Atzo burutu zen Amodiozko gutun eta esaldien sari banaketa eta benetan polita eta hunkigarria izan zela. Hona hemen, atzoko argazkiak ikusteko eta saritutako gutun eta esaldiak irakurtzeko aukera.
1.Saria: Itziar Ugarte
Negua ari dun erruz. Eguzkiaren hezur indargeek ainubetan utzi diten herria azken egunotan. Irristakor zeudenan bazterrak, eta kexu zabilenan mundu guztia. Ni eskertuta nagon; ez zaukanat hainbeste tentazio kale artean galtzeko, eta, azken boladan, inon baino erosoago nagon etxeko hormen abaroan, egia dena esan behar bada. Musika jarri, ordenagailua altzoan hartu eta oinarri ahuleko lanpararen fokupean egoten naun bakean. Kaletik begiratzen badute ez naun paisaia ilunean argi partxe bat baino izango. Hori dun sasoi honetako argazki eder bat.
Urtearen lehen eguna dun, amama. Jaikitzean usain birjina hartu zionat egunari, usain birjinarik bada. Hire etxean elkartu gaitun urteroko ohituraz, eta hi falta haiz, estreinakoz aurten. Ez zunan inoiz hire egunik gustukoena izaten gaurkoa; jendez betetzen geninan etxea. Bonboiak eta turroiak inork paretik kendu arte jaten hituen, hori bai. Gerra denboran jan ezin izandako gozo denak kolpetik berdintzen hituela komentatzen geninan. Hik ez huen sekula aipatzen gerra, ez gerraondoa.
Orain behean zeudenan denak, bazkalondoan. Inoiz ukuilu izan zunan, eta lurra azulejoz estalita gaur sukalde handia deitzen diogun gela hotzean. Dei bat egiteko aitzakian desenkusatu naun, eta ganbarara etorri. Ezinegon bat igarri dinat nonbait ernetzen, eta nolabait libratzeko atera dinat koadernoa. Hotz gorria egiten din hemen goian. Lurruna ateratzen dinat arnastean. Ez ninake egin behar hainbeste egurren artean, baina leiho gandutura hurbildu naun, eta zigarro bat piztu dinat, zirrikitu bat irekita. Begiak ixten badizkinat ikus hazaket, nigandik lau pauso eskasera, lur zahar honen gainean intxaurrak zabaltzen; leihotik burua ateraz gero, plastikozko palankana urdinetik okela hondarrak katuei sakabanatzen; eta begiak estu-estu ixten badizkinat, etxe aurreko loreak niretzako egunkari orrietan batzen.
Lasai nagon higan pentsatzen dudanean, baina etxe hau ez dun lehengoa. Jakinekoa zunan iritsiko zela eguna: biguntzen hasia dun egur eta harrizkoa zena.
Atseden hartzen egongo haizela sinetsi gura dinat. Hainbeste lan egin duenik gutxi geratuko ditun herrian. Hi eta hi lako andreak. Hire eskuak ikusi besterik ez zegonan. Lan gehiago egiten utzi ez zinatenean, eta zaintzaileak azazkalak pintura gardenez margotzen zizkinanean gezurrezkoak iruditzen zitzaizkinan hiri ere. Martak margotu zizkidan esaten hidan, hatz zimurrak nire belaun-muinoetan. Beatrizek margotzen zizkinan.
Kostako zaidan hi bezain gogorra izatera iristea: txepelkerietarako ez heukanan bizitza. Miresgarria hintzen alde horretatik. Orain hemen arratoiren bat agertuko balitz bezala; hik erratz kolpe batez edo zapatilla bera jaurtita uxatuko huke, inolako espanturik gabe. Eta ni teilatuko habetik nola zintzilikatu galduko ninduken izerditan. Ez zakinat nola esan ondo; gazteak gero eta argiagoak bai, baina gero negartiagoak gintunan hire begietan. Hori zunan gu maitatzeko hire era: eztikeriarik gabe, inoiz ezeren gehiegikeriarik gabe, eta, barrenean, beti gure bizitzen alde.
