Amodiozko Gutunen
XXII. Lehiaketa
(JARDUN EUSKARA ELKARTEA. Bergara, 2014)
· Partaidetza: 65 gutun. (2469) gutun 22 ediziotan)
· Epaimahai nagusia:
Yon Suinaga idazlea, Manex Agirre bertsolaria, Miren Narbaiza musikari eta kantaria eta Iratxe Esnaola iazko irabazlea.
· Epaimahaiaren iritzi orokorra:
Aurkeztu diren lanen artean umore eta erotismo gutxi egon da. Ezinezko eta izkutuko maitasuna izan da gehien errepikatu den gaia. Sufrimendu batetik idatzitako gutunak. Teknologi berriek ere izan dute euren lekua (facebook…). Azken lerrora arte nori idazten ari diren ez jakitearen teknika ere asko landu da.
· Irabazleak:
- SARIA (500 euro)
AMAIA ARTOLA ETXEBERRIA (Tolosa) 29 urte
Epaimahaiaren iritzia:
Garapen ona eta ondo idatzitako gutun borbila, perfektua. Oso intimoa eta amodioaren ikuspegi partikularra lantzen duena.
1. SARIA – GUTUNA
2009ko irailaren 21ean
Laztantxo maite,
Eskutitz hau irakurtzen ari bazara, sentitzen dut. Nahiago nuke irakurri beharrik izango ez bazenu; ezta nik idatzi beharrik ere. Pentsatzen dut zertatik ariko zaren pasatzen. Horregatik idatzi nuen eskutitz hau neurologoanean izan ginen egun hartantxe etxera iristean.
Gustatuko litzaidake zuk ahalik eta gutxien irakurri behar izatea baina, benetan behar duzunean eskura izan ezazu. Nahi nuke une zail eta gogorretan eskutitz hau irakurtzea, izan dadila arnasaldi bat, indar ufada edo olatu bat. Eta bete zaitzala, guztiz agortu aurretik, karga ditzala zure pila eta indarrak. Ondotxo dakizu zuk zer pasa dugun lehendik ere etxe honetan amonarekin, badakizu nola bizi izan naizen urte askoan eta ez nuke nahi inondik inora ere zuk berdina pasatzerik. Ez, zuk ez laztantxo.
Gogoratzen, zenbat ordu pasatzen genituen sukaldeko epelean, amonari kontu egiten, eskolako lanetan, zartagin eta lapikoekin jolasten, kantuan… Gogoratzen, txikia zinenean nola erakutsi zizun amonak puntu egiten? Oraindik hor nonbait gordeta egongo dira zure txikitako orratz eta hariak. Zure izena brodatu zenion aurreko mantala ere, armairuren batean egongo da seguruenik. Akordatzen, zenbat ipuin, kondaira eta istorio kontatzen zizkizuten aitonak eta amonak? Eta nola ikasi zenuen leihotik begiratzen? Zeruak zer esaten zizun, haizearen txistua entzuten, txorien kantua, zuhaitzak nola jantzi eta eranzten ziren, animaliek zer berri zekarten… Gogoratzen, etxeko hiru erreginen erreinuan inor gutxiri uzten geniola sartzen esku hutsik bazetorren? Eta aitonak eta zuk piratetara jolasten zenutenean, bera bastoia eta zu ezpatarekin? Haiek garaiak haiek! Zuk behintzat ttiki, ez ahaztu. Ez ahaztu zer bizi izan dugun, zer izan garen eta geratu oroitzapen goxo eta politenekin. Besteak… ez du merezi burua besteekin alferrik betetzeak.
