Aperribai#33″Egia esan”

Oraingo honetan, Elvis Caino (Izaro Aperribai) musika kultur sustatzaileak izan du “kataian” jarraitzeko erantzunkizuna. Bittor Pozak gaur egungo musikaren panoraman euskara nola ikusten duen galdetu zion. Izarok, honela erantzun dio:
Egia esan, orain arte Bittorrek aurreko Kataian bota zizkidan galderaren erantzunik ez dut izan. Eta inoiz sortu edo izan badut, ez naiz oroitzen, ni ez bainaiz sortzailea eta sekula ez diot garrantzirik eman abestietan erabiltzen den hizkuntzari. Ez dut hizkuntza bat edo beste baten artean aukeratu beharraren dilema karriatu.
Hartzaile moduan, entzuten dudan musika guztia bere osotasunean hartuta, proportzioan euskaraz abesten den musika gutxi entzuten du, baina uste dut, esan ahal dudala euskara gaur egungo musika eder askoetan dagoela. Abestia ondo eginda dagoela uste badut eta disfrutatzeko dohainak dituela iruditzen bazait, berdin zait euskaraz edo beste edozein hizkuntzatan egina dagoen. Ez dut abeslari euskaldun bat aukeratzen euskaraz abesten duelako, gustatzen zaidalako baizik. Musika bat bakarrik euskaraz delako entzungo banu, nire ustez txarra den musika asko entzungo nuke. Adibidez, Itoiz ona delako entzuten dut, Vendetta ez ordea, nahiz eta euskaraz abestu. Hortaz aparte abeslaria euskalduna izanda ere erdaraz abestu eta gainera ondo egiten badu, ba ondo egiten du eta kitto. Ez dut traidore bat dela uste. Euskal Herrian dugun egoera linguistikoari bizkarra ematen ez dion bitartean, niri bost.
Mezulari moduan, musika euskaldun gehiago ez ipini izana leporatu didate batzuetan. Neure aldaretik euskal musika sustatu eta zabaltzeko betebeharra dudala. Eta pena txiki bat geratu zait bihotzean neure ikuspuntua behar bezala ezin izan dudalako azaldu. Inoiz saiatu al zarete goizeko hiruretan, taberna topera eta musika jendartean indarrez sartuta dagoenean, agintari moduak erabiltzen eta zigarroa zure sudurpean jarriaz etortzen den mozkorti bat, solasaldi lasai batekin konbentzitzen? Ba hori. Zu kabroi bat zera eta bera mundua arreglatzera etorri da. Nire pintxadak ez dira mitinak, kultura guneak baizik. Txo, ez ba zara kapaza euskal musika ez den zeozekin disfrutatzen, arazoa ez da nirea!
Iruzkina uztera animatu!