Sentitu egin hindudan itzaltzen. Zenbat eta itzaliago, orduan eta gogo handiagoa ninan hire gertuan egoteko. Baina ezin ninan. Batek jarraitu egin behar din bere beharretan.
Sagar pusketa bat hozkatu eta tortilla puntatxo bat baino ez huen onartu hirekin egon nintzen azken aldian. Hire butakan jarrita hintzen. Gaur beroki eta poltsa guztiak gainera bota ditugun horretan. Ez huen apenas hitzik egin. Begirada bizirik heukan, zorrotza, hirea. Eta eskuak ez hizkidan askatu kasik alde egin ninan unera arte. Kalera atera eta etxea gibelean uzten joan ahala, orban minkor bat joan zitzaidanan zabaltzen gorputzean, tinta tanta bat oihalean hedatzen den eran. Zer ez niken gaur emango ordu haiek itzuli eta eskuok posible bezain goxo hartzeagatik.
Egun hartatik ez zunan astea bete autoan hire heriotzaren deia jaso ninanetik. Lanetik herrira bueltan nindoanan, arratsaldea gaua den neguan. Hurrengo gasolindegian geratu eta zigarro bat erre ninan petrilan jarrita. Eskuetako zainak more-more nitinan hotzez, eta zorabiatu egin nindinan keak odolean zabaltzean. Ostirala zunan, eta asteburu horretan dolu egin ninan; hire argazkiz bete ninan sofa ingurua, hire kontuak eskatu nizkinan eta entzungabeko memoriak gorde nitinan: alaba galtzak janzten hastean etxean iskanbila baina auzokoen aurrean nola defendatu huen, ortuko oinetako lurtuekin eta amantala erantzi gabe fabrikan behin nola agertu hintzen, aitonarentzat emakume pobreegia hintzela nola jasan behar izan huen luze, eta hiri galdetzeko aspaldi berandutu zitzaizkidanan hainbeste kontu. Metastasi bat nola ugaldu zitzaidanan orbana. Lur eman geninan aitonaren gorpu ondora. Gutxi eta gaizki jan ninan asteburu osoan.
Hire etxe aurrealdean badun belaze eder bat errekaraino iristen dena. Titi-umea nintzenetik hasi dinagu urtea soroaren aurrean, eta ez zaukanat gogoan inoiz elurtuta ikusi izanik. Ez dinat jakin zer sentitu gaur dena horren zuri nola berdindu den begitantzean. Belaze elurtu bat dun urteko lehen eguna. Zuritasun egin berri bat, noiz lokazten hasiko.
Hire argazki bat ekarri dinat astean etxera. Kalean behera, hire gurpildun aulkia bezain astun sentitu dinat besoetan karraio neramala. Egongelako horman zintzilikatu dinagu, koadro ugarien artean. Irribarretsu ez, elegante eta hunkigarri hago. Eta hobeto gauden hortik begira hagoenetik. Ohitu egiten dun bat bere hildakoekin bizitzen, esango niken. Gero, momentuak eta momentuak zeudenan.
Ganbarako itzalpea hakako beltza egin dun zerua kanpoan, eta banoan behera. Milan Kunderak zionan hildakoen gelan ahaztutako lanpara dela ilargiaren argia, eta niri krak egin zidanan bihotzak. Ordutik nire hildakoen gelan beti piztuta izango den argi bat ikusten dinat han, eta iristen zaidan berotasun pixka bat.
Besarkatuko haut beti.
2.Saria: Goiatz Labandibar
GABRIELI GUTUNA
Bilbo, 1967ko ekainaren 21ean
Gabriel maitea:
Ez ezazu gehiago idatzi. Zure hobebeharrez esaten dizut. Merezi al du horrenbeste ordu, horrenbeste buruhauste, gero inork argitaratu nahi ez izateko, gero denek zure burua eskatzeko ez zarelako nahikoa abertzale, nahikoa euskaldun, nahikoa elizkoi?
