Iruin#22 “euskararen egoera udal ikuspegitik”

IMG_20170911_192715 (1)

Erronka zail baten aurrean ipini nauzu Ana!!!!! Udal ikuspegitik nola ikusten dudan herri honetako pasio maila? A ze galdera, ez dut uste nik hori erantzun dezakedanik, nire erantzuna guztiz subjektiboa izango bailitzake. Baina bai esan nezake Bergara herri euskalduna dela, datuek horrela erakusten baitute.

Udal ikuspegitik hitz egiteko eskatu didazu, eta egia esan ez dakit hori niri dagokidan, baina bai partekatu dezakedala nire azken urteetako esperientzia. Ni udalera sartu nintzenean guztiz arrotza egiten zitzaidan, ez eraikina noski, udala erakunde bezala baizik. Baina gaur iada ongi ezagutzen dudala esan nezake eta Bergarako udalak  euskaraz lan egiteko konpromisoa du. Egunerokoan udalera gerturatzen den oro ohartuko da arlo administratiboan zein herritarrekin harremantzeko egunero erabiltzen den hizkuntza euskara dela. Eta urteetako lana aztertuz gero politika aurrerakoiak burutu direla ere esango nuke, baina oraindik egiteko asko dugu.

Herri bezala, herri euskalduna dela aurreratu dut lehen. Eta datuek hori erakusten dute. 2008az geroztik Bergara UEMAko kide da. UEMA etorkizuneko Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa da. UEMA osatzen dugun 82 udalerrietan (Bergara biztanleria kontutan izanda handienetako bat, Tolosa eta Zarautzekin batera) biztanleriaren %70ak baino gehiagok daki euskara. Ezagutzaren datua hor dugu, baina horrekin nahikoa da?

“ Gauza bat dago argi, nolanahi ere, mundu zabaleko aditu gehienen azalpenetan: Hizkuntzaren erabilerak definitzen du lehenik eta behin, ez ezagutzak edo iritzi- jarrerek, hiztun-elkarte elebidunen osasun egoera.” Mikel Zalbidek.  Eta zer diote erabileran inguruko datuek?

Hemen datuak gazi gozoak dira, uztaileko albiste izan dugun soziolinguistika klusterrak egindako azken azterketako emaitzek diote Euskal Herriko kaleetan erabilera duela hamar urteko datuekin alderatuz puntu bat jeitsi dela. Bergaran 2015ean aurkeztutako datuek aldiz gorakada nabari bat islatzen zuten. Bergara herri euskalduna da, baina Bergara euskararentzat arnasgune bat da?

Hori gehitxo esatea dela iruditzen zait baina erabilerak gora egin izana, Bergarak arnasgune oso garrantzitsuak badituen adierazle da. Hizkuntza gutxitu batek irauteko ezinbesteko ditu arnasguneak; euskara nagusi den gune geografikoak dira —hiriak, herriak, barruko eremu zehatzak izan litezke.

Arnasguneak zaindu behar ditugu, bizi-indarra eman. Euskarak bizitasun handiagoa behar du, arnasguneen hedatze prozesua burutzeko.

Ana ez dakit erantzun dizudan. Baina zure zerrendan sartzeko hitz berri bat proposatzen dizut, arnasguneak.

Orain Jose Angel Mikeori, Angiozarko auzoalkatea, luzatu nahi diot galdera. Istorikoki euskararen gordeleku auzoak eta herri txikiak izan dira. Ni ez naiz ausartu Bergara asnargunea dela esatera eta Angiozar arnasgune bat da?

 

Iruzkina uztera animatu!