EPAIMAHAI NAGUSIA 2017:
Patxi Zubizarreta: iazko edizioko irabazlea
Maite Larburu: musikaria
Maite Franko: ipuin kontalaria
Jon Gurrutxaga: bertsolaria
EPAIMAHAI GAZTEA 2017:
Olaia Zalakain
Andrea Gonzalez
Jone Igartua
Izaro Garmendia
SARIDUNAK:
Gutunak:
- Lehenengo saria: Eider Perez 21 urteko Pasaia-Trintxerpeko gazteak jasoko du Bi arrain lanarengatik.
• Bigarren saria (erdia): Iñigo Legorburu Hernanin bizi den errenteriarrak idatzi du Beste laurogei… ustian lana.
• Bigarren saria (erdia) Lasarte-Oriako Ane Labakak eskuratuko du Gabon polita lanarekin.
• Bergarako onena: Bergaran bizi den Elena Laka eibartarrari emango diote.
• Gazte saria: Izar Odriozolak (Bergara, 1999) eskuratuko du.
Esaldia
- Maria Lopez (Ibarra, 1992).
1.- SARIA: 500 € – EIDER PEREZ
2002ko udaberrian
Ehunka arrain gorri hilik agertu dira gaur itsas-azal urdinean. Mareak ohi baino abiadura handiagoan egin du behera eta, harrigarriki, hego haizea dario aspaldi itzali zen portuari. Kaiko lehorrean arrantza sare metatuak arrain-hezurrez josirik aurkitu dituzte, mendi garailetako itsas izakien fosilak dirudite. Irratiak ez du gertaeraren inguruko azalpenik eman, eta zeru ederra iragarri du ilunsentirako.
Kontserba laten fabrikak ateak itxi ditu. Kiebra jo du. Orain aluminiozko milaka lata koipetsu daude zabalik, tontor gris erraldoi bat dago fabrikako atean. Eta baxurako ontzien herdoila ur-azpian, ez da ikusten, baina ezkutuan dagoena ez ikusiagatik ere antzeman daiteke.
Erraza da atzeko kaleko ataka estuetatik kantinara doazen bazterretan galtzea. Bi andre zahar saski bana besoetan, gertaeraren inguruan kontuka, nola badatorren gerezi denbora eta nola larriturik dauden eta nola aspaldi ez duten senarraren gutunik jaso. Inork ez du gaur leihorik ireki. Loreontzi diren plubiometro idorrak, gorri eta berdeak harrizko horma-zuloetan. Zure etxeko ate ondotik pasatzean sentitzen dena. Berriz pasa naizenean sentitu dudana. Edo imajinatu dudana. Eta iturriko kandelak eta Ama Birjina ere desagertu dira gaur. Kantinako toldo ihetua geldi, arrain gorrien antzera, baina urrutian leba-leba dator itsasoa…
Gutun hau ez da distopia bat eta ez dut fikziorik esan. Ez da marinel zaharren inguruko poema bat edo botilaratutako maitasun kantu bat. Sabelean badut esmeralda koloreko ozeano bat eta bi arrain. Eta itsaskirria dabil aspalditik. Ikusi dut begi atzean duzun akuarioa eta nabari ditut zure azal azpian ezkatak lasaieran. Masailak, animalia-sena, edo korrontea… Baina berriz murgildu gara ur abisaletan. Nork ukatu dizu maitatzea? Nik maite zaitut. Eta badakit zure akuarioa ez dela nire begiradaren isla hutsa. Bizirik daude. Baina beldurra diozu sirenen kantuari, enbatari, hondoan dagoen horri, ez dakizula igerian agian… irratiak ere ez du gertaeraren inguruko azalpenik eman. Ez naiz ur gazitan itoko eta ez dut itsasgizon zailduen itzuleraren zain egon nahi. Maite zaitut, baina banoa itsasoz bestaldera. Banoa, baina maite zaitut. Maite zaitut eta banoa. Sabeleko ozeanoa baretu arte hustu eta bi arrain geratu zaizkit lehorrean. Gutun hau ez da distopia bat eta ez dut fikziorik esan. Banoa. Ba omen dira arrain gehiago itsasoan.
