IDAZLAGUNA
Denda, jatetxe, taberna eta abarretako hizkuntza paisaia euskalduntzeko BOLUNTARIO sarea
SARRERA
Proiektu honen iturria herritar talde batek Bergaran euskara bultzatzeko egitasmoren batean parte hartzeko azaldutako gogoa da. Proposamen haren haritik, lantalde bat osatu eta herriko euskararen hutsuneak aztertu eta horiek gainditzeko bideei buruzko gogoeta egin da.
Gogoeta horretan agertutako hutsuneen artean merkataritzako hizkuntza paisaian euskarak izandako atzerakada nabarmendu da. Atzeraka horren arrazoien inguruan honakoak azaldu dira, besteak beste:
– Dendari batzuen gaitasun falta, ziurtasun falta, gaztelaniaz erosoago sentitzea…
– Bezero euskaldunen eskaririk eza. Bezero askok nahiago izatea kartel horiek euskaraz ere egotea baina nahi hori ez adieraztea dendariei.
Hala, beraz, egoera hori hobetzeko asmoz dator proiektu hau.
HIZKUNTZA PAISAIAREN GARRANTZIA
Hizkuntza paisaia kontzeptua erabiltzen da leku batean, bistan, dauden kartel, errotulu eta abarrak izendatzeko. Kontzeptu hau hizkuntzaren ikuspegitik alderdi oso inportantea da, uneoro begietatik sartzen zaigunak hizkuntzaren ezagutzan eta erabileran eragin handia duelako.
Proiektu honetan, merkataritza eta ostalaritzako hizkuntza paisaia euskaratzea planteatzen da: erakusleihoetan (eskaparateetan) zein lokal barruetan agertzen diren kartelak, jatetxeetako kartak, pintxo zerrendak…
PROIEKTUAREN HELBURUAK ETA NONDIK NORAKOAK
Herriko denda, jatetxe, taberna eta abarretako hizkuntza paisaian euskara indartzea eta, ahal den neurrian, nagusi izatea da proiektu honen helburua.
Horretarako, alde batetik, herritarren eskaria helarazi nahi zaie eta, bestetik, baita laguntza eskaini ere.
Helburu horrekin, dendari eta ostalariek euren negozioetan jendaurrean erabiliko dituzten testuak euskaraz idazten lagunduko dien herritar boluntarioen sarea osatu nahi da, gaur egun herrian martxan dagoen Berriketan mintzapraktika programa arrakastatsuaren antzeko formatuarekin.
PROIEKTUKO PARTAIDEAK ETA EGITEKOAK
Nahi duten dendari eta ostalariek izango dute aukera egitasmoan parte hartzeko. Hartuko duten konpromiso nagusia, boluntarioaren laguntzaz, euren establezimenduko hizkuntza paisaia (errotuluak, menuak, eskaintzak…) euskaraz edo euskarari lehentasuna emanez jartzea izango da.
Proiektu honek dendari eta ostalariei ondorengo onurak ekarriko dizkie:
• Bezeroei zerbitzu hobea eskaintzea.
• Bezero berriak izateko aukera.
• Sektorekako zenbait material eskuratzeko aukera.
• Publizitatea (euren aldeko kanpaina positiboa).
• …
Boluntarioak: euskaraz idazteko gaitasuna duen edozeinek hartu ahal izango du parte. Ez da, beraz, euskara maila altua izan beharrik, boluntarioei laguntza eskainiko baitzaie Udaletik eta Jardunetik. Boluntarioak egin beharrekoa dendari bati edo taldetxo bati hizkuntza paisaia euskaratzen laguntzea izango da. Helburua, dendari-ostalariak ahal duen neurrian, berak egitea eta boluntarioak laguntzea izango da, ez dendariari dena eginda ematea. Proiektu honek boluntarioei ondorengo onurak ekarriko dizkie:
• Euskararen aldeko ekarpena egitea, hizkuntzaren normalizazioan eragile aktiboa izanez.
• Bere hizkuntza landu eta hobetzeko aukera.
• Euskaraz bizitzeko aukerak ugaritzea.
• ….
PROIEKTUAREN BERRI IZATEKO:
Egitasmoaren berri gehiago izan nahi duenak edo parte hartu nahi duenak deitu edo jarri harremanetan Bergarako Jardun euskara elkartearekin.
2 thoughts on “IDAZLAGUNA”