Monthly Archives: maiatza 2018

Primeran Auzoko egunean
Zapatuan Auzoko eguna ospatu zen Soraluzen eta bertan izan ziren Bergarako Auzoko taldeko kideak ere. Goizean zehar dinamika ezberdinak burutu ziren eta dantza saio bat ere izan zen. Urtero bezala arrakasta gehien izan zuen unea, herrialde ezberdinetako jakiak dastatzekoa izan zen. Benetan goiz polita pasa zutela bertara joan zirenek.

Jaietako zapirako esaldi eta marrazki irabazaleak
Aurtengo jaietako zapiek ere badute marrazki eta esaldia. Berrikuntza bezala, bi zapi ezberdin aterako dira aurten lehen aldiz, bata betiko zapia eta bestea haur zein gaztetxoentzat txikiagoa. Zapi handiak Eneko Ibañezen marrazkia eramango du eta txikiak ordea Elaia Mairerena. Bi zapiek honako esaldi hau izango dute: aho bizi, euskaraz bizi!
Zorionak irabazleei!
Zapiak herriko zenbait tabernetan eta jaietako ostiralean San Martin plazan jarriko den mahaian salduko dira 3 eurotan.

Maiatza Txapligun
Hemen daukazue Txapliguko gaztetxoek hezitzaileekin batera osatu duten maiatzeko kartela!

Igartua#”Euskara Europako erakundeetan”
Boisetik Brusela aldera jo du Kataiak oraingo honetan, Mikel Igartua Bergararra han dabil lanean eta bertan euskararekin duen loturari buruz hitz egin digu:
“Bi urte dira Bruselan bizi naizela, eta urte bat Europako Batzordean lan egiten dudala. Leku aproposa iruditzen zait kate hau euskarak Europar Batasunean betetzen duen lekuaz jarduteko; eskerrak, beraz, hitza emateagatik. Hasi aurretik, gogorarazi nahiko nuke Europar Batasunak hiru erakunde nagusi dituela: Europako Batzordea, Europako Parlamentua eta Kontseilu Europarra. Nik lehenengoan egiten dut lan.
Lanbidez itzultzaile eta interprete izanik, Europako
Batzordeko interpretazio zerbitzuan lan egiten hasteko aukera sortu zitzaidan 2017ko martxoan. Interpretazioa “ahozko itzulpena” da, ezinbestekoa Europako erakundeetan egunero antolatzen diren bilera eleaniztunetan parte-hartzaileek elkar ulertzeko.
Kasu gehienetan, aldibereko interpretazioa erabiltzen da, parte-hartzaileak hitz egiten duen heinean itzultzen du interpreteak, segundu gutxi batzuko atzerapenarekin. Lan zaila da, horregatik egiten dute beti binaka edo hirunaka lan interpreteek, 30 minutuko txandatan, ondo interpretatzeko kontzentrazio maila ezin baita mantendu 30 minutu baino gehiagoz. Gainera, ondo lan egiteko, interpreteek soinuz isolatutako kabinetan egiten dute lan, eta bileran erabiliko diren dokumentuak aurretik jaso behar dituzte.
Ezin dugu ahaztu 24 hizkuntza ofizial daudela Europar Batasunean, eta 24ak erabiltzeko eskubidea dute parte-hartzaileek (aurretik adostuta). Nire zerbitzuaren lana da bilerok antolatu eta interpretazioa koordinatzea. Nik oraingoz bulegoan egiten dut lan, eta ez interprete moduan; hirugarren atzerriko hizkuntza bat ulertu beharko nuke interprete lanetan ibiltzeko.
Euskara ez dago aipatutako 24 hizkuntza ofizial horien artean. Beraz, oro har, ezin da euskara erabili Batzordeko edo Parlamentuko bileretan. Bilera gutxi batzuetan, ordea, posible da, batez ere Eskualdeen Batzordean. Kasu horietan, hizlariek aurretik abisatu behar izaten dute, adibidez, euskaraz hitz egin nahi dutela. Hala, nire zerbitzuak euskara ulertzen duen interprete bat bidaliko du bilerara. Katalana eta galizierarekin berdina gertatzen da.
Pentsa, baina, bilera horietan euskaraz esandakoa ingelesera, frantsesera, alemanera eta polonierara itzuli behar dela. Nola? Ulertzekoa den moduan, ez da erraza euskara ulertzen duen interprete aleman bat aurkitzea, beraz, itzulpena hizkuntza batetik bestera zuzenean egitea ezinezkoa denean, relay delakoa erabiltzen da. Hau da, euskaraz esandakoa hizkuntza bakar batera itzuliko du euskaraz ulertzen duen interpreteak (beti gaztelaniara, esango nuke), eta gainontzeko interpreteek gaztelaniara egindako itzulpena erabiliko dute esandakoa beste hizkuntzetara eramateko. Bilera gutxi batzuetan, hortaz, norberak euskaraz hitz egin dezake, baina horrek ez du esan nahi besteek esandakoa euskaraz entzutea dagoenik; esate baterako, Lituaniako ordezkari batek esandakoa ez da inoiz euskarara itzuliko.
Argi gelditu den moduan, nire zerbitzuak ez du testu idatziekin lan egiten. Horretarako, itzulpen zerbitzu bat du Europako Batzordeak.
Zoritxarrez, lanean ez dut euskaraz hitz egiteko aukerarik, eta kalean ere, nahiko gutxi. Familiarekin edo etxeko lagunekin bakarrik erabiltzen dut. Eusko Jaurlaritzak badu, hala ere, ordezkaritza iraunkor bat Bruselan. Haiekin harremana izan dudanean, euskara erabili ahal izan dut, noski. Bestalde, bada Bruselan Euskal Etxe bat ere (www.bruselako.be).”
Kataiari jarraipena emateko, Bergara aldera itzuliko gara berriz, Miren Azkarate Bergarako Udaleko itzultzaileari hitza emanez.

