Monthly Archives: maiatza 2015

Unamuno #7 “kiroletik lan mundura”
Zarautz izan zan gu bixok elkar topatu ginen herrixa, Anartz. Zu, bi semiekin eta ni alabiakin, danok arai gainian, ondo pasatzen, euskaraz berbetan. Bertan emon zostazun Jardun Euskara Elkartiak martxan ipinittako proiektuaren berri eta nik ezin ezetz esan.
Euskarak kirolian zelako presentzia dauka? Irla bat ez da eta neska mutilek kalian erabiltzen daben hizkuntza, kirolian be erabiltzen dabe. Ehuneko portzentaje handi batian kirolarien artian egitten dabe berba entrenamentuetan nahiz konpetizioetan. Entrenatzailiarekin aldiz, denbora gutxiautan egitten dabe berba. Bereiztu dittugun bi komunikazio mota hauek (entrenatzaile-kirolari eta kirolari-kirolari) ahalik eta euskaldunagoak izatia topatu biharko dogu. Bergarako herrixan, hauen egoeria eta garapena Udaleko Euskara Zerbitzuak baloratzen dau urtero, orri batian erantzuten dabe kirolariek ea nolako komunikazio motak dauzken euren artian eta entrenatzailiekin. Bestalde, euskaraz funtzionatzeko ikastaruak ere eskaintzen dabe Bergarako kirol talde danei zuzenduta.
Gurian, LOKATZA Zen, zuzendaritza historikoki oso euskalduna izan dogu, euskara maitatzen daben pertsonez osatua eta euskaraz berba egitera bultzatu doguna. Gure artian euskaraz egitten dogu, baina gaztelania ere erabiltzen da noizbait. Uste dot, oraingokuak lehengokuak baino konpromisu txikixaua erakusten dogula. Biharbada, gaur egun gizartian dagoen izaera elebidunak, euskararekiko konpromisua jeistera eruaten dau eta berriketaldi berian euskaraz eta gaztelaniaz jarduten dogu batzuetan.
Aipatutako arazo horri nola aurre egin kirolari esker? Prestijiuak garrantzixa dauka eta hala etorri izan dia guregana adibidez Jagoba Arrasate edo Markel Irizar kirolariak, euskarak zelako presentzia daukan kirolian azaltzera. Ereduak ere eskaini bihar die eta hortxe sekulako lana eitten dau adibidez ETB telebista kataiak. Bertako kazetarixen esaldi eta esamolde asko eta asko badauzkagu barneratuta eta kirolari buruz berba egitteko erabiltzen dittugu. Eta nola ez, entrenatzaillien erabillera kirolariekin berebiziko garrantzixa hartzen dau.
Aurreko hau nahikua da ala beste aurrepausu bat emon biharra dago?
Hizkuntza mundua ezagutzeko modua da, bai jakintza maillan eta bai afekto maillan. Baina danekin berdin ezin da. Ama hizkuntza desberdinak dittuzten kirolarixak egotiaz gain, hizkuntzarekiko bakoitzak kalian bizi daben egoeria ere ez da berdina izaten. Horregaitik, kirolari danak ezin dira patroi berdinarekin tratatu baina bai oinarrizko jakintza eta elkar harreman batzuk eskaini. Entrenatzailien betebiharra hori izango litzake eta aipatutako oinarrizko eduki horiek identifikatzia eta transmititzia plangintza baten ondorioa litzateke.
Nola planteiatu guzti hau? Biharbada ideiaren bat hartu ahalko giñuke Antzuolako Elay enpresatik. Euskara Plana bertan behera lagatako enpresa dogu. Arrazoia? Planak bere frutuak emon dittuela eta gaur egun euskaraz lan egitten dabela ehuneko ehunian. Euren gizartia euskaldundu dabe eta metodologia egokixa aukeratuz posible dala erakutsi doskue.
Honen berri zuk oso ondo emon ahal doskuzu Kristina, Elay enpresak izandako prozesua oso ondo ezagutzen dozu eta. Gorabehera asko izan ditxuzue? Oztopo asko? Langilien konpromisua haundittu al da euskararekiko? Beste esparruek zuena kopiatzeko modua ikusten dozu?

Leku aldaketa – Gaurko jolas leku ibiltaria Oxirondon
Jardun euskara elkarteak, gaurko, maiatzak 15, Seminarioko patioan jolas leku ibiltaria zuen antolatuta.
Eguraldi txarra dela eta, jolas leku hau Oxirondoko aisialdi gune librean egingo da arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara.
Jolas leku hauek haur eta gurasoek parte hartzeko antolatuta daude, familia transmisioa lantzeko helburuarekin.
Beraz, animatu zure seme-alabekin gerturatu eta parte hartzera!

Udako euskarazko IV. postal lehiaketa
Uda iritsi da berriro ere, eta berarekin batera oporrak, bidaiak, jaiak, eguzkia eta aisialdirako tartea. Aurten, laugarren aldiz, JARDUN EUSKARA ELKARTEAk udako euskarazko postal lehiaketa antolatu du. Udak askorako ematen du, eta oporretan urrutira joan edo bertan geratuta ere, istorio txikiek asko esan dezakete.
Lehiaketaren helburu nagusia komunikazio informal eta idatzietan euskara erabiltzea da.
OINARRIAK
1- Lehiaketa honetan edozein pertsonak parte har dezake, nahi beste postal bidaliz.
2- Postal guztiak jatorrizkoak eta euskaraz idatziak izan beharko dute.
3- Postalak edozein lekutatik posta arruntez helbide honetara bidali beharko dira:
UDAKO EUSKARAZKO IV. POSTAL LEHIAKETA
Jardun Elkartea, Errotalde jauregia z/g
20570 Bergara – Gipuzkoa
Informazio gehiago: 943763661-605712469 telefono zenbakian edo
www.jardun.eus web orrian aurki dezakezu.
4- Postalak jasotzeko azken eguna 2015eko irailaren 18a izango da.
5- Gaia librea da. Ez ahaztu postalari zure telefono zenbakia jartzea.
6- Saria: Tablet bat.
7- Epaimahaiak besteak beste, postalaren edertasuna, orijinaltasuna, edukia eta idazkera baloratuko ditu.
Animatu parte hartzera!!!

