Pasa den astean esan bezala, gaur San Valentin eguna dela aprobetxatuz, aurtengo amodiozko gutun eta esaldi lehiaketako irabazleen gutunak argitaratuko ditugu jarraian:
1.Saria: Iñaki Serrano
Beste behin… Nerabezorotasunaren ekaitzak eztanda egin eta lehertu da sumendia. “Gorroto zaitut! Galdu zaitez!” orroe mingarriak oihukatu eta muturren aurrean atea itxiz zure logelan konfinatu zara… Beste behin.
Zeinen urrun geratzen diren haurtzaroko une goxo horiek ohean edo sofan biok etzanda, samurtasunez masail bigunak elkarri estututa eta ume batek amari bakarrik heltzen dion moduan lokartzen zinela. Eta ni, maitasunez gainezka, hortzak estutzen nituen zu gogor besarkatzerakoan, zure gorputz ttipia gehiegi ez estutzearren.
Filmaren batean gurasoren bat hiltzen bazen (Tradizioz Walt Disneykoetan), tristuraz nola negar egiten zenuen. Batez ere Bambiren amaren heriotzarekin sufritu zenuen; luzaroan amesgaiztoekin babes eske nire ohera inguratzen zinen: “amatxo, zu beti nirekin”.
Zeinen urrun geratzen diren kalean harro-harro eskutik helduta ibiltzen ginenekoa! Orain aldiz, 13 urterekin, hori guztia aldatu da, eta zure erantzun automatikoa “zurekin ez” bihurtu da; ez kalera, ez mendira, ez inora. Lotsarazi egiten zaitu nire presentzia hurbilak.
Zeinen urrun ere duela 3 urte koronabirusarengatik hilabetetan konfinatuta egon ginenekoa. Telelan sasoi hartan nire alaba berrezagutu nuen. Mimosagoa sentikor zeunden, umetuta bezala, eta berotasuna behar zenuen ulertzen ez genuen mundu arrotz batean. Garai majikoa izan zen niretzat, ez bainekien horrenbeste maite zitekeela eta ginenik. Zenbat besarkada ematen genion elkarrri, logela bakoitzean, babesik falta ez zakigun. Ama eta adiskide izan nintzen, “best friends”, haragi mamizkoa, ez tableteko edo mugikorreko lagun birtual horien bezalakoa.
Orain beste muturrean gaude. Errebeldiazko nerabetasun goiztiarrean sartuta, molestatu egiten dizu nik esan edo egiten dudan oro. Ez diezu kasurik egiten ez aholkuei ez mandatuei. Logela zeharo desordenatuta daukazu, eta ez duzu deus jasotzen zure borondatez. Noski, sukalde kontuei eta etxeko lanei buruz ez duzu deus jakin nahi. Pantailetara lotuta, zure logelatik apenas ateratzen zara, afaltzera doi-doi. Huskeriengatik asaldatzen zara nire aurka, ernegatzeko nahita egiten didazu gaztelaniaz; edozer gauza, nerbioak gal ditzadan. Laburbilduz, haserre sesioetarako edo isiltasun deserosoetarako ez bada, ez dugu elkarrekiko hartu emanik.
Bizitzaren legea. Zer uste nuen ba? Nondik datorkizu zure jenio eta odola? Ni neu ere izan nintzen garai batean jitean zebilen nerabe kaskarina eta izaeraz antzerakoa. Gogoratzen naiz aldian aldiko zirraran nuela erabateko gozamena, eta grina baten irrikaz bizitzari txinpartak ateratzea nahi bakarra. Libertimenduz libertimendu, ez nuen biharko ezer ez uzten, ez abenturarik, ez emoziorik, ez gaueko musurik. Eta gurasoak desesperatuta izan nituen bolada luze batean.
Nola lotu kate motzean ni bezalako katamotza?
Egia esan, mirakulu baten fruitu izan zinen. Gizon asko laket izan nituen, baina maiteago nituen askatasuna eta jaia. Halere, bizitzan itzultzen ez diren gauzen artean daude galdutako aukerak, eta adinarengatik amatasunerako ez dago gehiegi itxaroterik. Ez nekien zer nahi nuen etorkizunerako, baina zirt edo zart egin behar zen. Haur baten sukarraldia piztu zitzaidanean, olatuaren zurrunbiloan murgildu nintzen: ohi bezala gehiegi pentsatu gabe.
