Errigorak dagoeneko hainbat zubi eraiki ditu azken urteotan baina oraindik ere zubiak eraikitzen jarraitzeko asmoa dauka izan ere zubi berriak eraiki nahi ditugu Nafarroa hegoaldeko euskaltzaleen artean, egunen batean euskaraz bizitzeko egitasmo berriak martxan jartzeko ametsa egia bihur dadin.
Zubi berriak eraiki nahi ditu ekoizle, kontsumitzaile, kontsumo-talde, dendari, jantoki eta abarren artean, egunen batean kanpainetatik harago merkaturatze bide berriak zabaltzeko ametsa egia bihur dadin.
Zubi berriak eraiki nahi ditu nekazari eta elaboratzaileen artean, egunen batean ekoizpen-eremu eta ekoizpen-eredu berriak sustatzeko ametsa egia bihur dadin.
Zubi berriak eraiki nahi ditu herria egin eta eraldatzen ari diren eragileen artean, egunen batean auzolan berriei bide egiteko ametsa egia bihur dadin.
Zubigintzan jarraitzeko asmotan aurten ere bueltan dira ERRIGORAko otarrak. Dagoeneko eskaerak egiteko aukera dago Jarduneko bulegoan eta azaroaren 14a arte egongo da epea zabalik.
Aurten ere aurreko urtean bezala bi otar ezberdin aukeratu daitezke, txuria edo beltza.
Errigorak dituen helburu nagusiak zubiak eraikitzen jarraitzearekin batera honako hauek dira:
- Nafarroa hegoaldeak propio dituen produktuak Euskal Herriko plazan kokatzea, urrunekoen ordez bertokoak kontsumitu ditzagun.
- Nafarroa hegoaldean “euskara ofiziala ez den zonaldeko” euskalgintzari bultzada ekonomikoa ematea.
- Herrigintza, auzolana, nazio-eraikuntza… “betiko” lan kolektiboan oinarrituz ekarpentxo bat egitea, lan molde honen beharra eta indarra goraipatuz.
Zubiak eraikitzen jarraitzeko jarri zure alea!