Saritutako gutunak:

AmodiozkoGutunak2020_001

Jarraian, aurtengo irabazle izan direnen gutun eta esaldiak irakurgai:

1.- SARIA: 500 € –  KARMELE URIBESALGO ALZOLA (Bergara – 23 urte)

Kaixo, bihotza:

Irratia itzaltzeko eskatu dizut, baita telebista ere. Etxea zarataz betetzen dute, baina besterik ez. Aparatu horietatik ateratzen diren ahotsak berriketan aritzen dira, baina ezin dute entzun nik esateko daukadana. Magalean dudan katuari, ordea, kilimak egiten dizkiot, eta laztanekin erantzuten dit. Hala ere, esan beharra daukat konpainia egiten didan arren, ez duela bular inguruan sentitzen dudan presio hau askatzerik lortzen.

Mesanotxean daukadan egutegia hartu, eta otsailaren 13a ezabatu dut. Hilak hamalau ditu gaur, beraz, eta San Balentin eguna da. Horrek esan nahi du urtebete daroadala etxetik atera gabe. Pneumonia batek ahuldu egin ninduen, eta kalera ezin irten gelditu nintzen. Ordutik, terrazara sartzen diren eguzki printzek besterik ez naute berotu, eta leku bereko loreak astintzen dituen haizeak bakarrik mugitu du nire ilea. Gure atarian ez daukagu igogailurik, eta etxeko lanak egitera zein ni zaintzera zu etortzen zara, Belinda. Baina hori baino askoz gehiago egiten duzu zuk. Kaleko berriak eta jendearen goraintziak ekartzen dizkidazu egunero. Enbaxadore lanak egiten dizkidazu, finean. Erosketak ere zuk egiten dizkidazu, eta ondo dakizu zein diren niri gehien gustatzen zaizkidan jogurtak. Horiek topatu ezean, kapaz zara herriko denda guztietatik pasatu eta aurkitu arte etxera ez itzultzeko, merienda otordurik garrantzitsuena dela esaten baituzu.

Familia eta lagunak Ekuadorren utzita, duela hogei urte etorri zinen Euskal Herrira. Hemen gustura zaudela diozu, eta espero dut urte hauetan guztietan ikasi duzun euskararekin gutun hau ulertzeko gai izatea. Bestela itzuliko dizut, ez kezkatu. Nirekin pasatako denboraren ordaina hilero bidaltzen diozu familiari. Gehiago pentsatzen duzu beraien ongizatean zeurean baino. Halakoa zara, Belinda.

Badakizu betidanik gustatu izan zaidala literatura, eta idazle izatearekin amestu dudala txikitatik, baina izan dugun bizitza estiloarekin ezinezkoa da hori. Azken urteetan istoriotxoak idatzi ditudan arren, jada ez nago horrelakoetarako, eta orain gutunak idazten dizkiet maite ditudan pertsonei.

Lagun zein senitarteko horiek nahiko nukeena baino gutxiagotan etortzen dira bisitan. Denek dituzte zeregin ugari, eta apenas izaten dute tarterik nirekin pasatzeko. 86 urte ditut, eta azkenaldian egunkarian besterik ez ditut ikusten nire ezagunak; karratu baten barruan, eta gurutze bat alboan dutela.

“Neska zahar” gelditu nintzela entzuten egin naiz “andra zahar”, eta ez dakizu nolako amorrua eman izan didan horrelakoak aguantatu beharrak. Sarri pentsatu ohi dut seme-alabak izanez gero, ez nintzatekeela hain bakarrik sentituko, baina Ixabelek, alboko atean bizi denak, badu familia, eta, hala ere, konpainia gutxi izaten du. Bartzelonan bizi da bere seme Manu. Lana dela eta, alde batetik bestera ibiltzen da Miren; gaur Miamin eta bihar Pekinen. Josu herrian bizi da, baina bikiak izan zituenetik denborarik gabe dabilela dio. Bitartean hor izaten da Ixabel, telefonoa alboan duela, deiren bat noiz iritsiko zain.