Ai ama, haurdun geratzean, ez nekien zer egin: zoriontasunez barre egin edo negarrez nire buru arintasuna madarikatu. Erronka handiegia ama bikote gabe batentzat. Izan ere, zuk irribarrearekin batera ekarri zenituen familia ardurak ere, eta arestian sinpleagoa zen bizimodua areago korapilatu nuen urte askotarako guraso hipotekarekin. Ezinbestean, aingura bota eta sustraiak errotu nituen, zurekin eta zuretako bizitzeko. Akabo askatasuna eta buruan nerabilen beste amets txoro haiek.
Ziztu bizian lanetik atera, arrapaladan bokata prestatu eta erlojuaren mugan ikastolako atarian jasotzen zintudan. Lehen ikas urtean besarkada batekin egiten zenidan ongietorria, eta horrek ahalegin dena bidezkotzen zuen. Hurrengo ikasturtetik aurrera ordea, emozioek ohiturari txanda ematean, zuzenean ikastolako motxila askariarengatik trukatu eta zure lagunekin biltzen zinen
parkean. Ez dago parkea baino maitasun froga handiagorik. Zuretzat ia ikusezina, jolasean min hartzen bazenuen salbu, nire bizitzako ordu luze, hutsal eta aspergarrienak pasa nituen bertan. Hotz zein bero, afinitaterik sentitzen ez nuen gainerako gurasoekin haurrei buruz solasean adiskidearena egiten. Askotan iruditzen zitzaidan parke hartan minutuak astiroago igarotzen zirela, eta ondoren, etxeratzerakoan denborak galdutako minutuen abiadura berreskuratzen zuela, eta garbiketak, afariak eta beste hainbat zeregin oraindik egiteke, bat batean orduan amatxo existitzen zela gogoratzen zinen jolasetarako. Eskerrak, apurka-apurka eskolaz kanpoko jardueretan izena emateko momentua etorri zen, eta ondorioz, parkea berriz ere ez zapaltzeko tenorea.
Beste bizitza askeago bat izatea desiratzen nuen, eta nagusituko zinen egunaren zain falta ziren urteak kontatzen hasi nintzen. Loturarik gabe opor luzeak igarotzera toki exotikoetara urruti joan zitezkeenei inbidiaz begira, edo noizbait berriz ere gizonezkoren batekin pasioan galtzeko aukera baten esperoan. Barrena kiskaltzen zidaten betegabeko fantasien itxaropenean bilatzen nuen kontsolamendua eguneroko estres itolarriei eta lan kargaren sufrikarioei aurre egiteko.
Dena dela, adinarekin norberaren energiak zein helburuak eta lehentasunak ere aldatzen dira. Konformistagoa edo sosegatuagoa bilakatu nintzen aparteko eskakizunik gabe; zure ongizatea begiratuz, bizimoduarekin aski pozik egotea, zu edukitzeagatik zorionekoa sentitzea eta aldartearen arabera ahalik eta une gozo gehien ateratzea. Arestian irudikatutako bidaiak edo konkistak deitoratzen nituen, zugandik aldentzea esan nahi zuten heinean.
Baina akabo, honaino iritsi gara. Jadanik ez nauzu behar, edo hori sinestarazi nahi nauzu, nitaz paso egiten duzula.
Orkatz gazteak egun batean gordelekutik gehiegi urrundu eta ez dute ama berriz ikusiko, ez eta oroituko. Izan ere, sortzen diren garaian baizik ez dute orkatzek amaren beharra izaten, ttikiak izaki euren kabuz baliatzen ikasi arte. Horregatik egiten zitzaizun horren tragedia Bambiren amaren galera.
Bestalde, ez dut ukatzen. Beharbada ez naiz izan zuk nahi bezalako ama liberala: motelegia eskubideak ematerakoan eta arinegia mugak jartzerakoan, baita pazientzia gabekoa purrustadaka errieta moralizatzaileak botatzeko orduan.
Badakit amorratuta zaudela nire debekuekin, badakidalako zu ez zarela kikiltzen den horietakoa. Nik ere animatu nahiko nizuke lehen aldien misterioa deskubritzera, oroitzapenak sortzera, momentu ahaztezinen parte izatera, eta zera esan: “atera kanpora, gozatu, bizi, eta gogoratu inoiz ez zarela izango gaur bezain gazte”.
