Antzerki tailerrak hezkuntza tresna garrantzitsuak izan daitezke.
Lehenengo eta behin, azpimarratu beharra daukagu tailer hauen oinarria jolasa dela, jolasa ulertzen dugu giza ekintzaren oinarri gisa, eta jarrera aktibo eta dinamikoak ikasketa prozesua errazten du. Beste alde batetik, ahozko eta gorputz adierazpena bultzatzen ditu, giza komunikaziorako tresna nagusi gisa. Azkenik metodologia parte hartzailea da, talde lana, elkartasuna eta hausnarketa bultzatzen ditu.
Zurrumurruren ustez antzerki tailerrak umeentzat esperimentazio eta sormen gune ireki bat izan behar du.
HELBURUAK
- Norbere gorputzaren eta gainontzekoen ezagutza. (Autoestimua bultzatu, emozioak ezagutu, zentzumenak garatu…)
- Espazioaren jabetza.
- Ahotsa landu.
- Mugimendu naturala.
- Pentsatu, arrazoitu eta kritikatzeko gaitasuna sustatu.
- Komunikazioa landu.
- Izaera sozialeko gaitasunez jabetu. (taldean lan egiteko gaitasuna, talde lana antolatu eta planifikatzekoa…)
- Hizkuntza landu.
- Ahozkotasuna landu-
- …
HELBURUAK LORTZERA BIDERATURIKO JARDUERAK
JOLASA
Tailerraren helburua ez da aktore onak aurkitu edo prestatzea, umeari inguratzen duen munduarekin harremanak hobetzeko ezagutza, jarrera eta trebetasunak eskaintzea baizik. Honetarako ezinbesteko jarduera da jolasa, hori baita umeak errealitatearekin harremanetan jartzeko daukan bidea. Jolasa da umeen jardueraren oinarri. Gainera egitura intelektualak sendotzeko balio du, hauetaz jabetzen doazen heinean.
AHOZKO ETA GORPUTZ ADIERAZPENA
Tailer hauetan gorputz adierazpena landuko dugu gorputza eta bere aukerak ezagutu ahal izateko, garapen pertsonal eta inguruarekin harreman bide gisa.
Ahozko adierazpena lantzean inguruarekin harremana hobetu eta gatazken konponbide hobe eta positiboagoen bilaketa bultzatzen dugu. Hizkuntzaren ezagutzak arazoen ulermen handiagoa dakar eta ondorioz, irtenbide egokiagoak aurkitzeko gaitzen gaitu.
Ahozkotasuna lantzean hizkuntza aberastu eta erabilera bultzatzen dugu.
SORMENA ETA IRUDIMENA
Sormena eta irudimena lantzen ditugunean, ikasleari egoera zail eta ustekabekoen aurrean baliabideak eskaintzen dizkiogu. Lanketa posible bat istorioak sortu edota eraldatzea izan daiteke, bide batez irakurzaletasuna bultzatuz.
TALDE LANA ETA KOOPERAZIOA
Taldekide guztien parte hartzea bultzatzen duten jarduerak egiten ditugu,
guztien behar eta iritziak kontutan hartu; erantzukizunak hartzearen aldeko apustua da.
Jarduneko antzerki taldea 2 urte jarraian izan da Koldo Eleizaldeko lehiaketan antzerki sailan irabazlea.