Monthly Archives: maiatza 2017

Moñux#19 “euskal kulturgintzaz”
Bufa! Ez didazu galdera erreza bota Olibo… Hasi aurretik argitu behar dut ni ez naizela euskal kulturgintzak merezi duen kontsumitzaile sutsua. Eta zuk diozun bezala, aukera zabala egon badago, baina sarritan erantzuna ez da tamaina berekoa izaten.
Nire ustez badira bi aldagai kontsumoan oro har eragin handia dutenak: ohiturak eta emozioak. Ohiturek badute automatismotik zerbait, baita errepikapen eta inkontzientziatik ere. Gutako bakoitzak edozein alorretan dela ere mantentzen dituen ohiturez hausnartzen hasita, bere lur zatitxoa dardarka hasten zaiola sumatu dezake. Izan produktuekiko kontsumo ohiturak, harremanak eraikitzeko moduak, norbere gorputza zaintzekoak… bat baino gehiagok deskubritu dezake baduela urteetan zehar errepikatu duen ohitura hausnartu gaberen bat edo beste. Eta euskaraz sortutako arte lan zein ikuskizunen kontsumoan ere berdin gertatzen da sarritan, hausnarketa eta kontzientziazioak ahalbidetzen duela mundu pusketa horri begiratu eta hau lehenesteko ohitura bat sortzea; ohitura kontziente bat alegia.
Erditze honen jatorri, bidelagun eta ondorio izango dira emozioak. Sentitzen ez denak ez baitu arrastorik uzten. Eta hizkuntza joerak gorputzetik abiatutako hautuak ere badira. Esaterako haurrek, euskararekin dituzten maitasun egunik ahaztezinenak euskaraz libreki jolasten dutenekoak dira, etorkizunean euskara beraien bihotzean eta ahoan egotea eragingo dutenak, plazerra eta hizkuntza elkar lotzen dituzten istant guztiak.
Zeren kontzientziaz gain, bihotzak ere badu bere pisua. Hark bideratuko gaitu euskaraz sortutako lanak arakatzera; gure ahozkotasunetik sortutako imajinarioak bilatuz, gure errealitateari buruzko hausnarketa estetikoak edo egunerokoan darabilzkigun hitz musikatuak.
Orria amaitu aurretik galderari estuago heltzen saiatuko naiz. Nik uste dut euskaraz sortutakoa kontsumitzearen hautuak aurretiko hausnarketa bat islatzen duela, inguruarekiko irizpide kritiko bat barne hartuz eta beraz, kontsumitzera goazen lanaren kalitatea ere baloratuz. Hautatzeak mass mediei erresistitzea suposatzen baitu sarritan, eskura duzuna baino ezkutatuta dagoena bilatzera jotzea, behin pentsatu baino bi aldiz pentsatzea (Euskal herriko txoko batzuetan beste batzuetan baino gehiago). Egun ez da kalitaterik falta euskal ekoizpenetan eta euskararen bueltako akelarre txiki ugari sortzeko parada eskaintzen digute.
Beraz, arrazoia eta emozioak, biak behar ditugu euskaraz sortzen jarraituko duten haiez gozatzen jarraitu nahi badugu. Eta Olibok aipatutako homogeneizazioaren garaiotan, hautatzen ikastea izango da gure satisfazioa.
Eta tarte batez haurrei buruz aritu garenez, irakasle, ama eta haur eta guraso asanbladako kide izanik, zuk zer iritzi duzu Irene? Zerk eragiten du haurrek egunerokotasunean hizkuntza joera bat edo beste izatea?