Barkamena ere eskatu nahi nizuke ttiki, badaezpada. Barkatu buruhauste asko eman badizut, edo lan gehiegi ematen ari banaiz. Barkatu gauetan lorik egiten uzten ez badizut, edo nire gainean egotera behartuta sentitzen bazara. Barkatu etengabe galduta eta noraezean banabil, edo gehiegitan errepikatzen banaiz. Barkatu zutaz fidatzen ez banaiz, gauzak non gorde ditudan, edo zertarako diren gogoratzen ez badut. Barkatu zure izena oroitzen ez badut, edo egunen batean zu ezagutu ez eta nor zaren galdetzera iristen banaiz. Barkatu laztantxo. Baina badakizu ez naizela ni, ez naiz ni iraindu, oihukatu edo jotzen zaituena. Ez naiz ni buruhauste edo lanak ematen dizkizuna. Ez naiz ni lorik egiten uzten ez dizuna, galtzen dena, errepikatzen dena, gauzen bila dena hankaz gora jartzen duena, zure izena ahaztu duena edo ezagutzen ez zaituena. Ez naiz ni; ez da hori zure ama, gaixotasuna da. Bere menpe hartuta nauka eta nahieran narabil txotxongilo baten moduan.
Ez itzazu aintzat hartu tristetzen zaituzten egoerak, mesedez. Oraindik elkarrekin gaude, oraindik zure ama naiz eta zu nire alabatxoa. Horregatik eskatu nahi dizut, gaixotasunak guztiz hartuta ez naukan momentuetan, benetako ama alabak izaten jarrai dezagun. Oraindik banagoelako, oraindik banaizelako eta izaten jarraitu nahi dudalako.
Laztantxo, izugarri maite zaitut, ez inoiz ahaztu.
Bihotzez, zure ama
- SARIA (250 euro)
DIEGO LEON MANTAS (Barakaldo) 51 urte
Epaimahaiaren iritzia:
Hunkigarria, sentimenduz betetako gutuna. Betiko maitasunen topikoa errepikatu arren, lehenengo pertsonan idatzitako gutun orijinal eta sinesgarria. Adineko pertsona baten barruan oso ondo pertsonifikatutako gutuna.
2.SARIA – GUTUNA
Ixabel maitea:
Dagoeneko 20 egun dira ospitaleko gela bakarti honen barruan sartuta nagoela, ohean etzanda, nire osasun txarreko hainbat gaitzek jota (betiko eta oraingo gaitzak), gupidarik gabe heldu eta bizi guztirako umilduko nautenak. Gaizkiagotze larri baten ostean, nire existentzia goibela akabatzekotan egon zen bihotzeko batek gogorki jo ninduen eta, auzoko Juliak anbulantziari abisua emanda, honaino ekarri ninduten presaka. Andre onbera honekin, laguntza gehien behar izan dudan momentuetan, lagundurik sentitu naiz beti, eta eskertu egiten diot.
Baina orain dela 8 urtetik hona, nire bihotzaren mina oso bestelakoa zen. Bihotza gaizki nuen nire ondotik bat-batean alde egin zenuen egun hotz hartatik, egunsentiko iluntasunean gure logelako ohean erabat geldirik sumatu zintudan une beretik, ezpainak eta begiak ubel, aurpegia eta eskuak zurbil, masaila ukitzean zure hatsaren beroa eta zure bularrean barruko dardararen soinua sentitu ezinik egon nintzenetik.
Orduantxe gaixotu egin zen nire bihotza, eta arima erabat hustu zitzaidan, mundu honetan bizitzeko edo sentitzeko dagoen guztiak mereziko ez balu bezala, zu hemen eta nirekin sentitu eta gozatzeko egongo ez bazara. Ez baitzenidan esan abiatzen lehena izango zinela, ni baino gazteagoa izan arren. Ez baitzenidan jakinarazi nolakoa izango zen niretzako bizitza zu maitatu ahal izan gabe. Eta ez baitzenidan ohartarazi zein gogorra izango zen goizero ohetik jaikitzea aurreko gauetik zurekin egindako planik gabe, egun berria berezi egiteko ideiarik gabe, egunak eta gauak, eta asteak eta hilabeteak, zure ondoan igarotzeko eta nerabeen antzera bizipoza berriztatzeko aukerarik eduki gabe.