Maitea. Ez dizut zuregatik bakarrik eskatzen idazten uzteko. Baita nigatik eta alabengatik ere. Ez da erraza idazlearen emaztea izatea. Ezkondu ginenean banekien zertarako ezkondu nintzen. Azken finean, txikitatik argi dugu gure patua emakumeok: etxea aurrera eraman, senarra zaindu, haurrak hazi… Norbera azkenerako utzi, beste guztia(k) garrantzitsuago delako.
Baina batzuetan nekatuta sentitzen naiz. Zeren zure emaztea izatea ez da Unamunoren emaztea izatea bezalakoa gure Bilbo honetan. Harategira noanean inork ez nau ezagutzen, josteko telak erostera noanean nire atzetik zain daudenek ez diote elkarri xuxurlatzen “hara, hara, begira hor, Gabriel Arestiren andrea”. Ez naiz esaten ari denek nor naizen ezagutzea nahiko nukeenik, azken finean ni ez naiz etorkin langile batzuen alaba baino. Baina batzuetan, amets egiten dut eta pentsatzen dut noizbait, behin bada ere, gustatuko litzaidakeela zure besotik igotzea Arriagako eskilarak, señora elegante bat banintz bezala, koktelen batera gonbidatu gaituztelako. Eskritorea eta bere emaztea, irakurtzea biharamunean egunkarian publikatuko litzatekeen argazki oinean (dudarik gabe, moztu, markoan sartu eta egongelan jarriko nuke argazki hori).
Bai, badakit, badakit… ez dela inoiz halakorik gertatuko. Zu, norbaitekin biltzen zarenean, Euskaltzaindiko bilera erdi-klandestino horietan izaten baita. Eta ez Arriagara doazen burgesekin. Eta auskalo zertaz hitz egiten duzuen bilera horietan, emakumeok ez dugu tokirik (ez da izango erdiak apaizak direlako?).
Ez da erraza, Gabriel kutuna, idazle baten emazte naizela dakiten gutxi horiek galdetzea ea zeri buruz idazten duzun, eta nik ez dudala zuk idatzitakorik irakurtzen ahal erantzun beharra… Ez duzulako nire hizkuntzan idazten… Inoiz pentsatu izan dut nik irakurtzerik nahi ez dituzunak idazten dituzula hizkuntza sekretu horretan, niri buruz edo, auskalo, etxeko trapu zaharrei buruz…
Ez dizut inoiz kontatu, baina tarteka, zure idaz-makinak berarengana erakurtzen nau, hari ikusezin batzuk balitu bezala, eta hantxe, gauero eta tarterik txikiena duzunean ere esertzen zaren aulkian eseri, eta idazten hasteko tentazioa izaten dut. Uste dut izango nukeela zer kontatu: konta nezake nola den Bilboko etxekoandre batek gainean daraman zama, haren senarrak hizkuntzari, literaturari, sormenari, justizia sozialari gur egitea erabakitzen duenean; eta nolakoa den ama baten lana alabei esan behar dienean aita bakean uzteko, irakurtzen ari dela, idazten ari dela eta kontzentrazioa behar duela. Eta alabek galdetzen diotenean, “zergatik idazten du aitak?”, edo “zertarako idazten du aitak?” erantzunak asmatzen ditudala, nik ere askotan ez baitakit zergatik eta zertarako idazten duen alaba horien aitak…
Baina badakizu nola konponduko litzatekeen hau guztia? Maitasun gutun bat idatziko bazenit… are, euskaraz balitz ere. Egun horretan, ez dakizu zein harro aterako nintzatekeen Bilboko kaleetara eta lau haizetara kontatuko nuke maitasun gutunak idazten dituen idazle baten emazte naizela…
Maite-maite-maite zaituen,
Meli
2.Saria: Nerea Eizagirre
SISTOLE. DIASTOLE
Matte,
Goizero legez, iratzargailua kokoriko esnatu da, anfetaminak jan izan balitu moduan. Bi jira-buelta gehiago egin ditut ohean txorizo muturren antzera, hutsik dagoen alboko burkoa besarkatuta. Malkarrak betazaletatik zintzilik Italianaren erritualari ekin diot jarraian: lehendabizi ura eta gero kafea. Gurinez igurtzi ditut ogi txigortuaren maldak. Koilaratxo bat eta katilu bat paratu ditut mahaian. Ia-ia ez naiz jabetu ere egin katilu bakarra eta koilaratxo bakarra jantzita, mahaia erdi- biluzik dagoena. Ia-ia ez zait gogora etorri huskeriatxo hori. Bat-batean txindurri beltz potoloa kafera jauzi zaidan arte. Nondik atera ote da malapartatua? Begira-begira daukat katilu barrutik.
