Berriketan egitasmoa indartsu Bergaran

BERRIKETAN taldeen helburu nagusia da euskaltegitik kanpo euskara praktikatzeko aukerak eskaintzea. Printzipioz astean behin ordubete baten 3-4 pertsonako taldetan elkartu eta euskaraz hitz egiteko konpromezua hartzen dute partaideek. Eta horren osagarri urtean zehar egun erdiko edo egun osoko irteera batzuk proposatzen zaizkie, herriko beste taldeekin eta beste herri batzuetakoekin ere elkartu ahal izateko.
Horretarako, laguntzeko prest dauden euskaldunek izena emateko deialdia egiten da eta, bestetik, euskara praktikatu nahi dutenek ematen dute izena. Azken hauetako batzuk euskaltegitik kanpo euskaraz hitz egiteko aukerarik ez dutelako ematen dute izena eta beste batzuk, berriz, euskara galtzen ari direla sentitzen dutelako.
2006an jarri zen martxan egitasmo hau Bergaran eta ordutik urtero 50-75 lagunek parte hartzen dute. Izena eman ondoren, Jarduneko koordinatzaileak 3-4 pertsonako taldeak antolatzen ditu, jendearen ordu libreak kontuan hartuta
2017-2018an 54 pertsona dabiltza taldeetan, 14 “bidelagun” (borondatez parte hartzen duten laguntzaileak) eta 40 “bidelari” (praktikatu nahi dutenak).
Eta 2018ko apirilaren 23an hausnarketa saio bat egiteko deia egin zuten antolatzaileek (Jardun, Bergarako Udala eta Udal Euskaltegia).
23 lagun elkartu ginen Irizar jauregian eta oso aberatsa izan zen bertan konpartitutakoa.
Besteak beste, hauek izan ziren aztergaiak: partaideen motibazioak, helburuak, kezkak (euskalkia eta batuaren erabilera, berba egiteko denbora banatu behar?, akatsak zuzendu bai edo ez, euskaldunberriek euskaraz egiteko dituzten beldurrak, talde dinamikarako estrategiak eta ideia berriak, taldetik kanpo euskara gehiago egiteko ideiak: mintza-tratuak, Euskaraldia…
Ideia hauek taldeka aztertu ondoren, denon artean konpartitu genituen eta merienda txiki baten inguruan jarraitu genuen hausnarketarekin.
Eskerrik asko partaide guztiei.
Iruzkina uztera animatu!