Monthly Archives: ekaina 2017

Santamaria#20 “haurren hizkuntza joera”
Zerk eragiten du haurrek egunerokotasunean hizkuntza joera bat edo beste izatea?
Zuk bota didazun galdera ere ez da makala, Ana Moñux, baina saiatuko naiz euskaldun eta euskaltzale izateaz gain, ama eta irakasle naizenez, ahalik eta erantzun zintzoena ematen.
Zein hizkuntzatan hitz egiten dugu familian? Zein hizkuntzatan jolasten dugu? Eta haserretu? Euskaraz amesten al dugu (lotan zein esna)? Gure gozamenak zein kolore linguistiko du? Gure haurren hizkuntza joerari buruz ari garenean galdera guzti hauek, eta beste hainbat, datozkit burura. Halere, zerk eragiten duen edo ez esaten hasi aurretik, haurren adinaren garrantzia aipatu nahiko nuke. 0-6 adin tarteko haurren ama naizen aldetik, garai honetan (eta zertxobait aurrerago arte, esango nuke), zuk aipatu duzun bezala, Ana, emozioen pisu eskerga nabarmendu nahiko nuke, harreman edo lotura emozionalek gidatzen baitute, gehienbat, haurren bizitza. Lotura emozional sendoena familia gunekoekin (guraso zein anai-arrebekin) dutela esango nuke, eta hauek izango dira, ezinbestean, haurraren hizkuntza joeran eragin handiena izango dutenak. Honez gain, lagun, ikastetxeko testuinguru eta aisialdiak ere badute zeresanik, noski, gozamenak eta hizkuntzak bikote garrantzitsua eratzen dutela uste baitut. Baina azpimarratu nahiko nuke, nire ustez, haurra eta eragilearen arteko lotura emozionala ahultzen doan heinean, azken honek haurren hizkuntza joeran duen eraginak ere norabide bera hartzen duela. Josep María Artigalek dioen bezala, “hizkuntza ikaskuntza prozesua denbora-espazioan oinarritzen da”, hau da, garrantzia handia du nork esaten duen, non eta noiz. Ez da berdina ama lotarakoan edota bizilagun bat atarian entzutea, alegia. Hortxe lotura afektiboaren garrantzia.
Adinak aurrera egiten duen heinean, eragileen balantza mugitzen hasten dela esango nuke, eta, aisialdiak, lagunek, internetek, telebistak eta guztiok dakizkigun zerrenda luze horretako elementuak garrantzia eta zeresan handia hartzen hasten dira. Gurasoon erronka zaildu egiten da orduan. 10-12 urteko ikasleen irakaslea naiz (ama bezala ez dut oraindik hau esperimentatu), etxeko hizkuntza nagusitzat gaztelera dutenena edo ez, eta adin hauetan, gazte hauen hizkuntza joera beste eratako aldaketa ebolutiboen zurrunbilo berean aurkitzen dela esatera ausartuko nintzateke, baita euskararekiko jarrera ere. Honen aurrean, beharrezkotzat jotzen dut euskara eskolako derrigortasun eta betebeharretatik haratago indartzea, aisialdi eta gozamenean, hain zuzen ere. Nire esperientziaren arabera, adin hauetan gozamena (aisialdia, lagunak, hobby-ak, etab.) zein hizkuntzatan jaso, hizkuntza huraxe gailenduko da haur-gazte hauen etxetik kanpoko egoeretan.
Honen arira, gure errealitate linguistikoa anitza bezain zaila denez, ia familia bezain beste hizkuntza joera edota errealitate ditugula esan genezake, baina kontua zera da, nola lortu haur edo gazteek, duten etxeko hizkuntza dutela, euskara maitatzea? Euskararekin eta euskal munduarekin lotura afektibo egonkor bat sortzea? Hemen ere, gizarte erronka baten aurrean gaude, baina ausartuko nintzateke, berriz ere, aisialdi, gozamen, sorkuntza munduari aipamen berezi bat egitera. Derrigortasunetik urrunduz eta gozamena piztuz, alegia.
Bergarako Kartzela Zaharreko Haur eta Guraso Asanbladan familiok arteaz, sorkuntzaz zein ikuskizunez euskaraz gozatzeko aukera izaten dugu sarritan. Parte hartzera zein ikusle izatera animatzen zaituztet, ea euskal mundu artistikoak euskararekiko maitasuna sendotzen digun. Eta, gaiak honela eskaturik, sorkuntzarekin harreman zuzena duen bergarar bati luzatu nahi nioke hurrengo galdera, Ana Abajori. Ana, irakasle izateaz gain Arte Ederretako graduduna da eta artea du hizkuntzatzat. Egia al da, Ana, arteak, sormenak, sorkuntzak euskararekiko maitasuna indar dezakeela? Eragiten du sormenak, beraz, hizkuntza joeran?