Asteazkenetako kafea ezinbestekoa zaigu bioi, eta ez dakizu zein gustura egoten garen gurekin etortzen zarenean, Belinda. Sukaldeko mahai inguruan bildu, eta nork bere kontuak azaltzen ditu. Idatzi ez ditut idatziko, baina bizitako pasarteak kontatzeko grina ez dut galdu oraindik. Zuk ere izaten duzu zer kontatu, eta izugarri maite dugu gaztaroan zure herrialdean egiten zenituenak entzutea. Horrez gain, igandetan zineman ikusitako pelikulak hasieratik amaierara azaltzen dizkiguzu, narratzaile profesional baten gisan. Lagunekin batzen zarenean egiten dituzunak ere arreta handiz jarraitzen ditugu. Jakin ezazu gutun hau idazten ari naizen bitartean pasa den astean Donostiatik ekarri zenidan zapia dudala lepoan. Zure denbora librean ere oroitzen zara nitaz, eta berdina pasatzen zait niri zurekin.

Ixabelek ere sentitzen du presioa bularraldean. Berak ere pizten ditu irratia edo telebista konpainia bila, baina aurrekoan kontatu zidanez, berari ere ez zaio nahikoa iruditzen. Latza da bakardadea, eta are gehiago bakarrik sentitzea.

Hala ere, aitortu beharra daukat zuk alaitu duzula nolabait etxaldea. Arropak eskegitzen dituzun bitartean kantatzen duzun doinua entzutea besterik ez dut behar aulkitik altxatzeko gogoa pizteko. Ahal banu, besotik helduko nizuke, eta dantza egitera gonbidatu. Eskerrak zu nirekin zauden, Belinda. Halako batean nitaz aspertuko zara, nahiz eta behin eta berriz errepikatzen didazun ezinezkoa dela halakorik gertatzea.

Ai… Letra hauek idazten ari naizen bitartean oroitu naiz horrelako gutunak idazten nituela nerabezaroan. Alboko baserriko mutil gazteari atarian uzten nizkion, baina ez nuen nire izenik jartzen; sekretu zalea izan naiz beti. Pentsatzen nuen ez nuela berriz amodiozko gutunik idatziko, baina konturatu naiz karta horiek ez direla soilik bikoteen arteko mezuak; izenak berak dioen bezala amodioa erakusteko gutunak dira, maite dugun jendeari bidali edo ematekoak. Eta bai, Belinda, zu ere maite zaitut.

Rosario

2.- SARIA: 250 € – AINARA ELIZONDO LIZARRAGA (Hondarribia, 40 urte)

 

Nire amets lohituetako Ximona bihotzekoa:

Furgonetaren motor hotsak ireki dizkit goizaldera begi-belarriak, erruki-etxetik ekarritako oilar alfer hori oraindik  lo zela. Jakingo balu gure Rufinok baserri honetan zenbati ematen dion alferrik jaten eta zenbat bizi diren kontutik eta kolperik jo gabe…

Oraindik gogoan dut San Martin egunean sukaldeko leiho zirrikitutik ihes zihoan típula usaina, gure azkena hurbil samar zegoela iragartzen zuen mezulari mutua. Oroitu ere oroitzen naiz azaroaren 12an ezkutuan egin genuen baba jateaz, beste urtebetez, behintzat, kakoa bistatik kentzea lortu genuelako. Kinielan geunden arren, Rufinok Manuela zaharra jo zuen begiz orduan eta auskalo ze harategitako salmahaitan amaitu zuen gaixoak. Egia esan, mutur-luzetik bazuen pixkat eta horregatik, ez nintzen gehiegi atsekabetu odolki eta xolomo bihurtu zutenean. Merezi edo ez, orain isilik egongo da, behintzat, dagoen lekuan dagoela. Zu gabe, ordea, ez dakit nola arraio biziko naizen, Ximona. Furgonetan laister itzultzen ez bazara, etxe honetako paretak umezurtz geratuko dira zure marmarren faltan.

Duela bost urteko gaixoaldia ere gogoan izango duzu seguraski. Hamar egun eta hamaika gau luze eman zenituen ukuiluan etzanda, aza hostoei zeharka begira, Rufinok albaitariari deitu eta nire buztana baino xiringa luzeagoa tripatik sartu zizuten arte. Harrezkero, geuk bakarrik dakigu zenbatetan egin diogun barre elkarri, nire isatsa eta hankartekoaren arteko luze-laburraren aldea zenbatekoa zen erabaki ezinik. Gaitza pasa eta handik gutxira Rufinok egindako balentria bezala, oraindik ere memorian iltzatua izango duzuna. Noizbait marka guztiak gainditu bazituen, orduan izan zen. Mojei eraman beharreko odolki-lukainkak bizikletaren aurreko gurpilean trabatuta, gizarajoa. Orduan bai bete zela gure baserri-ataria txerrikeriaz, lehendik ere zikinkeria premian ez geunden, baina…

