Bruselatik, Bergarara bueltan etorri da Kataian oraingoan. Miren Azkarate Bergarako Udaleko itzultzailea da eta administrazioko kontuei buruz idatzi du:
“Kate honetako nire aurrekoa ere itzultzailea da (Mikel Igartua). Gure lana antzerakoa da, baina testuingurua ez da berdina.
Hura aritzen den moduko erakunde handietan, hizkuntza ugari daude tartean eta, beraz, itzultzaile eta interpretariak asko izango dira eta baita haien baliabideak ere.
Gurean, berriz, udal administrazioan, tarteko hizkuntzak bi izaten dira, norabide batean zein bestean, eta batez ere idatziz.
Baina azken finean helburua bera da: elkar ulertzea.
Oraindik gogoan dut nolako bi muxu paratu zizkidan lankide ohi batek aspaldi, orduko lantokian bilera bat itzuli niolako belarrira xuxurlatuta. Amaitutakoan, bi muxuokin biziki eskertu zidan dena ulertu ahal izatea. Nik oraindik Filologiatik Itzulpengintzarako jauzia egin gabe nuen eta agian hark transmititutako esker onak zerikusirik izango zuen nire geroko erabakian.
Eta harrezkero, gertuko administrazio honetan, aukera izaten dugu gauza bera sentitzeko. Zortea dugu!
Gurean, euskaraz egiten da lan, eta gaztelaniara itzultzen da beharrezkoa bada. Horrenbestez, euskararen zuzentasuna zaintzea eta itzultzea da gure lana. Niretzat, hizkuntzen eremu honetan lan egitea plazera da. Egunero bizitzen duzu pentsamenduaren eta hizkuntzaren arteko lotura; gutxien pentsatzen duzunean erronka bat sortzen zaizu: nola adierazi edo itzuli [era egokian] esaldi bat, esamolde bat, hitz bat, testua irakurtzerakoan igartzen den konnotazio bat…
Askotan, baina, denboraren kontra ibili behar izaten dugu (Hau noizko? Atzorako!), eta perfekzioa albo batera laga behar. Oreka aurkitzea da zailena.”