Helduen antzerki eskola kalera irtengo da
Aurtengo kurtsoan martxan jarri den helduen antzerki eskola kalera irtengo da. Ostegun honetan, ekainak 29, pintxopote orduan kalean zehar ibiliko dira ikasturte honetan ikasitakoa erakusteko.
Ez galdu aukera eta gerturatu zer prestatu duten ikustera!

Gustora ibili ginen ludoteken jaian
Pasa den egubakoitzean ludoteken jaia ospatu genuen Oxirondon. Osintxu, Angiozar eta Bergarako ludotekariek amaiera aparte eman zioten ikasturteari. Egualdiak asko lagundu ez zuen arren ur jolas batzuk egin genituen. Bukatzeko, denok abeslari eta dantzari lanetan ibili ginen eszenatokian.

Aloe Vera krema eta kanpina egiten Osintxuko ludotekan
Aste honetan ere primeran pasatu dute Osintxuko ludotekan gaztetxoek. Aloe Verazko krema egiten ibili ziren eta itxura ederra hartu zuten gainera. Beste egun batean kartoiarekin kanpinak egin zituzten eta pila bat disfrutatu zuten honekin ere.
Hau da hau artista kuadrila!

Udako euskarazko VI. postal lehiaketa
Uda iritsi da berriro ere, eta berarekin batera oporrak, bidaiak, jaiak, eguzkia eta aisialdirako tartea. Aurten, laugarren aldiz, JARDUN EUSKARA ELKARTEAk udako euskarazko postal lehiaketa antolatu du. Udak askorako ematen du, eta oporretan urrutira joan edo bertan geratuta ere, istorio txikiek asko esan dezakete.
Lehiaketaren helburu nagusia komunikazio informal eta idatzietan euskara erabiltzea da.
OINARRIAK
- Lehiaketa honetan edozein pertsonak parte har dezake, nahi beste postal bidaliz.
- Postal guztiak jatorrizkoak eta euskaraz idatziak izan beharko dute.
- Postalak edozein lekutatik posta arruntez helbide honetara bidali beharko dira:
UDAKO EUSKARAZKO VI. POSTAL LEHIAKETA
Jardun Elkartea, Errotalde jauregia z/g
20570 Bergara – Gipuzkoa
Informazio gehiago: 943763661-605712469 telefono zenbakian edo www.jardun.eus web orrian aurki dezakezu.
- Postalak jasotzeko azken eguna 2016ko irailaren 17a izango da.
- Gaia librea da. Ez ahaztu postalari zure telefono zenbakia jartzea.
- Saria: Tablet bat.
- Epaimahaiak besteak beste, postalaren edertasuna, orijinaltasuna, edukia eta idazkera baloratuko ditu.
Parte hartu eta animatu zure postala bidaltzera!

