Iñaki Madinabeitiak luzatu zion azkenekoz Jon Muniategiandikoetxeari hurrengo galdera:
|Bergara bizileku sano eta goxoago bat izan dadin, zein lau ardatz azpimarratuko zenituzke?|
Eta Jonek hau erantzun dio:
Bergara moduko herri bat hobetzeko irizpideak ematea konplikatua da, zer esanik ez sanoa eta goxoa izateko. Biztanleko iritzi bat jasoko genuke….bakoitzaren sentsibilitate, zaletasun, pentsamendu eta ziurtasunen araberakoa.
Azken urtean gertatu dena ikusita, argi dagoena da gure egungo ziurtasunak hiri diseinuan eta lurralde antolaketan oinarritzen diren irizpide guztiak oso azkar birplanteatu beharko ditugula, ia astirik gabe hausnartzeko eta eztabaidatzeko.
Atzera begirada bat emanda, 1981 urtean Kevin Lynch arkitekto estatubatuarrak argitaratutako “La Buena Forma de la Ciudad” liburua aipamen honekin irekitzen da, eta agian “lau ardatzak” modu egokian laburbildu ditzake: “Guztiak dira berez artisauak, bere patua leku egoki eta iraunkor bat sortzea da, mundu osasuntsu eta eder bat“.
Lau hitz horietan hiri bat eraikitzean kontuan hartu beharko liratekeen oinarrizko helburuak nabarmendu daitezkeela ematen du: funtzionala (leku egokia), tradizioarekin harremana (iraunkorra), herritarrak eta ingurunea zainduz (osasuntsua) eta imajina orokorra ez ahaztuz (ederra).
Baina derrepentean galdera berriak datoz burura, kapazak gara irizpide orokorrak eta baliagarriak emateko?… bizitzeko ingurune on bat nola izan behar duen azaltzeko edozein giza testuingurutan aplikagarria izango direnak?
Beti pentsatu dut ezinezkoa zela hiri mota guztientzat errezeta bat proposatzea. Baina gauzak bateratzen dituen elementu komun batzuk egon behar dira. Nire ofizioagatik lehenengo joera hiriaren formari bueltak ematea dagokio, eta erantzunak baino galderak datorkit burura. Honi helduta Lychek ere zenbait galdera egiten ditu bere liburuan: “Funtsezko kontua gure hirien forma zertan datzan erabakitzea da: Objektu fisiko bizigabeak bakarrik? Edo izaki bizidunak sartu behar ditu? Jendeak martxan jarritako ekintzak? Egitura soziala? Sistema ekonomikoa? Sistema ekologikoa?…….”
Edozein sistema garrantzitsu bezala, hiria beste fenomeno guztietara hedatzen da, eta ez da erraza ebaketa non egin erabakitzea. Nik nire irizpide eta obsesioak ditut, erantzun zehatzik ez.
Baina bai aipatuko nuke gaur egungo hiriak hobetzeko daukagun eskuliburu eta metodologia guztiak “ekologikoa”, “jasangarria” edo “erresilientea” moduko hitzak erabiltzen dituztela, hitz hutsak kasu askotan, nork aipatzen dituen arabera. Topikoak atzean utzi eta elkarrekin birpentsa dezagun nola bihur daitezkeen gure hiriak eta ingurunea pertsonen bizitza babesteko eta hobetzeko leku, inor eta ezer atzean utzi gabe.
Agian, Henri Lefebvre filosofoaren “El Derecho a la Ciudad” liburuan sakontzen den “hirirako eskubidea” garatzean dago sekretua eta konplexutasunaren kudeaketan dago hobekuntza, ”aldatzea” beste termino bat da… errazegia.
Hirirako eskubidea denon erantzukizuna izan beharko litzateke, 4 urteroko hautaketa baino askoz haratago, eta etorkizunean bakoitzak duena eta dakiena eskaini beharko du.
Jon Muniategiandikoetxea Markiegi