Moñux#19 “euskal kulturgintzaz”

Argazkia Ana M

Bufa! Ez didazu galdera erreza bota Olibo… Hasi aurretik argitu behar dut ni  ez naizela euskal kulturgintzak merezi duen kontsumitzaile sutsua. Eta zuk diozun bezala, aukera zabala egon badago, baina sarritan  erantzuna ez da tamaina berekoa izaten.

Nire ustez badira bi aldagai kontsumoan oro har eragin handia dutenak: ohiturak eta emozioak. Ohiturek badute automatismotik zerbait, baita errepikapen eta inkontzientziatik ere. Gutako bakoitzak edozein alorretan dela ere mantentzen dituen ohiturez hausnartzen hasita, bere lur zatitxoa dardarka hasten zaiola sumatu dezake. Izan produktuekiko kontsumo ohiturak, harremanak eraikitzeko  moduak, norbere gorputza zaintzekoak… bat baino gehiagok deskubritu dezake baduela urteetan zehar errepikatu duen ohitura hausnartu gaberen bat edo beste. Eta euskaraz sortutako arte lan zein ikuskizunen kontsumoan ere berdin gertatzen da sarritan, hausnarketa eta kontzientziazioak ahalbidetzen duela mundu pusketa horri begiratu eta hau lehenesteko  ohitura bat sortzea; ohitura kontziente bat alegia.

Erditze honen jatorri, bidelagun eta ondorio izango dira emozioak. Sentitzen ez denak ez baitu arrastorik uzten. Eta hizkuntza joerak gorputzetik abiatutako hautuak ere badira. Esaterako haurrek, euskararekin dituzten maitasun egunik ahaztezinenak euskaraz libreki jolasten dutenekoak dira, etorkizunean euskara beraien bihotzean eta ahoan egotea eragingo dutenak, plazerra eta hizkuntza elkar lotzen dituzten istant guztiak.

Zeren kontzientziaz gain, bihotzak ere badu bere pisua. Hark bideratuko gaitu euskaraz sortutako lanak arakatzera; gure ahozkotasunetik sortutako imajinarioak bilatuz, gure errealitateari buruzko hausnarketa estetikoak edo egunerokoan darabilzkigun hitz musikatuak.

Orria amaitu aurretik galderari estuago heltzen saiatuko naiz. Nik uste dut euskaraz sortutakoa kontsumitzearen hautuak aurretiko hausnarketa bat islatzen duela, inguruarekiko irizpide kritiko bat barne hartuz eta beraz, kontsumitzera goazen lanaren kalitatea ere baloratuz. Hautatzeak mass mediei erresistitzea suposatzen baitu sarritan, eskura duzuna baino ezkutatuta dagoena bilatzera jotzea, behin pentsatu baino bi aldiz pentsatzea (Euskal herriko txoko batzuetan beste batzuetan baino gehiago). Egun ez da kalitaterik falta euskal ekoizpenetan eta  euskararen bueltako akelarre txiki ugari sortzeko parada eskaintzen digute.

Beraz, arrazoia eta emozioak, biak behar ditugu euskaraz sortzen jarraituko duten haiez gozatzen jarraitu nahi badugu. Eta Olibok aipatutako homogeneizazioaren garaiotan, hautatzen ikastea izango da gure satisfazioa.

Eta tarte batez haurrei buruz aritu garenez, irakasle, ama eta haur eta guraso asanbladako kide izanik, zuk zer iritzi duzu Irene?  Zerk eragiten du haurrek egunerokotasunean hizkuntza joera bat edo beste izatea?

Iruzkina uztera animatu!