Berriketan 2015-2016: 2. IZEN EMATE KANPAINA
Irailean aurkeztu zituzten 2015-2016 ikasturteko Mintzapraktika egitasmoak Euskaltzaleen Topaguneak eta GEU euskaltzaleen elkarteak.
Izen emate kanpainaren helburua, euskarari ekarpena egiteko kontzientzia duten hiztun onak mintzalagun egitasmoetara erakartzea izan zen, hau da, “Praktikatu behar dutenei laguntzeko”.
Mintzalagunek bi helburu nagusi betetzen dituzte egitasmoetan: “batetik, beren hizkuntza gaitasuna hobetzen dute, hizketarako jariotasuna lortu eta lotsa galtzen dutelarik; eta bestetik, inguruko euskaltzaleei euskaraz bizitzen laguntzen diete, euskararen aldeko ekarpena eginez”. Guztia, astean ordubeteko ahaleginarekin.
Izan ere, Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin elkartzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko. Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira, eta astean behin biltzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena ere hartzen dute, besteak beste, eta ia Euskal Herri osora hedatu dira. Parte hartzeko baldintza bakarrak euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez batzeko konpromisoa hartzea dira.
Mintzalagunek adierazten dute berbalagun taldean aisialdiaz euskaraz gozatzen dutela, eta horrela, lagun giro euskalduna osatzen dutela. Egitasmoen azken helburua, hizketarako aukera emateaz gain, kideek beren egunerokoan euskaraz aritzeko saltoa ematea da.
Berriketanen berri izateko eta izena emateko:
Berriketan egitasmoak antolatutako hainbat saioren informazioa, irteeren berri … http://www.jardun.eus helbidean ikus daiteke. Bestalde, Euskal Herrian dauden mintzapraktika programen inguruko informazio gehiago www.mintzapraktika.org webgunean aurki daiteke.
Eta izena ematera animatzen direnak Jardun Euskara Elkartera deitu (943 763661/605712469) edota Jardunen bulegotik pasa (Errotalde jauregia z/g) daitezke, bai euskaraz berba egiten duzuenak (taldetxo baten laguntzaile izateko) eta baita euskara praktikatu nahi duzuenak ere; astean ordubete atsegina pasatzeko beste modu bat duzue eta!
Euskalduna naiz mintzalagunak izan ditudalako
Mintzalagun egitasmoetan parte hartzen duten euskaldunek asko laguntzen diete praktikatzeko beharra dutenei, baita beren buruari ere: ahalegin txiki horrekin, gero eta euskaldun gehiago gara. Ikusi eta entzun egitasmoetako zenbait kidek diotena:
“Mintzalagun batek hitz egiteko aukera ematen dizu.
Mintzalagun batek hobetzen laguntzen dizu.
Erraztasunak ematen dizkizu.
Mintzalagun batek motibatu egiten zaitu.
Dibertituz, ikasten laguntzen dizu.
Iñigo, Joserra, Gaizka, Lupe, Marian eta Tatiana, Edurne, Xabier, Andrea, Itzi, Idoia… eta beste 6.000 mintzalagun baino gehiago.
Akatsak lasai egingo ditugulako, lotsatu gabe.
Baldintza eta subjuntibo barik.
Elkarrekin lagun berriak ezagutuko ditugulako.
Astean ordu batekin asko lagunduko diguzulako.
Diguzu, dizugu…nork nori nor?
Goazen euskaraz !
Ezagutzatik erabilerara pausua emateko asko izaten dira berbalagunek izaten dituzten oztopo edo zailtasunak. Konfiantza gutxi euren buruarengan, nire euskara ez da perfektua, aurrekoak pazientzia gutxi dauka nirekin, zuzenketa asko egiten dizkidate… Barriketan, Zahar berri, Berriketan eta honelako egitasmoak oso eraginkorrak izaten dira zailtasun hauei aurre egin eta egunerokotasunean urrats berriak emateko. Egitasmo hauen helburua, besteak beste, erabilera sustatu eta euskara erabiltzeko aukerak eskaintzea da. Euskara praktikatuz jariotasuna eta segurtasuna lortzen baita euskaraz egiteko ohitura poliki-poliki errotuz.
Dezente dira euskara praktikatu nahi dutenen motibazioak: ikasitako praktikan jartzea, galdutako ohitura berreskuratzea, euskarazko giroa eta jendea ezagutzea….
Programa hauen bitartez taldean astean ordubetez euskaraz hitz egiteaz gain, euskalduntze bidean pertsona horren inguru hurbilak eta harreman informalek sekulako eragina dute pertsona hauek hiztun hobeak izan daitezen. Komunikazio informal hauetan lortzen baita hizkuntza bat hitz egiteko erraztasuna, segurtasuna eta ohitura finkatzea.
Honen harira, euskaraz hitz egiteko aukera guztiak aprobetxatu behar dira, hizkuntza bat ikasteko modurik onena praktikatzea baita. Akatsik gabe hitz egitea, denbora eta ariketa eskatzen duen prozesu naturala baita.
Baina euskararen normalizazioan euskararen erabilera ziurtatzea ez da bakarrik euskara praktikatzeko beharra denaren ardura, gizarte osoaren erantzukizuna baizik. Beraz guztioi dagokigu altxor hau zaindu eta ondorengoei transmititzea.
Sustatzaileak:
Bergarako Udala, Bergarako Udal euskaltegia eta Jardun Euskara Elkartea.