BERGARA: OZTOPOEN GAINETIK, EUSKARAZ BIZIKO GARA
Azken hilabeteotan euskararen normalizazioari eta hizkuntza-politikei eragiten dien esku-hartze desberdinak ezagutu ditugu. Ez da gai berria, baina azken aldian nahikoa modu agerikoan gertatzen ari dela esan dezakegu. Frantziako Gobernuko ordezkari Patrick Dallennes eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkixo gelditu gabe ari dira euskaraz bizitzeko nahia egikaritzeko hainbat administrazio hartzen ari diren urratsak zapuztu . Nafarroako kasuan ere, Nafarroako Gobernuaren bitartez Baztanen izan dugu adibidea.
Carlos Urkixo orain dela hilabete batzuk hasi zen zenbait udalen zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurkako neurriak hartzen. Aldi berean Patrick Dallennes-ek Hendaiako ikastola laguntzeko Herriko Etxeak hartutako erabakiaren kontra egin zuen lehenik eta ondoren Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial izendatu izana salatu. Bada, azken egunotan eraso berriak egin dituzte bi Estatuek. Orain dela egun batzuk Paueko Administrazio Auzitegiak atzera bota du Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial izendatzeko erabakia. Urkixok bere aldetik, UEMAn dauden 15 udalen aurkako helegiteak jarri ditu Estatu espainiarreko gobernu ordezkaritzara aktak euskaraz bidaltzeagatik. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren euskara plana ere auzitara eraman du. Nafarroako gobernuak berriz, Baztango euskara planari helegitea jarri dio.
Erantzule nagusiak horiek badira ere, erantzukizuna partekatua da. Herri honetan ardura politikoa duten guztiek dute afera honetan erantzukizun maila bat.
Kasu hauek agerian uzten dute euskaldunak ez garela askeak. Gaur gaurkoz, ez daukagu guk nahi dugun hizkuntza-politika egiteko dugun eskubidea aitortua. Hori ukatu egiten zaigu.
Erabaki hauekin, ikusten ari gara euskarari balioa kendu nahi diotela, beti frantsesaren edo gaztelaniaren ondoan agertzera behartuz.
Egoera honen aurrean, helegiteak jaso dituzten udaletako arduradunek (Bergarakoek barne) euren jarrera argi azaldu dute eta hartutako erabakia irmotasunez defendatu dute, aurrera jarraitzeko determinazioa erakutsiz. Ez dute euren erabakian atzera egingo. Oztopoak oztopo, euskaraz bizitzeko erabakiari eutsi diote.
Arduradun politiko hauek hartu duten erabakia txalogarria da eta euskalgintzak zein euskaraz bizi nahi duten herritarrek erabaki hori babestu eta eskertzen dugu. Hain zuzen ere, mobilizazio honekin, gure hizkuntza-politikak gauzatzen uzten ez diguten guztien jarrera salatzearekin batera, aurrera egiteko erabakia hartu duten horien jarrera txalotuko eta eskertuko dugu. Eta gainerako instituzioak ere hauek abiatutako bidea jarrai dezaten animatu nahi ditugu, gero eta gehiago izan daitezen.
Egoera honen berri emateko eta egoera hau salatzeko hauek dira antolatu ditugun mobilizazioak:
OTSAILAK 28, LARUNBATA
16:00 AUTOBUS GELTOKIAN DONOSTIAKO MANIFESTAZIORA JOATEKO
AUTOBUSEAN IZENA EMATEKO: Jardun euskara elkartean eta Pol- Pol, Arrano eta Kortazar tabernetan.
Prezioa: 10€ (langabetuak eta ikasleak 5€)
OHARRA: Ahalik eta jende gehienak mobilizazio hauen berri izan dezan eta zabalpena aurrera joan dadin zuen lagunartean, elkartean, erakundean… zabaltzea eskertuko genizueke.