Azkenekoz Nerea Alzelaik hartu zuen hitza, eta honek Bergarako Udal Euskaltegiko bere hiru ikasleri galdera hau luzatu zien: Zeintzuk dira euskaraz ikasitakoa erabiltzeko sumatzen dituzuen zailtasunak?. Jarraian Patxi, Marian eta Arantzazuk galderari erantzundakoa:
Sortutako galderak aukera paregabea ema dit Euskaltegian ikasitakoa erabili orduko sortzen zaizkidan arazoak zeintzuk diren azaldu ahal izateko. Horregatik, jarraian zailtasun horiek zeintzuk izan diren adierazten saiatuko naiz.
Nahiz eta orain berrogeita hamabi urte Bergaran jaio izan, sekula ez nuen euskara ikastea lortu. Nire haurtzaroan, gurasoek ez baitzekiten euskara, oso zaila zen ikastea, eta gero arrazoi batzuengatik edo besteengatik, inoiz ez nuen unea aurkitu ikasteko.
Beti izan dut euskara ez jakitearen arantza; horregatik, orain dela ia hiru urte Euskaltegian ikasten hasi nintzen. Oso pozik nago, gero eta euskara gehiago dakidalako. Baina kontziente naiz ikasitakoa erabiltzen ez badut Euskaltegitik kanpo, sekula ez dudala lortuko, eta momentu horretan, nahiz eta zailtasun ugari aurkitu ditudan ( beldurra, lotsa, eta abar), horrelakoak gainditzeko gai izango naiz. Baina konponbidea nire esku ez dagoen oztopo handi bat badago; nahiz eta nik euskara dakitenei euskaraz hitz egin, batzuek, ohituragatik, gaztelaniaz erantzuten didate.
Orain dela hogeita hamar bat urte, Kortazar tabernako horma batean Joxean Artzeren oso esaldi ezaguna zegoen:
“Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik”
Eta gaur, esaldi horretan pentsatzen dudanean, esan nahi duena ulertzen dut.
Horregatik, euskaraz dakitenei egin nahi diet galdera:
ZERGATIK EZ DUZUE EUSKARAZ BERBA EGITEN EUSKALDUN BERRIEKIN?
Patxi
II
Euskaltegian dabilen ikasleetariko bat naiz.
Esan behar dut nire garaian ez zegoela euskara ikasteko modurik, debekatuta zegoelako. Horren ondorioz, gure garaiko neska-mutil askok galdu genuen gure hizkuntza dena. Geroago sortu ziren ikastolak, eta mugimendu horrekin, berriro ere, errekuperatu genuen gure hizkuntzaren zati garrantzitsuenetariko bat.
Euskaltegiak ere lagungarriak dira euskalduntzeko momentuan, euren ekimenak erakusterakoan dauden erreminten bitartez; adibidez, hor daude, belarriprest, ahobizi, mintzapraktika, liburutegiak…
Euskara erabiltzen dugunok garrantzi handia ematen diogu euskara normalizatzeari eta herri euskaldun bat izatera iristeari.
Hau idazterakoan, aipatuko nuke sortu zaidan kezka bat: jendearentzat zer nahi duen esan euskalduntze hitzak. Nik ulertzen dudanez, gure egunerokotasunean normalki euskaraz hitz egin eta euskaraz bizi nahi du esan. Eta euskaltegien helburua hori dela esango nuke, gaizki ulertu ez badut.
Zoritxarrez, esango nuke nik derrigortuta bezala goazela ikastera; agintariek eta lanak agintzen dutelako, lan finko bat eskuratu nahi badugu titulu bat ateratzeko. Horregatik, euskara beste maila batean geratze zaigu.
Azken finean, euskararen erabilera gaurko eta biharko egunerokotasunera heltzea izan behar da helburua.
Nik ikasi dudan euskara erabiltzeko ez dut zailtasunik, baina batuera hitz egiteko, bai. Eta beste batzuengana iristerakoan, sumatzen dut euskaldun zaharrak berrientzat oztopo garela hitz egiterakoan. Hau da, taldeetan gaudenean, euskaldun zaharrak hitz egiterakoan, erdaldunak ez badu ulertzen, erdarara aldatzen dugu, eta hori eurendako oztopoak jartzea bezala da.
Marian
III
Astean lau egunez eta b orduz egunero, zintzo-zintzo joaten gara Euskaltegira, euskara ikastera eta hobetzera.
Han ikasitakoa geure ingurura zabaltzerakoan, badira zailtasunak gainditu behar ditugunak. Alde batetik, inguru erdalduna edukitzea; batzuek ez dakite, eta ezin eurekin euskaraz partekatu. Beste batetik, lan tresnak . Hauek, nire kasuan, gaztelaniaz daude, eta ez dut aukerarik euskara erabiltzeko, nahiz eta langile kopuru txiki batekin euskaraz jardun egunerokotasunean. Beste batzuetan, lotsa, beldurra,… Horiek ondo gestionatzen ikasi behar dugu, aurre egiteko; hau gure esku dago.
Gure esku ez dagoena parean dugun euskal mintzaidearen pazientzia falta da. Sarritan gertatzen zaiguna, norberak poliki hitz egin edota ezin bukatu esaldia, ezin aurkitu aditz egokia eta momentu horretan, gure lagunak primeran “laguntzen” gaitu esaldia bukatzen edota aditza osatzen.
Horiek dira neure ikuspuntutik zailtasun handienak. Beste asko egongo dira, baina hauek gainditzen baditugu, pauso handia emango dugu aurrera. Has gaitezen, bada, lehenengo pausoa ematen, eta galde diezaiegun euskaldun zaharrei adibidez, zer pauso emango luketen euskara ikasten ari garenoi bidea leuntzeko.
ZER PAUSO EMANGO ZENUKETE EUSKARA IKASTEN ARI GARENOI BIDEA LEUNTZEKO?
Arantzazu