Ion Unamunok pasatako lekukoa hartu eta Kristina Elkorok Kataiari segida eman dio euskara lan munduan nola ikusten duen azalduz. Eta artikuluaren amaieran nori pasako dio lekukoa?
Jarraian Krisitina Elkororen hausnarketa eta iritzia.
Kirol mundutik datorkit oraingoan lekukoa. Ion Unamunok, Kirol munduan euskarak duen presentziari buruzko hausnarketa egin eta lan mundura bideratu du bere begirada.
Ikasketak amaitu eta lan munduan murgiltzen hasi nintzenean, euskaldun gehienok bezala, Euskara lagun arteko eta etxeko hizkuntza zela nuen buruan. Euskaraz lan egiteko aukera irudikatu ere ez nuela egiten esango nuke.
Elay-n lanean hasi eta berehala izan nuen Euskalduntze Planaren berri, konturatu orduko neu ere planean murgilduta nengoen.
25 urte pasa dira Elayn Euskalduntze plana martxan jarri zenetik. Bide luze honetan zailtasunak izan diren arren, une oso pozgarriak ere izan ditugu. Euskaraz lan egiten ari ginela konturatu, plana itxi eta ospatu genuen egun hura aipatuko nuke bereziki.
Euskalduntze Planak iraun duen 23 urte hauetan etapa ezberdinak bizi izan ditugu. Etapa bakoitzean erronka eta zeregin ezberdinak eta nola ez, gora behera, zailtasun eta oztopoak ere.
Lehen fase batean, langileok euskalduntzea eta alfabetatzea izan genuen helburu. Urte horietan jende multzo handi batek euskarazko klaseak jaso zituen. Urte hauetan, pertsona askok erakutsi zuten inplikazioa nabarmenduko nuke , ez zen makala izan egin zuten esfortsu eta sakrifizioa.
Bigarren fase batean, eguneroko lanak euskaraz egin ahal izateko beharrezko baliabideak aztertu, sortu eta garatu genituen: Makinetako errotulazioa, formatu ezberdinak, lan kontratuak, programa informatikoak…. Fase honetan lan asko egin zen, batez ere itzulpen lana. Administraziotik ere oztopoak ez ziren gutxi izan. Adibide modura, 16 urte pasa dira RED sistema euskaratzea eskatu genuenetik eta oraindik ere ezinezkoa zaigu lan hori euskaraz egitea.
Erabaki garaia ere izan zen hau. Planak aurrera egin eta atzerapausurik ez izateko, erabaki garrantzitsu eta ausartak hartu behar izan zituen Enpresak.
Bigarren etapa honen amaieran, langile gehienok euskaraz hitz egiteko gaitasuna genuen, horrez gain, baliabide gehienak ere bagenituen arren, zeregin asko amaitu gabe zeuden eta erabaki eta prozedurak ez zeuden erakundeko pertsonengan guztiz errotuta.
Horrela, hirugarren etapa batean sartu ginen non, zereginen jarraipena egin eta gai berriei aurre egitea zen helburu eta horretarako Euskara Batzorde Iraunkorra sortu genuen.
Planaren garapena ziurtatzeko, urteetan zehar, prozedura ezberdinak zehaztu genituen. Prozedura horiek gure Kalitate/Ingurumen/Prebentzio sisteman txertatu eta auditoria bidez betetze mailaren jarraipena egiten hasi ginen. Denbora aurrera zihoan heinean, euskarak geroz eta dedikazio berezi gutxiago behar zuela ohartu ginen. Orokorrean, naturaltasunez betetzen ziren prozedurak eta horrelako egun batean, dagoeneko ELAYn Euskaraz lan egiten genuela ohartu ginen.
Nik uste Elay osatzen dugun pertsona gehienok oso pozik eta arro gaudela. Pozik, gure hizkuntza naturalean bizi ahal izateko urrats handi bat eman dugulako. Arro, kolektibo guztiak erronka honekin bat egin dugulako eta noski, lortu dugulako.
Hizkuntza bat, hitz egiteko herramintta bat baino zerbait gehiago dela esango nuke, herri baten izaera eta ohituren erakusle ere bada. Zentsu horretan, euskaldunontzako lan mundua euskaratzea oso garrantzitsu den bezala, Euskal Herrira datozkigun etorkinei gure izaera erakusteko herramintta ezin hobeta dela iruditzen zait Euskara, munduan migrazio mugimendu handiak ematen ari diren garai hauetan bereziki.
Hortan ari da Auzoko egitasmoa, jatorri ezberdinetako herritarren artean, kohesio eta komunikazio hizkuntza euskara izatea du bere erronka. Gehienontzako mundu ezezaguna den honetan, Idoia Larrañaga laguna dugu buru belarri lanean.
Idoia, kontatuko al diguzu, egitasmo honen nondik norakoak? Nola lan egiten du Auzokok? Nola ikusten dute gure hizkuntza etorkinek? Zergatik ikasi nahi dute euskara? Zeintzu zailtasun dituzte ikasteko? Nabaritzen da euskararen presentzia etorkinen artean?….