Izan ere, ordutik aurrerako neguetan ez ginen joango Mediterraneo aldeko hondartza bakartietara, eta ez ginen gauerdira arte dantzatuko erdi okupatutako hoteletako aretoetan, non gaztaroan ikusi ohi genituen zuri beltzeko filmetako erromantze luze baten protagonistak bezala sentitzen baikinen. Aurrerantzean ez ginen erosketara edo paseora besotik helduta aterako eta, asteburuetan, ez ginen joango bisitan urbanizazioko gure iloben etxera. Eta ez genuen bazkalduko ere, astean behin, hain gustuko genuen Pedroren ostatuan, bai, babarrunen platera bi aldiz betetzen zidaten huraxe.
Baina, denborarekin, zu gabe egotearen pena astunaren zama eramaten ikasi nuen, eta baita hura ahazteko trikimailu batzuk erabiltzen ere, zeinei esker pilula gehiegirik hartu gabe lo egin dezakedan, eguna ordu apaletan eta ordu ez hain txarretan erdibituz, ibilaldi luzeak bakarka eginez etxera erabat nekaturik itzultzeko, neure buruari gezur inozoak esanez goizeko gosaria hartzean, eguerdian gogorik gabe bazkaltzean, edo gaueko afari arinaren hutsean.
Laurogeita lau urterekin ezin dut bizitzarengandik besterik espero zurekin bizi izan dudana baino, Ixabel, ume gorriak ginenetik zahartu arte elkar maitatu genuelako, etengabe. Une on zein latzetan adiskide eta lagun izan ginen. Liskarrean aritzen ginen noizbehinka, bai, baina garaiz esandako “barkatu” bat, ustekabeko irribarre bat edo bat-bateko musu bat nahikoa ziren gauzak berehala bere onera itzultzeko eta bakeak egiteko.
Egoera honetan, ospitaleko gela argitsu honen bakardadean, aginte elektronikoa duen ohean etzanda, aparailu askoren argi txiki distiratsuez eta soinu luze zorrotzez inguraturik, oxigenoaren putz monotonoa eta sueroa eta medikazioa nire zainetaraino tantaka erortzearen marmara entzuten ditudalarik, zer gehiago itxaron dezaket dena lehen bai-lehen bukatu dadin baino, azkenik zurekin bat egitera behingoz joateko?
Eta honexegatik, Ixabel, idazten dizut azken gutun hau, nire amodioaren aitormena, ni zuregana abiatu aurretik iritsiko zaizunaren esperantzarekin. Zain egon nazazun, ez naiz eta atzeratuko. Zure galako jantzirik ederrenak eta gure ezkontza-egunetik gordetzen zenituen zapata zuriak jantzi ditzazun, ilea harribitxizko diademarekin (liluratzen ninduena) lotu dezazun, eta azala lore-esentziarekin (horditzen ninduena) lurrindu dezazun.
Eta horrela apainduta, ederra kanpotik eta maitasunez betea barrutik, beti gogoratu izan zaitudan moduan, eskua begirunez helduko dizut eta dantzara aterako zaitut. Paradisua Hoteleko areto nagusian, Zeruko Orkestrak jotzen duen “Loreen baltsa”k lagundurik, besarkatuko nauzu, musu emango dizut, eta gure erromantzea, orduan bai, beti-betirako izango da. Gaztaroan ikusi ohi genituen zuri beltzeko filmetakoak baino askoz ere hobeagoa, handiagoa.
Beti zurea
Nikanor
BETI-BETIRAKO
BERGARAR ONENA (150 euro)
UXUE AGIRRE MADARIAGA (Bergara) 20 urte
Epaimahaiaren iritzia:
Amodio estuegia ona ez denaren erabakia adierazten duen gutun ausarta. Barruko sentimenduak adierazteko hizkuntz aberatsa erabiltzen duen gutuna.
BERGARAR ONENA – GUTUNA
Adio, maitte
Ohea huts, airea hotz eta eskutitz deslai hau sarrerako mahaian. Eta ni despedida hitzekin gutun bat hasten. Paradoxa ote? Heure buruari galdezka ariko haiz, ulertu nahian. Labur eta sinple azalduko dinat. Ahalegina behintzat.
