Chico#”Boisen ere euskaraz”

Urte berriarekin kataiak ere aire berriak hartu ditu eta horretarako zer hobetik atzerrira jotzea baino? Hona hemen Henar Chicok Boisetik idatzitakoa.
“Euskeraz mintzatzeak lotsa puntu bat eman izan dit, duela zortzi edo bederatzi urte arte behintzat. Berrogeita lau urte dekodala kontuan hartuta, denbora gehiegi dala iruditzen zait.
Gaur egun nagoen egoerara iristea ez da erreza izan. Nire gurasoek 16 urteekin utzi zuten Valladolid Euskal Herrira juteko. Nire aitite emakume euskaldun batekin ezkondu zan eta ama haiekin bizitzera jun zan Ortuellara. Aitak, amarengandik gertu egoteko, pisu bat alokatu zuen Eibarren eta horrela jarraitu zuten 24 urteekin ezkondu ziren arte. Orduan, Portugaletera mugitu ziren. Handik gutxira, Ortuellan erosi zuten gaur arte gure etxea izan dana.
Gurasoak Euskal Herrian jaioak ez izateagatik asko borrokatu dot. Euskal Herrian bizi nintzen urteak zailak izan ziren zegoen egoera politikoagatik. ETA topera zebilen, eta gorroto handia ikusi neban Espainatik zetoztenentzako. Ni beti Bilbokoa nazela sentitu arren, lekuz kanpo sentitu nintzen askotan. Ortuellan bizitzeak ez zidan lagundu, oso herri erdalduna delako. Nahiz eta ikastolara jun, gazteleraz bizi nintzen. Euskara erabiltzeko ahalegin handia egin behar zan, eta txikia zarenean ez zara konturatzen zer garrantzitsua den zure herriaren hizkuntza mantentzea. Behintzat, niri horrela gertatu zitzaidan.
Unibertsitatean ingelesa ikasi neban. Karrera bukatzerakoan, Euskal Herrian ikasten ari zan Boiseko mutil batekin maitemindu nintzen eta Ameriketara etorri nintzen berarekin. Hogeita bi urte daramatzat etxetik kanpo, eta ez naz oraindik guztiz ohitu. Hala ere, ez nuke inoiz hona etortzeko hartu neban erabakia aldatuko. Ameriketan bizitzeak begiak irekitzen lagundu dit. Nire identitatea azkenean aurkitu dot eta konplexuak bazterrean uztea lortu dot. Batzuetan, distantzia jarri behar dozu dana garbiago ikusteko.
Boisen, euskal komunitatea handia eta indartsua da. Euskal Etxea dekogu, Euskal Museoa, euskal jatetxeak, eta Boiseko ikastola. Hor hasi zan euskararekin dekodan harremana hobetzen. Nire haurrak ikastolan matrikulatu nituen, baina konturatu nintzen haiek euskara ikasteko gogoa izateko, haien amatxuren ikasteko gogoa ikusi behar zutela.
Pixkanaka hasi nintzen. Ortuellako ikastolan ikasi neban euskara ia guztiz ahaztuta neukan. Zorionez, haurren irakasleak ez zuen amore eman eta ez zuen inoiz nirekin gazteleraz hitz egin. Nire kabuz ikasi neban hasieran, gero internet bitartez ikastaro bat egin neban. Boiseko unibertsitatean ere klase batzuk hartu nituen, eta poliki-poliki ezagutzen nuen euskaldun jendearekin hasi nintzen euskaraz berba egiten. Gogoratzen dot zenbat denbora behar neban esaldi pare bat idazteko, edo zer astiro hitz egiten neban. Baina bidean aurkitu ditudan lagunak zoragarriak izan dira. Denei eskertzen diet nirekin izan duten pazientzia.
Gaur egun, euskara egunero erabiltzen dot nahiz eta gehienetan textu mezuen bitartez izan, baina ba da zerbait. Duela hilabete batzuk Mintzanet-en izena eman neban, eta astean behin Sestao-ko lagun batekin euskaraz praktikatzen dot Skype bitartez. Euskaraz hitz egiten ezagutu dodan jendea ez nuke inoiz bestela ezagutuko, eta jendearekin batera, haien iritziak, eta ikuspuntuak. Harritzekoa da, Euskal Herria hain txikia izanez, zer ezberdinak diren jendearen bizipenak.
Oraindik ezin dot Boisetik jun, haurrak unibertsitatean hasi arte behintzat, baina nire desiorik handiena Euskal Herrian euskaraz bizitzea da. Hasi naz Lekeition salgai dauden etxeak begiratzen. Aurreztu behar dot!!”
Ikusi dezakegun bezala, atzerrian euskara ikasteko aukera izan du Henarrek. Kataiari jarraipena emateko, Belgika aldera joko dugu hurrengoan, izan ere, bertan lanean dabil Mikel Igartua Bergararra eta berak euskararekin duen harremanari buruz hitz egingo digu. Honako galdera hauek luzatzen dizkiogu berari: Zer nolako harremana duzu euskararekin? ba al dago euskal komunitaterik Belgikan?
Iruzkina uztera animatu!