Gaur garabiek ez dute lan egin eta arratseko lehen ordurako kale epelak hutsik geratu dira. Honezkero maiatza izan behar du, enarek dagoeneko eurena egin baitute leiho ondoko teilapea. Okupazio ekintzatzat hartu dut habien eraikitzea eta prest dut desalojoaren eguna.
Gaur gertatu dena kontatu nahi nizun, besterik gabe. Irratiak honen berririk eman ez duenez, jakinaren gainean egon zintezen. Bestela, denak bere horretan jarraitzen du eta bere horretan badoa. Zaharrak berri. Estankoa itxi eta lekuz aldatu dute, besterik ez. Etxekoak osasunez oso. Eta laugarren zenbakiko txurro-saltzaileak noiz etorriko zaren galdetzen dit beti. Nik erantzun bera eman izan diot aldiro: ez dudala egundo galdera horren erantzuna jakiteko balio duen haize-arrosik aurkitu. Oraingoan badakidala esango diot, hurrengoan galdera berriz egitea ez dela beharrezkoa izango, sabelean fosildu zaitudala.
Aspaldian ikusi gabeko zeru ederrena izan da gaurko ilunsentia.
2.- SARIA: 150 € – IÑIGO LEGORBURU
BESTE LAROGEI…USTIAN!!
Biyotzeko Joxe Manuel:
Zuk letzen eztakizunez, zue etxeko ilobak letuko dizun bildurraz bada´re, zuri eskribittu biharrian arkittu naiz, orrek utzi lezakenan arrastuan jakitun. Izan´e, guriak bizik seitzen dula, guri-guriya dola ta ez Errenteiko besti harek esaten zun modun, “iya guriak egin du”; esateko premiya nakan.
Berorri-ka asi giñan artu-emanian, zuka seittu ta azkenenian, ara…ika bukatu deu maiz, zukin iñondik iñoa bukatzeko asmoik gabe! oi bai, beste iñor bistan eztala… bestela, gue amoriyuan berri izango balue, bertsubak jarri baietz, nori ta zuri; Joxe Manuel!!
Zue egizko ofiziyuan, bersolaya izateko modun, teatro pixka- pixkat iña zea oain artian. Teatrua, zu etzean oi jendiai xinixtuazteko. Erriyak estimatzen dun “Txirrita”, lotsagabia, tripazalia ta jakintsuba da. Baño nik ordia, bestia ezautu det: Joxe Manuel lotsati, goxua ta ezjakiña; amoriyo kontutan beintzat; Norteko ferrokarrillan baporiak baño beruo jartzen nauna.
Iñatzuko sardoteitan asi zan dana. Beste etxietan apopilo eoten ziñaten 3 eunian, andik atea gabe, ean ta ean; bertsuba besteik etzenetula abian. Bertsuba…ta zurruta!! Ta ainbeste denboa ta geo, azkeneako mingaña miztua zan, orduarte launak zianakin etsaitzen asiyak izaten ziñaten, ainbeste jardun ta geo.
Ta ordun, apopilo zeuden aitako batzun andriak erropa garbiyak eamatea jundakuan, armoniyan istilluka asiyak ziñatela ikusitakuan, “Muturjoka asi baño len, etortzia duela trikitilayak!!” aintzen zuen. Ta ala, gu juten giñan ara, ta itzan akelarriak aurrea seitzen zun beste pare bat eunez, musikan konpañin.
Ta akelarriak ekarri biartzuna ekarri zun, sorginkeya. Aitako batian, launak iji ta aja zebiltzala, eanak erabat; zu ne anka zuztarrei beida arrapatu zinttuan. Galtzapian agirin nazkan ne ankazuztar gaxte ta goxuaidi beida. Baño begiyaik etzian mozkorranak, Joxe Manuel. Eo baldin bazian, pasiyoz mozkortutako baten begiyak zian.