Maite haut, Ainhoa. Hezurretaraino, erraietaraino, arimaraino. Beste inor baino gehiago maite haut, neure burua bera baino gehiago maite haut. Baina, hortxe zagon koxka. Ez naun neure buruaren jabe, hireganako maitasun mugagabe honek dominatu egiten nain. Trapuzko txotxongilo bat besterik ez naun hire eskutan. Bazekinat ez dela hori hire asmoa, zoritxarrez, ordea, halaxe dun. Eta nik sokak moztu nahi dizkinat, neure oinetan ibili, neure ahotik hitz egin, neure ekintzen jabe izan. Eta horretarako gai naizenean hire eskua hartu. Eskua hartu, eman, heldu, utzi, askatu. Neure eskua.
Izan ere obsesio bihurtu haiz niretzat. Ez dinat beste ezer buruan. Hi haiz, Ainhoa, nire obsesioa, droga eta bizioa. Heroinomano batek heroinatik behar dinan moduan behar dinat nik hiretik. Ez naun lotsatzen, esan egingo dinat. Ainhomanoa naun. Lehenengo urratsa onartzea izaten omen dun. Hori behintzat egin dinat, orain bigarren pausua zetorren. Distantzia. Aldendu egin behar naun, higandik eta hire mundutik.
Hain nagon errotuta hiri, aberrian sustraiak bota dituena bezalaxe. Eta erbesteratu, desterratu egingo naun borondatez, nahi dinatelako, baina batez ere behar dinatelako nire bihotzaren aberria, nire lekukotasuna, nongotasuna, nire gorputzaren mugetara bueltatzea. Eta hireetatik ateratzea, horregatik erbesteratuko naun atzera ere benetan dagokidan aberrira.
Bazekinat, ez dun ulertzen erraza, errudun sentituko haiz orain agian. Baina, sinetsi egin behar dun. Ez dun higatik. Ez dun hire gorputzeko ezer, ez dun hire azalagatik, ez hire begiengatik, ez hire sabelagatik, ezta biok ezagutzen dinagun txoko ezkutu horregatik ere. Ez dun hire ahoagatik, ez dun hire bizkar gozo, leun eta infinituagatik, ezta hire sabelagatik ere. Ez dun hire usaina, ez dun hire ilea, hire begirada, zerion argia eta bakea. Hire belarria, estaltzen dinan belusezko kapa, hire ahotsa, eta ezta lo hondarrek tatuatzen dizkinaten betazpiak ere. Ez dun hire sugandila mihi zorrotza, hire azalaren umeltasuna, hire musuen leherketa, eztanda. Ez dun hire gorputzeko ezer, ez txinparta bat, ez malko bat, ez xerlo bat, ez hasperen bat. Ez dun horietako ezer, eta dena dun.
Hire azala, hire beroa dun, Ainhoa, bizitzeko behar dinaten airea. Eta nik ez dinat beste inoren ahotik arnastu nahi, neure neuretik baino. Horregatik, maitea, behar dinat higandik askatzea. Hire aldamenean egotea, goizero esnatu eta hire soaren oihartzunari behatzea, gauetan hire arnasaren erritmoan kulunka lokartzea, nahi bat, desio bat izatea besterik gabe. Eta ez behar bat, derrigorra, ezinbestekoa.
Maitasun kontutan irabazle irteten omen dun bihotza, harremana porrotera kondenatuta egonda ere hari egiten zionagu jaramon. Zaurituta, mailatuta, minberatuta bihotza, baina irabazle. Halaxe egon dun nirea. Badun aldatzeko ordua. Badun nigan pentsatzeko garaia. Bihotza bero eta burua hotz izan ditinat orain arte; burua bero eta bihotza hotz izango ditinat hemendik aurrera, sendatu artean bederen. Eta orduan, agian, itzuliko naun hire mundura neure oinetan.
Hartzan muxu hau, Ainhoa, hau bai, hau hirea dun eta.
Ibai
EPAIMAHAI GAZTEA:
Epaimahai gaztearen iritzia (Bergarako ikasleak):
Maddi Elortza, Karmele Uribesalgo, Maider San Torcuato eta Ane Eraña.
IRAKURLE GAZTEEK 26 URTETIK BEHERAKO ONENEI EMANDAKO SARIAK (150 €)
· Epaimahaiaren iritzi orokorra:
Orokorrean gutunak onak iruditu zaizkie, nahiz eta gutun batzuen artean maila ezberdintasuna egon. Irabazlea aukeratzeko orduan, erraz heldu dira adostasun batera.