Kotxea martxan jarri, eta nahi gabe gidatu dut Instituturaino. Atzerako ispiluan begiratu naiz, soberako malkarrak kendu ditut. Klaserik klaserako dantza amaigabea izan da gaurkoa beste behin. Hain maite dudan lankideari betiko irribarre zuria eskaini diot txantxa merkeekin hasi zaidanean. Kafe orduan eguneko bigarrena edan dut. Bai, badakit, muturra okertuko duzu irakurtzean. Trankil egon, noizbait errebelatuko natzaio lankide malapartatuari, hark gutxien espero duenean epelak eta bi esango dizkiot. Noizbait. Edota mila bider elkarrekin irudikatu dugun gisan, kafea isuriko diot burutik behera! Iritsiko da eguna.
Irakurtzen ari zaren horretan, irribarre bihurria jantzi duzu, orain, bai oraintxe. Ikusi egiten zaitut serio plantarekin, gutuna esku artean ezpainak limurtzen. Horrexegatik kontatu dizut lankidearen kontu aspergarri hori, zuri ezpainak irrista ziezazkizukeen. Begiak zarratuta, jaio egiten zait zure irribarre bihurria, nire esku-haurrarekin usaindu dezaket. Jostari zauden bakoitzean jartzen didazun pikaro aurpegi hori. Bai, oraintxe soinean jantzi duzun okertutako bekainen traza horixe bera. Galbidea zait, ondotxo dakizu. Egurrezko barra haren bestaldetik keinu horrekin bota zenidan amua duela mordoxka bat urte. Gaur arte.
Zer gehiago kontatu, sobera ez dakizunik. Gaurkoa ere biziraun dudala. Lehengoan Oxfordetik iritsi berria zirudien psikologo betaurrekodun bati irakurri nion errutina gizakion bizirauterako nahitaezkoa dela. Gure buruak erabakirik hartu beharrik gabe egiten omen ditu eguneroko betebehar nekezak. Uneoro etengabe izango litzaigukeen duda-muda aurrezten digula, alajaina. Gaur goizean, hain nengoen robot bihurtua ezen, apenas sumatu dudan txindurri beltzik. Eta bazkalorduan, oharkabean pasatu zait otsoa albotik, begira-begira hura ere.
Afalordua da orain, ordea, eta alde batetik erre zaidan patata tortilla erdibana jaten ari naiz, parean jesarri zaidan gorila beltzarekin. Begira-begira daukat, eta ni berriz, baldar, non sartu ez dakidala. Automatikoa itzaltzen dugunean hasten baikara ostera, sentitzen eta pentsatzen. Amesten eta mintzen. Animaliaren presentziarekin mahaiak ez du horren handia ematen, bederen. Hatzaparrekin dangala-dangala irensten du, batere murtxikatu gabe. Tripa handitzen ari zaiona dakusat.
Orain buru tzarra ari zaio handitzen gorilari, ene. Zeharo deformatzen ari da gizajoa. Mugimendu biziaz platera kendu eta sukalderantz abiatu naiz, edalontzi, sardexka anabasa beso artean kulunkan. Likido berdea isuri eta espartzuarekin platerak jo ditut. Larrua lazten dit harrikoa egiteak, eskuetakoa. Kremak leuntzen gero. Aizu, noiz oratu zenidan eskutik azkenengoz?