Hori litzateke errazena, baina ez arduratsuena, eta nire ardura da zu zaintzea. Sentitzen dut, baina artean gazteegia zara asteburu pasa jaialdi horretara joateko, nahiz eta zenbait lagunek gurasoen baimena lortu duten. Pixkanaka pixkanaka hegan gero eta urrutiago joan, eta egunen batean jada ez zara itzuliko nire habira. Baina oraindik ez. Ez, ez da momentua.
Agian, edo ziur aski, berekoikeria da ere. Zerbait okerra pasatzen bazaizu, zer izango da nitaz? Nola barkatu neure burua? Zu galduz gero, dena galtzen dut. Ez zait ezer geldituko.
Nola esan? Atzera begiratu, eta amestutako hamaika bizipenen edo zurekin partekatutako hamaika sentipenen artean erabaki behar banuke, hamaika aldiz errepikatuko nukeela bizitza zure alboan.
Zenbat sakrifizio eta ardura… eta maitasun. Zu gabe bizitza errazagoa izango litzateke, baina inolaz ere zoriontsuagoa. Zu zara bizitzak eman didan opari handiena. Horrenbeste maite izango zintudala jakin izan banu, ez zintudan erdituko.
Ausartzen banaiz, gutun hau ate azpitik pasako dizut. Zuk nahi duzun arte bakeak berregiteko. Baina ez naiz ausartuko… Beste behin.
Amatxo
2.Saria: Leire Goñi
Baliteke hau garaia baino lehen irakurri behar izatea, nahiz eta horrek ernegatu egiten zaituen. Hogeita bost urte luzetan zenbat aldiz ez ote zaren kexatu aspertzen nauen zatian aurrera salto egin eta ez dizudalako uzten pelikulak osorik ikusten. Zenbatetan egin didazun errieta, sorpresa gordetzeko gaitasunik ez eta urtebetetzetako oparia eguna iritsi baino lehen ireki arazteagatik. Ez dira gutxi izan haserrealdiak, gaizkiulertu baten erruz, azalpenak ematen utzi baino lehen eztanda egin dudalako. Izaten dituzun amets goxoak gogoratu ezinaren errua ere niri botatzen didazu, ia maindireak zimurtu ere egin gabe dagoen ohearen zure zatira ertz guztietatik ateratzen ditudan maindireen nire partea bota eta bertan katramilatuta, behar baino lehen esnatzen zarelako. Eta zure onetik irtenda oihukatzen didazu komuneko papera dagokion armairutxoan gordetzea ahaztu zaidala berriro lurra zuri-zuri topatzen duzunean, Miluk bere hatzapar jostariekin harrapatu eta txiki-txiki egin duelako.
Hogeita bost urte hauek ez dira beti errazak izan, ez; ez zuretzat, eta ezta niretzat ere. Ez duzu ikasi garbigailutik ateratako kamisetak buruz behera eta ondo tenkatuta esekitzen, gero plantxarik egin behar ez izateko; ez eta, harrikoa egin ondoren, trapua ondo xukatu eta bere txokoan gordetzen, blai eginda harraskan utzi beharrean. Miluri jatekoa jartzerakoan, ez zara beti gogoratzen bere ontziarekin, gure plateretako bat erabiltzeak sortzen didan higuinaren jakitun izan arren. Eta leihoak ixteko heldulekuetatik bultza beharrean kristaletan hatz-markak uzten jarraitzen duzu oraindik. Irteera bat antolatzen dugunean, berriz, behar dugun zerbait etxean ahaztu zaidala konturatzen naizen arte itxaroten duzu aurpegiratzeko zerrenda bat egin izan banu ez zitzaidala gertatuko.
Baina erraz ahazten ditut horiek guztiak, igande alferrenetako goizetan esnatu eta ertzetatik atera ditudan maindire anabasaren artean ere, ezkutuan geratutako irribarrea bezain begirada bihurriz niri begira harrapatzen zaitudanetan. Egun grisenetan eguzkiak epeltzen dituenetan goxatzen nauen bizipoza kutsatzen didazunetan. Barre algara berezkoenak pizteko gune ezkutuan kilimak eragiten dizkidazunetan. Buruari bueltaka aritu eta nire barnera bilduta ezkutatzen naizenetan, dutxako manpararen bestaldera begiratzean bezain biluzik ikusten nauzunetan. Manpara hori hain gardena izan ez dadin desiratzen hasi naizenetik kirurgiak utzitako orbainak izan aurretik bezainbesteko irrikaz nirekin dutxatzen zarenetan. Munduko belarririk politenak ditudala esaten didazunetan.
