JARDUN 25 +…
“Euskara erreza da egiten bada”
Jardun sortu aurretik Bergaran oso garai berezia bizi genuen. Izan ere Euskal herriko hainbat lekuetatik UNEDeko Euskara departamentura jendea zetorren Euskarazko lehen titulu ofiziala lortzera. Guzti hori Euskara departamentuko kidei esker, Gerardo, Juan Martin, Xabier… Beraz, euskara departamentuaren presentzia herrian oso nabaria zen. Esango nuke, haretxen bueltan euskararen inguruan genbiltzanok, modu natural batean elkartzen ginela orduan, gogoratzen dut: Estepan, Juan Martin, Gerardo, Mikeo, I.Etxaniz, A. Aginagalde, R.Irigoien, K Urrutia, E.Alberdi…. Denok UNEDen, ikastolan edo gaueskoletan ibilitakoan ginen, batzuk irakasle, beste batzuk aldiz, ikasle modura.
Baina denok sinesten genuen egoera linguistikoa aldatzeko gauza ginela eta beharrezkoa zela talde bat osatzea Euskara bultzatzeko. Ez zen arrazoirik falta eta tamaina batean kontzientzia areagotzea izan zen hasierako urte haietan zeregina. Kideok sinetsita geunden euskaraz bizi ahal ginela eta indarra genuela, ez zekitenek ere, ikastera bultzatzeko. Atzera begiratuta helburu hori neurri handi batean lortu zen eta esango nuke jende asko bultzatu zuela Euskara ikastera. Baita gizartean kontzientzia areagotu eta kalean ipintzen zen propaganda elebiduna edo euskaraz jartzea lortu zen. Urrats garrantzitsua zalantzarik gabe.
Orain berriz 25 urte beranduago hauxe sumatzen dut. Asko garela Euskara dakigunok baina ez horrenbeste Euskara erabiltzen dugunok. Zer gertatzen zaigu ba? Nora begira gaude gure herriaren proiektu kolektiborik garrantzitsuenean sinetsi eta euskaraz berba egiten hasteko? Zeintzuk dira dauzkagun benetan ditugun trabak? Ez ahal gara gauza izango gure hizkuntzaren bidez komunikatzeko eta gure hizkuntza beste hizkuntzen gradura eramateko?
Jardunek galdera hauei erantzuteko izugarrizko aukera dauka. Izan ere, pertsonez osatuta dagoen talde honek, berriro ere ilusioa piztu dezake eta ikasi dutenekiko beharrezkoa den errekonozimendua aitortu. Ez dago gauza ederragorik ikasten dabilenarentzat ikasi duela aitortzea baino. Horixe da benetako errekonozimendua. Beste edozein hizkuntzekin pasatzen den bezala, gure herrian asko dira euskara jakin badakitenak baina ez diegu aukerarik ematen dakitena erakusteko, ez baitiegu euskaraz egiten. Gure esku dago beraiekin euskaraz berba egitea hartara ikasi dutenaren aitortza jaso eta bide batez duten maila hobetzeko tresnarik errazena eskainiko diegu, erabilerarena. Modu horretan, geroz eta gehiago bagara kalean egiten dugunok askoz errazagoa izango da komunitateko kideek gehiago erabiltzea gure ohiko hizkuntza bihurtu arte.
Jardunek badu bai zeregina ondorengo urteetan, askotan esan ohi den “Euskara nekeza da” esaerari buelta eman eta gizartean ordeztu beste honengatik.” Euskara erreza da egiten bada”.
Duela 25 urte gaztelera oso indartsua zen, gaur egun tamaina ezberdinean bada ere Gazteleraren eta Ingeleraren presentziak oso indar handia daukate. Gazteek laster hartuko dituzte hizkuntza ohitura ezberdinak. Nire iritzi apalean euskarak ezin du galdu aukera berririk. Euskara dakigunok euskara egoera guztietan erabiltzen hasten garenean komunitate batek izan dezakeen proiektu kolektiborik garrantzitsuenetarikoa, komunikazioarena, aurrera aterako duenaren sentsazio goxoak beteko gaitu. Azken 25 urte hauetan egindako guztiak balio du hurrengo 25 aurrerantzean nondik jo aukeratzeko.
Egindakoarekin ikasi dugu egingo dugunarekin aurreratuko dugu!!!!