Osintxun pasa zuten arratsaldea astelehenean Osintxuko eta Bergarako ludotekariek
Astelehen arratsaldean Oxirondoko ludotekariak Osintxura joan ziren bertako lagunekin jolastera. Autobusean egin zuten joan etorria eta askorentzat esperientzia berria izan zen Osintxura joatea. Benetan egun zoragarria izan zen. Egubakoitzean berriro ikusiko dute elkar ludoteken jaian. Oraingo honetan Angiozarkoak eta osintxukoak etorriko dira Bergarara.

Gure dendak EUSKARAZ jantzi nahi ditugu
Gaur hasi eta ekainaren 29ra bitartean Bergarako jantzi eta oinetako dendetan kanpaina berri bat jarriko da martxan.
Kanpainan parte hartzeko bi aukera ezberdin daude:
-Kanpainan parte hartzen duten dendetan erosketa egin eta zuzenean zozketarako zenbaki bat izango duzu.
-Denda ezberdinetan jarriko diren bertsoak osatu.
Euskara bistaratzen
dabil dendaria
herritarrek sortua
da ta eskaria
martxan jarriko dugu
kanpaina berria
osatu bertsoa ta
eraman saria
Kanpainan parte hartzen duten dendetan 4 bertso ezberdin daude banatuta. Bertso bat osatu behar da eta idatziz edo abestuta Jardunera, whatsappez (605712469) edo idazlaguna@gmail.com-era bidali izen abizenak eta telefonoa jarrita.
Bertsoa abestuta bidaltzen baduzu saria irabazteko aukera bikoitza izango duzu!
Sari bezala 60 euroko 2 bono zozkatuko dira kanpainan parte hartzen duten dendetan gastatzeko. Zozketa ekainaren 30ean egingo da eta saria jasotzera Jardunetik pasa beharko da uztailaren 21a baino lehen.
Animatu bertsoak osatu, kantatu eta sari bikainak irabaztera!
Kanpainan parte hartzen duten dendak: Gallastegi, Xuxu, Gracian, Lonbide, Anezka, Arian, La Barata, Igartza, Iratxo, Subijai, Leize, Junbiju, Mujika sastreria, Urkiola, Titarak eta Lazkano.

Bueltan da Euskal Triviala
Aurreko urteko arrakasta ikusita aurten ere martxan jarriko da Euskal Triviala. Jolas honek, Euskaraz jolastu eta gozatzeko aukera emateaz gain, Gipuzkoari buruzko ezagutza lantzeko aukera eskainiko digu. Izan ere, aurreko urtean Bergarari buruzko galderak izan ziren baina oraingo honetan Gipuzkoari buruzko galderak izango dira.
Parte hartzeko oinarriak:
-Edonork parte har dezake, banaka edo taldeka (gehienez 4 kide)
-Parte hartzaile bakoitzak behin bakarrik parte har dezake
-Parte hartzaileen adinaren arabera 3 kategoria egongo dira:
.A kategoria: LH 4, 5 eta 6
.B kategoria: DBH eta Batxilergoa
.C kategoria: 18 urtetik gorakoak
-15 galderako galdetegiak bete beharko dira
-Galdetegiak bete eta kutxetan sartzeko epea ekainaren 7tik 30era (kutxak ikastetxeetan, Udaletxean, Kultur Etxean, Agorrosinen eta Gaztelekuan)
-Parte hartzaileen eta asmatzaileen artean (gutxienez 12 erantzun zuzen) sariak zozkatuko dira uztailaren 13an, 18:30ean, Kultur Etxean
-Sariak Elkar megadendan euskarazko kultur produktuak erosteko 20 euroko bonoak izango dira
Animatu eta parte hartu euskaraz gozatzera!

Ekaina Gaztelekuan
Ekainean zehar ez da aspertzeko aukerarik izango Gaztelekuan! Gerturatu eta parte hartu antolatu diren ekintzetan!

Ekaineko Ludoteketako eskaintza
Ekainean zehar ere primeran pasatzeko aukera izango da Angiozarko, Osintxuko eta Bergarako ludoteketan. Kurtsoa ganoraz amaitzeko sekulako egitaraua prestatu dute oraingoan ere!