Madinabeitia#38

Azkenengo kataian Iñaki Madinabeitiari utzi zioten egitasmoarekin jarraitzeko errekaua, hemen bere erantzuna:
Herriak zer garrantzia dauka naturaren eraldaketan? Maddi Larrean galdera horri erantzunez … “GU GEU”
Oin arte, herrixak eta herrittarrak ez ga “natura” edo “ingurumenan” kudeatzaile izan. Zoritxarrez, mendixetan, herrittar gehixenok egunerokotasunian bizitziakin nahikua izan dogu eta kaso gutxi egin dotsagu inguruari.
Gaur egun, konturatzen hasitta gare “naturaren” parte gala, eta gure jokamoldiak lotura zuzena daukela ingurumenan eraldaketan.
Airia, ura, bioaniztasuna, paisaia, ekonomixia, aisialdixa eta bizilekuak koloka larrixan dare, eta gainera krisi klimatiko ukaezina daukagu eskuartian. Ez da hutsezko katastrofismo ipuina. Begi-bistakua da herrixak, mendixak eta osasuna bera hankaz-gora dauzkagula. Begi-bistakua da baitta, gure administrazinua ezikusixana egitten dabilela behin eta berriz, indar ekonomikuei jokua eginez, beste aldera begiratu eta agonixa hori muturreraino luzatuaz.
Ingurumena eta naturan kudeaketia ezin die soilik herrittar gutxi batzun esku laga. Ekonomixa tradizionalak honaino ekarri gaittu. Azkenaldi honetan, mendixei begiratu besterik ez dago. Bergaran bertan eta inguruetan, zer modutako kudeaketia daukagu? Jaso begixak eta begiratu!… bertako basuak ia zihero desagertuta, pinu-landaketak gaixorik, baztar danak pistaz jositta, dana matarrasekin hankaz gora eta maldan behera lurzorua galtzen. Eta hori gutxi ez balitz, forestalista haundixenak die jaun da jabe; eukaliptua eta hazte-bizkorreko beste espezie exotiko batzuk modu masibuan landatzen jarraitzeko asmua dauke. Modu berian, ganaduzale enpresak gero eta haundixaguak die, eta gero eta lur gehixau larretzen dittue, hola lur honek eurendako eskuratu eta abelburu gehixau sartzeko.
Ezinbestekua da herrittarrok, hirixetako eta mendixetako “zerbitzu ekosistemikuak” lehenbailehen balorian jartzia. Espazio publikuak nahiz partikularrak ikertu eta irizpide zientifikuetan oinarrittuta arautu eta kudeatzia; eta ez soilik egurra edo okelian lobbixen (presino-taldien) interesak garatu.
Hirixa bera be, bizikidetza garatzeko espazio anitza da. Kalearteko gune berdiak, oinez-bide, pasialeku, erreka-ondo, jolasgune, aterpe, etxe-ondo eta abar, gaurkoratu eta birpentsatzeko premina latza daukagu.
Herrixak, euren osotasunian, ezin die gaur arteko eredu ultraliberalekin soilik kudeatzen jarraittu. Oinarri zientifikuei jaramonik egin barik daroiagun karrera honek, etekin ekonomiko motzeko ekintza merkantilistak bultzatuaz, amaigabeko krisira lotuko gaittu. Kudeaketa berrixa betiko jauntxuen esku lagatzen jarraitzen baldin badogu, ez dogu sekula konponketarako bidian jartzerik izango.
Aldatzen hasteko ordua da. Lehenengo GU GEU, herritarrak jabetu bihar ga jokuan daukaguna gu danon etorkizuna dala; gu danon bizilekua eta OSASUNA direla. Ezta bromia!
Herrixa espazio konplikaua da; baina erabat danona da. JABETU gaittezen!
Iruzkina uztera animatu!