Belastegi#30 Euskarazko hedabideak kontsumitzea lagungarria da euskaldunberrientzat

Monika Belastegi

Gaurkoan, Monika Belastegi dugu Kataianeko hitzaren jabe, Udal Euskaltegiko Patxi, Marian eta Arantzazuk luzatutako kezka/galderei erantzuteko prest!

Udal euskaltegiko ikasleek egindako hausnarketari jarraipena emanez, hona hemen Monika Belastegi Goiena komunikazio taldeko kidearen iritzi artikulua.

Patxik, Marianek eta Arantzazuk ez bezala, etxean jaso dut nik euskara, ama hizkuntza dut.  Patxik, Marianek eta Arantzazuk ez bezala, ikasketak euskaraz egin ahal izan ditut, eta halaxe egin ditut. Zentzu horretan euren aldean nire bidea erraza izan da.

Lanean, Goiena Komunikazio Taldean, euskara da erabiltzen dugun hizkuntza eta Ibilbide profesionalean euskara ikasle eta euskaldunberri askorekin egotea tokatu zait. Eta egoera horietan beti pentsatu izan dut itzelezko meritua zuela nirekin une horretan euskaraz ari zen pertsona horrek. Izan ere, esateko zutena euskaraz esan ahal izateko, euskaraz komunikatu ahal izateko, esfortzu handia egiten ikusi ditut. Egia da beti ez dela izan erraza elkar erabat ulertzea, baina zer gutxiago une horietan enpatiaz eta pazientziaz jokatzea baino? Seguru hurrengoan hitzak errazago eta naturalago aterako direla.

Kazetariontzat hizkuntza ondo menperatzea ezinbestekoa da irakurle eta ikus-entzuleek gure mezua ondo uler dezaten. Bada, hori horrela izan dadin, eta badakigulako gure irakurle eta ikus-entzuleen artean euskara maila desberdinak daudela, hizkuntza ahalik eta errazen eta zuzenen erabiltzen saiatzen gara. Hala, aukera paregabea iruditzen zait euskara ikasten ari direnentzat Goienak eskaintzen dituen aukerak baliatzea – gure aldizkariak eta webgunea irakurtzea eta telebista ikustea–. Debagoieneko gertakariekin informatuta egoteaz batera, euskara ikasgeletatik kanpo, modu arin eta entretenigarrian jasotzeko beste bide bat da.

Are gehiago, zuek ere baduzue lekua gurean: bertara etorrira, gutun bidez, webgunean komentarioak idatzita… Pozik jasoko ditugu zuen iradokizunak. Beldurrak eta lotsak alde batera laga eta euskara gutxiago edo gehiago jakin, dakizuena dakizuela, erabili. Eta Goienako kazetariren batekin kalean topo eginez gero, lasai asko egin euskaraz!

Katearekin jarraitzeko, Damian Madinabeitiari (Game Erauntsia taldeko kideari) luzatzen diot ondorengo galdera: bideo jokoak horren modan dauden sasoi honetan, ze hizkuntzatan jokatzen dute gazteek? Ba al dago euskal komunitaterik?

Monika Belastegi

Iruzkina uztera animatu!