Kataiari jarraituz hemen duzue Jaione Carpinteroren iritzi artikulu interesgarria. Hausnarketarako hainbat puntu jartzen ditu mahai gainean.
Nereak botatako galderarekin niri tokatu zait oraingoan kataiari segida ematea. Zelan ikusten dudan nik euskararen egoera telebista publikoan? Galdera potentea, Nerea…
Askok pentsatzen dugu, ni barne, gaur egun daukagun telebista publikoaren euskarazko eskaintza ahula dela. Betiko saioak ditugu, aspergarriak batzuk, “superfizialak” beste batzuk, eta gustuko saio bat aurkitzen dugunean azkar kentzen digute. Hala ere, esan beharra daukat, tartean behin saio on eta interesgarriak ere izaten ditugula.
Askotan entzun diet nire inguruko lagunei eskaintza honetaz kexatzen, niri galdetzen nola litekeen posible. Goazen hausnartzera bada.
Ni bertako ekoiztetxe ezberdinetan egon naiz lanean, gehienetan euskarazko saioak egiten, eta ziurtatzen dizuet, askotan, lan egiteko ditugun baliabideak oso eskasak direla. Normalean lana presaka egiten dugu, denbora gutxi dugulako saioa prestatu eta emisiora joateko. Zergatik? erreza, aurrekontu gutxi dagoelako. ETB1ek ETB3k baino aurrekontu altuxeagoa dauka, biak euskarazko edukiekin. ETB2k, dudarik gabe, aurreko biek baino diru gehiago dauka.
Eta galdetzen egongo zarete ea zergatik den hau posible. Ba oso erreza berriz ere, jendeak ez duelako kontsumitzen. Alegia, asko kexatzen gara baina ez dugu kontsumitzen. Kontsumitzen ez badugu, ez dago dirurik. Dirurik ez badago, aurrekontuak estutzen dira eta baliabideak eskasak bilakatzen dira. Ondorioz, eskaintza ahula da eta berriz ikusleak kexatzen hasiko dira. Kexatu eta Tele5 piztu. Bai bai, horrela da. Datu txiki bat emango dizuet. Aipatutako kate pribatu espainiar honek eskaintzen dituen “entretenimenduzko” saioen audientzia datu altuenak Euskal Autonomia Erkidegoan daude. Horra hor beste hausnarketa bat egiteko ideia.
Penagarria da guzti hau, izan ere zurrunbilo honetatik kaltetuen ateratzen dena euskara bera da. Bultzada bat eman beharko litzaioke euskarari, euskarazko edukiei, aukera eta ideia berriak sortuz. Ikusleak garen unetik euskaraz kontsumitzen jarraitu nahi dugulako, hori bai, eduki duinak. Eta horretarako aldatu beharko litzatekeena ez da soilik aipatu berri dudan ikusleen kontsumitzeko ohitura hori, ez. ETBko nagusien ikuspegia ere guztiz aldatu beharko litzateke. Beraiek dira saio bat aurrera eraman edo atzera botatzea erabakitzen dutenak. Beraiek dira gure inguruko txikienak txikitatik euskarazko edukiak kontsumitzeko ohitura ezartzeko aukera eman edo kentzen dietenak.
Eta berriz esaten dut, oso garrantzitsua da euskarazko edukiak kontsumitzea. Ez soilik telebista publikoak eskaintzen dizkigunak, ez, guztiak. Gure hizkuntzan egiten den kulturaz busti behar gara. Jon “Olivo” zu antzerki munduan ibiltzen zarela, zer egin beharko litzateke euskal kulturaren kontsumoa indartzeko?