Nire bihotzeko muturmotz maitea, denbora gutxi pasa da joan zarenetik, baina dagoeneko okerrenean jarrita nago. Esana nizun behin baino gehiagotan zure fama-gose horrek ez zizula gauza onik ekarriko; hobe zenuela ezkurrarekin amets egin  eta historiara pasatzeko grina alde batera utzi, baina alferrik. Nola egingo zenion uko, bada, zure txikitako ilusioari! Beti hiru txerritxoen inbidiaz; tripako minez haiek ipuin propioa zutelako eta zeu, aldiz, etxaldean bakarrik zinelako ezagun… Jakin nahi nuke momentu honetan zer darabilzun buruan, Ximi. Ederki engainatu zaitu Rufinok, parte onekoa ez zela makina batean esana nizun arren. Langileek eta enpresarioek ezin dute sekula lagun izan. Baserritarrek eta animaliek ere ez.

Hala ere, ziur nago Konstituzio Plazan ez dela zu baino txerri dotore eta mari-apainagorik sartua izango. Euria egin bakoitzean putzuluetako zeure islari begira beti, baserri bateko lau hankakoa izan beharrean, Versalles jauregiko markesa bazina bezala. Neurri batean badakit gaurko Santo Tomas eguna ahaztezina izango dela zuretzat eta hirurehun kiloko gorputz koipetsu horretan kabitu ezinik egongo zarela, ni zu ahaztu ezinik banabil ere. Hiriburuko saltsa guztiaren erdian irudikatzen zaitut, lastoz inguratuta, baserritarrez  jantzitako ume bihurriek zure azal latza ukitzeko besoa luzatzen duten bitartean. Ai, nire Ximona monona. Egunkarian atera nahiak noraino eraman zaituen…

Bi agurmaria errezatuko ditut siesta garairako buelta zaitezen eta itzultzen zarenean, oilategi ondoko gorotz pila horren atzean egingo dizkiogu elkarri egin beharrekoak: nik zu xaxatu, alegia,  eta zeuk niri purrusta, ohitura onak galdu gabe. Beraz, gure Rufinok zozketan ematen ez bazaitu, hemen izango naiz zure zain, Ximona. Etxera ekarriko zaituen furgoneta zahar hori baserrira itzuliko den esperantzaz. Lokatzetan zikinduta eta Donostiako glamourraren arrastorik gabe ere, zutaz maiteminduta eta beti bezain txerri.

 

Urdaiazpiko izan nahi ez duen zure bihotzeko Galindo.

GAZTE SARIA: 150 € –  KARMELE URIBESALGO ALZOLA (Bergara – 23 urte)

Kaixo, laztana:

Denboralditxo bat igaro da azkeneko aldiz idatzi nizunetik. Azken bolada honetan oso lanpetuta egon naiz eskolan umeekin egin behar genuen jaialdia prestatzen, eta ez dut denborarik izan eseri eta zuri gutun bat idazteko. Sukaldeko egutegian gaurko eguna gorriz markatuta daukadalako idazten dizut. Normalean, medikuarengana joan behar naizela edo bilera bat daukadala adierazten du horrek, baina gaurko egun seinalatuaren arrazoia beste bat da. Zure eguna da gaur, Mamadou.

Saharako udaberriko goiz batean etorri zinen mundura. Zeharo lanpetuta ibiliko nintzen orduan ere, betiko antzera, eta ez nekien nigandik kilometro askotara zoriontsu egingo ninduen mutiko bat jaio berri zela. Zazpi urte beranduago ezagutu zintudan, uda igarotzera gure etxera ekarri zintugunean. Ilusioz hartu zintugun, baita urduritasunez ere. Esperientzia berri bat zen denontzat; zuretzat eta guretzat. Ez genekien nolakoa zinen, zeintzuk ziren zure gustuak, ezta zer gorrotatzen zenuen ere.

Sarritan gogoratzen naiz parkean jolasean aritzen ginen arratsaldeez. Baita hondartzan igarotzen genituen egunez ere. Zuri ikaragarri gustatzen baitzitzaizun hondarrarekin gazteluak egin eta olatu artean saltoka ibiltzea. Askotan oroitzen naiz zurekin abesten genituen kantez eta ohera joan aurretik irakurritako ipuinez.