Bukatu dut harrikoa egitea. Elkarrekin hasi genuen telesailaren hurrengo kapitulua ikusiko dudala uste dut. Telebista handia dut desio, baina beldur naiz zer topatuko ote dudan sofan. Eta lehertu egin bazaio burua gorilari? Korridorearen bestaldetik itzal potolo-potolo bat sumatu dut, egongelatik datorren pizti-masa-dena-eta-ezer-ez dirudien mamu beltz likatsua. Ene eztarria zarratzen hasi zait, bihotza maratoia korritzen. Sistole. Diastole. Zoologikoak bere hatzaparretan irentsiko nau. Arineketan igaro dut korridorea eta zartakoan zarratu atea. Arnasa hartu dut, eta bota. Eskerrak ene logelan salbu nagoen. Udaratik bukatzeke dudan eleberria zabaldu dut esku artean, horrela matrimonioko oheak ez dirudi horren handia, behinik behin. Napoleseko kaleetan barna galdu naiz, bi neskatilen istorio zalapartatsuek bete didate iluntzea. Galdu egin da denbora.
Zeinen ederra den tarteka bakarrik egotea. Kapitulu bat, bi eta hiru jan ditut, bata bestearen segidan. Arrapaladan. Biharko iratzargailuak belarritik egin dit tira, argiak amatatzeko ordua iritsi da. Klauxk liburuak zarratzean, eta hara, tximino ttipia topatu dut gelaren hondoan. Begien ertzetik begiratu nau, zelatan aritu zait. Hor egon al da denbora guzti honetan?
Horrelaxe jauzi da egutegiko beste egun bat gure etxean, zu bako gure habi koxkor honetan. Sistole. Diastole. Uzkurtu eta askatu. Morboa emango badizu, ene Romeo, belarrira xuxurlatuko dizut zu barik hil egingo nintzatekeela eta beste printzesa hura bezala ohean zerraldo geldituko naizela, zure muxuaren zain. Zin degizut zu atzerritik itzuli artean ohean botata gustura itxarongo zintuzkedala, baina our modern lives, matte, erlojuak debekatu egiten dit ohean luzaro egotea. Eta jakin badakizu, printzesaren soinekoak txiki gelditzen zaizkit. Soneto bat idazten saiatu naiz lehena, baina gudara joan izan bazina, edo gatibu baldin bazintuzkete, bada sikiera izango nukeen aitzakiarik. Baina inoiz ez zara izan ausartegia. Zu imajinatu zaitut, Zaragozan enpresak ordaintzen dizun hotel ziztrinean nik eskuz idatzitako errima prefabrikatuak irakurtzen. Solemneegia litzateke, kar kar.
Izan ere, mon amour, gure artekoa ez da batere serioa. Gogoratzen al duzu urte eta piko ia egunero elkarrekin lokartzen aritu ostean norbaitek “Harreman” hitza aipatzean, ezagutzen ari ginela erantzuten nuenekoa? Eta zuk brastakoan: ez dakit zer gehiago ezagutu behar duzun, nahiko sinplea natzaizu. Harrezkeroztik zenbat egutegiko orrialde iraungi ote ditugun elkarrekin, oharkabean. Geroztik zure xalotasunaren babesean mundu zabala zaidan habi goxo hau ezagutu dut. Eta nahiz eta orduak motz gelditu, egunero ikasten dugu elkarrekin. Bueno, erre gabeko patata tortillak prestatzen ikastea, hori ez dugu lortu oraindik.
Habia erdi-hutsik eta ni hemen, zoologikoaren kontra borrokan. Batzuetan, sistole. Bakardadeak eskaintzen dizkigun plazeren itsasoan igerian, besteetan. Diastole. Funambulismoa praktikatzen izango nauzu, finean, zu itzuli artean. Zure hutsuneak bete-bete egiten duela gure habia, demontre.
Lotarako ordua da, matte, gabon. Ene botoiak ukitzera noa, irudi lausoetan zu harrapatu asmoz. Eta gero, amets egingo dut, Amazonia piraguan zeharkatu edo beharbada Ilargira joango naiz hegan. Batek daki zer oparituko didan gaur ene ganbara koloretsu honek.
