BERGARAKO AMODIOZKO GUTUNEN IRABAZLEAK ETA SARI BANAKETA EKITALDIA
Epaimahaiak bere lana egin ondoren, otsailaren 14an, San Balentin egunean,Bergarako Irizar jauregian banatu genituen Amodiozko gutunen eta esaldien sariak.
XXXI. edizio hontako irabazleak ondorengo hauek izan dira:
1. SARIA: Iñigo Legorburu Arregi – 500€
2. SARIA: Amaia Artola Etxeberria – 250€
GAZTE SARIA: Izar Odriozola Ariztegi – 150€
BERGARAR ONENA: Aroa Elortza Payros – 150€
ESALDI ONENA: Ibon Segura Arkauz – 100 €
Ekitaldia emozioz betea izan zen, antzerki eskolakoekin barre, gutunekin negar eta Eider Elorzak egindako abestiarekin gozatzeko aukera izan baigenuen,
Zoragarri joan zen dena. Eskerrik asko gerturatu ziren guztiei, epaimahaiari, parte hartzaileei eta bereziki lehiakleta honetan sinisten duten guztiei!!
BERGARAKO AMODIOZKO GUTUNEN XXXI. LEHIAKETAKO IRABAZLEA
1. SARIA (500 euro)
IÑIGO LEGORBURU ARREGI (Hernani)
Maitea, kaixo eta (h)ola!
Azken aldian biziberritu gaituen tsunamia, heriotzezko olatu bilakatua zaigu. Guk gurea egin dugun arren gureak aurrera egin zezan, laster gureak egingo du. Olatu honek ez du bizi gaituen pandemiarekin zerikusirik, ordea. Edo agian bai, nork jakin, ezinezko maitasunen eritasun hau betidanik existitu izan delako.
Betidanik izan naiz lehorrekoa. Baina zurekiko nire maitasuna ez idortzea nahi nukeen arren, munduak; koordenada berberak partekatu arren, antipodetan kokatu gaitu. Ludi bereko mundu ezberdinetakoak garelako.
Egunero itsasoratzen naiz, hori delako nire ogibidea. Badakit noiz itsasoratzen naizen baina etxeratzea, kosta eta kosta egiten zait. Batzuetan, kostara iristea etxetik urruntzea dela iruditzen zait, zugan ezin badut babesik hartu. Zure sustraiak uretan dauden arren, niri hura amildegi horizontal bat iruditzen zait, ortzemuga askatzaile hori sarri infernu bihurtzen duena.
Ni, hainbeste ur inguruan izateak, sarri ximeldu egiten nau; gure maitasunaren lorea ernaldu arren uretan iaioak diren batzuk loratzen uzten ez diotelako.
Zu berriz, hutsuneak harikaltzen topatzen zaitut kaian, atsedenik gabeko eserialdi luzeetan. Alargun utzi zintuen zuk oraindik hainbeste maite duzun itsasoak eta horregatik, dolua saretzen hasi zenean zure baitan, porturatzen nintzen aldiro irribarre konplizeak igortzen hasi zinen. “Oraingoan ere, irabazi diozu itsasoari, nork eta zuk; lehorreko batek”. Nik itsasoari irabazi ahala, gure artean gailentzen ari zena maitasuna zela konturatu gabe.
Tradizioa, erritu bilakatu duzue zuk eta beste saregile guztiek. Lana, adinean gora egin arren, gaztetzeko tresna bihurtu duzue. Lan motela baina oso presazkoa da zuena, maitasun askorekin gertatzen den bezala. Lehen begiradako maitasuna izan zen zure ofizioarekikoa bizi izan zenuena eta ni ere, zure lehen begiratuan jausi naiz zure sareetan.
Gure arteko maitasuna bera, zuk hain ondo josten duzun sarea bezala hezurmamitu da: gure bizitzetako hutsuneek gerturatu gaituzte, bizitzara josi eta elkarri txirikordatuz.