Alaxe ba, paraisoko fruta proibittua zukutzen jardun giñan aurrena kupul batea ta geo bestea, arik eta deskuidu batian, iñork ikusten ez ginttula ondoko ikuilun itxoiteko esan ta andik gutxia; zu zinbili-zanbala etorrita, bertan bi alimali biurtu giñan arte.
Zue teatruko personajiak, “Txirritak”, ez omen du sekula lanik pulamentuz eiñ, ez baserriyik gobernatu ta ezta emakumeik ezautu´re. Nekin ordia, zue loritasunian lan fiña ein dezu, earki gobernatzen dezu mingaña´re orroko ortan , baño emakumian asuntun… ezin nezake kontrakoik esan!!
Nik, Txilibitaneko Pedrotxok, esango nuke Joxe Mielek emakumian biarrik eztula sekula izan. Ta ne esku bado, emendik aurrea eztezun biarko itza emateizut. Ta laxter dezun “Berso-gudu” ortan, gustua badezu beintzat; ni onduan artuta agertuko zea, begiyen bistan dana eonagatikan e, iñork ez baitu ezer ikusiko;oain artian bezela. Au, bizi deun au, gue artekua baita.
Ta biyotzez maittatzia zer dan eztakiten aik, usteko due guria eztala ezer, usteko due launtasuna dala, usteko due guria bersolai-trikitilai artu-eman soila dala… Ta ala, pasako dia gue aurretik argiñ andaluzak, jakintsuk, baserritarrak, ilustriak… ta pasako dia gue aurretik; bat, amar, berrogei eo beste larogei…ustian!!
TXILIBITA BASERRIKO PEDROTXO
2.- SARIA: 150 € – ANE LABAKA
Lasarte-Orian, 2016ko abenduaren 10ean
Doinua: Norbere mundu intimo
1.Gabon, politta! Hemen dun
nire testimonioa
loarekin sinatzeke
zeukanat konbenioa
autodestruktiboa dun
sortzaileon gremioa,
aldiro baieztatzen din
gau-egun binomioa;
begizulo markatuak,
goizetako jenioa…
gauerdian beti ditun
sormena, injenioa…
manta azpira heltzean
ametsen eldarnioa
bi ohekide zeuzkanat:
hi eta insomnioa.
2.Mesanotxeko ilargi
iheskorraren argitan
desio ezkutuenak
behingoz haragi bizitan
azalean inurriak
eta tximeletak tripan
gorputza biltzen dinaten
maindireen inbiditan…
Grabitaterik ez zegon
hire gelako orbitan.
Metafora egokirik
ez dun idatzi lirikan,
hi edertzeko margorik
ez dun sortu kosmetikan…
polittena hagolako
beti esnatu berritan.
3.Laztan batekin esango
dinat “Egun on, laztana”
behatzekin esnatzeko
hire azal beltzarana.
Oso nahastuta zebilen
hireganako imana;
batzutan higandik ihes
besteetan hiregana.
Hi gosaldu nahi haunat ez
tea eta kroasana,
ahaztu despertadorea,
eguzkiaren orbana,
jantzi irri bihurri bat
eta erantzi pijama,
eguna hasi arren ez
dinat igo nahi pertsiana.
4.Pertsiana altxatu gabe
dardarka zeuden kortinak,
elkar maitatzeko arau,
norma eta paradigmak.
Nahiz abestian bostehun gau
aipatzen dizkin Sabinak
bilakatuko al gaitun
gau bateko heroinak,
gudu-zelai honetako
eromenaren biktimak?
Izarak lubaki ditun
ta hire musuak minak…
mihi puntaz tatuatu
nahian galderen errimak;
egin dizkinate inoiz
betileekin kilimak?
