Monthly Archives: urria 2015

Paella lehiaketa
Jardun euskara elkarteak bere 25. urteurrena ospatzeko jaia egingo du azaroaren 21ean.
Egun osoko egitaraua antolatzen ari gara eta tartean paella lehiaketa egingo da eguerdiko 12:00etan Udal pilotalekuan.
Hemen dituzue lehiaketaren oinarriak:
– Azaroaren 21ean ospatuko da eguerdiko 12:00etan Udal pilotalekuan
– Herritarrak banaka edo taldeka (gehienez 4 pertsona) parte hartu ahal izango dute. Talde bakoitzean gutxienez 18 urtetik gorako partaide bat egon beharko da.
– Paella prestatzeko mahaiak, sutegiak eta ontzia (paellera) antolakuntzak emango ditu. Bestelako tresneria guztia (laban, sardexka…) parte hartzaileek eraman beharko dute.
– Paella prestatzeko honako osagaiak antolakuntzak emango ditu: arroza, tipula, berakatza, olioa, gatza eta oilaskoa. Gainerako osagaiak parte hartzaileen esku geratuko dira.
– Jana lehiaketan bertan prestatu beharko da, salda bakarrik eraman ahalko da aurrez egina.
– Talde bakoitzak gutxienez 10 pertsonentzat paella prestatu beharko du. Prestatutako paella guztiak ondoren egingo den bazkarirako izango dira.
– Izen emateak: azaroak 13ra arte Jardunen (bulegoan, jardun@topagunea.com edo 943763661/605712469 telefono zenbakietan) edo Pol-Pol, Kortazar, Arrano, Hamaika eta Udal pilotalekuko tabernetan.
Izena ematerakoan taldearen izena eta harremanetarako pertsona eta telefonoa eman beharko dira. Izen ematea doakoa izango da.
– Sari hauek banatuko dira:
1. saria: 100 euroan baloratutako jatordua herriko jatetxe batean
2. saria: urdaiazpikoa eta gazta
Parte hartzen duen talde bakoitzari bazkarirako bi txartel emango zaizkio.
– Epaimahai sukaldaritzan adituak diren pertsonek osatuko dute.
– Epaimahaiak paellaren zaporea, puntua eta itxura baloratuko ditu.
– Paellak 14:00etan aurkeztu beharko dira epaimahaiaren aurrean.
– Parte hartzaile guztiek erabilitako gunea eta materiala jaso eta txukun uzteko ardura izango dute.
– Lehiaketan parte hartzeak araua hauek eta epaimahaiaren erabakia onartzea dakar.
ANIMATU!!!

Gipuzkoako bertsolari txapelketako finalerako sarrerak
Abenduaren 20an, arratsaldeko 17:00etan hasita Donostiako Illunben jokatuko den Gipuzkoako bertsolari txapelketako finalerako sarrerak salgai daude Jardunen.
Azaroaren 20ra arte egongo da sarrerak erosteko aukera eta sarreren prezioa 20 eurokoa da.

EUSKARAZKO LIBURUEN TRUKE AZOKA Azaroaren 2tik 20ra
Jardun euskara elkarteak EUSKARAZKO LIBURUEN TRUKE AZOKA antolatu du, azaroaren 2tik 20ra bitartean.
HELBURUAK
Egitasmoaren helburu nagusia euskal irakurketa suspertzea da, liburuen berrerabilpena bultzatuz.
NOLA?
Dagoeneko erabili ez eta egoera onean dauden liburuak JARDUN EUSKARA ELKARTEra (Kultur etxea) ekar daitezke.
Liburuak sailkatu egingo dira adinaren arabera (haur, gazte eta heldu) eta liburu bakoitzeko txartel bat emango da.
Ondoren, txartel bakoitza sailkapen bereko edozein liburugatik trukatu ahal izango da.
LIBURUEK BETE BEHARREKO BALDINTZAK
* Egoera onean eta odorik egon behar dira.
* Bildumak, kopurua edozein izanda er, txartel bakar baten truke aldatuko dira.
* Liburuak euskarazkoak izan behar dute (haur, gazte zein helduen liburuak).
* Ez dira onartuko sexu bereizketarik sexu bereizketarik edo indarkeriaren aldeko jarrerarik erakusten dituzten liburuak.
* Ikas liburuak ez dira onartuko.
LIBURU BILKETA
Liburuak jaso, egoera onean daudela egiaztatu eta hala bada, truke azokarako txartela emango da.
EGUNAK: Azaroaren 2tik 19ra
ORDUTEGIA: 9:00 – 13:00 / 15:00 – 19:00 (ostirala 18:00)
LEKUA: JARDUN (Kultur etxea)
TRUKE AZOKA
Txartelaren truke liburu bat hartzeko aukera egongo da.
EGUNA: Azaroaren 20a
ORDUTEGIA: 18:00 – 20:00
LEKUA: SAN MARTIN plaza
LIBURUAK PERTSONEN GARAPENERAKO TRESNA EZIN HOBEA DA, BERAZ, IRAKURRI!!!