Baina atzo, barkuko kapitainak nire bizitzaren lema hartzea erabaki zuen. Porturatu aurretik, brankan egon arren, popatik bidaltzeko gogoa izan nuen: “Euxtakio zenaren alargunari, bolantak botatzen ari haiz?” orru egin zidan. Legatz ederra zeraman gainean eta bixigu begiekin begiratzen ninduen. Nik ukatu arren, hark egia nire begiradan ikusi zuen eta itsasoak, bere hegiak dituela ikusarazi zidan: “Euxtakio, benetako arrantzale bat huan. Hi, txo bat besterik ez haiz, gutarra ez den txo bat. Arrantzale-txo!!”
Arrain handiak, txikia jaten jarraitzen du, antza.
Uretako Romeo eta Julieta berriok, itsasoko ertz eta erpinekin egiten dugu topo, sarri. Topikoen argiak, ez dio maitasunaren itsas-argiari jarraitzen uzten, gizartearen beldur abisalak itsas azalera kanporatzen dituelako, antza. Ura eta olioa bagina bezala ikusten gaituzte, gure inguruko urak gure maitasun harremana olioztatu dezakela ahantzita.
Gure pasioaren zipriztinek, topikoak lur jota uztera kondenatu beharko lituzkete. Baina bajurako arrantzak bizirik dirau kostaldeko zenbait herri txikietan, oraindik. Bajurako senak oraindik bizirauten du, besteen bizitzetan arrantzatzeko kuota mantentzen duen bajurako sen horrek.
Itsasoak, erabat urdina den arren, oraindik koloreak dauzkalako. Eta Nigeriako etorkinen hirugarren belaunaldiko euskalduna eta euskaldundua naizen arren, nire lurra itsasoa bihurtu dudan arren, maitasunean beltzak eta txuriak ikusten jarraitzera kondenatzen gaituzte batzuok. Itsasoak koloreak dituelako, batzuok lotsagorritzen ez diren arren.
Adio esango dizut beraz, lanetik agurtu ez nazaten; beste maitasun batzuk ere baditudalako: gurasoak, lagunak… eta itsasoko familia.
Maitasun aparretan, urtu gabe urtzen ari den hau.
HASSAN
2. SARIA (250 euro)
AMAIA ARTOLA ETXEBERRIA (Belauntza)
Barkaidazu ama.
Beti esan duzu gezurretan aritzea gauza itsusia dela. Txikitandik eskatu didazu gezurrik ez esateko, baina beti ez zaitut horretan obeditu. Egia da ordea, sekula ez dizudala esan oraingoa bezalako gezurrik. Uste dut norbaiti esan dakiokeen gezurrik mingarriena dela, nahiz eta egoerak behartuta eta zu babesteko izan; baina engainua halere.
Azken boladan, tranparen bat egiten duzunean, irribarre bihurri batekin esaten didazu egindakoa ez dela bekatu mortala, beniala baizik. Ez dakit nire hau nolakoa izango den, bigarrenekoa izatea espero dut. Hau idazten ari naizenerako ordea, ohitu egin naiz zuri gezurrak esatera, baina egin behar nuen ama, barkamena eskatzeko beharra sentitzen nuen.
Egia kontatu genizun, baina zure memoriak ez zuen kaxoi egokian gorde antza eta hegazkinek baino arrasto txikiagoa utzi zuen esandakoak zugan. Hasieran, aita ospitalean zegoela sinetsi zenuen eta ez zintugun hura ikustera eramaten, pandemiaren erruz bisitak debekatuta zeudenaren aitzakian. Berarekin hitz egin nahi zenuen eta temati jartzen zinenean, bere telefono zenbakia markatu eta erantzuten ez zuenez, probaren bat egiten ariko zitzaizkiola esanez lasaitzen zinen. Halako batean ordea, bururatu zitzaizun Madrilen zegoela lanean, jubilatu zenetik 20 urte paseak diren arren. Kezkatu egiten zinen lanetik etorri eta arropa zikinekin jarri beharko zenituen labadora txanda guztietan pentsatuz. Deitzen genion telefonoz eta ez zuen erantzuten; lanpetuta egongo zela esanez lasaitzen zinen.