Gure habi erdi-hutsetik, jaso besarkadarik piztiena.
Bergarar onena: Karmele Uribesalgo
Atzean uzten dudan orori,
Itsasoaren beste aldetik idazten dizut. Leku segurua dela suposatzen den honetatik. Bai, iritsi naiz, baina ez dut uste eskutitz honek nik igaro ditudan ur zakar eta olatu indartsuei aurre egingo dienik.
Ihes egin beharraren samina sentitzen dut erraietan, ez baitago maite duzuna atzean utzi beharrak sorrarazten duen mina baino handiagorik. Eta okerrena bueltako billeterik ez dagoela jakitea da, norbere biziak beste balio duen txalupa oso garestia baita.
Paradisura gentozela zirudien. Hori zen espero genuena behintzat, baina errealitatea gordina izaten da sarri. Hemen ez gaituzte bonbek hilko, baina bizirautea ez da erraza izango. Bakardadea da dudan lagun bakarra eta zin degizut ez dela uste bezain lagun ona.
Eta helmuga ez bada espero bezain goxoa izan, bidea inoiz bizitako gauzarik okerrena izan da, inork merezi ez duen gauza horietako bat. Itsasoa leku arriskutsua da, argi dago, baina are gogorragoa da zure txalupak norabide zuzenik ez duenean, hondartzaren batera iristeko ziurtasunik ere ez daukazunean.
Miretsi egin izan dut beti itsasoa. Istorio eta misterio ugari ditu ur gazi horrek, inoiz kostaldera iritsiko ez direnak, mila askotara geldituko direnak eta betirako iraungo dutenak.
Gure naufragioa horietako bat izango da. Gurea eta egunero egunero etorkizun hobe baten aurkitzeko esperantzan egoera latzenei aurre egin behar izan dietenena. Miresmenaren zati bat beldurrak eta gorrotoak jan dute, baina badakit errua ez dela itsasoarena; badakit bitartekari bat besterik ez dela izan, baina bizitakoak eta ikusitakoak nekez ahaztuko ditut.
Noizbait hitz hauek irakurtzen badituzu zure beharra sentitu izan dudalako da. Nork ez du behar laztan, muxu edo besarkada bat? Horrelako gutxi jasotzen ditut nik hemen, guda zelaian gelditu baitira jasotzen nituenak.
Arriskutik ihes egin nahian dabilen eta babesik aurkitzen ez duen bat
Gazte saria: Zuriñe Etxeberria
Iruña, 2018ko Urtarrilaren 1a.
Laztana:
Badakit gaur ez diezula zentzu gehiegirik aurkituko hitz hauei baina gorde itzazu ongi, arren.
Altxor hauskor bat balira bezala, sar itzazu zure eguneroko, oroitzapen eta sekretu guztiekin
batera, denboraren indarrak ezaba ez ditzan, haizeak dantzan eraman ez ditzan.
Badakit soilik zurea den munduan, burbuilan, ez dela oraindik min jasangaitzik sartu, ez dela
oraindik, maitasun mingarririk murgildu… eta nik, ttiki, ezinezkoa egingo nuke betirako hala
bizi zintezen. Soilik zurea den mundu koloretsuan, apurtezina den burbuil magikoan baina…
handituko zara, heldutuko zara. Denborak aurrera egingo du eta zure begiradak inozentzia
galduko du, zure harezko gazteluak itsasoko olatuek apurtuko dituzte eta zuk, bihotza,
bizitza zer den ezagutu beharko duzu orduan.
Egun horretarako idatzi dizut, hain zuzen ere, gutun hau. Bizitzaren alde grisa ezagutuko
duzun egunerako, malkoek begirada lainotuko dizuten egunerako eta zugan babestu eta
munduaz ihes egin nahiko duzun egun horretarako:
Ezin ederragoa zara, maitia. Ezin ederragoa zara egiten duzun guztian zure argia islatzen
duzulako, zure irribarreak indar handia duelako, bizitzen duzun guztia sentimendu osoz
bizitzen duzulako eta batez ere, zu zeu zarelako.
