Gandiaga#10″gazteria eta euskara”

Idoia Larrañaga De La Presak pasatako testigua hartuz, jarraian duzue Aitzol Gandiagak gazteen eta euskararen inguruan idatzitako iritzi artikulua.
Euskararen inguruan kezkaz hitz egiten den aldiro irteten da hizkuntzaren erabilera makurra eta nola ez, batez ere gazteon euskara erabilera exkaxa.
Ume izateari laga eta “adinez nagusi” izan arteko tartea omen da gazte izatea. Gauza jakina da gaztarora heltzerako gehientsuenak lagunartean gaztelera erabiltzera pasata daudela jada, Anartz-ek esan bezala faktore ezberdin askoren ondorio izan daiteke hori. Ume izatetik gazte izaterako salto horretan euskara erabiltzera itzultzea zaila izan daiteke, era kontziente batean egin beharreko zerbait da eta askotan zure buruarekiko edota inguruarekiko burugogorra behar da izan. Seguru nago euskaltzale askok salto hori ezin eman eta lagunarte erdaldun batean jarraitzen dutela.
Burugogorra esan dut bai, lagunartea aisialdiari oso lotuta aurkitzen da eta gaur egungo gazteon aisialdi kontsumoa ez baita oso euskalduna; Prentsa gehiena, taberna gehienetako musika, kirol espektakuluak…
Gazteak ez gara gazte jaio izan eta adinez nagusi izatera ere pasako gara. Askotan euskararen erabileraren inguruko ardura dagoenean gazteei begira pasatzeko ohitura daukagu, baina gazteok ume izatearen eraginpean bizi gara eta adinez nagusi izango garen begiradekin.
Bergarako gazteon ia %100 gara euskaraz hitz egiteko kapaz eta erdiak ere ez gara lagunartean hala egiten dugunok, badaukagu kezkatzeko nahikoa arrazoi baina egia esan ez daukat formula magikorik Idoia, gustatuko litzaidake! Euskaren alde dagoen jende hori euskararen alde egitera pasatzen badugu seguru bide onean joango garela.
Zorionez bada gai honekiko kezka azaldu eta herrian gazteria euskaldun baten alde lanean hari den koadrilatxo bat, euskara hutsean egiten den gazte asanblada eta gazte antolakunde bat, euskara elkarteak dinamizatzen duen gaztelekua, euskaraz aritzen diren kirolariak… Gai honetan gazteok izan behar dugu gazteriarengan eragingo dugunak eta gure gustuko eremuetan eragitea da duda gabe klabeetako bat.
Heldu, ume zein gazte izan kultura guztiok daukagu gustuko eremu eta gizarteko aldarrikapen askotan eragiteko tresna ere bada. Nola eragin dezake kulturak hizkuntza batean? Euskara kulturarekin nahasteko ohitura du jende askok, ona al da hori?… ziur nago kultura munduan dabilen Ander Bolibar-ek badaukala zer esanik!
[…] Aitzol Gandiagak egindako galderei erantzunez, hemen Ander Bolibarren iritzi artikulu interesgarria: […]