Aspaldian ordea, ez duzu askorik galdetu eta hartara, gezurrik esan beharrik ere ez. Baina oraindik ere ikusten dizut begietan aitaren zain nola zauden, bera noiz ikusiko deseatzen eta ilusioz beterik. Horregatik gauetan, zu oheratzean, ea zure alboan sartzen utziko didazun galdetzen dizudan bakoitzean, zalantzati begiratzen nauzu, kopeta zimurtuta esanez “eta aita gaur gauean etortzen bada?”. Nik orduan erantzuten dizut zorte handia izango duela, ohea epel eta emaztea zain edukiko dituelako. Irribarre batekin zure ondoan sartzeko baimena ematen didazu eta nik, nire bizitzako pozik handiena hartuko banu bezala, muxurik zaratatsuena ematen dizut. Zure ondoan oheratzen uzteagatik munduko alabarik zoriontsuena egiten nauzula esaten dizut. Gauero, baina beti lehen aldia balitz bezalaxe. Gainera, ematen dizudan muxu eta besarkada bakoitzarekin eskatzen dizut isilpean barkamena; eta zuk, ematen didazun muxu eta laztan bakoitzarekin, sentitzen dut maite nauzula, eskertzen duzula egindakoa, esango ez badidazu ere.
Badakit askok pentsatuko dutela infantilizatzen ari naizela eta ez dela modua adineko ama bat tratatzeko. Bai, halaxe egiten ari naiz baina ez zu, ni baizik.
Izan ere, hori egiten dudan bakoitzean, gauero, barruan daukadan haurra ateratzen da. Oraindik, elkarrekin gaudenean, zure alaba txikia izaten jarraitzen dudalako eta dementziak dementzia, oraindik ere nire amatxo izaten jarraitzen duzulako.
Maite zaitut ama.
GAZTE SARIA (150 €)
IZAR ODRIOZOLA ARISTEGI (Bergara)
Barakaldoko antiheroiari
Irailaren 22an estreinatu nuen aurpegirako eguzkitako krema. Donostiara joan-etorria egiteko errutinaren baitan, I.rekin geratu nintzen. “Gaur edozer gerta liteke, baina behintzat ez dut aurpegirik erreko”, esan nion. Donostiatik bueltan, bisaia osasuntsu senti nezakeen, baina aita falta zitzaidan: ez nuen aurpegirik erre, baina zu hil zinen.
Zuk eta nik badakigu, ordea, ez zela hura izan hil zinen lehenengo aldia. Behin baino gehiagotan hil zinen nire besoetan, zure liburu artean, etxeko korridoreetan eta ohean. Hil zinen, korridorean zure pauso narrasak arrastaka entzuten nituenean, zure baitan zeneraman herio aurreko zama nazkagarriari tira egiten bazeunde bezala. Hil zinen sukaldeko tabako kiratsa gaixo usainak ordezkatu zuenean; Whiskia, Mark Knopfler eta komunismo liburuak desagertu eta farmako paliatiboak, musikarik eza eta La que se avecina gailendu zirenean. Zerbait ongi ez zebilela konturatu nintzen liburua irakurtzeko lepoa beherantz makurtu beharrean, telebista ikusteko gorantz biratzen hasi zinenean. Hala ere, ez zenion ideiaaspertsore izateari utzi hil eta gerora arte.
Hil zinen ahotsik gabe geratu zinenean. Sabelean zenuen hoditik fruta kimiko usaina zuen irabiatua bultzatzen nuen xiringa batekin: bi xiringa ur, sei irabiatu, beste bi xiringa ur. Hori zen, egunean lau aldiz errepikatuta, zure azken urteetako menua. Hitz egiten zenidan bataz eta besteaz, ez zinen nekatzen zure jakinduria erakusteaz, ez zenidan berba egiteko tarterik uzten, paisaia intelektual osoaz jabetzea nahi zenuen.
Baina zu gorpuzten zintuzten geruzak ezabatzen hasiak ziren, eta hil zinen, koadernotxo urdinean “háblame tú” idatzi, eta hatzarekin bi hitz ezin mingarriago horiek seinalatu zenizkidanean.