Hau guztia ere laster ahaztuko dudan beldur naiz, ordea, gaixotasunak aurrera egin ahala nire beso eta hankek nola mugitu, birikek nola arnastu eta bihotzak taupadaka nola segi ahaztuko duten moduan. Baina, maitatzen ez da sekula ahazten. Horregatik, nor zaren galdetzen dizudan egunean, edozein egun dela ere, ospatu ditzagun zilarrezko ezteiak, eta irakurri iezadazu hau guztia, berriro ere zurekin maitemindu nadin. Eta orduan bai, orduan itzali makinak lasai, utzidazu joaten, zu gogoan hartuta joango bainaiz, eta maiteko zaitut, betiko.
Gazte Saria: Zuriñe Etxeberria
Kaixo, amatxo: 11.gutuna
Oraindik ez dugu elkar ezagutzen baina ez da ezer ez geratzen momentu hori iristeko. 8 hilabete t’erdi daramatzagu batak bestearen bihotz taupadekin dantzan eta bada garaia melodia horiek zure altzoan dantzatzeko.
Egunak eta gauak pasatzen ditut zure arnasarekin baretzen, zure aurpegia irudikatzen eta zure ahots goxoa adi-adi entzuten. Oraindik ez dut oso ongi ulertzen esaten duzuna, baina tonuagatik ikasi dut somatzen zugan tristura eta alaitasuna.
Azkenaldian, zure ahots korden notak goibelagoak dira, zure hitzak ilunagoak eta zure arnasa irregularragoa. Begi-zuloetatik erortzen zaizkizun malkoak sarritan iristen dira euri-tanta forman sabelera. Eztakit sentitzen duzun, baina nik, orduan, tripa laztantzen dizut malkoak lehortzen saiatzeko.
Beldurrez eta zalantzaz beteta zaude azken sprint honetan. Pozez zein tristuraz margotzen dizkizute egunak hormona kontrolaezin, ero eta errebeldeek.
Itsusi ikusten duzu zure burua ispiluan begiratzen duzun bakoitzean: lodia dago zure gorputza, ezin borobilago zure aurpegia, granoz beterik kopeta eta ildaskaz beteta zure azala. Begiak ixten dituzu zure irudiaren isladarekin topo egiten duzun bakoitzean.
Baina, nik, amatxo, sekula baino ederrago sentitzen zaitut hemendik. Inoiz baino politago dago zure gorputza zure txoritxoarentzat kabia eraiki zenuenetik. Etxea eraiki didazu aste luze hauetan bizi ahal izateko eta zin dagizut oso goxo egin dudala lo. Inoiz baino leunago dago zure azala – ildaska eta guzti- nire laztanekin amesten duenetik. Sekula baino dirdiratsuago dago zure irribarrea nire izena ahozkatzen duenetik: Nora deituko nauzuela entzun dut hemen barrutik, kontatuko didazue noizbait zergatik…
Hazi nauzu, elikatu nauzu, babestu nauzu eta laster bizitza oparituko didazu. Ederra baino, magikoa zara, amatxo.
Nik oraindik ez dakit idazten, baina noizbait ikasi egingo dut eta jakin ezazu, orduan, hitz hauek bihotzean tatuatuko dizkizudala ahazten zaizkizunean berriro irakur ditzazun.
Nik oraindik ez dakit bizitzaz ezer ez, baina iritsi bezain laster, zurea alaitu eta argituko dizut. Zin dagizut.
Nik oraindik eztakit zer den tristura ez eta beldurra ere, baina jaiotzean, muxu emango dizut sentimendu horiek zugan somatuko ditudan bakoitzean.
Amatxo: nik oraindik eztakit edertasuna zer den baina badakit zu ederra zarela.
Nik oraindik eztakit maitasuna zer den, baina, jakin badakit, asko, asko, asko maite zaitudala.
Bihotz-bihotzez: eskerrikasko,
Nora.
Bergarar onenaren saria: Ainhoa Pardina
|
Bergaran, abenduaren 4an
Kaixo, amama:
Asteak pasa dira zurekin azkenekoz hitz egin nuenetik. Zure ahots eztiarekin aske utzitako hitz goxoak, zure begirada xamurra, zure besarkada indargarriak, ni ikusitakoan sortzen zitzaizun ilusio aurpegia… zu.
