Henar, Boiseko bazkidearen bisita

Kurtso honetan martxan jarri genuen bazkidetza kanpainaren baitan aipatu genuen bezala Boisetik bazkide berri bat egin zen, Henar Chico hain zuzen ere. Urruti bizi den arren uztailean Euskal Herrira oporretan etorri da eta tarte bat hartu du gurekin elkartzeko.
Berriketaldi edarra izan dugu! Eskerrik asko Henar eta laister arte!
Hona hemen udaberriko buletinean egindako elkarrizketa:
Henar Chico, Boisen bizi den neska euskaldun bat da. Ortuellan jaiotakoa izan arren 20 urte daramatza Estatu Batuetan bizi izaten. Kurtso honetan Jardunek martxan jarri duen bazkidetza kanpainaren baitan bazkide egin da urrun bizi arren, Euskal Herria bihotzetik oso gertu duen neska saltsera.
-Noiz joan zinen lehenengo aldiz Estatu Batuetara eta nolatan?
1995ko abenduan, Portugaleten trago batzuk hartzera atera nintzen lagun batzuekin eta goizeko 6:00etan, Mike izeneko amerikar bat hizketan hasi zitzaidan. Laster maitemindu ginen eta hurrengo urteko uztailean, Boisera etorri nintzen berarekin ezkontzera. Duela 7 urte banandu ginen Mike eta biok, baina bi seme-alaba ditugu eta gure bizitza oraindik hemen dago.
-Ezaguna da Boisen euskaldun pila bat dagoela. Ba al daukazue harremanik elkarren artean?
Bai. Ez dakit zer egingo nukeen euskal komunitaterik gabe. Astero joaten naiz Euskal Etxera, seme-alabek euskal dantzak ikasten dituzte asteartetan, pala ligan parte hartzen dut semearekin, hilero euskal afari bat ospatzen dugu eta urte batzuetan zehar Boiseko euskal museora joan nintzen euskara ikastera. Eta haurrek txikitan Boiseko Ikastolan ikasi zuten.
-Zure ustez Boisen ezaguna da Euskal Herria?
Bai Boiseko euskaldunen artean eta baita Boiseko jendearen artean ere Euskal Herria ezaguna da. Urtero, Euskal Herriko jende ospetsua etortzen da hona. Adibidez, hiru lehendakari ezagutu ditut hemen (Ibarretxe, Patxi Lopez eta Urkullu), GOSE musika taldea, Mikel Markez, Athletic-eko jokalariak… Hemengo euskaldunak, nik egiten dudan moduan, Euskal Herrira joaten dira maiz haien familia bisitatzera. Boise Euskal Herritik urrun dago distantzian, baina oso gertu bihotzean.
-Zuk ze harreman duzu euskararekin?
Orain dela 7 edo 8 urte erabaki nuen euskara ikasi behar nuela. Txikitan Ortuellako ikastolara joan nintzen, baina Ortuella oso erdalduna da eta ez nuen inoiz erabiltzen. Boisen Ortuellan baino euskara gehiago entzun daiteke, eta lotsa ematen zidan nik euskaraz hitz egin ezin izateak. Beraz, euskal museoak eskaintzen zituen euskara klaseetara joaten hasi nintzen. Boiseko unibertsitatean ere egin nituen hainbat urte eta Skype bidez, Euskara Munduan ikasketak egin nituen. Poliki-poliki euskaldunak ziren lagunekin euskaraz hitz egiten hasi nintzen. Orain, aukera dudan guztietan erabiltzen dut euskara, lagunekin mezuak bidaltzeko batez ere, baina noizean behin ahozko mezuak ere bidaltzen ditut.
-Eta Euskal Herriarekin?
Urtero joaten naiz Ortuellara familia eta lagunak bisitatzera. Saiatzen naiz Gipuzkoan edo Nafarroan bizi diren lagunekin elkartzen, haurrei beste leku batzuk erakusteko. Niri Euskal Herrira joateak pilak kargatzen laguntzen dit.
-Nolatan egin zinen bazkide Jardunen? Zela ezagutu duzu elkartea?
Orain dela urte batzuk (ez dakit nola baina ziurrenik Facebook bitartez), Bergaran egiten den Amodiozko gutunen lehiaketa ezagutu nuen. Pasa den udan, egun batzuk pasatu nituen Bergaran, Elosun hain zuzen ere, baina Bergarako jatetxe eta kafetegi batzuetan ere egon nintzen. Oso oroimen onak ditut eta beraz, Jardun euskara elkartearen Facebooka ikusi nuenean, jarraitzen hasi nintzen.
Ikusi dezaket zenbat lan egiten duzuen eta ze garrantzitsua den zuentzat euskara bizirik mantentzea, eta errespetu handia dizuet. Orduan bazkide kanpaina ikusi ondoren, lagundu nahi nuen. Badakit ezingo dudala asko egin hain urrun bizi naizelako, baina urrun bizi den norbait ukitu zenutela jakinaraztea nahi nuen.
Iruzkina uztera animatu!