Jardun euskara elkarteak “Hasi etxetik… eta euskaraz mundura” zikloaren barruan urriaren 5erako, Karmelo Ayestaren “Euskaldun baten hizkuntza-bidaia” hitzaldia antolatu du 19:00etan Irizar jauregian.
Eguna: Urriak 5, asteazkena
Ordua: 19:00etan Irizar jauregian
Euskaldun baten hizkuntz bidaiaren gaineko hausnarketa Karmelo Ayestaren eskutik
Euskararen erabilerak izan duen bilakaerak agerian jarri du aldaketa sakona dela hizkuntz ohitura berriak barneratzea. Hizkuntz bidaia hori erraztea da hitzaldiaren helburu nagusia. Hausnarketaren sorburuan, honako hiru galdera hauek daude: Zergatik aldatu hizkuntza-jokabidea eta euskaraz bizitzen saiatu? Zer gaitasun landu behar dira prozesua arrakastatsua izan dadin? Zer oinarri teoriko eta metodologiko erabil daitezke norberaren euskararen erabilera-marka hobetzeko? Hitzaldian, honelako erantzunak proposatuko dira:
- Euskaraz bizitzeko motibazioa indartsuagoa da norberaren asmo transzendentaletan eta balioetan oinarritzen denean.
- Prozesuaren arrakasta bermatzeko beharrezko dira gaitasun emozionalak lantzea, nork bere buruaren ezagutzan sakontzea, huts egitetik ikastea, eta euskararen gaineko aurreiritziak zalantzan jartzea.
- Emaitza hobeak lortzen dira elkarlanean arituta, eta enpatia eta konfiantzatik abiatuta, hizkuntza-gatazkaren paradigma erabilita baino.
Beste leku batzuetan ere eman izan da hitzaldi hau eta arrakasta handia izan du.