ERRIGORA ETA XIBEROKO OTARRAK
Kaixo euskaltzale,
Beste urte batez, Debagoieneko euskara elkarteok bat egin dugu Errigorak eta Xiberoko Eperra ikastolak abian jarritako kanpainekin. Janari-sorta bikainak eskaintzen dituzte biek ala biek, helburu bertsuak dituztelarik: tokian tokiko produktuak ezagutzera ematea eta Euskalgintzaren egoera ekonomikoa hobetzera.
Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainak 15 ekoizlek arreta eta maitasunez ondutako saskia eskaintzen du, 50 €ren truke. Saski bakoitzaren balioaren %25a zonalde horretako euskalgintzara bideratuko da. Zehazki, Lodosa eta Vianako ikastoletara, Erriberako AEKra eta D eredua Nafarroa osora hedatzeko ekimenetara. Eskaerak azaroaren 8rako egin behar dituzue AED, Loramendi edo Jardun elkarteetan.
Xiberoko kanpaina, berriz, eskaintza bikoitzarekin datorkigu: Ahüzku otarra, 40€ren truke, eta Irati otarra, 52€ren truke. Etekinak Xiberoan euskararen trensmisioa ziurtatzeko hain ezinbestekoa den ikastolaren alde bideratuko dira. Eskaerak abenduaren 4ra bitartean egin ditzakezue, AEDn, Loramendin zein Jardunen, ordainketa aldez aurretik egin eta gero, Laboral Kutxako zenbaki honetara: 3035 0059 87 0590098962.
Eskerrik asko zuen elkartasunagatik!!!

Azaroak 21a gorde agendan
Jardun euskara elkartearen 25. urteurrena ospatzeko jai eguna egingo da azaraoren 21ean.
Egitarau polita ari gara antolatzen eta aurrerago emango ditugu zehaztazun gehiago. Hala ere, aurreratzen dizuegu besteak beste, paella lehiaketa, mosaikoa, bazkaria, dantzaldia… egongo direla.
Animatu parte hartzera, guztiok osatzen dugu Jardun!!!

URRIAREN 28AN, ASTEAZKENA 20:00ETAN ZABALOTEGI ARETOAN BELTZEAN MINTZO DOKUMENTAL EMANALDIA ETA SOLASALDIA
Jardun euskara elkarteak “Beltzean mintzo: Ameriketako jatorrizko hizkuntzen arnasaz” dokumental emanaldia antolatu du.
EGUNA: urriak 28, asteazkena
LEKUA: Zabalotegi aretoa
ORDUA: 20:00
SARRERA: DOAN
ZUZENDARIA: GARABIDE ELKARTEA
ADINA: Guztiontzat
Garabidek “Beltzean mintzo: Ameriketako jatorrizko hizkuntzen arnasaz” dokumentala aurkeztu eta Euskal Herriko hainbat herritan eskaini ondoren, oraingo honetan Bergarako Zabalotegi aretora iritsi da.
Dokumentala ikusi ondoren, solasaldia egingo da Garabide elkarteko Maddi Iñarra eta Ander Bolibarrekin.
SIPNOSIA:
Zer ari da gertatzen Ameriketako hizkuntza handiekin? Nola iksuten gaituzte euskaldunok gainerako hizkuntza gutxituetako kideek? Lagun ahal dakieke euskal esperientziak beraien hizkuntza berreskurapen prozesuan?
Lehen aldiz 7 hizkuntza komunitateko 14 pertsonek euskararen herriari buruzko beraien gogoetak oparituko dizkigute. Kitxua, nasa, nathuatl, kaqchiquel, aimara, maputxe eta maia yukatek hizkuntza komunitateetako ordezkariek beraien hizkuntzaren egoeraz eta euskararengandik ikas dezaketenaz hitz egiten digute eta, bide batez, guk haiengandik ere ikasteko aukera eskaini.
Bertan ikusiko garelakoan, agur bero bat.

