. Ba al dakizu zenbat igurtzi eman behar izaten dizkiodan zure galtzei berriak bezala uzteko? Ai, ze gutxi estimatzen duzun zure emazte gaixoaren ahalegina eta pazientzia, Olentzero maite hori. Hala eta guztiz ere, bihotz-bihotzez maite zaitut, laztana, inguruko haur eta gaztetxo guztiek maite zaituzten moduan, eskuzabala baitzara oso eta Euskal Herriko etxe guztietan poza eta alaitasuna zabaltzeko zuk adina ez baitu inork sekula egin.
Gutun honen bidez etxean gaudenon ahalegina kontuan har dezazun besterik ez nuke nahi; izan ere, Gabonak Gabon izan daitezen, ukitu txiki ugari eman behar izaten dira, itsasoa itsaso izango bada, olatu ugari behar diren modu bertsuan. Bukatzeko, berriz, azken eskaera egin nahi nizuke: gogoan al duzu iaz mezatatik atera eta eliza azpiko eskaparatean ikusi genuen soineko gorria? Ba nik ez dut ahaztua. Gutuna egin nizun, baina oraindik ez didazu ekarri soineko gorririk eta estimatuko nizuke behingoz kasu pixka bat egin eta emaztearen gustua egingo bazenu. Azken hamabi hilabeteetan hiruzpalau kilo hartu ditut, baina nik uste nire neurrikoa topatzen ez duzula arazorik izango. Zeinek esan errementariaren etxean zotza dela burduntzi!
Besterik ez, laztana. Ez ahaztu gaur gauean etxeratzen zarenean Butano mantaz estaltzea eta abarkak atarian uzteaz. Asto gaixoak eskertuko dizu eta neuk ere bai.
Zure bihotzeko Mari Domingi.
BERGARAR ONENA
AINHOA PARDINA (Bergara)
Laguntxo maitea,
Gogoratzen al haiz elkar ezagutu genuen egunaz? Ni ez, baina bazakinat bi urte baino gutxiago igaro direla egun hartatik; izan ere, batxilergoko lehenengo mailan izan zunan, ordura arte ez geninan elkar ezagutzen.
Hasieratik harreman ona eduki dinagu, baina denboraren poderioz harreman hori sendotzen joan dun, eta horrek asko pozten nain, aitortu beharra zeukanat. Errazegi fidatzen naun jendearekin eta gero min handia egiten zidaten baina bazakinat hi ez haizela horrelakoa, bazakinat hi guztiz fidagarria haizela, horregatik ez dinat harreman hau desagertzerik nahi. Beti hago laguntzeko prest, eta oso pertsona ona haizela ere erakutsi didan, beraz, oso harro nagon hitaz eta garbi asko ikusi dinat hi lagun bezala edukitzea suerte ikaragarria dela.
Hau ez dun negargura ematen duten gutun horietako bat, hau eskerrak emateko eta oroitzapen politekin barre egiteko gutun bat besterik ez dun.
Gogoan al dauzkan aurreko ikasturteko historiako klaseak? Bertan beste lagun batekin batera egiten genituen barreak ahaztezinak zitunan. Klase hauek beheko solairuan edukitzen genituenean beti nire zain gelditzen hintzen eta ni ez nengonan horretara ohitua. Hasieran oso arraroa egin zitzaidanan baina egia esateko horrek asko pozten nindunan.
Klaseak alde batera lagata, akordatzen naun orain dela hilabete pare bat lagun batek eta biok egin genuen broma hartaz; ez ninan uste sinetsiko hunenik eta gutxiago gaizki pasatzera iritsiko hintzenik. Barkaidan, ez zunan nire asmoa, badakin; baina, onartu beharra daukan, orain barre egiten dinagu broma hartaz, barregarria zunan, ez dinat ulertzen zela sinetsi huen bi lagunek hitaz horrelako gauza txarrak esan genituenik, bahekien asko maite haugula, beraz, ez dun oso ulerterraza hik horrelakorik sinestea; hala ere, errepikatzen dinat, oso barregarria izan zunan gero biok gaizki sentitu arren. Gainera, ez zekinat hi gogoratuko haizen, baina mendekua hartuko huela esan huen, nahiz eta bagenekien hi ez hintzela horretarako gauza, onegia haizelako.
Horretaz gain, Gasteizera egin genuen bidaiaz gogoratzea gustatuko litzaidaken, Gabonetako erregaluak erosi eta “Dios mio, pero ¿que te hemos hecho nosotros?” pelikula ikustera joan gineneko egun hartaz. Oso ondo pasa geninan hiru lagunok elkarrekin, eta barre itzelak egin genitinan tituluak sorrarazitako elkarrizketaren ondorioz, gogoratzen haiz, ezta?
Amaitzeko, gure elkarrizketa interesgarriak ditinat buruan; berri latz bat entzun edo irakurtzen genueneko whatsappeko elkarrizketa horiek guztiak, biok haserre berdina esaten genuenekoa, azkenean biok hitz eginez batak bestea lasaiarazten zuenenkoa, horrenbeste kexatuz zerbait aldatuko bagenu bezala. Ideologia berdina zaukanagu eta horrek asko errazten ditin gauzak, baina pentsaera ezberdinak bagenitu ere berdin-berdin lagun onak izango gintuzkenan, ez al dun uste? Agian ez geninan horrelako elkarrizketa produktibo eta interesgarririk izango, baina, hala ere, batak bestea lasaituko zinan, ziur nagon.
