Asier Altunak azkenekoz Joxe Lazkanori luzatu zion kataia. Aroztegi aretoan, Urriaren 1etik Xra biatartean izango den insumisio mugimenduaren erakusketaren harira zera galdetu dio: zein leku dauka edo edukibeharko luke desobedientziak?
Joxek zera erantzun dio:
Desobedientzia
Kataiari jarraitzeko, desobedientziak zer leku daukan edo eduki beharko lukeen galdetu didate, eta galdera zaila dela jakinda, nire iritzi xumea azaltzen ausartuko naiz.
Gaur egun, beste edozein garaitan bezala, desobedientzia zibila behar-beharrezko tresna dela uste dut. Lege eta errealitate ez zuzenen kontrako ekimenek beti izan dute, eta izango dute, gizarte justu eta hobe baten alde egiteko helburua; zoritxarrez asko dira aukerak: hirugarren munduari lagundu, ingurumena zaindu, emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatu…
Helburu horiek lortzeko bada giltzarri bat ezinbestekoa dena: zilegitasuna. Norberak uste duenean zerbait ez dela zuzena, ez duela zentzurik eta gizarteari kalte baino ez diola egiten, aurrera egiten du oztopoak oztopo; ezerek geldituko ez duen ziurtasunak mugak hausteko indarra ematen dio, kosta ala kosta lortuko du, zenbaitetan ordaina garestia bada ere.
Zilegitasuna oinarri, helburua lortzeko bideari imajinazioa eta baikortasuna gehituta, makina geldiezina bihurtzen da desobedientzia. Badira arazoak baikortasunetik eta umoretik heltzea oso zailak direnak, ia ezinezkoak esango nuke, baina posible denetan izugarri laguntzen du alde positibotik heltzeak.
Aroztegi aretoan antolatu den erakusketan desobedientzia zibilaren adibide bat topatuko duzue, 80ko eta 90eko hamarkadetan Bergarako neska eta mutil mordo baten ametsa.
Egia esan, garai hartan ideiak argi samar genituen. Ez zitzaigun ejertzitoa eta haren inguruak irudikatzen zuen gizarte eredua gustatzen. Hasieran, martzianoak ginela zirudien, ezinezkoa eskatzen genuen lau katu; baina, apurka-apurka, zilegitasuna, irudimena eta bide ez bortitzak erabiliz, gizartearen zati handi baten oniritzia jaso genuen, giza eskubideen aldeko lan bat egiten genuelakoan. Inolako zalantzarik gabe, esan behar da azkenean denon arteko lorpena izan zela; guk bakarrik ez genuen lortuko.
Azken batean, desmilitarizazioaren aldeko dinamika sozialak sortze nahi horretan, gure helburua ez zen soldaduska bertan behera uztea bakarrik, ezta ejertzitoak desegitea ere, baizik eta desobedientziaren ideia kontzientzia sozialean sartzea, sistema demokratiko batean dauden arrakalak zuzentzeko asmoz. Askatasun guneak irekitzea posible zela erakutsi ahal izan zen, eta lan dinamika koherente bati esker, errebelatzea posible zela ikusarazi zitzaion jendeari. Neurri batean, geroko zenbait ekimenetan islatu dela esango nuke.
Jarraipena izango duelakoan!!