Lehen hitza Euskaraz
Interneten ere, lehen hitza euskaraz ekimena kaleratu dute PuntuEUS Fundazioak, CodeSyntaxek, Ikastolen Elkarteak eta Kontseiluak. Kanpaina honen helburuak Interneten lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz jendartea ohartaraztea eta euskararen erabilera eremu honetan handitzea dira.
Izan ere, nabigazio-hizkuntza konfiguratzea eta euskara lehenestea oso garrantzitsua da nabigatzailearen hizkuntzak esaten bait dio munduari zure lehen hizkuntza zein den. Beraz, euskalduna baldin bazara, Interneten ere lehen hitza euskaraz jartzea komeni da.
Azken datuen arabera, Euskal Herriko internauten %3-5 inguruk soilik dauka nabigatzailea euskaraz konfiguratuta. Euskaldunen artean ere, %10 inguruan dago nabigatzailea euskaraz daukatenen kopurua.
Egoerak okerrera egin du, gainera, azken urteotan, mugikorren zabalkundearekin batera. Izan ere, mugikorretako nabigazio-hizkuntza konfiguratzea zailagoa da, oro har, ordenagailuetakoa baino. Eta mugikor askotan ezinezkoa ere bada euskaraz konfiguratzea.
Zergatik da garrantzitsua Interneten lehen hitza euskaraz ematea?
- Euskararen pisu espezifikoa Interneten handitzeko (zure nabigatzaileak esaten baitio munduari zein den zure Interneteko ama hizkuntza). Euskara Interneteko hizkuntzarik erabilienen artean jarri behar dugu. Web garatzaileei, Robotei eta Interneteko enpresa handiei erakutsi behar diegu euskaldunok ere existitzen garela; Interneten bagaudela.
- Webgune eleanitzetan, zuzenean euskarazko bertsioa jaso dezazun.
- Programa bat deskargatzeko orduan, zuzenean euskarazko bertsioa jaso dezazun (baldin badago).
Ordenagailuko nabigatzailea konfiguratzeko:
Hau egin ahal izateko bitarteko ezberdinak sortu dira. Batzuetan ez dago hauen beharrik eta zuzenean zure nabigatzailearen ezarpenetara joan beharko duzu eta hantxe aukeratu “euskara”, lehenetsitako nabigazio-hizkuntzen artean. Honela ezin baduzu eta askoz errazagoa: instalatu “Lehen hitza euskaraz” plugina (oraingoz Firefox eta Chrome; laster Opera eta Edge) eta segituan jarriko duzu dena euskaraz.
Mugikorra konfiguratzeko:
Mugikor batzuk “ezarpenak” aukeraren bitartez euskaraz konfiguratzeko aukera ematen dute. Baina honela egin ezin den kasuetan “Lehen hitza” izeneko aplikazio bat sortu dute eta horren bitartez euskaraz jartzeko aukera ematen du pare bat minututan.
Zure webgunea konfiguratzeko:
Hasierako lehenetsitako hizkuntza beti euskara izatea, internauten hizkuntza-aukerak cookie bitartez bideratzea, nabigatzailearen hizkuntzaren arabera euskarazko edukia ematea, eta abar.
Oso erraza da; doan eta minutu batean egin daiteke!
Beraz, animatu eta jarri zuk ere Interneten zure lehen hitza euskaraz!
Informazio gehiago: https://www.lehenhitza.eus/

Hennazko tatuajeak Oxirondoko ludotekan
Atzo arratsaldean, astelehena, ludotekako bi haurren ama etorri zen ludotekara hennazko tatuajeak egitera. Lehenengo haurrekin hasi zen, baina azkenerako hezitzaileak eta guraso bat edo beste ere animatu ziren egitera.
Tatuajeez gain azkazalak ere margotu zizkion nahi izan zuenari. Arratsalde osoa igaro zuen gurekin ama honek eta berarekin laguntzera etorri zen lagunak. Oso egun polita izan zen.
Artistari eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen.
شُكراً جَزيّلاً ! / Eskerrik asko!

Ari gara marrazkiak jasotzen, animatu, azken egunak!
Urtero bezala, jaietako zapirako marrazkia eta lema aukeratzeko lehiaketa antolatu dugu.
Dagoeneko ari gara marrazkiak jasotzen eta marrazkiak aurkezteko epea irekita dago astelehenera arte. Marrazkiak bidaltzeko azken eguna maiatzak 15a izango da . Beraz, animatu, oraindik garaiz zaude!
Hemen lehiaketan parte hartzeko kontutan izan beharreko oinarriak:
– Edonork har dezake parte, adin mugarik gabe.
– Marrazkia A4 formatuan aurkeztu behar da, txuri beltzean.
– Nahi beste marrazki aurkeztu daitezke.
– Marrazkiaren gaia: jaiekin lotutakoa
– Marrazkiarekin batera euskararen aldeko lema labur bat jarri behar da.
– Lanean ez da egilearen daturik jarriko. Egilearen datuak (izen abizenak, adina, telefonoa
eta helbidea) kartazal itxi batean sartuko dira eta kartazal hau eta marrazkia, beste kartazal
handiago batean sartuko dira. E-mailez bidaliz gero, bi fitxategitan bereiztu: alde batetik
marrazkia eta bestetik egilearen datuak
– Lanak aurkezteko azken eguna: maiatzak 15 (astelehena)
– Lanak JARDUNeko bulegoan aurkeztu (Errotalde jauregia z/g – kultur etxea) edo
jardun@topagunea.com helbidera bidali beharko dira.
– Saria: 100€
– Saria eman gabe gera daiteke, epaimahaikoek horrela erabakitzen badute

Etxeko plastilina egin dute Bergarako ludotekan
Martitzenean etxeko plastilina egin zuten azokako ludotekariek. Irina, gatza, ura eta tenperak bakarrik erabiliz, zortzi kolore desberdinetako plastilinak egitea lortu zuten. Atzo arratsaldean berauekin jolasten egon ziren.
Eguaztenean, bestalde, bidegorrian dauden sendabelarrak ezagutzera joan ziren. Belar gutxi batzuk jaso eta ludotekara ekarri zituzten bertan hobeto aztertu ahal izateko.