Baina orain ez zaude gurekin halako uneak pasatzeko. Duela lau urtetik ez daukagu zure berririk. Ez dakigu ondo zauden, non zauden, zertan zabiltzan, ikasketekin jarraitzen duzun edo lanean hasi behar izan zinen. Sarritan, ohera joan aurretik ematen zenizkidan musuen beharra sentitzen dut. Kilimak egiten nizkizunean ateratzen zitzaizun barre zoroaren falta sumatzen dut. Zure irribarreaz eta jolaserako gogoaz ere oroitzen naiz askotan, bizitzeko zeneukan gogoaz, eta badakit gainerako familiakoek berdina sentitzen dutela.

Zuri idatzitako milaka gutun egongo dira munduan zehar galduta. Batzuk etxeko gorabeherez  berri emateko bidaliak izan ziren, beste batzuk gure bidaiei buruz hitz egiteko eta beste hainbeste zu zoriontzeko. Zoritxarrez, bat bera ere ez da zuregana iritsi.

Ez pentsatu zu aurkitzen saiatu ez garenik. Ahalegin ugari egin arren, oraindik ez dugu ezer lortu, baina ez dugu etsiko, eta zure bila jarraituko dugu elkarrekin egon arte.

Orduak eta orduak igaroko nituzke zuri esan eta kontatu nahi dizkizudanak gutun honetara pasatzen, baina ez naiz gai sentitzen hori guztia paper zati batean plasmatzeko, hitz egiten idazten baina hobeto moldatu izan bainaiz beti.

Berriren bat daukadanean edo zuri idazteko beharra sentitzen dudanean zuzenduko natzaizu berriz. Beno, gutxienez gutunak idatziko dizkizut, ez baitakit inoiz helduko zaizkizun.

Ondo pasa zure 20.urtebetetzean, eta muxu handi bana etxeko guztien partetik.

Laster arte. Maite zaitugu.

Nere, zure ama

BERGARAR ONENAREN SARIA: 150 € –  IZAR ODRIOZOLA ARISTEGI (Bergara, 20 urte)

Hain abstraktu zaren horri,

Ez dakizu nondik ari natzaizun gutun hau idazten eta ez dakizu zer dudan nire begien aurrean. Bada denbora azkenekoz idatzi nizunetik; lehen, inertziaz idazten nizun, baina zure zalantzak eta erantzun ezak zirela medio, nekatu egin nintzen, aspertu erantzuten ez zidanari idazteaz. Ordea, bi urte pasa eta gero, nahiz eta gure krisitxoa jasan, esan dezaket zu ulertzen –eta maitatzen- hasia naizela. Zuganako sentimendua arantzaz beteriko zalantza bat zen; orain berriz, ez dakizu zalantza horretatik loratu den hori zein ederra bilakatzen ari den.

 

Bai, dagoeneko hasia naiz zure nondik norako eta buruhausteen berri izaten, eta atsegin ditut. Gehiegi. Eta zuk ere badakizu hori. Zuri buruz hitz egin zidaten lehen aldian, kuriositatea piztu zitzaidan barrenean, zurekin eta zugandik gehiago ikasteko gogoa. Begira nola gauden orain; nire bizitzan patu transzendental bat markatu zenuen nahigabe bada ere, eta gurarika nabil, zure esentzia nigandik urrundu ez dadin.

 

Badakit batzuetan ez zaizula nire alferkeria gustatzen, zerbait izatekotan, langilea eta kritikoa baitzara. Oso zuzena agian, gutxitan geratzen zara gustura aurrean aurkezten zaizunarekin. Zerbait gehiago bilatzen duzu, harantzago zoaz, eta nik batzuetan ezin zaitut atzeman. Aitortzen dut, batzuetan ez dudala zure logika garatzeko mekanismoa ulertzen; ez diot zentzurik aurkitzen nahiz eta ahalegindu. Zu ostera, ez zara nekatzen kontzeptuak azaltzeaz, eta nik jakin-minez entzuten zaitut, noizbait zuk besteko jakituria izateko irrikaz.

 

Oso ebidentea den zerbait ere ukatu daitekeela irakatsi zenidan behin, eta ez dakizu nolako arrazoia zenuen. Zugandik gehien gustatzen zaidana, hain zuzen ere, gauzekin itzulipurdika ibiltzeko duzun joera hori da, kritikotasun puntu hori, aseezintasuna bizitzari bere funtsa aurkitze bidean.