Gandiaga#10″gazteria eta euskara”
Idoia Larrañaga De La Presak pasatako testigua hartuz, jarraian duzue Aitzol Gandiagak gazteen eta euskararen inguruan idatzitako iritzi artikulua.
Euskararen inguruan kezkaz hitz egiten den aldiro irteten da hizkuntzaren erabilera makurra eta nola ez, batez ere gazteon euskara erabilera exkaxa.
Ume izateari laga eta “adinez nagusi” izan arteko tartea omen da gazte izatea. Gauza jakina da gaztarora heltzerako gehientsuenak lagunartean gaztelera erabiltzera pasata daudela jada, Anartz-ek esan bezala faktore ezberdin askoren ondorio izan daiteke hori. Ume izatetik gazte izaterako salto horretan euskara erabiltzera itzultzea zaila izan daiteke, era kontziente batean egin beharreko zerbait da eta askotan zure buruarekiko edota inguruarekiko burugogorra behar da izan. Seguru nago euskaltzale askok salto hori ezin eman eta lagunarte erdaldun batean jarraitzen dutela.
Burugogorra esan dut bai, lagunartea aisialdiari oso lotuta aurkitzen da eta gaur egungo gazteon aisialdi kontsumoa ez baita oso euskalduna; Prentsa gehiena, taberna gehienetako musika, kirol espektakuluak…
Gazteak ez gara gazte jaio izan eta adinez nagusi izatera ere pasako gara. Askotan euskararen erabileraren inguruko ardura dagoenean gazteei begira pasatzeko ohitura daukagu, baina gazteok ume izatearen eraginpean bizi gara eta adinez nagusi izango garen begiradekin.
Bergarako gazteon ia %100 gara euskaraz hitz egiteko kapaz eta erdiak ere ez gara lagunartean hala egiten dugunok, badaukagu kezkatzeko nahikoa arrazoi baina egia esan ez daukat formula magikorik Idoia, gustatuko litzaidake! Euskaren alde dagoen jende hori euskararen alde egitera pasatzen badugu seguru bide onean joango garela.
Zorionez bada gai honekiko kezka azaldu eta herrian gazteria euskaldun baten alde lanean hari den koadrilatxo bat, euskara hutsean egiten den gazte asanblada eta gazte antolakunde bat, euskara elkarteak dinamizatzen duen gaztelekua, euskaraz aritzen diren kirolariak… Gai honetan gazteok izan behar dugu gazteriarengan eragingo dugunak eta gure gustuko eremuetan eragitea da duda gabe klabeetako bat.
Heldu, ume zein gazte izan kultura guztiok daukagu gustuko eremu eta gizarteko aldarrikapen askotan eragiteko tresna ere bada. Nola eragin dezake kulturak hizkuntza batean? Euskara kulturarekin nahasteko ohitura du jende askok, ona al da hori?… ziur nago kultura munduan dabilen Ander Bolibar-ek badaukala zer esanik!

UDAZKENEKO JOLASLEKU IBILTARIAKK
Udazkeneko jolasleku ibiltariak martxan jarriko ditugu, ostiral honetatik aurrera. Haur eta gurasoentzat jolasak eta kantu jolasak eskeiniko dizkiegu familia transmisioa helburu izanda.
Arratsaldeko 17:00etatik aurrera, 3 ostiraletan, Bergarako txoko ezberdiñetan egongo gara:
– Urriak 9: Seminarioko patioan
-Urriak 16: Errotalde parkean
-Urriak 23: Usondoko parkean
Eguraldi txarra eginez gero, Oxirondoko aisialdi gunean egingo dugu

LUDOTEKAK, IKASTURTE BERRIAREKIN MARTXAN!
Ikasturte berriarekin batera, martxan dauzkagu Osintxuko eta Bergarako ludotekak 4-12 urte bitarteko haurrentzat.
Ekintza ugariz beteta dator urriko programaketa ere.

TXAPLIGU, ASTEBURUKO AISIALDIA BERRIZ ERE MARTXAN!
Txapliguko 2015-16 ikasturtea martxan hasiko da asteburu honetan, urriak 3 arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Oxirondo azokako 2. solairuan.
Ate irekiak izango dira urriak 3-4 eta urriak 10-11 asteburuak. Beraz, 8-12 urte bitarteko gaztetxoak bertara gerturatu eta asialdi euskaldun batez gozatzeko lekua izango dute bertan.