Sormena lantzen Osintxuko ludotekan
Osintxuko ludotekako gaztetxoek sekulako imaginazioa daukate. Atzo sormena lantzen ibili ziren eta kortxo batzuekin jolas ezberdinak eraiki zituzten.
Sekulako artistak dira!

Olivares#18″euskal kultur kontsumoa”
Jaione Carpinterok botatako galderari erantzunez eta Kataiari jarraipena emanez, hemen duzue Jon Olivaresen iritzi artikulua:
Pasa didaten galdera ez da makala! Zer egin beharko litzateke euskal kulturaren kontsumoa indartzeko? Hau ez da matematika, hemen ez dago formula magikorik… Bestela honezkero egingo zuten zerbait euskarazko ekoizpenen kontsumoa indartzeko. Ala? Zuek zer uste duzue?
Jaionek esandakoari jarraiki, argi dago, euskaldunon kontsumo ohiturak aldatu behar direla. Baina ze preziotan?
Egia da, eta bermatuta dagoela esatera ausartuko nintzateke, euskarazko produktuetan kalitatea egon badagoela. Aniztasuna ere topatu daiteke. Baina honetarako bilatu beharra dago, interesa piztu beharra dago.
Orokorrean, euskarazko oso ekoizpen onak daude, kalitate handikoak, euskara maite duten artista ugari. Baina nola saltzen da hori? Nork ematen edo mozten dizkio hegoak hegan egin dezaten Euskal Herrian barrena?
Amua jarri behar zaio ikusleari kontsumitu dezaten. Amu erakargarri bat. Aukerak eman behar zaizkio, ia-ia eskura, kontsumitzaileari eta aukerak bozgorailuetatik sortzen duten artista txiki handiei. Modu erakargarri eta erraz batean erakutsi, erraztasunak eman.
“Kanpainak” etabar erabakitzen dutenak betikoak dira, interesa da mugitzen diotena. Kapitalismoaren garai honetan multinazionalek agintzen dute. Guztiok berdina eta modu orokor batean kontsumitzeko jartzen dituzte beraien indarrak, eta gu, euskara, euskaldunok, belardi homogeneo batean loratu nahian dagoen lorea gara. Baina “abonua”, erregatzeko aukera dutenak, ureztagailua esku artean dutenak, ahalegin guztia egiten al dute guztiz loratu gaitezen? Belardiak usten al dio bertara iristen? Inguruko belarrak kentzen al digu ur guztia?
Goazen bada, gu geu loratzera, txiki ikusten den lore eder hori inguruko belarretatik irteteko indarra ematera.
Ez dakit hasiera batean planteatutako galderari erantzunik eman diodan, edota zuei erantzuteko zerbaitetan lagundu dizuedan… Izan ere, hamaika arrazoi izan daitezke, hamaika irtenbide egon daitezke edota proposatu daitezke, hamaika ideia, hamaika plan, estrategia… Baina euskara kontsumitzeko norberaren hautua izan behar da? Edo kalitateak eragindako ondorioa izan behar da? Ana, zu artista xamarra izanda eta kultur kontsumitzaile sutsua izanda, zer uste duzu?

‘Dantzara!’ ikuskizuna izan genuen egubakoitzean Bergarako ludotekan
Egubakoitzean, Osintxuko ludotekako lagunak azokara etorri zirela aprobetxatuz, ‘Dantzara!’ ikuskizuna egin zuten Oxirondon. Hezitzaileek aldez aurretik ludotekariekin adostutako kantu zerrenda bat eskaini zioten aukeratzeko talde bakoitzari. Entseguak egin eta gero, ikuskizuna hasi zen. Hiru izan ziren epaileak, Osintxuko eta Bergarako ludotekako hezitzaileak. Giro paregabea sortu zen eta ikuskizunak oso politak izan ziren.
Ekintzarekin bukatutakoan, erabilitako dena jaso zuten guztien artean eta jolasten ibili ziren ludoteka barruan, kanpoan euria baitzen. Mahai jolasekin jolastu zuten, talde jolasak egin zituzten, margotzen ibili ziren… Oso gustura egon ziren bai haurrak eta baita hezitzaileak ere. Zazpi eta erdiak aldera osintxuarrak joan egin ziren. Hala ere, ekainean berriro elkartzea aurreikusia daukagu, oraingo honetan Osintxun.

Maiatza Txapligun
Egitarau bikaina prestatu dute maiatzerako Txapliguko gaztetxo eta hezitzaileek. Azken hilabeteetan bezala oraingoan ere denen artean osatu dute egitaraua eta itxura ederra du oraingoan ere!
Animatu asteburuetan lagun artean primeran pasatzera!!

Maiatza Xabalote Gaztelekuan
Maiatzean ere ez da aspertzeko aukerarik izango Gaztelekuan, izan ere, sekulako egitaraua prestatu dute hilabete honetarako!
Gerturatu eta hartu parte antolatutako ekintzetan!