Hala ere, arrez gero ikusi zaitut: begiak itxita, apal, hotz, isilik. Zuk beti zaindu izan nauzu, eta orain niri tokatzen zitzaidan zu zaintzea, zuri hitz egitea, zu lo goxoan zeunden bitartean. Baina ez. Horren ordez, bi gorputz, bata bestearen aurrean, isilik, biak hotz, batak begiak itxita zituelarik besteak ezin irekita. Ezin izan nizun eskerrik asko besterik esan. Negarra saltoka zen nire aurpegian, arnasa estu, bihotza korrika. Nire bihotzak abiadura handitu zuen, hots izugarriak eginez, 100 metroko lasterketa bateko esprint bat balitz bezala; zureak, ordea, maratoia egin ostekoa zirudien, helmugara heltzen ari dena, erritmoa jaitsiz pixkanaka, bihotzak bere azkeneko bi hotsak egin zituen arte.
Azkenean, azken bi hotsen ostean, hotz gelditu zen zure bihotza. Eguzkia bera baino beroagoa zen emakumea izotza baino hotzago eta, parean, izotza baino hotzago zen gaztea aurpegi hotzez baina bihotz beroz gelditu zen.
Zure aurrean isilik gelditu izanaren damua mamu bihurtu zen, motxila forma hartu zuen mamua, harri pisutsuak zituena barruan. Mamu horren pisuak emozio guztiak blokeatu zizkidan, ni neu ere nire motxilako harri bihurtu ninduen. Heldu da egoera hau aldatzeko ordua. Zailtasunak zailtasun, gero arte esan behar dizut, amama. Gure arteko lotura berezia ez da inoiz apurtuko, beti egongo da hor soka gogor batez lotuta, baina orain soka lurrean utzi beharra daukat, poliki, biotako bat ere ez dadin zauritu. Helduko da soka berriz indarrez heltzeko momentua. Bitartean, beraz, gero arte esan behar dizut, amama. Horretarako, bihotzetik atera zaizkidan hitzokin osatutako olerki hau zuretzat:
Zeruak eta lurrak
bat egiten dute.
Magia eginez.
Ezinezkoa dena lortuz.
Eztanda izugarria sortuz.
Ikusezina dena ikusgarri bihurtuz.
Beroa hotz
eta hotza bero.
Negarra barre eta
barrea negar malko.
Sentimenduak nahasiz
bihurtuko naiz ero.
|
Mundua gelditu da
eta erlojua gero.
Zure arima ezkutaketetan ari da
nireak aurkituko du gero.
Zure bihotza isiltzen bada
nirea gero.
Zeruak eta lurrak
bat egiten dute.
Bizirik zeundenean
Zu zinen bien arteko lotura.
Joan zara baina
nire begietan saltoka dabil ura.
Ezkutaketetan jolastu nahi duzu
Eta harrapaketetan ere zara maisu.
Begiak itxi orduko zara desagertu
izan arren nire makulu.
Orain erren gelditu naiz
Erren eta guztiz itsu.
Zerura begiratzen dut maiz
Itsutasuna galduz, zu berriz ikusi nahiz.
Baina zeruak eta lurrak bat egiten dute,
Konturatu naiz garaiz.
Orain zerua eta lurra batzen dituena
neu izango naiz.
Orain nik hartuko dizut erreleboa, amama. Ni saiatuko naiz zuk zure inguruan zabaltzen zenuen onura eta zaintza zabaltzen. Nitaz harro egon zaitezen saiatuko naiz, amama, nire indar guztiarekin. Zauden lekuan zaudela, nigan zure isla ikus dezazun saiatuko naiz. Eta lortuko dut. Bitartean, amama, zaindu zure burua gu zaindu gaituzun bezala. Bizitza guztian zehar mantenduko zaitut nire bihotzean, beti maiteko zaitut, zure besarkadarik gehiago dastatu ezingo dudan arren. Faltan botako zaitut, baina heldu da soka askatzeko ordua. Gero arte, amama.
Maitasun handiz,
Ainhoa
Esaldi onenaren saria: Nora Iturralde eta Naia Manchon
Zerbait oparitu beharko banizu, nire begietatik zu zeu ikustea oparituko nizuke.