Euskaraldian buru-belarri lanean ibili den Amaia Arrayagok hartu du oraingoan lekukoa. Koordinazio lanetan ibili da 6 hilabetez eta ekimenean bizi izandakoaz idatzi du Euskaraldia bukatu bezain pronto:
“2017ko abenduaren 3an entzun genuen askok lehengo aldiz Euskaraldia hitza, nork imajinatuko zuen horrek zekarrena. 2018ko maiatzean eskaini zidaten Bergarako Euskaraldiko dinamizatzailea izatea eta jakin gabe oso ondo non sartzen ari nintzen, baiezkoa eman nion batzordeari. Eta hor hasi zen nire -eta beste askoren- abentura. Ez naiz ni izan oso militante, ezta ere oso euskaltzale; baina inork ez dezala esan euskara maite ez dudala ezta ere kezkatzen ez nauela.
Ekainean hasi nintzen Bergarako Euskaraldiko batzordean nire burua kokatzen, bakoitzak bere ideiak botatzen zituen; hau, hori eta hura zegoen antolatzeko. Nik ez dut gezurrik esango, ez nintzen asko enteratzen. Ondoren, Bergarako Hamaikakoa osatu behar izan genuen, eta hor hasi nintzen Bergarako jendearekin hitz egiten, telefonoak eskatu, deitu edota zuzenean beraiengana jotzen. Osatu genuen hamaika egunetan Bergarakoon enbaxadoreak izango zirenen taldea; orain, horiek herriari aurkeztu behar genien. Eta horra hor jendaurrean nire lehenengo agerraldia. Irakasle izateko ikasketak bukatu berri nituen; eta esan dezaket jende aurrean hitz egitera ohituta nengoela. Baina ez oholtza (txikia bazen ere) baten gainean kalean hitz egitera.
Egunak aurrera egiten zuten heinean, geroz eta jende gehiagok zekien zer zen Euskaraldia, ahobizi eta belarriprest hitzak geroz eta ezagunagoak ziren askorentzat; eta beste horrenbestek txapa non jaso zezaketen galdetzen ziguten. Irailaren 20an hasi ginen batzuk izena ematen. Bergaran 1200 ahobizi eta 800 belarriprest espero genituen; eta hasierako erritmoa ikusita pozik ginen. Irailean Bergarako enpresa, kultur eta kirol elkarteekin eta komertzioekin jarri ginen harremanetan; eta sustatzaile izateko gonbita egin genien. Erantzun oso ona izan genuen: enpresa eta elkarte askok ordezkari bat izendatu zuten eta gurekin harremanetan jarri ziren, beraiek arduratu ziren ekimena beraien inguruan zabaltzeaz eta izen-ematea kudeatzeaz. Bergarako komertzioak berriz, prest azaldu ziren lanorduetan ere bi roletako bat jorratzeko. Mila-mila esker guzti horiei.
Azaroaren 23a geroz eta hurbilagoa zegoen eta jendearen kezkak, usteak (eta uste-okerrak) eta galderak argitzeko aholku saioak prestatzen hasi ginen. Eta horiekin hasi zen nire ustez, Euskaraldiak ekarri duen politena: ilusioa eta gogoa. Saio horietara jendea entzutera etortzen zen, baina amaieran beraien iritziak partekatzen zituzten. Jende anitza ikusten zen pleno aretoko aulkietan jarrita, ezaguneko elkarrizketak oso baikorrak ziren, eta jendea oraindik izena ematera gerturatzen zen. Azaroaren azken asteetan, jendeak espero ez genuen abiaduran ematen zuen izena, eta azkar gainditu ziren gure aurreikuspenak. Gure urduritasuna hor hasi zen: jendeak ba ote daki ariketa zertan datzan? Eta bakoitzak bere konpromisoak zeintzuk diren? Eta txapak, nahikoak izango ditugu? Ai ama! Azaroaren 23a ate joka eta jendeak txapa jaso eta jaso.
Eibarren Bigarren Errepublika egun bat lehenago hasi zuten; eta Bergararrok Euskaraldia. Azaroaren 22a osteguna eta Santa Zezilia zela aprobetxatu genuen eta Ahobizi eta Belarriprest jaitsi genituen herrira Bitorianatxo izango balira bezala. Eta plaza beteta. Txapa janzte bateratua egin genuen eta askori Maddalen Arzallusek kantatu zuen “Hilabeteetan txapa entzun eta, azkenerako jantzi dugu txapa” pasatuko zitzaien burutik.
Hala ere, hamaika egun horietan ez nituen ikusi nahi beste txapa… Zenbat txapa etxean ahaztuta, zenbat txapa txaketa azpian ezkutatuta, zenbat txapa aurreko eguneko txamarran lagata… Ui, eta zenbat ahobizi elkarren artean gazteleraz berbetan! Hala ere, bizipen eta anekdota positiboak entzutean hori poza; gutxi askorengan aldaketak eragin ditu Euskaraldiak, eta horrekin geratzen naiz ni.
“Baina Euskaraldia hamaika egunetan ez e, Euskaraldia urte osoan, beti!” esan didate askok. Txapa etxean utziko dugu, baina euskara agerian eramango dugula uste dut nik. Entrenamendu gogor bat egin dugu hamaika egun horietan, ez dezagun orain lasterketaz paso egin. Zoriondu nahi ditut ahobizi eta belarriprest guztiak; eta animatu nahi ditut aurten belarriprest izan direnei, horrela jarraitzeko, jendeak beraiei euskaraz egiten eskatzeko. Datorren urtean agian, ahobizi izango dira, entrenamendu gehiagorekin, praktika gehiagorekin, euskarazko mintzalagunak eginik; adibidez, “Berriketan” egitasmora gehituz. Eta horren inguruan Maitane Arizabaletak badu zer esan eta horregatik galdetzen diot, zergatik eta zertarako Berriketan?
Nire aldetik, eskerrik asko, Ahobizi; eta eskerrik asko, Belarriprest.”