ZAHARBERRI ETA BERRIKETANEKOAK BASTIDAN
Joan den larunbatean, hau da, maiatzaren 9an, Zahar Berrik eta Berriketan egitasmoak antolatzen ditugun aste bukaeretako ekintzen barruan, Arabar Errioxara joan ginen. Bertan, egun osoz Fran Zumalabe arkeologoa izan genuen bidelagun. Lehenik, Sonsierrako Peciña inguruan aurkitzen den Santa Maria de la Piscina XII. mendeko ermita ezagutu genuen, baita inguruan dauden nekropoliak eta trikuharria ere. Ondoren, San Vicente de la Sonsierrako gaztelurantz abiatu ginen, garai batean Nafarroako erresumako defentsako gaztelu ederra gertutik ezagutzera.
Inguru hauetan gaztelu, nekropoli eta trikuharri asko dago, luzaroan lur oparoa eta bizitza egon den seinale.
Bastidara gerturatu, Arabar Errioxako jan eta edana dastatu eta denok pozik bueltatu ginen. Egun edarra pasatzeaz gain, Euskal Herriko historiaren zati garrantzitsu bat ezagutzeko aukera ere izan genuen!! Eskerrik asko Fran!!

Agirre #6 “eta kirolean?”
Anartzek Uxueri erantzuten kataiari segida ematen dion idatzia:
Galdera edarra luzatu dostazu, Uxue. Neuk jakingo baneu zetan in doun kale! Ondo esan dozun moduan neu be asko kezkatzen nauen gaixa da umien euskeriana. Nik 3 eta 5 urteko bi txiki dauzkat etxian eta bixek euskera dauke ama hizkuntza. Txikixenak oindino ez dau euskeraz baino eitten baina haundixena hasi da gazteleraz poliki-poliki. Eskolan dozena bat inguru die klasian ta tartian badare euren gurasuek euskeraz ez dakixen hiruzpalau ume. Ba nahikua die hiruzpalau horren umiak (ama hizkuntza gaztelera daukenak) gainontzeko danak nahastu eta gazteleraz eitteko. Jakingo bazinu ze gogorra eitten jaten nere umia lagunekin gazteleraz ikustia! Nik ez daukat akorduan, baina 5 urtekin seguru nago euskaraz baino ez nebala eitten lagunekin. Aurrerao, nerabezaro garaixan, nausixau plantak ein asmoz edo gazteleraz hastia lagunartian edo nahiko normala izan da baina 5 urtekin joera hori ez dot sanua ikusten. Ta nun da Debagoienan, euskal eremu batian gainera. Arazua, baina ez da umiena, gurasuena baizik. Umiek gurasuei ikusittakua errepikau baino ez dabe eitten-eta. Eskola kanpuan umien esperuan egoten ganian imajinauko dozu zein izaten dan han entzuten dan hizkuntzia, ez? %90 erderaz jo ta fuego!
Urrin jun barik Zarauzko kasua jarriko neuke ispilu moduan. Sarritxan juten naiz bertara astebukaera edo oporrak pasatzera ta gustua emoten dau ikustiak hango umiek ze natural eitten daben euskaraz. Hikaz gainera! Kuadrila oso-osuak, neska zein mutil, umetxo edo gazte, danak barriketan euskara ederrian. A ze inbidixia. Edo bitxako bat, familixa dana hartu ta Zarautzera noia bizitzera edo hango euskera-ohitxurak gurera ekartzen asmau bihou. Zelan? Ez dakitx, baina seguru nago kirola izan leikiela ume eta gaztetxuenen artian euskeria sustatzeko moduetako bat. Askotan ikusten die entrenatzaile erdaldunak bai futbol, saskibaloi edo eskubaloi taldietan. Ume danak euskaldunak eta entrenatzailia aginduak gazteleraz emonez. Euskeria beste behin jokoz kanpo lagaz. Bergaran gaur egun ez dakitx arlo hori nola dagon ta zein egokixaua, Jon, zeu baino horren inguruan hausnartzeko. Umetatik sartuta zare Lokatzan Bergarako Ziklismo Eskolan ta gaur egun bertako lehendakarixa izaki, ze iritzi daukazu gai honen inguruan? Zeuek euskeria erabiltzen dozue umiekin? Entrenatzailiak topatzerakuan euskalduna izatia baldintzetako bat da? Euskeriak kirolian ze pisu dauka gaur egun Bergaran?
Errelebua emon dotzut, oin zeuri tokatzen jatzu tropeltxotik tiratzia!
Jardunen 25. urteurreneko ekitaldia (Maiatzak 16, 13:00, UNED-en)
Maiatzean 25 urte beteko dira Jardun sortu zela.
Hori dela eta, urteurrena ospatzeko ekitaldira gonbidatu nahi ditugu Bergararrak.
Ekitaldian UNED-eko areto nagusian izango da Maiatzak 16, 13:00ean.
Agerraldi xume bat egingo da eta ospakizunaz gozateko jan eta edatekoa izango da.
3, 2, 1… Jardun!