Polita zara ohetik altxatu eta musu ematen diguzunean, baina are politagoa zara ados ez
zaudela eta eskatzen dizugun hori egingo ez duzula esaten diguzunean. Polita zara oihuka
abesten duzunean, eroki dantzatzen duzunean, guztiz kontzentraturik eskola-liburu artean
itotzen zarenean, hasperen egin eta ilea mototsean lotzen duzunean.
Zin dagizut, maitia. Eztakizu zein polita zaren gainetik lotsak eta beldurrak kendu eta barre
egiten duzunean, zure ahotsa baino, zure hitz tinkoak entzunarazten dituzunean.
Iragarkiek, gizarteak, lagunek berek, mutilek, begirada mingarriek… aurkakoa esan ahalko
badizute ere, entzun nazazu, maitia. Irakur itzazu behin eta berriz hitz hauek: ederra zara.
Ederra zara, zenbaki bat baino gehiago zarelako, arauak apurtu eta zure bidea jarraitu
duzulako, kateak askatu eta libre zarelako. Bai, hori da. Ederra zara aske bizi zarelako.
Modu zoragarrian aske.
Aske modu zorogarrian.
Zoragarriki zoro.
Zoroki zoragarri.
Jarraitu ezazu, beraz, inor begira ez balego bezala, zure abesti gustokoena dantzatzen,
txokolatez estalitako madalenarekin ezpainak margotzen, hondartzara joan eta bainujantzia
ipintzen, zure gona kuttuna janzten, eranzten…
Bai. Egizu sentitzen duzuna, sentitzen duzunean. Biharamunean pentsatu gabe, besteen
iritziei kasu gehiegirik egin gabe.
Maitemindu zaitez. Maitemindu zaitez zure bizitzako egun guztietan. Maitemindu zaitez atzo,
gaur, bihar, beti eta betiko. Maitemindu zaitez benetan, akatsak onartuz, gabeziak
besarkatuz. Besteek gustoko ez duten hori ere maitatuz.
Maitemindu zaitez zure buruaz, maitia. Atzo, gaur, bihar eta beti-betiko. Zure burua izango
delako bizitzan zehar edukiko duzun lagunik fidelena. Ez zaitez zure etsairik gaiztoena
bihurtu eta ezagutu, onartu eta maitatu ezazu zure burua.
Besarkatu zure beldurrak eta musu eman irekitzen joango diren zauriei. Ez zaitez gehiegi
zigortu lortuko ez duzun horrengatik eta zoriondu zaitez lortutakoagatik.
Maitemindu zaitez sutsuki,
ahalik eta gehien maitatuz,
ahalik eta gutxien minduz.
Eta soilik orduan, eta nahi baduzu, maitatu zazu beste norbait. Maitemindu zaitez beste
norbaitetaz eta bizi, larrua jo, bidaiatu, biluztu arima, besarkatu, zaindu, babestu, laztandu…
Maitemindu zaitez orduan, zuk nahi duzunaz eta zuk nahi duzun moduan. Ez zaitzaila inork
sekula nor eta nola maitatu behar duzun esan. Eta esaten badizu, arren, ez entzun.
Eta korrontearen aurka igerian bizitzeko indarra falta zaizula sentituko duzunean, irakurri
berriz hitz hauek. Behin eta berriz, atsedenik gabe.
Ederra zarelako, maitia. Zure indarrak eder egiten zaituelako, hainbeste lore berdinen artean
zu ezberdina zarelako, sinisten duzun horrengatik borrokatzen duzulako, jaten duzun hori
gozatzen duzulako eta batez ere, ederra zara maite zarelako.
Atzo, gaur, bihar eta beti,beti, betiko,
Amatxo.
Esaldi onena: Gonzalo Nunes
Ekaitz artean, zure begiradarekin amesten dut. Begiak ixten ditudanean, isiltasunaren erdian, zu.