Azkenengo Kataian Izaro Aperribaiek izan zuen bere hitza emateko aukera eta musikaren munduan mugitzen jarraitzeko asmoz Ander Elorzari, Fly Shit taldeko kideari, pasatu zitzaion kataibegia. Hemen bere artikulua:
Musika munduan hasi berriak diren talde gehienek egin ohi duten bezala, gu ere gustuko taldeen abestien bertsioak egiten hasi ginen; batzuk euskaraz ziren, baina beste asko gaztelaniaz edo ingelesez (guk watxiweriz). Bertsioak egitetik sortzera salto egin genuenean, orduan bai, orduan euskaraz hasi ginen, eta harrezkero kantu bakarra egin dugu gazteleraz (lehenengo diskoan sartu genuen). Gerora, idazle desberdinen testuak erabili ditugu eta jatorrizko hizkuntza gaztelera edo ingelera izan arren, guk euskaratu egin ditugu, horrela geureago egin eta esaten ari garena ulertzeko, mezuak ere garrantzia baitu.
Ez dut gogoratzen hasieran hizkuntzaren hautuaren gaineko eztabaidarik izan genuenik (24 urte pasa dira eta), baina esango nuke, hasieratik argi izan genuela euskaraz izan behar zela. Alde batetik gure hizkuntza delako, eta bestetik, esan bezala, mezuari ere garrantzia ematen diogulako betidanik.
Taldea sortu genuen garai hartan gutako batzuk eragile desberdinetan parte hartzen hasiak ginen: Txapa irratia, Gazte asanblada edota Euskal Herrian Euskarazen esaterako, eta talde horietan, inguruan eragiteko hizkuntza euskara zen legez, guk ere gure inguruan eragin zuzenagoa izateko euskeraz egiten hasi ginen eta horrela jarraitu dugu. Hori bai, musika entzuteko garaian guretzat ez da oztopo zein hizkuntzatan dagoen sortua, gustukoa izatea da baldintza bakarra.
Euskaraz abestea ez da limitazioa izan, zorionez ez baikara ez lehenak ezta azkenak ere, eta gure aurretik, paraleloan zein ondoren beste batzuk ere zabaldu dute bide hori. Horrez gain, gure eremu naturala Euskal Herria da, penintsulako beste hainbat tokitan ere jo izan dugun arren, Catalunya, Zaragoza, Asturias edota atzerrian Eskozian, baina ez da egon eragozpenik.
Eta izena zergatik ingelesez? Talde bati izena ipintzea ez da lan erraza. Lehen kontzertua lotuta genuela uste dut, baina izen bat behar genuen eta han hasi ginen ideia desberdinak botatzen, hiztegia begiratzen… Guri gehien gustatzen zitzaizkigun taldeek izen ingelesa zuten, gehienak amerikarrak baitziren, eta bapatean “Fly Shit” irten zen; sonoritatea guk gustuko genituen taldeen antzekoa zen eta esanahia (euli kaka) nahiko punkia, buelta asko eman gabe onartu genuen, momentuan horrela irten zen. Eta gerora ez dugu aldatu.
Guretzat euskaraz abestea berezitasun positibo bat dela esango nuke, ez baitago guk jorratzen dugun musika estiloa euskaraz egiten duen talde askorik, eta hala ere, sare sozial desberdinen edota bandcamp bezalako plataformen bitartez gure musika zabaldu izanak, Erresuma Batuko, Espaniako, Quebeceko edota Hong Kongeko irratietan gure musika entzun ahal izatea ahalbidetu du.
Eduardo Galeanori euskaratu genion eta “Utopia laztantzen” abestian diogun bezala Jende txiki askok, gauza txikiak eginez leku txiki askotan alda dezake mundua. Eta bide horretan jarraitzen dugu, musika ondo pasatzeko egiteaz gain, gure inguruan eragiteko ere egiten dugulako.
Argazkia: Koldo Eizmendi