Hainbat geruza zenituen, aita. Porlanezko matrioxka zinen, hain gustuko zenuen mailuarekin apurtu beharreko itxiturak zenituen, arrakaletatik belar txarrik harrotzeko astirik utzi gabe. Zu ulertzen saiatzen pasa ditut hogeita hiru urte: bost urterekin ikusi nuen autobidean gindoazela nola jaurti zenuen banana azala leihotik kanpora, “organikoa da” esanez. Zazpi urte nituela “solo me quedan dos telediarios” entzun nuen zure ahotik, eta zazpi urteko ume batek zertan konprenitu ez duena ulertu nuen. Handik bi egunetara sukaldera sartu eta bertan arnasten zen Winston keak baieztatu zidan oraindik ez zenuela hiltzeko asmorik.
Zure porlanezko azal-geruza bakoitza ezagutzera iristen nintzen bakoitzean hiltzen zinen nire besoetan. Irailaren 22a ez zen izan zure heriotzaren data ofiziala besterik. Nolanahi ere, doluak ez du iraungitze datarik, eta dolua manipulatzen, hura eskuetan hartu eta nik nahi dudan forma ematen ari naiz. Walter Benjaminek zioen objektua ez dela ederra bilgarrian batuta: objektua ederra da bere bilgarrian batuta. Dolua baliatuz, zu izan zarena egoki taxutuko duen bilgarria eraikitzen ari naiz.
Gogoangarriak ez diren uneak ez dira kabitzen eraikitzen ari naizen bilgarri honetan; barre txikiz oroitzen zaitut, ondoko guztiak zure umoreaz kutsatzen. Puentinga praktikatu nuen pandemia garaian; ia aulkitik erori zinen bideoa ikustean, hori “burutik-sano-ez-dagoenjendeak” egiten duela esanez. Zure lagunei ostera, ekintzarako parafernalia osoarekin agertzen nintzen argazkia bidali zenien; “errieta egin diot”, idatzi zenuen, “musukoa ez eranzteagatik diot”.
Gutxitan esaten zenidan, inoiz esan izan badidazu, baina badakit nitaz harro zeundela. Idazten nuen lan oro inprimatzen eta paratzen zenuen nire mahai gainean zure zuzenketekin: hori zen maite ninduzula erakusteko zure manera partikularra. Eta zerbait sinbolikoa bada ere, guztiz etsi ninduen nire graduazioa zu ofizialki hil eta astebetera izateak. Imajinazioak lekua hartu eta zure harrotasunarekin amesten dut; pozkidaz komunikatuko zenien ingurukoei zure alaba ustez filosofoaren berri.
Ordutik hona, edozein izkinatan aurkitzen zaitut. Matrioxkaren porlana hauts, errauts, kedar bilakatu zen, horregatik egiten dut topo zurekin hainbeste tokitan. Usaindu, sentitu, eta entzun, batez ere entzun egiten zaitut. Gauero entzuten zenuen irratsaio programatuak bizia hartzen du orain, eguneko edozein ordutan.
Etxean inor ez da gai izan zure logelatik datozen uhinak deskonektatzeko: irrati piztu hori da iraungi ez den tradizioaren testigua, presente mantentzen zaituen objektu material oraindik fosilizatu gabea.
Hezur-haragizko bunker maitea, nire entziklopedia ibiltari horrek, beti maiteko zaitut nire erara, eta utzidazu oraindik doluarekin artelan eder baten saiakera egiten, zerorren bilgarri propioarekin. Zure liburutegia txukundu eta kultura-ondare izendatuko dugu.
Magrittena pipa ez den bezala, gutun hau ez da azken agur bat. Beraz, adiorik ez, aita.
P.S. Eguzkitako krema zakarretara bota nuen.
Izar
BERGARAR ONENA (150 euro)
AROA ELORTZA PAYROS (Bergara)
Kaixo laztana,
Gaurkoan, paper-mutur honetan, ez duzu espero duzuna aurkituko; ez duzu goizero topatu ohi duzun erosketa zerrenda izango, agur mezu bat baizik.