Jolasleku ibiltaria
Aurten ere buelta dira jolasleku ibiltariak, haur eta gurasoek elkarrekin jolasteko guneak sortzeko helburuarekin. Maiatza eta ekainean zehar, 3 ostiraletan herriko gune ezberdinetan izango dira jolasleku ibiltari hauek.
Ez galdu aukera eta gerturatu!

Irabiatuak eta dantzaldia Oxirondoko ludotekan
Kaixo kaixo:
Aurreko astean zehar hainbat ekintza burutu genituen, giro ona zegoenez, irabiatuak egitera animatu giñen. Asko gozatu zuten frutarekin irabiatuak egiten, platanoa, marrubiak eta sagarra nahastu genituen. Indarrak batu ostean, dantza eta dantza aritu giñen ludoteka isteko garaia heldu zen arte.
EGUAKITZEAN OXIRONDONGADAK
Eguakitzean, lehiaketa estiloko saioa egin genuen; taldeka jarri eta galderak erantzun behar zituzten. Galderak ondo erantzunez gero, bukaeran prestatu behar zuten pintxoarendako osagaiak lortzen zituzten. Pintxo goxoak egin zituzten eta azkenean, arratsaldea ziztu bizian pasatu zen.

Primeran Gaztelekuko afaria
Igande gauean Gaztelekuan egindako afarian primeran pasatu zuten bertaratu ziren gaztetxoek! Ederra plana!

Bergarako ludotekak
Hemen dauzkazue, Oxirondoko, Angiozarko eta Osintxuko ludotekek prestatutako maiatzerako ekintzen kartelak.
Animatu primeran pasatzera!

Maiatzeko euskararen bozgorailua
Hona hemen maiatzeko euskararen bozgorailua: “euskaraz ulertzen dut, BELARRIPREST-a naiz, egidazu euskaraz!”