AINHOA ORTEGA BRETOS (Algorta) 24 urte
Epaimahai gaztearen iritzia:
Erraz irakurtzen den amodiozko gutun hunkigarria. Oso gutun polita eta ondo idatzia.
GAZTE ONENA – GUTUNA
Gabon polit hori,
Abenduaren 14a da, larunbata, gaueko 12:30ak. Gaur ere jendez beteta daude kaleak, tabernak gainezka. Lagunak parrandan gelditu dira, laneko estresa ahazteko edo, batek daki. Baina nik ez daukat gogorik. Ez, gaurkoan ez. Ni etxera noa, poliki, astiro, heltzeko asmorik edukiko ez banu bezala. Zaila zait pausua mantentzea. Zuk ere horrela esaten zenidan, batzuetan kostatzen zaigula hankak lurretik altxatzea. Blokeatuta bezala gelditzen gara horrelakoetan, ez aurrera eta ez atzera. Beste barik, geldi.
Arnasa gogor hartu eta berriz ekin diot bideari. Beroki lodia daramat, txanoa eta eskularruak, zuk oparitutako horiek. Berotsuak dira, baina dardarka nago hala ere. Bai, hotzez dardarka.
Mugikorra atera, kaskoak jarri eta listako lehenengo kanta hasi naiz entzuten, ‘Anek idatzi dit zutaz’ izenburua. Oraindik ere ez dakit kasualitateak existitzen diren, baina nahita eginda dirudi. Gaur bertan hitz egin dit zuri buruz. Azken aldian gure arteko zubi bihurtu dela uste dut. Sinetsi ahal duzu? Zu eta nire arteko zubi. Ez al gara kapazak bata bestearekin hitz egiteko?
Aurrekoan nigatik galdetu zeniola esan zidan. Poztu ninduen, badakizu. Gaurkoan berriz, ez dakit. Bada, neska batekin ateratzen hasi zarela kontatu dit. Mila buelta emango zizkion buruari ezer esan aurretik. Beti bezain zuzen, beti bezain Ane. Momentu egokiaren bila ibili dela esan dit, baina ez dakit horrelakorik ote dagoen benetan.
Egia esan, ez nau harritu. Urtebete igaro da batera ez gaudenetik. 365 egun eduki ditut zu gabe ni naizela ulertzeko. Eta akaso, beste 365 gau zurekin ere ni nintzela ahazteko. Baina ez, gezurra badirudi ere, ez nau harritu, ezta larritu ere. Ez zait zulorik zabaldu tripatik eztarriraino. Ez zait arnasa gelditu, ez naiz ito. Eta ez, ez zait zauririk ireki, ondo itxita daude denak. Badakit, zantzurik utzi ez duela dirudi. Baina dardarka nago hala ere. Zentzugabekoa agian, nork daki.
Azkenean heldu naiz etxera, eta berehala etorri zait txakurra mimo eske. Badakizu zelakoa den, zuri ere berdina egiten zizun. Pijama jantzi eta ohera sartu naiz. Ez dut gaua gehiago luzatu nahi, zertarako? Buelta erdia eman eta orduan konturatu naiz. Badakit zergatik nagoen dardarka. Kantak ere horrela dio, “…nik oindik eskuak hotz ditut, Anek kontatuko dizu…”.
Bai, dardarka nago. Hotz naiz oraindik. Hotz daudelako izarak. Hotz dago ohea, zu bertatik atera zinen egunetik. Hotz daukat gorputza, eta batez ere, hotz bihotza, hotzegi agian.
Orain ere, kaskoak jarri eta listako bigarren kanta hasi naiz entzuten. Kasualitateak kasualitate, horrela dio abestiak, “Zu eta ni ginen infinitua. Eta orain oroitzapen bat zara, nire izaretan bizi dena”.
Begiak itxi, eta galdera bati erantzunik topatu ezinik nabil oraindik. Bada, izan daiteke finitua infinitua?