- Aldiro ezberdin diren
gorputzeko usainetan,
kartografiatu ezin
ditudan hire zainetan,
barrurantza naramaten
paradisu labainetan,
plazerraren suak higan
utzitako orbainetan…
Galdu nahi dinat aurkituz
hire izter lirainetan
askatasuna, sentituz
boterea mingainetan,
ustekabean emanez
hozkada bat ordainetan
nire goiko ezpainekin
hire beheko ezpainetan.
6.Normarena nahiko niken
pentsamenduan atxiki
ez gaitun eta gizarte
honen menpeko maniki
libre hautatu nahi dinat
noiz etzan eta noiz jeiki,
noiz atximurkadaz josi,
noiz besarkatu poliki…
Sexua iraultza badun
bi alu eta lau titi
borrokabideak ditun
-konturatu naun berriki-.
Batera egin dezagun
barne inpultsuei jarraiki
ikasia deseraiki
eta hutsetik eraiki.
- Eraikitzea zaila dun
dena deseraikitzean
baina ahaldundu ohi naun
hirekin konpartitzean
koloretsu agertu haiz
nire logela grisean
hiru metro karratutan
jardun gaitun tetrisean.
Azken musu bat emanda
hire irri konplizean
“Agur, politta, ondoloin!”,
logurea sentitzean
begiak itxi dizkinat
hauen karga handitzean
ea hor jarraitzen dunan
berriro irekitzean.
8.(Gutuna bukatu dinat,
baina barka zan) post data:
azken bertso bat buruan
zeukanat-eta bueltaka
badakin hire barruan
urtu nahi dinat tantaka
sekretu ezkutuenak
deskubritzeko banaka.
Betidanik izan dinat
irudimena zabal ta
idealizatu ostean
hire gorputza atalka
berriro sentitu dinat
insomnioaren talka
gaua luzea dun, hemen
hi besterik ez haiz falta.
GAZTE SARIA: 150 € – IZAR ODRIOZOLA
Amamari:
Negua dela senti dezaket. Soa, nire logela kanpoaldetik inguratzen duen lorez osatutako arkuan dut itsatsita, eta zure arima ez bezala, hutsik dago. Ez lore ez arantza; negua da, baina udaberrian itzuliko dira, inoiz baino kolore eta xarma biziagoarekin.
Zurekin ez da berdin gertatuko ordea.
Lau urtaroetatik gogorrena aukeratu zenuen alde egiteko, eta ez da kasualitatea; kausalitate hutsarengatik izan zen, inoiz ezagutu dudan etxekoandre, ama, alaba, amama, lagun, konfidente, emazte… emakume gogorrena izan baitzara. Arkuan lore bakarra geratu da haize bortitz honen aurrean biziraun nahian, eta nik, lore hau, zure irudiarekin lotu dut.
Lorearen korola sei petalok osatzen dute soilik, zein baino zein erraiei indartsuago eutsiz. Lehenengo petalo horitsuan zure bizitzaren zentzua aurkitu dut, eta bere esentziaren bilatzen lanetan murgilduz, erabakitzearekin bataiatu dut zure bizia izan zena. Bai, erabakitzen pasa zenituen 85 urteak, betiere ingurukoen poztasuna bermatuko zuen erabakia hartzen zenuen; haien zoriontasuna somatzean zu ere inor baino zoriontsuago baitzinen. Ogi apur batetik hamar zati gehiago ateratzeko gai zinen, gure ongizate eta bizipoza biderkatu nahian, baina oker zenbiltzan. Guk bizipoza bermatuta genuen aspalditxotik; bizipoza zeu zinen.
Bigarren petalora salto egin dut, eta hara non zure autodefinituarekin topo egin dudan. Ez da samurra zuretzako adjektibo bakarra aurkitzea, baina hainbat zantzu eta sentipeni erreparatuz, konparaezina zarela baieztatu dut, nahiz eta zenbait akatsen hezetasuna somatu, ongiaren nahiarekin erraz xukatu baitzenituen.
Konparaezinarekin nahikoa ez eta Zarama taldearen kantu zahar baten letrak ere zuri buruz dabiltzala dirudite: Biziaren argia, gaueko eguzkia, haur batentzat irria, etxe baten bizia, gezurra ren egia, munduko izerdia.