Momentu hauek guztiak buruan dauzkanala, hire aurpegian irribarre polit bat marraztu dunalako susmoa zaukanat, eta horrela izatea espero dinat, zoriontsu izatea besterik ez baitun merezi.
Eskerrik asko nigatik egin dunan guztiagatik. Oroitzapen asko zauzkanat nire buruan, eta aipatutakoak inoiz ahaztuko ez ditudala hitz ematen dinat. Eskerrik asko elkar ezagutu genuenetik beti nire ondoan egoteagatik eta hire ondoan egoten uzteagatik.
Gutun hau hire bihotzera helduko delakoan eta hik hau irakurtzean barre egingo dunan esperantzarekin, laster arte.
Ainhoa.
IRAKURLE GAZTEEK 26 URTETIK BEHERAKO ONENEI EMANDAKO SARIAK
MARIA OSES (Arrasate)
Haizea maitea:
Badakit inoiz ez duzula eskutitz hau irakurri ahal izango, baina tira, gaueko bakardadeak zu gogorazten dit. Bai, akordatzen naiz zutaz oraindik, eta ez gutxi.
Gauak hotzagoak dira nire alboko ohetik ospitalekora joan behar izan zinenetik, eta are gehiago hangoa ere hutsik utzi zenuenetik. Bazkalorduan lau plater, lau edalontzi eta lau sardexka jartzen ditut batzuetan oraindik, eta hantxe uzten ditut, zu agertuko zaren esperantza faltsuaz. Goizak gogorragoak dira zure “egun on!” alai horiek esnatzen ez banaute. Badaude gure larunbat goizeko karaoke alaiak gogora ekartzen dizkidaten abestiak, baina tristeak dira zu ez bazaude.
Afariak ez dira hain entretenigarriak zure abentura zentzugabeak kontatzen ez badituzu; zure txiste xelebre horiek mahaikide guztiei eguneko estresa eta arazoak ahantzarazten dizkien irribarretxo hori eragiten ez badizkie.
Asko botatzen zaitut faltan; ikaragarri. Inor faltan bota ez dudan bezalaxe botatzen zaitut faltan. Anai-arrebak betirako zirela pentsatzen nuen … inozoa ni. Uste nuen liskarrak edukitzeko, borroka pare baten ostean besarkada batez dena konpontzeko hortxe izango zinela beti; nagusiago izatean nire seme-alaben izeba izan zintezen, eta baita ni zureena ere. Gabonetan eztabaidatzeko zeinen oparia zen politagoa, eta beti erdi jeloskor egoteko, nahiz eta benetan inor baino harroago egon “nire ahizpa da” esan ahal izateaz.
Barkamena eskatu nahi nizun. Agian ez nizun behar beste erakutsi oso harro nagoela zutaz. Agian ez nizun behar beste aldiz esan maite zaitudala. Baina maite zaitut, txiki. Asko maite zaitut. Badakit beranduegi dela hau esateko, baina tira. Mundua erori zitzaidan gainera aitak gertatu zitzaizuna esateko deitu zidanean. Ezinezkoa iruditzen zitzaidan, surrealista. Hartu ahal izan nuen lehen hegazkina hartu, eta zure albora egin nuen korrika, zure aurka egiten nituen lasterketetan baino are azkarrago. Beti bezala, irribarre batekin eman zenidan ongietorria. Eskutik oratu, eta inoiz ez askatzea erabaki nuen; sekula. Zu izan zinen nire eskua askatu behar izan zuena, ordea.
Jakizu inork ezingo duela nire barnean utzi zenuen hutsunea bete. Izan zaitez ziur nire bihotzaren zatitxo bat zuretzako dudala erreserbatuta, eta zeurea dela soil-soilik. Nire soinu gustukoena zure barre algarena dela, beti gogoratuko dudana; nire kolore gustukoena zure begiek zuten berde bizi hori, edozein berri on emandakoan distira egiten zuena; nire usain gustukoena igande arratsaldeetan ilusio osoz egiten zenituen bizkotxoena, etxe osoan zehar zabaltzen zen usain horixe.
Urbasako amildegiaren ertzean nago eserita, txiki. Gure leku kuttunean, bai; baina ez da gauza bera zu gabe. Lau haizetara egin dut oihu maite zaitudala, ikaragarri maite zaitudala, gogoan zaitudala. Amildegiaren paretek erantzun didate haiek ere maite nautela, eta momentu batez pentsatu dut zu izan zarela, ni ere maite nauzula esanez. Denboratxo bat eman dut horrela, zure ahotsa beste behin entzuten nuela imajinatuz.
Eta paperean idatzitako gutun hau hegan doa, hego haizearen epelean kulunkatuz, ezerezean murgilduz, zure ahotsak alde batetik bestera gidatzen duen bitartean.
Maite zaitut, txiki! Asko maite zaitut!
Zure ahizpa.