Damianek ondo zekien Bittor Egunean Behin aplikazioarekin lanean ziharduela eta aurreko Kataian zenbait galdera egin zizkion honen inguruan. Bittorrek horrela erantzun dio:
Egunean Behin nondik nora sortu omen zen galdetu zidan bestean Damianek. Egia esan pentsatzekoa da, izan ere guk ere ez genuen espero horrenbesteko harrera ona izango zuenik.
Ez badakizue zertaz ari naizen, Egunean Behin euskarazko tribial motako joko bat da. Non honen mamia, egunean hamar galderako partida bakarra jokatzea den, beraz, erantzunak ondo aukeratzea oso garrantzitsua da, bestela lagunak irabaziko dizu. Bertan sailkapen orokor bat dago, non astero bi sari dauden, bata irabazleentzat eta bestea astean egunero jokatu dutenen arteko zozketa bidez. Taldeak ere sortu daitezke, eta bertan lagunak edo familiarekin jokatzeko aukera izan.
Nondik nora sortu den azaltzeko denboran atzera egin beharko dugu. Duela 4 urte, Tribual deituriko joko bat atera genuen. Bertan, nahi adina partida jokatu ahal ziren, baina handik gutxira aspergarria egiten zen zure buruarekin behin eta berriz partidak jokatzea.
Beraz, buruari buelta batzuk eman ostean proiektuaren freskotasunaren bila joan ginen, kultura eta ondo pasatzearen erlazioa bilatuz. Erabiltzaileen harrera ikusita, bide txukunetik doala dirudi.
Azken asteetan, ezin sinetsi gaude izan duen gorakadarekin, 36.000 lagun inguru egunero partida jokatzen. Horrek proiektuarekin bizirik mantentzeko indarra ematen digu. Hori gutxi izango balitz, erabiltzaile asko etengabe gauza berriak eskatzen ari dira, eta horri esker, hobetzeko aukera dugu, jokoa jokozaleen beharretara egokituz.
Esan bezala, erabiltzaileak dira jokoaren norabidea markatzen joan direnak. Hasieran, sailkapen orokorrean asko oinarritzen ginen, baina orain, taldeetan bizi asko dago eta orain hori hobetzeko ahaleginetan gabiltza. Azken asteetan komunitate txikiak hasi dira sortzen, adibidez Bergarako taldea (orain 113 parte hartzaile gara), baita Antzuolakoa, Eibarkoa, Lekeitiokoa, Baleikekoa eta ULMAkoa ere.
Honek euskarari dagokionez sortu dezakeen eragina izugarria da. Berri oso ona da egunero 36.000 euskaldun batzea eta tartetxo batez euskararekin kontaktuan jartzea.
Idazten diguten pertsonei aipamen berezia egiteko beharra sentitzen dut. Batzuk euskara ikasten ari direla esanez, hitz berriak ikasi eta hemengo kulturaz zerbait gehiago jakiteko aukera dutela. Beste batzuk ere kanpoan daudenak, erasmus edo lana dela. Adibidez, badira Txile, Polonia, Holanda, Ukraina, Islandia, Paraguai, Kolonbia, Thailandia, Israel, Austria edo Marokotik egunero jokatzen dutenak. Munduan zehar gabiltzan seinale.
Bakoitzak Egunean Behinekin duen harremana kontatzeak poztasun handia sortzen digu. Adibidez, bestean kontatu zigutena: Familia bat, ama, aita eta bi seme-alabak goizetan gosaltzen ari direla, denak batera eguneko partida jokatzen dute, eta ondoren, emaitzekin goizeko eztabaidatxoa sortzen da, istorio hori zoragarria iruditu zitzaigun. Beste batzuk bestalde, etxea partekatzen daudenen artean “fregaua” jokatzen dute. Badaude koadrilarekin, eskolako klasekoekin eta familiarekin sortzen diren pike sanoak.
Kultura eta euskara sustatzea da gure oinarria, baina ondo pasatzea helburu gisa izanik. Horrelako istorioak zoriontsu egiten gaituzte.
Bideari dagokionez, etengabe galdera mota berriak sortzea eta aplikazioa txukuntzen jardutea garrantzitsua dela uste dugu. Horrez gain, bigarren denboraldi honetarako, indar gehiena zuzenekoa presatzen inbertitu dugu. Orain dela hilabete batzuk iragarri genuen bezala, 2019ko Abenduaren 14an azpeitiako San Agustinen zuzeneko finala jokatuko dugu. Aste bakoitzeko lehenengo hamarrak zuzeneko finalean jokatzeko pasea irabaziko dute, eta noski, besteok ikustera joateko gonbidatuta gaude. Mekanika antzekoa da, baina kasu honetan 200 bat lagun aldi berean partida multzo bat jokatzen, galdera berdinekin, erabat parekatuta arituko dira.
Bukatzeko, izan duen harrera eskertzeko beharra daukat, publizitate gabe izandako zabalkuntzagatik, dena ahoz-ahokoa. Honezkero, probatu ez baduzu, jaistera eta probatzera gonbidatzen zaitut. Eta gustuko baduzu, egunean behin elkartuko gara, euskararekin tartetxo batez gozatzeko.
Azkenik, hurrengo Kataian jarraitzeko asmoz, Elvis Caino Bergarako musika kultur sustatzaileari galdera batzuk egitea gustatuko litzaidake.
Galderak hauek dira:
-Nola ikusten duzu Euskal musikaren/rock´n´rollaren momentuko panorama?
-Zer iruditzen zaizu gaur egungo taldeek ingelesez edo beste erderazko hizkuntza baten abesteko duten joera/moda?