Bai, halaxe da. Aurrerantzean ez duzu egunero bi pertsonarentzako ogia erosi beharko, ezta harakinari txerri-txuletak mehe-mehe mozteko eskatzeko beharrik izango, nire ordezko hortzerian haragi zatia kateatuta gera ez dadin. Fruta-dendak bere bezerorik onena galduko du, eta seguruenik, bertako langileak laster ahaztuko zaitu, ez bazara egun batetik bestera aldatu eta fruta-jale amorratu bilakatzen, behintzat. Berria-k ere eguneroko irakurle bat galduko du, eta egunkari bat gutxiago argitaratu beharko dute, edo ale bat gutxiago salduko dute, behintzat.
Alde egingo dut, eta ondorioz, etxeko paretek ez dute nire gurpilen goma beltzaren marka gehiagorik izango. Horrexegatik, une egokia duzu orain paretak berriz zuriz margotu, eta etxea gustuko duzun adinako garbi izateko; badakit eta, neurri handi batean, nirekiko ezkutatzen saiatu zaren amorru hori, nik zure begiradan argi ikusi dudan hori zu gogoz saiatu arren gordetzen, eragin dizkizudan trabengatik dela. Izan dira, akaso, egunero erosketak egitera joateko behar hori traba eragin dizuna; edo izan da, agian, hiru hilabetean behin paretak zuriz margotzeko premia hori, etxera jendea gonbidatzen duzunean apain eta garbi aurki dezaten; edo baliteke nire izate hutsak gogaitu zaituela.
Gurasoak gure artean genituenean oraindik ez zitzaizun horrenbeste axola nire egoera; zoriontsua zinen zu, nahi baino askatasun gehiago izan zenezakeelako gurasoak niri begira zeuden uneetan – eta bai, ia uneoro zeuden nire gainean, beraien haur gazteena egun batetik bestera mundutik joango zitzaienaren beldurrez. Beste garai batzuk ziren orduan, eta ez zuten ulertzen esklerosi anizkoitzarekin bizi zaitezkeela, eta gaixotasunak ez duela beti gurpildun aulki batean amaitzen, nire kasuan horrela izan bada ere. Hala ere, aitak nire osasuna apaltzen hasi aurretik alde egin zigunez, gaitzerdi, eta ordurako ama jada burua galtzen hasita zegoenez, baliteke bera ere gehiegi ez jabetu izanaz nire lau gurpilez.
Zuk ordea, hitz eman zenien gurasoei zainduko ninduzula, eta egin, egin duzu – nola, hori beste kontu bat da. Momentu politak bizi izan bagenituen ere haurtzaroan, pixkanaka, urteekin, umetan genuen gertutasun hori urruntzen joan da, distantzia handitzen; nik nire gurpildun aulkiarekin ahal nuen neurrian egin dut aurrera norabide batean, baina zuk, ordea, nigandik ihesean edo, korrikaldi azkarra egin duzu aurkako norabidean. Nire gorputzak utzi izan balit, neu ere joango nintzateke zure atzetik lasterka, edo behintzat zure pentsamenduen norabidea zein den ikusiko nuke, zer aldatu jakin eta hartara, bidegurutzeren batean, gutxien espero zenuenean, berriz topo egin eta galdutakoa berreskuratzen hasteko.
Baina aspaldi hasi zinen korrika zu, eta ez nintzen konturatu horretaz bere garaian. Nire biziarekin aurrera egiten saiatzen ari nintzen garai hartan ni: mediku eta fisioterapeutengana egin beharreko milaka bisiten artean lan apur bat egin eta sosen bat edo beste atera nahian, gurasoen etxera bisita azkar bat, eta nire egoeran aurkitzen diren beste batzuk lagundu. Zuk muzin egin zenion nire gaixotasunaren inguruan gehiago jakiteari zahartu ahala, heldutu ordez umetu egin zinelako, eta korapilotsuak suerta zitezkeen gaiak albo batera uzten zenituelako, begi kliska batean.