Petaloz petalo, hirugarrenera iritsi naiz, eta zure irakaspenetako batzuk azaleratu zaizkit. Hasteko, hutsetik infinitua atera daitekeela erakutsi zenidan; irudi, objektu nahiz errealitatea ikustean, begirada da gakoa, eta nahi dugun eran hobetu dezakegu, ertzetako angeluak aldatuz, eta borobilari forma obalatua emanaz.
Gauzak horrela, zuri esker dakit bizitza ez dela astelehen konstante bat, are gehiago, astelehenek ezkutuan zuten xarma berreraiki zenuen nigan. Jarrera estoikoa zenuela esatera ausartu naiteke; autokontrolaren bidetik zorigaitzei alde ona ateratzen zenien, eta zoriontasuna barneko erraietatik ateratzen jardun zenuen, gauza materialei kasik kasurik egin gabe. Bai, adornorik gabeko dama zinen.
Oharkabean laugarren petalora heldu naiz eta zure esentzia definizio eta irakaspenekin batera, zailtasunek ere zure bizitzan izan duten presentziaz jabetu naiz. Oso gazterik deserriratu zintuzten Elorrixoko berotasunetik Bergara arrotzera, eta Askatzu baserriko neskame bihurturik pasa zenituen ondorengo urteak, gainera ezin aipatu gabe utzi Gerra Zibil garaian nola ez zenuen ikusi zure bi neben itzulera.
Bergaratar askoren bizilekuak konkistatu zenituen zure xamurtasun eta umoreaz esnesaltzaile jardunean aritzen zinen aldiro. Eta nola ahaztu zure zailtasunei aurre egiteko hain gogoko eta beharrezko zenuen fedea. Oroitu dezaket elkarren ondoan lo egiten genuenean nola kizkurtzen nintzen izaren azpian, nola estaltzen zenizkidan hanka, sorbalda eta besoak Ipar Poloan bageunde bezala, eta nola lokartzen nintzen fondoan zure errezu amaitezinen koroa entzuten nuelarik.
Bosgarren petaloan zure egunerokotasuna aztertu dut, eta kontaezinak dira elkarrekin ikusitako Hitzetik Hortzera guztiak eta Xabier Euzkitzeren “ Pilotazaleok, gabon deizuela” esaldi bakoitza. Eta nola ahaztu Goenkale! Zure gorraizearen erruz bolumena auzo osoak entzuteko moduan igotzen zenuen, azken urteotan hori izan baitzen zure aferarik larriena, gaizki entzutea.
Azken petalora iritsi naiz azkenean eta hau eskertzarekin lotu dut.
Enegarrenez eskertu nahi nizuke irribarre bakoitza, goizero nire eguna poztasunez zipriztintzeko zenuen gaitasuna, haize-bolada gogorrenean harresi lanak egitea,… laburbilduz, eskerrik asko zu zeu izateagatik. Zuk pairatu zenuen askatasun ezak hegoak zabaldu zizkizun besteei bizitza hobea ematerako orduan, eta eskerrik asko niri ere askatasunaren zaporea dastatzen uzteagatik.
Etxean jakinekoa dugu zure presentziaren falta ekaitz bortitz bat baino gogorragoa dela, baina poliki-poliki zure esentziaren berri izaten joan gara, gure artean hilik ez zaudela jakin dugun arte. Azkenekoz, mila esker, noizbait ikusiko gara zeruko izarrik argienean. Sarrik dioen bezala, ” bizitza heldu da eta zeure begiak ditu”. Eta nik, ongi ikusteko begirada horren laguntza beharra.
Besarkada estu bezain luze bat,
Zure Izar
BERGARAR ONENAREN SARIA: 150 € – ELENA LAKA
ESALDIRIK ONENA: 100€ – MARIA LOPEZ ALTUNA
‘Laztan, xuxurla: gure lotura; maitale, adiskide: elkarrekin libre!