 

Nire jarrerari funtsa aurkitzen saiatzen naiz orain, baita gure erlazioari berari ere. Askok ez dute ulertzen gure konexioa; ez dute ulertzen nola aldatu nintzen Gasteizen bizitzetik Donostia konkistatzera, zure faltaren kariaz. Baina egiari zor, Gasteizen ere, nahiz eta fisikoki ez izan, ikusten zintudan. Gurasoek azkar utzi zidaten etxebizitzaz aldatzen, bazekiten zurekin egotea zela komeni zitzaidana, eta era batera, Gasteizen bizitakoa iragankorra zela. Zenbat zalantza zure aldeko pausua ematerakoan… jakinekoa duzu nire inguruan ez zela hain ongi ikusia izan

aldaketa hori. Izan daiteke zure adinarengatik, bai, badituzu zure urtetxoak, edo erlazio anakroniko bat bailitzan irudikatzen zutelako. Baina badakizu zer? Gure artekoak ez du ez adin ez espazio/denbora kontzeptuen beharrik. Hori bai, ziurtzat jo ez garela ezkonduko: Diogenes Laerziok zioen moduan “gazteak garenean oraindik ez zaigu iritsi ezkontzeko adina, eta helduak garenean, jada berandu da”.

 

Laburbilduz, esan nahi nizuke zugan dutela sorburu bizirauteko hain beharrezko ditudan inspirazio, kuriositate eta bertuteak. Zu gabe, ez naiz; ni-a zurekin osatzen baitut. Ez ezazu gaizki ulertu erromantiko jarri banaiz, ez naiz gure arteko botere harreman bati buruz ari eta. Pentsatzen dudana da, eta jada ez dakit arrazoimenari edo sentimenduei sinetsi behar diedan, baina ezin dut ezer egin, zu baitzara nire gaitzak sendatzeko botika bakarra; bizitza deituriko trintxera honetan, etsaiari aurre egiteko ezinbesteko dudan artsenala. Nirekin duzun harremana ostera, beste askorekin ere baduzu, baina badakizu, zenbat eta gehiago, hobe.

 

Bai, maitea, ispilu aurrean nago, orri batzuetan zuganako sentimenduak azaleratzen, nirekin, baina zuri begira. Toki guztietan zaude, edo ikusten zaitut, baina ez duzu Jainko itxurarik. Ez dut zure izena aipatu ez nuelako beharrik ikusten, baina paradoxikoa da, zure izenak ere maitasun hitza baitarama berarekin. Maite zaitut, eta maite dut nire pertsonarekin eraikitzen ari zarena eta garena, ze finean, horretarako etorri zinen nire bizitzara: lur hartzen dugun harea mugikor hauetan, finkatuta geneuzkan heldulekuak deseraikitzeko.

 

Zure aktibitatearen ordena eza da pertsona askok zuri nazka izatearen arrazoia, deserosoa da zure presentzia. Munduak zure behar geroz eta handiagoa du, baina tamalez, antzinako Grezian Sokratesekin pasa zen moduan, oraingo botereak ere beldur dizu, axiomatzat ditugunak zalantza bihurtzearren, kritikoki pentsatzearren, alegia. Askotan ez ditut erantzunak  aurkitzen zure baitan, baina orain badakit galdera ongi formulatuek ere pisu bera dutela. Ez dakite galderetan galtzeak nolako plazera suposatzen duen.

 

Dena dela, ez pentsa erresistentzia atzean geratzen denik; hemen gaude zure indar eta liluraz maitemindurik. Mila esker nire bizitzan zerbait abstraktu gisa agertzearren, eta denboraren poderioz, finko bihurtu beharrean are abstraktuago bilakatzearren. Bizitza ematen didazu eta abstraktuaren forma eza maitatzen ikasi dut. Eta badakizu zer den onena? Ez zaidala zure inguruan dudan kuriositatea inoiz itzaliko, Filosofia.

Nigan loratzen jarraituko duzulakoan,                                                      Αστέρι

ESALDIRIK ONENA: 100€ –  AINARA ELIZONDO (Hondarribia)

Maitasuna, 2 hotzen berotasuna, bihotzen 1asuna.

Iruzkina uztera animatu!