Urteek aurrera egin dute, nire gaixotasunak okerrera egin du eta jada gurasoak ez ditugu hemen, beraz arrazoi ezin hobeak dituzu orain ni neu ere albo batera uzteko. Hitz eman bai, egin zenuen, zainduko ninduzula; horretarako, gurasoek beraien azken sosak utzi zituzten, gutariko bakoitzari elkarren alboan dauden pisu bat erosi eta hartara alboan bizitzeko, norbaitek inoiz bestearengandik zerbait behar izanez gero gertu egoteko – biok genekien ongi ni nintzela behar hori izango lukeena, eta izan dudana.
Baina ez duzu zure hitza bete, ez diozu promesari jaramonik egin, eta ahulen aurkitzen nintzen uneetan begiak itxi dituzu errealitatea ez ikusteko. Beti izan duzu aitzakiaren bat ni zaintzailearekin uzteko: lagunen bat zenuela bisitan, edo lanpetuegi zeundela ofizinan, eta ondorioz berandu itzuliko zinela. Batzuetan egia izan zitekeen, baina ez dut sinisten beti hala izan denik.
Baina egindakoa eginda dago, eta ezin da iragana aldatu.
Ahulezia une horietan etxeko aurpegi bat ikusi nahi izan dut, eta horregatik eskatzen nizun laguntza. Imajina nezake ez dela erraza anaia gaztea ohetik ateratzen lagundu beharra, edo nire gorputz makurtua xaboiz igurtzi beharra; baina, ez al genuen ba bainuontzia elkarbanatzen haurrak ginenean? Ez al genituen gure tronpak elkarren aurrean astintzen ipurdi mugimendu arinarekin?
Badakit garaiak aldatu direla, baina hiru hilabetean behin zaintzaile berri bat izan ordez, nahiago izango nuke zerorrek lagundu izan baninduzu.
Hala ere, nabari dut, aspaldidanik, traba bat soilik naizela zuretzat. Horregatik agur gutun hau. Aurrerantzean beraien gertukoenengandik ahaztuak sentitu diren beste gaixo batzuekin izango dut egoitza. Noizean behin bisita nazakezu, bertan ez bainauzu dutxatu beharko; kafe bat hartzeko gera gaitezke, eta zuk zure ezinbesteko lan horien gainean konta diezadakezu, eta nik, trukean, goxo entzungo zaitut, beti egin ohi dudan lez, zure laneko kontuak inoiz inporta izan ez bazaizkit ere.
Dena den, hemendik bizpahiru ordura dago egoitza kotxez. Eta ez dakit zergatik, baina susmoa dut ez zarela gehiegi etorriko bisitan, lanpetuegi egongo zarelako edo. Hala baldin bada, ados, onartuko dut, baina ez zaitez damutu orduan gure umetako argazkiak ikusten hasi eta nire falta sumatzen duzunean jada ez nagoelako zurekin, orduan beranduegi izango baita niregana itzultzeko, nire etxeko ateak itxita egongo direlako, zuk sarri itxi dizkidazun lez.
Gehiegi ez luzatze aldera, ez zaitut egoera honen errudun bakar egin nahi, baina batzuetan nire egunerokotasuna zein zaila izan daitekeen ahazten zaizula uste dut, besterik gabe; eta agian, enpatia pixka bat gehixeago beharko zenukeela, edo nire bizia zure azalean egun batez bizi.
Inoiz esan ez badizut ere, eskerrik asko elkarrekin bizi izan ditugun uneengatik, batez ere umetan bizitako guztiengatik. Mila esker noizean behin zaintzeagatik, nahiz eta zure etxeko atea erdi itxita egon egun gehienetan niretzako. Eta bai, maite zaitut, garai batean baino gutxiago orain, baina oraindik (eta betiko) anaia izango zaitut.
Laster bisitan izango zaitudalakoan,
Maitasunez,
Anaia
ESALDIRIK ONENA (100 euro)
IBON SEGURA ARKAUZ (Eskoriatza)
Zure inperfekzioetan aurkitu dut zugan sekula bilatu ez dudan perfekzioa; zure zalantzek eman didate besteengan aurkitu ezin izan dudan segurtasuna; laburbilduz: maitasuna.
Iruzkina uztera animatu!