Juaristi #14 “gurasoen papera”

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Lander Juaristiren eskutik hemen dugu ekaineko iritzi artiklua. Landerrek haurren hezkuntza eta hizkuntza kontuetan gurasoen jarrerak duen eraginaz eta garrantziaz egiten du hausnarketa, benetan interesgarria!

Nola ikusten dozu gurasoen jarrera, dana dalakua dala beraien jatorria, haurren hazkuntza eta hezkuntzarekiko? Hizkuntzarekiko noski!

Ostia! ez da batere  gai sinplea! Kate honetan beste hainbati ere tokatuko zaizkio gai konplikatuak eta tira… Andonik eta Lucianak bota zidaten  kataia eta nik heldu, nahiz eta galderaren erantzun garbirik ez eduki.

Hausnartu, galderei bueltak eman…  Horixe egiten dugu Txapa irratiko gurasoak saioan, gurasotasunaren bueltan, gai ezberdinei heltzen saiatu  eta galderak bota, erantzunak baino gehiago… erantzunak konplikatuak baitira!

Etxeko hizkuntzaren transmisioa!

Gurasook edo etxeko nagusienok  ze jarrera daukagun etxeko txikienekiko, ze balore transmititzen ditugun; gure jarrerekin, gure harremantzeko moduekin, gure hitz egiteko moduekin!  Zein hizkuntzetan hitz egiten diegun, zein telebista katai eskaini, zein jolas erakutsi, zein irakurgai ekartzen ditugu etxera, interneteko zein webgune erakutsi, zein irrati entzun etxean, eta ze jarrera transmititu hizkuntzarekiko! Modu kontzientean egiten dugu? Ze mezu transmititzen ditugu nahita eta zein nahi gabe?

Hari ezberdinetatik tira egiteko gaia daukat aurrean, ea  motzean hirutatik tira egiteko gai naizen.

Lehenengo haria.

Andonik eta Lucianak beraien idatzian aipatzen duten moduan etxe bakoitzeko edo familia bakoitzeko testuinguruak asko baldintzatuko du gurasotasuna eta hizkuntzaren arteko harremana. Kataiko azken idatzian herriko etorkinen inguruan hitz egin zuten, Hari horretatik tira egiten saiatuko naiz; Zer gertatzen da euskaratik  urrun dauden familiekin?

Transmisioa beti ulertu izan dugu gurasoek seme alabei egiten dien kontu bat  bezala. Baina zergatik ez alderantzizko transmisio bati erreparatu, etorkinen edo euskararik ez dakiten bergararren, seme alaba horiek  beraien gurasoei egingo diena? Eskola (tamalez, euskara  familia askotan, eskolako hizkuntza moduan ulertzen dela uste dut) eta familiaren arteko zubiak eraikitzeak,  jarrerak  eta  hizkuntza bizitzeko moduetan eragin dezake. Haurrak berak eraman dezake hizkuntza etxera eta gurasoen jarreretan eragin.

Gurasoek euskara jakin ez arren, bere seme-alabak  hizkuntzarekiko duen  jarreran eta harremanean ere  eragin dezakete.

Etxean erabaki dezakegu zein marrazki bizidun ikusi, zein irrati entzun, ze aldizkari erosi,  edo zein antzerki, kontzertu, pelikula  ikustera joan. Guzti hauek euskaraz izan daitezke, edo ez.

Gai honen inguruan, Jardun elkarteak aurten Bergarara ekarri duen Paula Kasaresek dauka diskurtso landua. Transmisioa,  batez ere euskara jakin ez dakiten gurasoen kasuan, bestelakoa izan daiteke; haurrak berak eraman dezake hizkuntza etxera eta jendarteko bestelako eragileek zubiak eraiki euskaraz, eskolaz gaindiko jardueretan, aisialdian, kirolean komunikabideetan… Hizkuntzaren transmisioaz baino hizkuntzaren sozializazioaz mintzo da Kasares

Bigarren haria

Guraso garenok ez al dugu gure seme alaben hezkuntza delegatu neurri handi batean?  Eta ez nabil edukiez, matematikaz edo aljebraz hitz egiten. Bestelako hezkuntzaz ari naiz. Gure seme-alabekin igarotzen dugun denbora gutxitu egin da, bizitzaren abiadura handitu eta bitarte honetan harremanak  aldatu dira. Autoritarismotik kolegismorako dagoen lerroan gure seme alabei transmititzen diegun baloreez jabetzen al gara? Eta honek suposatzen duenaz kontziente al gara?

Hezkuntza alternatiboez haratago badira Euskal Herrian ere hezkuntza sistemari alternatiba eskaini dieten proiektuak. Bizi toki iparraldean sortu den egitasmoak pentsatzeko gako asko eskaini ditzake.

Guraso moduan gure bizi ereduarekin, gure kontsumo ereduarekin, gure aisialdi ereduarekin ari gara transmititzen. Hizkuntza, izaera, nortasuna, herria…  baina nolakoak?

Hirugarren haria

Eta euskaraz jaio garen guraso euskaldun peto petook, inolakoa esfortzurik gabe etxean modu naturalean euskaraz bizi garen gurasook,  nola bizi ditugu hizkuntzak gure etxean? Gureak eta herrian entzun ditzakegun beste guztiez ari naiz. Euskara eta gaztelera guztion edo gehienon hizkuntzak dira. Gure izaeraren  parte dira eta onartu beharko ditugu.Bi hauen arteko harremanen orekan frustrazioak bizitzea tokatuko zaigu askotan gainera. Amelia Barquin unibertsitateko irakasleak oso modu argian irudikatu zuen frustrazio hori bere kinka blog gomendagarrian.

Nola bizi ditugu besteak? urdua, wolofera edo txinatarra! Guztiak entzun ditzakegu Bergaran. Nola bizi dute hau gure seme alabek? Hitz egiten al dugu beraiekin kultura eta identitate guzti hauek horren gertu izateak suposatzen duen aukeraz?

Ez beldurretik baizik eta errespetutik eta onarpenetik. Gu  euskaldunak gara, euskararen herrian bizi garenok halaxe gara! eta halaxe izan nahi dugu! Ados! Baina beste hizkuntza batzuekin harremanetan gaude.

Badakit Hizkuntzen ekologia kontzeptua konplexua izan daitekeela etxean haur txikiekin  hitz egiteko, baina zergatik ez hasi honetaz ere  hitz egiten? Zorionez bidaiatu gabe beste kultura batzuk ezagutzeko aukera eskaini digu horrenbeste kritikatu dugun globalizazioak.   Azalduko al diegu zer den Auzoko egitasmoa?  Noiz egingo dugu familien arteko auzoko bat? To, harria botata!

Eta nori luzatu kataia??  Irratiko lagun batetik etorri denez niregana,  irratiko saio batera botako dut nik ere kataia. Txibierroek uluka astintzen dituzte gai ezberdinak, umorez eta begirada feminista batetik. Zein harreman egon beharko litzake euskararen aldeko mugimendua eta feminismoaren artean?

Iruzkina uztera animatu!