Interneten ere, lehen hitza euskaraz ekimena kaleratu dute PuntuEUS Fundazioak, CodeSyntaxek, Ikastolen Elkarteak eta Kontseiluak. Kanpaina honen helburuak Interneten lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz jendartea ohartaraztea eta euskararen erabilera eremu honetan handitzea dira.
Izan ere, nabigazio-hizkuntza konfiguratzea eta euskara lehenestea oso garrantzitsua da nabigatzailearen hizkuntzak esaten bait dio munduari zure lehen hizkuntza zein den. Beraz, euskalduna baldin bazara, Interneten ere lehen hitza euskaraz jartzea komeni da.
Azken datuen arabera, Euskal Herriko internauten %3-5 inguruk soilik dauka nabigatzailea euskaraz konfiguratuta. Euskaldunen artean ere, %10 inguruan dago nabigatzailea euskaraz daukatenen kopurua.
Egoerak okerrera egin du, gainera, azken urteotan, mugikorren zabalkundearekin batera. Izan ere, mugikorretako nabigazio-hizkuntza konfiguratzea zailagoa da, oro har, ordenagailuetakoa baino. Eta mugikor askotan ezinezkoa ere bada euskaraz konfiguratzea.
Zergatik da garrantzitsua Interneten lehen hitza euskaraz ematea?
- Euskararen pisu espezifikoa Interneten handitzeko (zure nabigatzaileak esaten baitio munduari zein den zure Interneteko ama hizkuntza). Euskara Interneteko hizkuntzarik erabilienen artean jarri behar dugu. Web garatzaileei, Robotei eta Interneteko enpresa handiei erakutsi behar diegu euskaldunok ere existitzen garela; Interneten bagaudela.
- Webgune eleanitzetan, zuzenean euskarazko bertsioa jaso dezazun.
- Programa bat deskargatzeko orduan, zuzenean euskarazko bertsioa jaso dezazun (baldin badago).
Ordenagailuko nabigatzailea konfiguratzeko:
Hau egin ahal izateko bitarteko ezberdinak sortu dira. Batzuetan ez dago hauen beharrik eta zuzenean zure nabigatzailearen ezarpenetara joan beharko duzu eta hantxe aukeratu “euskara”, lehenetsitako nabigazio-hizkuntzen artean. Honela ezin baduzu eta askoz errazagoa: instalatu “Lehen hitza euskaraz” plugina (oraingoz Firefox eta Chrome; laster Opera eta Edge) eta segituan jarriko duzu dena euskaraz.
Mugikorra konfiguratzeko:
Mugikor batzuk “ezarpenak” aukeraren bitartez euskaraz konfiguratzeko aukera ematen dute. Baina honela egin ezin den kasuetan “Lehen hitza” izeneko aplikazio bat sortu dute eta horren bitartez euskaraz jartzeko aukera ematen du pare bat minututan.
Zure webgunea konfiguratzeko:
Hasierako lehenetsitako hizkuntza beti euskara izatea, internauten hizkuntza-aukerak cookie bitartez bideratzea, nabigatzailearen hizkuntzaren arabera euskarazko edukia ematea, eta abar.
Oso erraza da; doan eta minutu batean egin daiteke!
Beraz, animatu eta jarri zuk ere Interneten zure lehen hitza euskaraz!
Informazio gehiago: https://www.lehenhitza.eus/